Covid-19 testak zabaltzea: gure agintariek zor diguten gutxieneko neurria

  • Ulergarria baldin bada pandemia batean agintariek herritarren artean panikorik egon ez dadin ahaleginak egitea, onargarria ez dena da pandemia hori kontrolatzeko munduko osasun erakunde nagusiak behin eta berriro eskatutako neurri nagusietako bat ez betetzea: Covid-19 izurria eduki dezaketen guztiei test egokiak egitea. Eta gainera mezu lasaigarriekin herritarrak desmobilizatzea.

Miren Nekane Murga Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria hedabideen aurreko agerraldi batean.

2020ko apirilaren 01an - 14:30

Honez gero umeek ere ikasi dute: bai Espainian, bai Frantzian eta, prefosta, Euskal Herrian agintariek darabiltzaten (eta okerragoa dena, benetan dauzkaten…) Covid-19 kasuen kasu positibo konfirmatuak ez dira benetako guztiak, EITBn kabitzen ez den errealitatean birus hori soinean daramaten edo eraman duten guztien hamarretik bat baizik ez dira ofizialak. Adituek ohartarazi zuten, agintariek onartu dute (okerragoa dena, heriotza errealak ere azpitik kontatuta daudela onartu dute geroago) eta zalantza izpirik ez da. Demostratuta dago eta puntu.

Honez gero herritarrok (zer esanik ez gure ordezkari sindikal eta politikoek baina baita mugimendu sozialek ere) presio gogorra egiten ari beharko genuke agintariei benetan ezarri dezaten abian koronabirus susmo guzti-guztiak testeatzeko protokoloa. Gutxienez… Alemanian egiten dutena bezala.

Ez du balio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak egin duen moduan  guretzako Alemaniaren eredua aldarrikatzea… enpresak itxiarazi edo zabalik mantentzearen erabakietan autonomia elkarteei han beren eskumenak errespetatzen omen zaizkiela eta. Ez alderatu gu –koronabirusari dagokionez Espainiako beste komunitate eta jende guztiak bezain babesgabe aurkitu garenok– alemanekin. Euskal Oasia ez zegoen Alemanian, Espainia barruko paradisu fiskal txiki bat baizik ez zen… eta ikusiko da uholdearen ondoren zertan geratzen den gure egitura autonomiko osoa. Denon tamalerako, horra.

Arantxa Tapia Euskadi Irratiko Faktoria saioan martxoaren 30ean.

Alemaniarekin alderatzen hastekotan, hasi gaitezen behingoz haien test orokortuen eredua kopiatzetik. Ez burua gehiegi nekatu zifrekin. Atzoko –martxoak 31– datuekin, Alemaniak 68.180 kutsatu eta 682 hildako metatu zituen; Euskal Herriak 8.225 kutsatu eta 441heriotza. Beraz, Alemanian 100 kutsatuko 1 hil da, Euskal Herrian %5,3. Alemania ere ez da iristen Munduko Osasun Erakundeak aldarrikatutakoa testeatzea kasu erreal guztien %70ean betetzera, baina lekutan gaude gu espainol eta frantses gaixook (honetan bai berdindu gaitu ipartar eta hegotar).

Alabaina, gauzak are okerrago egin daitezkeenez, Gara egunkarian Beñat Zalduak erakutsi du aurreko bi egunetan testak erdira jaitsi direla, behintzat Hegoaldeari dagokionez. Baldintza horietan nola uler daiteke gure osasun agintariak hedabide nagusietatik tendentzia aldaketak aurreratuz herritarrak desmobilizatzen aritzea?

Gure autonomiek ez zeukaten, non eta inguru industrialdu eta enpresa arriskutsuz betetako batean, herritarrok epidemia batetik babesteko emergentziazko ez planik eta ez bitartekorik, hori da egia. Inguruko potentzia handi batzuek, hala nola potentzia nuklearra den Frantziak, bere babes tresna asko harrika bota ditu azken hamarkadotako murrizketa neoliberalen ufadan; Le Monde egunkariak erakutsi berri du nola Parisko agintariek aurreko epidemiek eragindako kezkagatik pilatutako maskara, botika eta tresna asko 2007tik alferrik galtzen utzi dituzten. Orobat Belgikan. EAE eta Nafarroan ez gara horretara hurbildu ere egin, antza denez ez baitugu deusezteko moduko babesgarririk eduki: gaur egun larrialdietako zerbitzu minimoak bete behar zituzten profesionalak ekipatzeko adina tresna ere ez dugu eduki eskueran. Konfinamenduzko hirugarren astea doanean, babesgarririk gabe ikusiko dituzu udaltzain, ertzain, erizain eta beste hainbat, kexuak ordu oro entzuten dira.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko agintariok: ez duzuela lortzen behar adina Covid-19 test eskuratzea? Ez daukazuela ahalmenik MOEk munduko edozein herrialderi ezarritako minimoak betetzeko ere? Ez gaituzuela testeatuko Alemanian adina? Hala bada, esan. Aitortu herritarroi egia: ez daukagu ez nahikoa test eta ez nahikoa babesgarri ez orain daukagun krisia kudeatzeko eta ez aste batzuk barru behartuta –izurriz gain goseak eta zoratuta hilgo ez bagara– konfinamendua eten beharko dugunean… Esaguzue hitz garbiekin: ez daukagu bitartekorik eragozteko koronabirusaren bigarren olatua herritarren zabaltzea.

Eta mesedez: hurrengo agerraldian, jantzi ezazue maskara. Herritarroi garbi aitortu nork bere burua eta ingurukoak eta komunitate osoa zaindu behar dugula.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude