Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea sortu dute

  • Covid-19 birusaren epidemia dela-eta bizi dugun isolamendu eta desinformazio egoerari aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea jarri dute martxan hainbat gaztek, "zaintza eta elkartasuna" oinarri. Adierazpen baten bidez azaldu dutenez, koronabirusaren inguruko egia ezagutzea, osasunaren printzipio unibertsala, askatasun politikoaren bermea eta auto-antolakuntza aldarrikatzen dituzte.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko apirilaren 02an - 13:32

Hainbat gazteren ekimenez, martxan da Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea. "Zaintza eta elkartasuna oinarri", ofentsiba politiko eta ekonomikoak kolpatu eta babesgabe utzi dituen sektoreei sostengua eman asmoz sortu dute sarea. Oraingoz, beraz, "lanean egoera bidegabe bat jasan duten langileei" egin diete dei haien bizipenak jakinaraztera, eta erosketak egiteko laguntza behar dutenei, "zailtasun ekonomiko larriak" dituztenei edota "etxean egoera bortitz bat dutenei" ere luzatu diete Elkartasun Sarearekin harremanetan jartzeko deia.

Dagoeneko, tokian tokiko sareak martxan dira Arberoa eta Garazi euskaldeetan, baita Hendaia, Baiona, Bidarrai nahiz Itsasu herrietan ere. Momentuz, iehsarea@gmail.com helbide elektronikoa erabilgarri dago harremanetan jarri nahi dutenentzat, eta Facebook edo Instagram kontuak ere erabilgarri daude behar dituenarentzat. Kontu horietatik emango dute hartutako neurrien eta jasotako lekukotasunen berri sareko kideek.

Aldarrikapenak

Bestalde, koronabirusaren hedapenak sortutako koiunturaren inguruko gogoeta ere plazaratu du Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareak. Adierazpen baten bidez, batetik, Covid-19 birusaren epidemiaren kausak, dimentsioak eta eraginak argitzea eskatu dute, "ekoizpen eredu honen funtzionamenduaren ondorio" modura ulertzen dutelako koronabirusaren agerpena, naturaren legeetatik at. Hala, langile klaseko kideek egia jakiteko duten gaitasun eza azpimarratua dela azaldu dute, "informazioa ez delako haien eskuetan", ekoizpen eredu kapitalista kontrolatzen duen burgesiaren klasearen eskuetan baizik.

Gainera, ekoizpena nahiz metaketa-prozesua ez eteteak eta burgesiaren interes ekonomikoen berresteak lehentasuna hartzen dio, haien iritziz, osasunari edo langileen beharrei. Izan ere, lanera joatera derrigortzen dituzte langileak, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoetan barne. Horren aurrean, ordea, "osasuna interes ekonomikoen gainetik" jartzea aldarrikatu du Elkartasun Sareak, "osasun printzipio unibertsala" ardatz.

Salbuespen neurriek, gainera, askatasun politikoak ere desegin izana salatu dute sareko kideek. "Egun batetik bestera, (...) ezin dugu etxetik atera, ezin dugu antolatu, jendarme eta poliziaz inguratuak gira eta sakrifiziorako eta Frantziaren batasunerako deiek betetzen dizkigute belarriak", diote. Askatasun politikoen bermea eskatu dute, hortaz.

Azkenik, "ofentsiba ekonomiko eta politikoaren kontra", "auto-antolakuntza" galdegin dute, "beste oinarri batzuen arabera antolatzea" delako "aterabide bakarra", "interes ekonomiko kapitalisten eta indibidualisten gainetik".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude