Ez da kasualitatea Covid-19 izurriaren lehen fokoak inguru oso kutsatuetan egotea

  • Izurri honi dagokionez, ez da kasualitatea lehen fokoak egotea Txinan, Iranen eta Italiako iparraldean, ingurumen oso kutsatuetan kokatuak. Pandemiaren alderdi garrantzizko horretaz azken asteotan mintzatu diren zenbait iturri zientifikotara jo dugu azalpen bila: ToxicoWatch, Osasun Publikorako Europako Aliantza, Ugo Bardi, Italiako Ingurumen Medikuntza Elkartea, Frantziako Osasunaren eta Ikerketa Medikuaren Institutua...


2020ko apirilaren 02an - 14:30
Milan kutsadura foko garrantzitsua da Italian.

Holandako ToxicoWatch fundazioko zientzialariek (ARGIA komunitatean ezagunak ditugu hondakinen errausketaren inguruan gure orrietan eskaini dizkiguten informazio eta elkarrizketak direla eta) izurriagatiko konfinamenduaren hasieran –martxoaren 19an– igorri zizkiguten Covid-19 eta aire kutsaduraren arteko zenbait lotura aipatzen zituzten dokumentuak.

Wuhan hirian koronabirusa agertu baino juxtu hilabete batzuk lehenago protesta handiak izan ziren erraustegien kontra, BBC irrati-telebista ingelesaren kronika honetan ikus daitekeen bezala: ‘Wuhan: Erraustegi proiektuak jendeak inarrosi ditu’. Honi itsatsita doakizue Wuhanen lehendik dauden errauste plantez egindako ikerketa bat; aurkezpenetan asko erabili duten 8. orrialdeko 4. argazkian ikus daiteke nola kudeatzen dituzten errautsak. Ikus dezakezue gizona lanean errautsez betetako zaku handi horien artean, aire librean eta haizeen mende. Errautsak oso kutsatuta daude dioxina eta beste POP-ez.

Aurreko beste izurri baten ondoren egindako azterketa batek erakutsi zuen lotura dagoela [2003an] Txina eraso zuen SARS birusak eragindako hilkortasunaren eta aire kutsaduraren artean.

Covid-19ari dagokionez, martxoaren 16an artikulu hau plazaratu du Osasun Publikorako Europako Aliantzak (EPHA ingelesezko sigletan): ‘Koronabirusaren mehatxua handiagoa da hiri kutsatuentzako’.

Adiskide maiteok, mila besarkada. Elkarrekin saia gaitezke mundua egiten pixka bat hobea, pixka bat osasuntsuagoa”.

Zorionez badira ToxicoWatch-ekoak bezalako zientzialari eta akademikoak curriculuma puztearen ordez gizarteari zor dioten zerbitzua lehenesten dutenak.

Wuhan hiri kutsatua hegazkinetik ikusita. (Argazkia: Bloomberg)

EPHA-ren ‘Koronabirusaren mehatxua handiagoa da hiri kutsatuentzako’ artikuluak zera dio funtsean. Aire zikinak gutxiagotzen ditu koronabirusak jotakoen biziraupen aukerak. Aire kutsadurak eragiten ditu hipertentsioa, diabetesa eta arnasbideetako gaitzak eta doktoreak hasi dira ikusten loturak horien eta Covid-19ak eragindako heriotzen artean. 2003ko ikerketa batek Txinan SARS koronabirusak eragindako biktimen artean erakutsi zuen aire kutsadura handi samarra zeukaten eskualdeetako jendeek hiltzeko %84 arrisku gehiago zeukatela kutsadura gutxikoetan bizi zirenen aldean.

Aire kutsadurak eragiten ditu hipertentsioa, diabetesa eta arnasbideetako gaitzak eta doktoreak hasi dira ikusten loturak horien eta Covid-19ak eragindako heriotzen artean

Europako Arnasketa Elkarteak (ERS ingelesezko sigletan, EPHA horren kide da) esan duenez airearen kutsadura da osasunarentzako Europako ingurumenak daukan arrisku handiena, eta arazo handiena hirietan dago. Partikula xeheak (PM), nitrogeno dioxidoa (NO₂) eta lurzoru mailako ozonoa (O₃) dira arriskutsuenak eta urtero 400.000 heriotza goiztiar eragiten dituzte. Horretan, dio ERSren txostenak, puntu beltzetako bat da Italia Iparraldea, Europan koronabirusaren erasoaren zentroa dena.

Egia da, satelite bidez ateratako argazkiek erakutsi dutenez, Lombardian asteotan beherakada handi bat egin duela kutsadurak, funtsean NO₂- eta PM10 kutsagarriei dagokienez. Baina EPHAk esan duenez, aire zikinak dagoeneko kaltea egina du, jendeari ahuldu diolako infekzioari aurre egiteko ahalmena. Agintariei eskatzen die hirietako airea garbitzeko neurriak berehala har ditzatela, Covid-19 bezalako izurriak gero eta sarriago gertatuko direlako.

Martxoaren 22an ildo beretik informazio gehiago zabaldu du Ugo Bardik Il Fatto Quotidiano egunkarira bidalitako artikuluan: “Koronabirus izurria eta kutsadura: loturarik badaukate?”. Ugo Bardi kimikari ezaguna, Erromako Klubaren kidea, ARGIA jendeak ezagutzen du itzuli dizkiogun hainbat artikulutatik eta nabarmenki Inperio Erromatarraren erorieraz eskaini zigun Larrun hartatik. Oraingoan Bardik aurkeztu digu Lenoardo Setti eta beste ikerlari batzuek Italiako Ingurumen Medikuntza Elkartearen (SIMA italierazko sigletan) aldizkarian plazaratutako “Relazione circa l’effetto dell’inquinamento da particolato atmosferico e la diffusione di virus nella popolazione” azterketa. Horren arabera, lotura posible bat ikus daiteke bi fenomenoen artean Italian.

Badirudi partikulek zerbitu dezaketela birusa garraiatzeko, honen hedatzea azkarragotuz. “Honek zerikusia eduki dezake izurriaren hedatze abiada handiena Val Padana eskualdean gertatu izanarekin, ziurrenik Italiako eskualderik kutsatuena baita”.

Lombardian epizentroa Bergamo hirian daukan eskualdean (Milan barne) PM10 partikulen kutsadura otsailaren 17an eta 26an, 10 eguneko konfinamendua tarteko.

SIMAren artikuluak –dio Bardik– ez du esplizituki aipatzen baina kutsadurak biktimen immunitate sistemak ahuldu ere egiten ditu, hori ezagutzen dugu beste azterketa batzuetatik. Esate baterako, berrikitan plazaratutako ikerketa batek erakusten du birus honek bere erasoan lehenesten dituela erretzaileen birikak, eta [tabakoa] erretzeak biriketan eragiten du kutsadurak eragiten duenaren antzeko kaltea.  

Espero izatekoa zenez, probabletzat jo arren hipotesi izaten segitzen duten ondorio horien kontra atera dira beste batzuk, esate baterako Italiako Aerosolen Elkartea (IAS italierazko sigletan), aerosolen ekoizleen patronala, zeinak aipatzen duen SIMAko mediku eta ikerlarien ondorioak funtsean omen direla “frogatu gabeko zantzuak”.

Beti zientziaren ildoari jarraitzen saiatzen den Bardik, biak entzunda dio: horra zientziak aurrera nola egiten duen adibide egoki bat, hasten gara korrelazio bat aurkitzetik, sarritan zalantzazkoa, eta beranduago iristen gara esplikazio batera. Eta gogoratzen du XIX. mendean famatua egin zen John Snow medikua. Snow ohartu zen orduan Londres itotzen zuen kolera izurriak zerikusia bazeukala gaixotutako jendea plaza bateko iturri jakin batetik hurbil bizitzearekin. Itxi erazi zuen iturria eta lortu zuen izurria kudeatu eta geldiaraztea. Askoz beranduago jakin zen iturri hartara ura zetorrela komunetako isuriz kutsatutako urmael batetik. Orduan inork ez zekien bakteriorik bazenik ere. “Snow zain egon izan balitz esplikazio ziurra eduki arte, jendeak segituko zuen iturri hartatik edaten eta koleraz hiltzen”.

Eta aurrerago: “Honek guztiak ez du esan nahi kutsadura izan denik izurriaren kausa, inondik inora. Baina kontutan hartu beharreko faktore garrantzitsu bat da. Lombardiako airea hain kutsatua egon izan ez balitz, birusaren hedatzea errazago kontrolatu ahal izango zen eta heriotza kopurua txikiagoa izango zen”.

2017an Varese News agerkariak plazaratutako kutsadura mapa, erdian Milan, gorago eskuinean Bergamo: "Urtarrilean jasan dugu 15 urteotako kutsadurarik gogorrena".

Martxoaren 31an Reporterre aldizkari frantsesak elkarrizketatu du Isabella Annesi-Maesano, Frantziako Osasunaren eta Ikerketa Medikuaren Istitutuaren (Inserm frantsesezko sigletan) ikerketa burua izateaz gain Institut Piere-Louis eta Sorbonneko unibertsitateak eritasun alergiko eta arnasbideetakoen epidemiologia taldearen arduraduna. Hitzez hitz esan du: “Ez da kasualitatea izurriaren lehen fokoak ingurumen oso kutsatuetan kokatuak egotea”. Bere ustez koronabirusaren garraiabide garrantzitsuak izan daitezke batetik industriak isuritako partikula xeheak baina baita ere nekazaritza eta abeltzaintza industrialean soroen gainean egiten diren isurketa handiak.

Hona Isabella Annesi-Maesanori hartutako zenbait parrafo, hitzez hitz. SARS-CoV-2 (hori da denok Covid-19 izenez ezagutzen dugun koronabirusaren izen zientifikoa) jendeoi sudur eta ahotik sartzen zaigu birikak kaltetzeko, eta bidean garraiabidetzat erabil ditzake airean suspentsioan diren partikula xeheak. Partikula xehetan handienak diren 10 mikrako diametrodunei  mikroskopioan begiratuz gero, ikus daiteke hainbat gauza eramateko gai direla: birusak, polenak, esporak, eta abar. Partikula xehetan txikienak, diametroa 2,5 mikra baino txikiagoa dutenak, elkartzen dira tartean harrapatuz bakterio, espora, polen, onddo eta bestelakoak… tartean SARS-CoV-2. Partikulok oso urrun iritsi daitezke: artikulu zientifikoek erakutsi dute basamortuko hondarrak berekin daramatzan gai organikoekin laguntzen diola Amazonasko oihanaren ongarritzeari!

Baina gogoan hartu behar dugun garrantzizkoena zera da, kutsadurak birusa garraiatzen duela eta aerosol bidezko kutsadura posible dela, nahiz eta izurriaren transmisioa nagusiki [aho-sudurretatik jaurtitako] ttantta bidez gertatzen den. Eta kutsadura bidezko transmisio mota hau ez dela soilik gertatzen SARS-CoV-2arekin. Aurretik hori ikusi da gertatzen SARS-CoV-1 izurrian, 2002-2003an, baina baita ere haurren bronkiolitis biralarekin, gripearekin, hegaztien gripearekin, tuberkulosiarekin…

Bestalde, inguru kutsatuetan herritarrak ahulago daude infekzioen aurrean. Kutsadura atmosferikoak sumindu eta hondatu egiten ditu arnasbideetako mukosak. Erreakzio moduan, arnasbideak permeableago bilakatu eta kanpotik patogenoak errazago sartzen dira gizakiaren organismoan. Gainera, partikula xeheek biriketako albeoloen babesgarriak zeharkatzen dituzte, odolera iritsi eta organo guztiei erasotzen diete, inflamazio sistemikoa eraginez. Hori dela eta, aire kutsadurak arnasbideetako hainbat arazo eragiteaz gain eragiten ditu ere kardiobaskularrak, neurologikoak eta metabolikoak, garuneko infartuak, diabetea, obesitatea… Kutsadurarekin zerikusia duten patologien hirutik bi kardiakoak dira! Eta aurretik jendeak gaixo baldin badaude, kutsadurak are gehiago larriagotzen ditu haien patologiak, SARS-CoV-2 bezalako infekzioen biktima izateko aukerak erraztuz.

Ezkerrean, PM10 partikula xeheen kutsadura Italian otsaileko 19 egunetan. Eskuinean, koronabirus pandemiaren hedatzea Italian. Setti eta besteen ikerlanetik ateratako irudia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude