Santi Brouard hil zuen Bilbon GALek, Herri Batasunaren bozeramalea Gasteizko Legebiltzarrean

Duela
41
urte
ARGIA - ARGIA Fototeka

1984ko azaroaren 20an,

Santi Brouard hil zuen Bilbon GALek. Bere mediku kontsultan sartu ziren bi pistolari, haur bat artatzen ari zela, eta erizaina baztertuta zortzi tiro jo zizkioten. HASI alderdiaren lehendakaria eta Herri Batasunaren Legebiltzarreko bozeramalea izan zen.

Lekeition jaioa, medikuntza ikasi zuen Valladolideko unibertsitatean. Behin ikasketak burututa, Euskal Herrira itzuli zen, eta pediatriako espezializazioa egin zuen Basurtuko Ospitalean. Garai hartan, Bizkaiko lehen ikastolak sortzen lagundu zuen.

1974an Espainiako Poliziak tirokaturiko etakide bati laguntzeagatik, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Han, harremana izan zuen etakide historikoekin, adibidez Argalarekin. Erregimen frankistaren amaiera aldera, KAS alternatiba taxutzeko lanetan parte hartu zuen. Brouard EHASeko sortzaileetako bat izan zen (1977tik aurrera HASI izan zena). Brouard bera HASIko lehendakari izendatu zuten eta Herri Batasuna sortutakoan, alderdi horretako kide izan zen.

 Imanol - ARGIA Fototeka

Erbestetik itzulita, bere mediku lanarekin segitu zuen, politikarekin uztartuz. 1983ean kartzelan sartu zuten, Espainiako errege Juan Carlos I.ak Gernikako juntetxera egindako bisitaldian Eusko gudariak abestu zuelako Herri Batasuneko beste kideekin batera. Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea izan zen, eta alderdi horretako diputatu Madrilgo gorteetan. Horrez gain, agintaldi batez Bilboko alkateorde izan zen.

1984eko azaroaren 20ean, Luis Morcillok eta Rafael López Ocaña mertzenarioek tiroz hil zuten bere pediatriako kontsultan. Hilketa hura egiteko eguna ez zuten ausaz aukeratu: egun horretan bertan hilak ziren, urte batzuk lehenago, José Antonio Primo de Rivera eta Francisco Franco.

Ondorengo ikerketek bi hiltzaileak identifikatu eta auziperatu zituzten, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek libre utzi zituen 1999an. Hainbatek salatu zutenez, hilketa hura Espainiako Gobernuak 1980ko hamarkadan aurrera eramandako estatu terrorismoaren operazioetako bat izan zen.

 ARGIA - ARGIA Fototeka

Luis Morcillok 2013. urtean aitortu zuenez, berak egin zion tiro Brouardi, eta Guardia Zibileko teniente koronel Rafael Masak eman zuen hilketa egiteko agindua. Brouard hiltzearen trukean, Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak 25 milioi pezeta (150.000 euro) ordaindu omen zizkien hiltzaileei; horietatik 5 milioi (30.000 euro) Morcillorentzat izan omen ziren.

Bideo honetan ikus daitezke beren omenaldi eta agurreko irudiak, baita handik bi egunera deitu zen bi eguneko greba orokor oso istilutsua ere.

Jarraian irakurgai ARGIAk hilketaren ostean atera zuen Santi Brouard: ahalik eta minik haundiena erreportajea PDFan.

Iturria:

Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin (1967-2011). Bigarren liburukia 1981-1990 (Maiatz).

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik