Espainiako Gobernuak hainbat neurri onartu ditu gutxieneko diru-sarrerak, alokairua eta energia bermatzeko

  • Espainiako Gobernuak neurri sozial sorta bat onartu du martxoaren 31n: autonomoek eta enpresa txiki zein ertainek kotizazioa ordaintzeko sei hilabeteko moratoria izango dute, alokairua ordaintzeko mikrokredituak eta 900 euro arteko laguntzak emango ditu Gobernuak maizterrentzat –asteartean aurreratu genuen bezala–, lana galdu duten aldi baterako langileek diru-laguntza jasoko dute eta gizarte segurantzan izena emanda egonik diru-sarrerak galdu dituzten etxeko langileentzako diru-laguntza ezarriko du, eta ezingo zaie ur eta argindarrik moztu berau ordaindu ezin dutenei.


2020ko apirilaren 01an - 06:13

Eldiario.es hedabideak eman duen informazioa du oinarri albiste honek.

Aldi baterako langileentzat hilabete baterako 430 euroko laguntza

Alarma Estatuak iraun bitartean lana galdu duten aldi baterako langileek 430 euroko diru-laguntza jasoko dute, hilabete batean. Baina baldintza gehiago ere bete beharko dituzte aldi baterako langile hauek: gutxienez bi hilabeteko kontratua eduki behar zuten aurretik, eta Alarma Estatua indarrean ezarriz geroztik galdu behar izan dute lana.

Oraingoz, hilabete bakarrean jasoko dute diru-laguntza hau. Eta hau jasotzeko langile horrek ezingo du beste inolako diru-laguntza publikorik jaso: ez oinarrizko errentarik, ez langabezia saririk, ez bestelakorik.

Gizarte segurantzan izena emanda egonik lana galdu duten etxeko langileentzako laguntza

Langile hauen kotizazio oinarriaren %70 ordainduko du diru-laguntza honek, eta gehienez gutxieneko soldata interprofesionala ordaintzera iritsiko da. Diru-laguntza hau jasotzeko baldintza hauek ezarri ditu: aurrez gizarte segurantzan izena emanda egotea eta osasun krisiaz geroztik lana galdu izana edo kontratua eten izana. Etxeko langileen kasuan oso ohikoa da lan bat baino gehiago izatea, eta langile batek bere lanetako bat galdu badu, horren zati proportzionala kobratu ahal izango du.

Diru-laguntza hau bateragarria izango da egun soldata bat izatearekin, guztira gutxieneko soldata interprofesionala gainditzen ez den bitartean.

Alokairuak ordaintzeko mikrokredituak eta 900 eurora arteko laguntzak maizterrentzat

Sei puntu onartu ditu Ministroen Kontseiluak, herritarrek alokairuarekin dituzten arazoak gutxitzeko:

- Etxe-kaleratzeak etetea Alarma Estatua eten eta sei hilabetera arte.

- Egungo alokairu baldintza berberetan kontratua beste sei hilabetez luzatzea, eta beraz, urte eta erdian alokairuaren prezioa ez igotzea.

- Maizterrek mikrokredituak jasotzea alokairua ordaindu ahal izateko. %0 euroko interesa edukiko dute eta sei edo hamar urtera itzuli ahal izango dira.

- Mikrokredituak jasotzeko baldintzak lasaitu ditu. Mikrokredituak jaso ahalko dituzte langabezian daudenek, ERTEan lana eten zaienek, lanaldia murriztu dutenek...

- Etxe jabe handiek (hamar etxebizitzatik gora dituztenek) eta inbertsio fondoek lau hilabeteko moratoria eman beharko diete maizterrei alokairuan. Hori igaro ostean, ordainketarako akordioa lortu beharko dute bi aldeek, eta lortzen ez badute, zorra %50ean barkatuko da edo bi-hiru urtean bideratuko da zorra.

- Mikrokredituak ordaindu ezin dituztenek Estatuaren laguntza zuzena jasoko dute: hilean 900 euroko laguntza jasotzera iritsi ahalko dira, eta aparteko beste 200 euroko laguntza jaso ahal izango dute komunitateko gastu, mantenimendu eta hornikuntza gastuetarako.

Ur eta argi mozketak debekatuta

Alarma Estatuak iraun bitartean, ohiko etxebizitzei ezingo zaie urik eta argindarrik eten.

Autonomoek eta enpresa txiki zein ertainek ordainketak eten ahalko dituzte aldi baterako. Alarma Estatua eten ostean sei hilabeteko epea izango lukete zor hauek kitatzeko. Eta energia hornitzaileekin dituzten kontratuak egokitu ahal izango dituzte oraingo kontsumo beharretara, penalizaziorik jaso gabe.

Horrez gain, bono soziala lortzeko baldintzak malgutu ditu Gobernuak: bono soziala eskuratu ahalko du etxebizitza batek adin txikikorik izan gabe urtean 18.799 eurotik beherako diru-sarrerak baldin baditu; edo adin txikiko bat izanik urtean 22.559 eurotik beherako diru-sarrerak baldin baditu; edo bi adin txikiko izanik urtean 26.318 eurotik beherako diru-sarrerak baldin baditu. Bono soziala jasotzen dutenen artean "zaurgarri" izendapena izango dute beren lan jarduera berriz hasten duten arte, gehienez ere sei hilabetean. "Zaurgarri" izendapenak dakar zuzenean argindarraren fakturan %25eko deskontua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude