LH eta DBHko irakasle izateko ikasketak luzatu eta aldatuko al dira? Egunotako filtrazioez hainbat gako

  • Lehen Hezkuntzako irakasle izateko gradua bost urtera eta DBHko irakasle izateko masterra bi urtera luzatzea, eta Magisteritzak “selektibitate” propioa izatea. Hezkuntza Dekanoen Konferentziaren proposamen horiek Espainiako hainbat hedabidetara filtratu direnean harrabotsa eta eztabaida piztu dutela-eta, afera kokatzen saiatuko gara.

Hezkuntza fakultatea. EHU

2025eko urriaren 27an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bi urte eta erdi daramatzate Espainiako Estatuko Hezkuntza fakultateetako dekanoek, tartean Hego Euskal Herrikoek, irakasleen hasierako formakuntzari buruzko Liburu Zuria prestatzen. Lan mardula izan da, tartean egoeraren diagnosia eta Europako herrialde batzuetako errealitatearen azterketa jasotzen dituena.

ARGIAk jakin duenez, afera honetan guztian bi gauza utzi nahi dituzte garbi: batetik, Liburu Zurian jasotzen den proposamen sorta dela Hezkuntza Dekanoen Espainiako Konferentziak Hezkuntza fakultateei egindako enkargua; eta bestetik, ez dagoela ezer erabakita. Hasteko, filtrazioak filtrazio, prozesua ez dagoelako erabat itxita –azaroaren 16-18an egingo da behin betiko bozketa, nahiz eta filtrazioek eurek dioten gehiengoa lortuko dutela Liburu Zurian jasotzen diren proposamenek–. Baina horrez gain, proposamenek izaera orientatiboa dute, ez dute indar juridikorik. Are, Espainiako Hezkuntza Ministerioak adierazi arren Liburu Zurian oinarrituko dituztela erabakiak, Ministerioa dagoeneko irakasle ikasketen marko juridikoa prestatzen ari dela susmatzen dute ahots mesfidatienek. Hots, proposamenak ezerezean gera litezke, edo batzuk baino ez ditu hartuko kontuan, edo agian osotasunean. Ezer ez dago ebatzita.

Batzuek garrantzi handiago eman diete oinarri pedagogikoei; besteek, ordea, didaktika espezifikoetan jarri dute indarra

Pedagogia vs. edukiak

Kontuak kontu, prozesuan eztabaida nagusiak zein izan diren jakin du ARGIAk, eta hori bera esanguratsua da, hezkuntza sistemaz egun dauden ikuspuntu ezberdinak ulertzeko. Lehen Hezkuntzan, gaur egungo lau urteko graduaren ordez bost urteko gradua, edo lau urteko gradua eta urtebeteko masterra gomendatu dute Hezkuntza dekanoek, baina bi ildo nagusitu dira: irakasleen formakuntzan, batzuek garrantzi handiago eman diete oinarri pedagogikoei, didaktika espezifikoak (funtsean, edukiak) gutxietsi gabe; besteek, ordea, didaktika espezifikoetan jarri dute indarra, zehazki Matematika, Hizkuntza eta Zientzian didaktika espezifikoetan. Hain justu, filtrazioek eztanda egin dutelarik, didaktika espezifikoetako elkarteen kritikak jaso ditu Liburu Zuriak, didaktika espezifikoen aldean pedagogiari garrantzi handiegia ematen zaiola iritzita.

Ez da eztabaida berria, eta berriki jorratu dugu ARGIAn, irakaslearen rolen inguruan: irakasle izateko, zenbaterainoko garrantzia ematen zaio edukia menperatzeari eta zenbatekoa prestakuntza psikopedagogiko eta didaktikoari, komunikazio gaitasunari, aniztasun kultural-linguistikoa eta ikasgelako erritmo-behar ezberdinak kudeatzen jakiteari?

Graduan sartzeko, aparteko proba bat ere aholkatzen da Liburu Zurian, gaur egun Katalunian eta Balear Uharteetan egiten den gisan. Unibertsitatera Sartzeko Probaren modukoa, baina irakaslegaientzat baino ez. Proposamena ez da berria Euskal Herrian.

Magisteritzan sartzeko, aparteko proba bat ere aholkatzen da Liburu Zurian, gaur egun Katalunian eta Balear Uharteetan egiten den gisan. Proposamena ez da berria Euskal Herrian

DBHn, bi urteko masterra

DBHn, ezberdina da egoera. Beste karrera eta espezialitate batzuetatik datozenek urtebeteko masterra egiten dute, irakasle bihurtzeko. Bada, masterrak egun dituen 60 kredituen ordez, 120 kredituko masterra proposatu dute. Hau da, urtebete beharrean, bi urte. Horrek ahalbidetuko luke, besteak beste, praktikaldia luzatzea.

Kurioski, duela gutxi argitaratu genuen ARGIAn Espainiako Gobernuari eskatu diotena hainbat erkidegok eta ELGAk berak (hezkuntza politiken norabidean pisu handia duen Europar Batasuneko erakundeak): DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketan irakasle izateko ez dela zertan irakaskuntzan formakuntzarik jaso, aski dela ikasgai horretako edukiak menperatzearekin. Beste era batera esanda, ez dela masterrik behar. Arestian aipaturiko eztabaidara bueltatzen gara berriro ere: zenbateko pisua izan behar du edukien jakintzak eta zenbatekoa oinarri pedagogikoak irakasleen formakuntzan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eguneraketa berriak daude