Erreproduzitu bideoa
solasaldia
Zazpi mendeko gatazkak izokin-arrantzaren inguruan
2022-10-04

Izokinaren inguruan Josu Narbarte eta Iñaki Sanzek eskainitako hitzaldia da honakoa, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako historialarien elkarteak antolatuta, "Gipuzkoako historiaren pasarte ezezagunak" zikloaren testuinguruan.

Gaur egun Gipuzkoako ibai eta itsasadarretatik ia desagertuta dagoen arren, izokina (salmo salar) garrantzia handiko espeziea izan da Euskal Herriko ekonomian. Maila desberdinetako hainbat gizarte-talde eta eragile mendez mende saiatu izan dira baliabide preziatu hau aprobetxatzen, arrainaren bizitza-ziklo bereziari egokitutako arrantza-teknikak eta egitura espezializatuak diseinatuz. Horrek, jakina, gatazka ugari ere ekarri izan ditu. Hitzaldi honetan historia hori izango dugu aztergai, Gipuzkoako ibai eta itsasadarretan ezarriz arreta. Gonbidapena luzatzen diegu, beraz, interesatu guztiei, gurekin batera sarea botatzera hurbil daitezen.

Josu Narbarte arkeologoa da, EHUko doktore eta Aranzadi Zientzia elkarteko kidea. Bere ikerketa paisaia kulturalen bilakaera historikoan zentratu da, prozesu horietan giza zein ingurugiro faktoreen azterketa uztartuz. 2019tik, euskal kostako estuarioen inguruan ari da lanean, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako proiektu bati esker.

Iñaki Sanz Azkue Biologian lizentziatua eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da. Herpetologiako zein botanikako hainbat arlotan lan egin du. 2006tik ondare naturalaren eta ahozko ondarearen ezagutza eta kontserbazioari loturiko jakintza alor anitzeko hainbat proiektutan lan egiten du eta koordinatzen ditu.