Teknologia digitala ikatzez dabil

  • Geldi da munduko ekonomiaren zati handi bat, eta energiaren kontsumoak ere behera egin du oro har. Baina industrian xahutzen ez den energiaren zati handi bat etxeetan irensten dugu orain, teknologia digitalen inoizko erabilerarik handiena egiten ari garen asteotan. Eta energia hori, XIX. mendeko lantegietako lurrun makinak legez, gaur egun ere ikatzetik dator nagusiki, Le Monde Diplomatique-eko titulu honek dioen moduan.


2020ko martxoaren 31n - 16:58

Aspaldi ari da esaten gizarteko ia eremu guztietatik horrela ezin dela jarraitu, neoliberalismoaren zerraztelkeria mundua ari dela irensten. Aldaketa klimatikoaren larriaz ohartu gara, nahiz eta munduko gobernu gehienek neurri gutxi hartu hari aurre egiteko; horren ondorioz apurka gaixotzen eta hiltzen garenez, ez da hain ikusgarria. Covid-19aren hedapenarekin, guztiz bestelakoa gertatzen da: di-da batean hiltzen du eta neurriak ere askoz azkarrago hartzen dira. Gabonetan norbaitek esan izan baligu munduko ekonomia ia geldituko zela 2020ko lehen hiruhilekoan, inozotzat hartuko genukeen. Baina hala gertatu da, eta egungo eredu neoliberalarekin ezin dela jarraitu dioten ahotsak biderkatu egin dira.

Deshazkundea eta bizimodu aldaketa ate joka dira hamaikagarrenez, beste behin ere kontraesan ugari mahaigaineratuz: adimen artifizialaren garaian, akaso gizarte mekanikora itzultzeak salbatuko gaitu? Hau da, zer da errentagarriago garapenaren ikuspegitik munduarentzat: “Argia piztu” esan eta sukaldeko argia piztea ala interruptoreari sakatuz piztea? Modernotasunak –eta Silicon Valeyren negozio ereduak–eskatzen du ahotsaren bidez egitea, baina ardura ekologikoak dio ahotsaren aginduz egiteak askoz energia gehiago kontsumitzen duela, teknologia digital oso konplexua behar duelako, berez sinplea dena egiteko.

Iragan abenduko Larrun-en ikusi genuen kapitalismo digitalak humanitateari egiten dion mehatxua. Nola interneteko lilura askatzailea amesgaizto bihurtu den, baina orduan ez genuen mundu digitala energiaren ikuspegitik jorratu. Martxoko gaztelaniazko Le Monde Diplomatique-n Sebastien Broca Informazioen eta Komunikazioen irakasleak idatzitako artikulu argigarrian topatu dugu ekarpen hori: “Teknologia digitala ikatzarekin dabil”.

Silicon Valley eta petrolioa

Gafam deitutako munduko jabe digital berriak gero eta lotuago daude petrolio eta ikatzaren energia enpresa erraldoiekin. Amazon, Google eta Microsoftek, besteak beste, laguntzen diete datu masiboen kudeaketarekin eta inteligentzia artifizialarekin, baina horrek irudi txarra ere ekartzen die, orain arte Silicon Valley energia berriztagarriekin lotzen dutenean. Haien langile askok eskatu diete euren enpresei energiaren multinazional horiekin (Chevros, Total, Exxon…) apurtzeko. Jeff Bezos Amazoneko sortzaileak hala erantzun zien bere etxekoen eskaerei, greenwashing-aren eredu den esaldiarekin: “Guk eman nahi diegu ‘trantsizioa’ egiteko ahalik eta tresnarik egokienak”.

Kontua da, petrolioan eta ikatzean oinarritutako kapitalismo termoindustriala eta ustez immateriala, postindustriala eta berdea den kapitalismo digitala txanpon beraren bi aldeak direla: “Hodeiaren informatika ikatzarekin hasten da”, zioen 2013an mehatz-industriak finantzatutako Mark P. Mills aholkularitzak. Argi utzi nahi zuen duela bi mende hasitako ikatzaren industriaren jarraipena zela egungo industria digitala ere. Energiaren Nazioarteko Agentziak dioskunez, ikatzaren produkzioa ez da murriztuko datozen urteetan, besteak beste Txinak eta Indiak bultzatuta. Oro har, energiaren kontsumoak hazten jarraitzen du munduan (%2,3 2018an) eta %80an energia fosilen menpeko da. Jakina, ekonomia digitala ez da horren erantzule, baina bere erantzukizuna handia da: munduko energia primarioaren %4 kontsumitzen du eta urtero handitzen da %9.

Zertan gastatzen da energia hori? Gehien tresneria egiten (ordenagailuak…) eta sareen azpiegiturak eraikitzen; ondoren dator ekipamenduek, sareek eta datu-biltegi erraldoiek kontsumitzen dutena. Ordenagailu bat egitean, berbarako, 330 kilogramo C02 igortzen da atmosferara, eta ur asko eta mineral bitxi ugari behar ditu. Datu-biltegi erraldoi horietatik herritarrok egiten dugun bideoen ikuskatze soila, Estatu Espainiarrak urte osoan igorritako CO2ren adinakoa da. Edo, Greenpeacek dioen gisan, Amazonek Virginian (AEB) duen prozesatze zentro erraldoiak –zeinak munduko internet trafikoaren %70a bideratzen duen– gastatzen duen energia guztiaren %12 bakarrik da berriztagarria, eta gainerakoa, batez ere Apalache mendietan erauzitako ikatzetik dator. Eta Txinako datu zentroetan kontsumitzen den energiaren %73 ikatzetik dator. Tira, ikusi nahi dituenak Brocaren artikuluan halako datu ugari ditu, eta argi erakusten dute internetek eta adimen artifizialak kostu ekologiko handia dutela.

Zentroa eta periferia

Azkenean, kapitalismo digital hori zeren gainean eraikitzen den ere argi deskribatzen digu Broca irakasleak; “Fernand Braudel historiagileak azaltzen zuen mundu-ekonomian oinarritzen da”: hau da, aktore ekonomikoen multzo koherente bat, zeintzuen harremana zentroa eta periferiaren arteko banaketan oinarritzen den. Eta adibide bat jartzen digu: “San Frantziskoko badia bihotza da, eta neurri handi batean, bere ongizatea oinarritzen da menpean dituen beste leku batzuekiko duen harreman asimetrikoan, hala nola, Afrikako koltan mehatzak, Asiako muntaia fabrikak edo Ghanako zabortegi elektronikoak”.

Mundu mailako sistema horretan, prozesu industrialek kostu ekologikoak dituzte, baina hauek modu oso desorekatuan banatzen dira, eta kostu larrienak herrialde menperatuek bizkarreratzen dituzte. Brocak dioen bezala, 1960ko hamarkadan Arghiri Emmanuel ekonomista marxistak teorizatutako “banaketa desegokiaren” gaurkotzea da: “Mundu-ekonomia kapitalista zentro eta periferiaren arteko baliabideen transferentzia asimetrikoan oinarritzen da”. Eta honako adibidea jartzen digu irakasleak: Iparreko enpresa batek 1.000 dolarreko lehengaiak erosten dizkio Hegoko herrialde bati, eta honek beste 1.000 ordainduko dizkio jabego intelektualaren truke. Bi baloreak berdinak dira moneta balioari dagokionez, baina naturarekiko eragina ez, zentroak bere garapenaren ingurumen ondorioak kanporatzen dituelako”.

Koronabirusa eta mundu-ekonomia

Ez daukagu oraindik koronabirusaren konparaketak egiteko datu gehiegirik, baina zentro eta periferiaren logika ere indarrez hedatuko da mundu-ekonomiaren logikan, ez birusak bereizten dituelako, baina bai birusari aurre egiteko bitartekoengatik. Eta funtsean, honek ere adierazten digu pandemien garapenak ezinbestean eskatzen duela ekonomia eta bizitza ereduen eraldaketa, pandemien bihotzean den elikadura eredu industrialetik hasita. Industria honek ere, Silicon Valleyk bezala, bere jakien ekoizpenaren kostuak –adibidez Covid-19aren hedapena– kanporatzen ditu; beregain hartuko balitu, supermerkatuko txerri edo oilasko haragia horren merkea ez izateaz gain, enpresa horik ez liratekeelako bideragarriak.

Oso modu lazgarrian bada ere, Covid-19a aukera berri bat ematen ari zaigu. Aldaketa, ordea, pertsonok gauzatu beharko dugu, noiz eta menperatzaile eta menperatuen dialektika agian inoizko lazgarriena denean. Borrokaren bidez gauzatzen da dialektika hori, beraz, presta gaitezen. 2008ko krisi oraindik amaitu gabekoaren guduetatik gatoz, ea baliagarria zaigun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Eguneraketa berriak daude