JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Italian dagoeneko koronabirusak hil ditu Txinan hildakoak adina

Covid-19 birusaren izurriaren jarraipen estatistikoa egiten duen Woldometer zerbitzuaren datuetan, dagoeneko koronabirusak 10.541 pertsona hil ditu orain artean. Italian hil ditu (3.405) Txinan hasieratik hil dituenak adina (3.248). Zerrendan ondoren datoz Iran (1.433), Espainia (1.041), Frantzia (372), AEB (219), Erresuma Batua (184), Holanda (106), Hego Korea (94)... Euskal Herriari dagokionez, Euskal Herrian 78 dira hildakoak, Berria egunkariaren kontabilitatean.

Kutsatuak mundu osoan 250.000 dira. Horietatik 81.000 Txinan, 41.000 Italian, 20.400 Espainian, 19.600 Iranen, 18.300 Alemanian, 16.000 AEBetan, ia 11.000 Frantzian, 8.600 Hego Korean... Euskal Herrian Covid-19 testean postitibo emandakoak dira 2.026.

 

Txinatarren aurkako mezu arrazistak areagotu dira, baita gobernuetatik ere

Birusaren jatorri eta sorlekua ezezagunak badira ere, lehen kasuak Txinan agertu ziren joan den urte amaieran. Horrek beldur mezu bat zabaldu du mundu osoan, txinatarrekiko beldurra. Txinatar askok salatu du eraso sinofoborik; dela kalean albotik pasatu eta eztula nahita egiten dutenak, dela biraoak botatzen dizkietenak.

Baina gobernuek ere elikatu dute beldur hori zenbait mezu arrazista zabalduz. Donald Trump eta Eduardo Bolsonaro dira horietako batzuk. Segi albistea irakurtzen hemen.

El Correo egunkariak migratzaileak kriminalizatzea salatu du OEE taldeak, koronabirusaren harira

Zierbenan (Bizkaia) zeuden 22 migratzaile matxinatu zirela zabaldu izana salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak . Albistea ezeztatu du, Zierbena Sarea, Gurutze Gorria ta DYA jakinaren gainean zeudela adieraziz, eta akatsa zuzentzeko eskatu dio egunkariari.  Albiste osoa hemen irakurri.

Argentinan ere herritarrak konfinatu dituzte

Argentinako presidente Alberto Fernandezek iragarri du herritar guztiek derrigorrezko isolamendua gorde beharko dutela etxean ostiral honetatik hasi eta 31ra arte. Hego Amerikako lehen herrialdea da Argentina biztanle guztien konfinamendua agintzen duena, koronavirusari aurre egiteko.

Koronabirusak kutsatutako atharratzearra hil egin da

Ipar Euskal Herrian Lapurditik kanpoko lehen kasua izan da. 66 urte zituen eta asteartetik zekiten koronabirusa zuela. 21 kasu zenbatu ditu Pirinio Atlantikoko departamenduak.

Ospitaleetako neurriak zorroztu dituzte; Donibane Lohizune eta Angelun (Lapurdi) behin-behineko ospitaleak jarri ditu Gurutze Gorriak, Donapaleun (Baxenabarre) ohe gehiago prestatzen ari dira. Horrez gain, jende pilaketak ekiditeko, herritarrek ezingo dute ospitaleetara joan medikuaren baimenik gabe.

Hego Euskal Herriko hotel eta alokairu turistiko guztiak itxiko dituzte

Espainiako Estatuko Gobernuak astebeteko epea eman die Estatuko ostalaritzako establezimendu guztiei ateak itxi ditzaten. Salbuespena egonaldi luzeko establezimenduak izango dira, alarma egoera deitutakoan bezeroak bazituzten zabalik jarraitu ahalko baitute. Albiste osoa hemen.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri bakoitzean zenbat positibo egon diren zabaldu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren izenean zabadutako zerrenda batean, koronabirusaren krisia hasi zenetik eta martxoaren 18ra bitarte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako kasu positiboak ageri dira herriz herri.

Denen artean Gasteiz nabarmentzen da, askogatik, 502 positibo erregistratu baitira Arabako hiruburuan. Hurrena Bilbo eta Basauri daude, 83 eta 71 positiborekin. Eta hortik oso urrun Donostia, 24rekin. Zerrendako herrietatik hiru laurdenek lau positibo edo gutxiago dute.

Zerrenda horretan, baina ez dira agri sintoma arinak dituztenak edo gaixotasuna sintomarik gabe pasatzen ari direnak, haiek ez testeatzea erabaki baitzuen Osakidetzak.

 

Lekuan lekuko janariari lehentasuna ematea eskatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

Koronabirusaren hedatzearen kontra hartutako neurriak direla-eta, eskola eta ostatuekin lan egiten duten laborantzako ekoizle txikiek salbideen parte handi bat galdu dute. Horregatik, soberan dagoen janari hori guztia "publiko zabalari" emateko proposamena egingo du aurki Eskal Herriko Laborantza Ganbarak. Herrietako merkatuak zabalik mantentzeko ere eskatu du.

 

Gaixoak artatzeko bi zentro irekiko dituzte Lapurdin

Herritar ekimena da eta mediku guztiak laguntzaile moduan ariko dira koronabirusak kutsaturikoen artatzen. Donibane Lohizuneko Kechiloa kiroldegian eta Angelun antolatuko dituzte arta guneak. Helburua argi dute: erietxe eta ospitaleak gainditurik ez izatea. Hots, gaixotasunaren sintomak dituzten eriak haien esku hartuz, osasun zerbitzua pixka bat arintzea.

Ekimen horren berri eman du France Bleue Pays Basque irratiak. Zehaztu duenaz, Gurutze Gorriaren sostengua dute mediku laguntzaileek, baita udaletxe eta Baionako ospitalearena ere.

Euskal Herriko kolektibo arrazializatuek hainbat neurri hartzea exijitu diote Espainiako Gobernuari

“Ezein pertsona ez da atzean geratu behar”. Espainiako Gobernuak bidalitako mezu hori abiapuntu hartuta, Euskal Herriko kolektibo arrazializatuek fokua jendarteko sektorerik zaurgarrienetan jarri nahi izan dute, eta horien ongizatea bermatzeko hainbat neurri exijitu.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoeran ere kalte larrienak sektore zaurgarrienek pairatzen dituztela adierazi dute. Hori bai, xedatu dute zaurgarritasunaz mintzo direnean ez direla ari soilik osasunari dagokionez zaurgarri diren horietaz, baizik eta “beti marjinetan, bazter utzita, erdeinatuta, zapalduta eta gain-esplotatuta” egon den sektoreaz. “Espainiako Estatuko eta Europako testuinguruari dagokionez, herritar migratzaile eta arrazializatuaz mintzo gara”, zehaztu dute.

Jendarteko sektore horrek atzeraezinak diren egoerak bizi dituela azaldu dute, baina alerta egoera tarteko ezinezkoa bilakatu dela horiei bide ematea. Hala bada, Espainiako Gobernuak ezein pertsona atzean ez uzteko promesari eutsi diote, ondoko neurriak exijitzeko:

  • Egoera administratibo irregularrean dauden migratzaile guztien erregularizazioa.
  • Migratzaileen eta arrazializatuen auzoetan poliziaren partetik jazotzen ari diren esku hartze arrazista eta hertsatzaileak amaitutzat ematea.
  • Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan dauden pertsonak berehala aske uztea.
  • Urgentziazko Oinarrizko Errenta.
  • Alokairuen eta oinarrizko zerbitzuen barkatzea.
  • Banketxeen jabetzakoak diren pisu hutsak eta aterpetxeak baliatzea, etxegabeak eta zentroetatik kanporatutako “lagundu gabeko adin txikikoak” bertan hartzeko.
Txinak ez du kasu berririk atzeman azkenengo 24 orduetan

Lehenengo aldiz, Txinan ez da inor kutsatu koronabirusaz 24 ordutan. 34 kasu berri zenbatu dituzte, baina guztiak atzerritik joandakoak dira.

Guztira 80.928 kasu atzeman dituzte, eta 3.245 pertsona hil dira koronabirusarekin. Horietatik 70.420 sendatu dira jada, 7.263k ospitaleratuta jarraitzen badute ere.

“Larrialdi sanitario egoera” bozkatuko du Frantziako Parlamentuak ostegun ala ostiralean

“Larrialdi sanitario egoera” dakarren lege-proiektua bozkatuko du ostegun ala ostiral honetan Frantziako Parlamentuak. Herritarren askatasunak mugatzeko eskubidea ematen dio gobernuari larrialdi egoerak. Demagun, konfinamenduak dakarren mugimendu askatasunaren mugatzea. Astelehen gauean Emmanuel Macron presidenteak aurkeztu zituen erabaki eta neurriak biltzen ditu testu honek.

Enpresak laguntzeko hainbat neurri ere daude zerrendaturik lege-proiektuan, besteak beste, lanaren gelditzeak eta langileen kanporatzeak mugatzeko asmorekin. Adibidez, enpresentzako errentaren pagatzeko epea “atzeratzeko edota denboran hedatzeko aukera” dakar testuak. Noski, koronabirusaren eragin ekonomikoak sentituko dira gobernuaren kutxetan ere. Aurreikuspenei segi, 10,7 miliar euroz apalduko da aurtengo zergen bidezko diru sarrera –293 miliar euro beharrean, 282,2 miliarrekoa izanen dira–-

Egoera okertuz doa Frantziako Estatuan, koronabirusaz kutsaturiko eta hildakoen kopurua, egunez egun geroz eta lasterrago emendatuz doalarik. Osasun zerbitzuek ezingo dute guztiei arta bideratu eta jada hasiak dira kutsatuen arteko hierarkia egiten: “Ospitaleetan ez dago haientzat (zahar etxeetan dauden adinetakoentzat) lekurik, ahulegiak dira, sendatzeko aukerak dituztenak hartuko ditugu lehentasunez hartuko –eta ulergarria da–. Gael Durel Mediku koordinatzaileen eta sektore medikal-sozialeko elkarteko presidentearen adierazpenak dira. Hori horrela, konfinamenduak aitzina segitzen du, gutxienez bi asterentzat.

Azkenik, 2015ean bozkatu zuen larrialdi egoera Frantziako Gobernuak, Daeshek bideratu atentatuak eta gero.

Europako Banku Zentralak 750.000 milioi euro mobilizatuzea erabaki du

Europako Banku Zentralak bart ezagutarazi du 750.000 milioi euroko erosketa plana erraldi bat, Covid-19 izurriteak eurogunea hankaz gora ipini ez dezan. Plan horrekin Gobernuei ziurtatu nahi die nork bere beren pizgarri planetarako finantzaketa egongo dela. Hasteko, neurri honekin EBZ-ak herrialdeen zor publikoen arrisku sariak jaisten saiatu nahi du.

El Pais egunkariak aurreratu ditu plan handi honen xehetasun gehiago.

Konfinamendu garaia luzatuko du Italiak

Apirilaren 3tik aurrera ere segituko du konfinamenduak Italian. Horren berri eman du goiz honetan Giuseppe Conte Ministroen Kontseiluko presidenteak Il Corriere della Sera komunikabideari eskaini elkarrizketan.

Koronabirusaren epidemia mugatzeko helburuz, duela hamar egun abiatu zuten konfinamendua. Europa mailan, Italian da eritasuna hedatuena duen herria. 2.978 pertsona hil ditu koronabirusak Italian, atzo bertan 475. 35.700 italiar daude kutsaturik eta herriko agintariek diotenaz, epidemiak ez du oraindik goia jo.

 

Frantzisko Aita Saintua zerga iruzurra egiten dutenei: "Zuen errua ere bada orain arnasgailu gutxiegi egotea"

Munduko katolikoen buruzagi nagusi Frantzisko Erromako zenbait elizatara joan zen atzo, martxoak 18, erabat hutsik zeuden karriketan barrena. Prentsari adierazi dionez, munduko jendeen alde egin zuen otoitz eta kristauen jainkoari eskatu zion izurri hau geldiaraztea eta bereziki bat izan oroitu zen Covid-19aren kontrako borrokan fronteko lehen lerroan jardutea egokitu zaien jendeez.

Baina gehiago ere esan du publikoki Bergoglio apezpikuak. Garaiotan klase askotako solidaritatea beharko denez, erantzukizuna zergen ordainketan ere erakutsi behar dela argudiatu zuen eta espreski salatu zituen iruzurgileak: "Zirrara handia egin dit [ospitaletan dagoen] arnasgailu eta ohe eskasiak. Beren zergak ordaintzen ez dituztenek ez dute soilik delitu bat egiten: krimen bat egiten dute".

 

Erresuma Batuko zenbait hezkuntza-zentro itxiko dituzte ostiraletik aurrera

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ostiralean, martxoak 20, Ingalaterra eta Galeseko hezkuntza-zentroak itxiko dituela jakinarazi du, BBC-k jaso bezala. Eskozian eta Ipar Irlandan oraindik erabakitzeko dago zer egingo duten. Johnsonek esandakoaren arabera, bi herrialdeetako hezkuntza-zentro guztiak itxiko dituzte, beharrizan handiko lanetan dabiltzan langileen seme-alabak eta haur zaurgarriak zaintzeko zerbitzuak izan ezik.

Asko esperotako neurria izan da. Lehen ministroa gaixotasunari mugarik ez jartzearen aldekoa zen, jende artean hedatzeak biztanleriarengan inmunitatea sortuko zuelakoan. Inongo oinarri zientifikorik gabeko hipotesia dela baieztatu dute hainbat adituk, eta azkenean neurriak hartzea onartu du agintariak.

104 dira jada Erresuma Batuan hildakoak, eta 2.626 kutsatuak.

Gizarte arrakalak agerian utzi ditu koronabirusak

Denek ez dugu berdin jasango berrogeialdia. Etxegabeak, euren segurtasuna bermatu gabe enplegu prekarioetara joaten segi behar dutenak, lanetik kaleratuko dituztenak eta fakturei aurre egin ezingo dietenak, indarkeria matxista etxean pairatzen dutenak, zaintza lanek zamatuak, balkoirik gabeko espazio gutxiko etxeetan bizi direnak, migratzaileen zentrotan pilatuta segitzen dutenak… Egoera ugari ikusgarriago eta are zaurgarriago bilakatu ditu koronabirusaren krisiak. Irakurri osorik Mikel Garciaren blogean.

 

Biktima-kopuruak munduan: 8.272 hildako, 205.000 kutsatu, 82.000 sendatu

Worldometers zerbitzuak eskaini dituen zifrak honakoak dira martxoaren 18an 15:25ean. Denetara orain arte Covid-19 izurriak hil ditu 8.272 pertsona: Txinan 3.237, Italian 2.503, Iranen 1.135, Espainian 623, Frantzian 175, AEBetan 116, Hego Korean 84, Holandan 58, Japonian 28...

Koronabirusak kutsatuak dira 205.000 mundu osoan, horietatik: 80.800 Txinan, 31.500 Italian, 17.200 Iranen, ia 14.000 Espainian, 11.300 Alemanian, 8.400 Hego Korean, 7.700 Frantzian, 7.400 AEBetan...

Izurriak jo ondoren erabat sendatu direnak munduan 82.000 lagun dira, horietan gehienak Txinan: ia 70.000.

Ikusi herrialdekako datu zehatzak Worldometer zerbitzuan.

Belgika eta Alemaniakoak gehituta, Europan 250 milioi herritarretik gora etxean konfinatuta

Belgikan herritarrak etxean konfinatuta daude eta komertzio guztiak itxita, salbu eta janari dendak, farmaziak, bankuak eta liburudendak. Alemanian gaur hitz egingo die herritarrei Angela Merkelek eta espero da herritarrei etxean geratzeko eskatuko diela. Horrela, Europa osoan gaurdanik 250 milioi jende baino gehiago egongo da etxean itxita. Neurriak ez dira beti eta atal guztietan zorroztasun berdinekoak. Belgika eta Alemaniako konfinamenduak arinak dira, esate baterako, Frantziakoen aldean, non herritarrak kalera irteteko berekin eraman behar baitu beteta formulario bat azalduz bere irtenaldiaren arrazoia (erosketak, bankura joatea, medikutara joatea...) sinatuta eta data ipinita, paper hori ez eramatekotan 135 euroko zigorra ezartzeko mehatxuarekin. Alabaina, Frantziako estatuan herritarrek baimenduta daukate etxe inguruetan lasterka edo ariketa fisiko pittin bat egitea. Hori ez zaie baimentzen Espainiako estatuan.

Aste Santu ostera arte luzatu lezake alarma egoera Espainiako Estatuak

Apirilaren 12ra arte, gutxienez, mantenduko du alarma egoera Espainiako Estatuak El Confidencial Digital-ek kaleratu duenaren arabera. Erabakia opor garaian egon daitezkeen 30 milioi pertsonen mugimenduak saihesteko da.

Apirilaren erdialderako kutsatuen kopuruak behera egitea espero du Gobernuak, eta jendearen mugimenduek beherakadari kalterik egin diezaioten saihesteko ere hartu du neurria. "Hiru asteko konfinamenduaren ostean oporrak izateak milioika pertsona mugiaraziko ditu, eta birusa oraindik present egonda hori onartezina da", adierazi diote gobernuko iturriek aipatutako egunkariari.

Espainiako erregearen diskurtsoaren aurkako kazerolada deitu dute gaur gauean

Gaur gaueko 21:00etan Espainiako Erregeak mintzaldia egingo du telebistan. Hainbat hedabidek iragarri dutenaren arabera, osasun krisiaren ingurukoa izango da mami nagusia. Erregearen figura beste behin ere auzitan jartzen duten informazio berriak ezagutu direnean heltzen da agerraldia.

Horren aurrean, sare sozialetatik deialdi bat ari da zabaltzen Euskal Herrian. Diskurtsoaren orduan, 21:00etan, balkoietara irten eta lapikoak astintzea da proposamena. Euskal Herriaz gain, Herrialde Katalanetan ere ari dira antzeko protesta sustatzen.

 

Sintoma arinak dituztenak ere testeatzen hasiko direla dio orain Madrilgo Gobernuak

El Pais egunkariak zabaldu duenez, aste honetan bertan hasiko dira Espainiako osasun agintariak banatzen Covid-19 birusa testeatzeko probak ospitaletan. Ez oraingoz denei eta ez gaixo guztiei, muestra bati baizik. Ez da izango orain erabiltzen den proba bera: orain banatuko diren proba serologikoen emaitzek fidagarritasun zerbait txikiagoa omen daukate baina, beste aldetik, azkarrago eskuratzen omen dira.

Madrilgo agintariak hasi dira aitortzen azken egunetan Covid-19 birusak kutsatuen gorakadan halako geldotze bat gertatzen ari bazen horregatik zela, sintoma arinak dauzkaten askori probak ez egiteagatik, Munduko Osasun Erakundeak gomendatuaren kontra.

Jarraitu beharko da Espainiako estatuko zenbat ospitaletan eta zenbat gaixorentzako egongo den eskueran test berri hori, ez dadin gertatu estatistikak zuzentzeko tresnatzat bai balio izatea baina milaka herritar sintomadunek testeatu barik jarraitzea.

973 kutsatu eta 40 hildako zenbatu ditu Jaurlaritzak EAEn

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri dituen datuen arabera 973 dira koronabirusaz kutsatuak eta 40 hildakoak EAEn. Azkenengo 24 orduetan 4 hildako eta 208 kutsatu berri zenbatu dituzte. Datuak lurraldeka:

Araban: 545 kutsatu

Bizkaian: 297 kutsatu

Gipuzkoan: 131 kutsatu

Afrikako 30 herrialdetara heldu da jada koronabirusa

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera 477 dira jada koronabirusaz kutsatutakoak Afrikan. Kontinenteko 55 herrialdetik 30etan kasuak agertu dira, eta datuak Europakoetatik urrun badaude, beldurra zabaldu da kontinentean.

Xavier Aldekoa kazetariak Twitterreko hari batean jaso duen bezala, datu horiek kezkagarriak dira. Izan ere, Saharaz hegoaldeko Afrikako biztanleen %63ak -300 milioi biztanle- ez du eskuak xaboiarekin garbitzeko aukerarik. Datu horiek hiri-eremuetako biztanleenak dira, landa-eremuetakoak askoz altuagoak direla adierazi du Aldekoak.

Higiene neurriak ondo bete ezin badituzte ere, Afrikako Gobernuek neurri zorrotzak hartu dituztela idatzi du Aldekoak: aireportuak eta portuak itxi eta errepideetan polizia kontrolak jarri dituzte.

Podemosek bat egin du mugimendu feministak eratuko duen krisi mahaiarekin

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiari aurre egiteko, mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen astelehenean mugimendu feministak. Mahaian parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Interpelatuei 48 orduko tartea luzatu zien, erantzuteko.

Podemosek jakinarazi du mahaian parte hartuko duela. Mahaira batu dira Olatukoop osatzen duten enpresa komunitarioak, ELA eta LAB sindikatuak, EH Bildu eta Podemos.

 

Neurriak zorroztu behar dituela ohartarazi dio Txinak Europari

Zhong Nanshan koronabirusari aurre egiteko Txinako adituen taldeko buruak Europari esan dio kutsatu berriak identifikatzen eta berrogeialdiak ezartzen azkarrago aritu behar dela. "Beranduegi" izateko ez itxaroteko esan die, eta test mediku gehiago egitea eta osasun-langileak babestea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Eurokopa urtebetez atzeratu dute

Uefak asteartean eman du erabakiaren berri: koronabirusa tarteko, 2020an egitekoa zen Eurokopa 2021era atzeratu dute. Futbol konfederazioak bideokonferentzia bidez bilerak egin ditu ligetako elkarteekin, klubekin eta futbolarien sindikatuekin, eta horrela hartu dute erabakia.

2020ko ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitartean zen egitekoa txapelketa, baina hartutako erabakiaren ondorioz, 2021eko ekainaren 11 eta uztailaren 11 artean egingo da.

Eurokopak Bilboko San Mames futbol zelaia zuen egoitzetako bat, eta hala zela jakin zenetik, Eurokopa Euskal Herrian jokatzearen aurka agertu dira hainbat herritar, Eurokopa Honi Ez plataforma sortuz. Uefak hartutako erabakiaren aurrean plataformak azpimarratu du txapelketa atzeratu bada ez dela arrazoi politikoengatik izan, eta "antolamendurako eta borrokarako urte bete" daukatela aurretik.

 

Bedaioko herritar asko inkomunikatuta daude ostegunetik

Tolosaldeko Ataria-k informatu duenez, Tolosako Bedaio auzoan kexu dira. Ostegunetik, hau da, martxoaren 12tik, interneterako konexiorik eta telefonorik gabe daude auzoaren zati handi batean. 

Ugartera jaitsi behar izaten dute kobertura bila, deiak egin edota whatsapp mezuak erantzutera.  "Oso haserre" agertu dira bizilagunak. Orain, "koronabirusa dela eta, etxean egon behar dugun garaian, ez daukagu ezer", diote. Seme-alabek ezin dituztela etxetik ikasketak jarraitu ere salatu dute.

Telelana ahoz aho dabilen honetan, ezin dute etxetik lanik egin: "Euskal Herri osoan ez daude azpiegiturak prestatuta. Ezinezkoa zaigu etxetik lana egitea, beraz, ez daitezela etxetik lan egitea bultzatzen saiatu. Jarri ditzatela baldintzak behar bezala herritar guztiontzat".

(Albistea osorik Tolosaldeko Ataria-n)

Arantza Tapia: "Leku merkeagoetara joan ziren hornitzaileen kateak, hurbiltzea eta dibertsifikatzea bilatuko dute orain"

 

Arantza Tapiak adierazpenak egin ditu Radio Euskadin. Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariak aipu hauek jaso ditu:

"Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da bai enpresei zuzeneko eta zeharkako likidezia ematea, bai gutxieneko jarduera bati eusteko irtenbideak bilatzea. Gure enpresa handiek ezin badiote gutxieneko jarduera bati eutsi, Euskadiko jarduera ekonomiko guztia geldiarazi egiten da. Espero dugu datorren astean jarduerari berriro ekin ahal izatea, beharrezko segurtasun-aktiboekin. Gutxieneko jarduera bati eustea, brasa bat, behin osasun-arazoa kontrolatuta, sugar bat pizten duena ekoizpen ekonomikoan, Eusko Jaurlaritzaren ahalegin bat da".

Enpresetan telelana bultzatzen ari direla esan du: "Aktibatzen ari garen laguntza-ildoetako bat da enpresek, eta bereziki ETE txikiek, telelana egin ahal izateko eta egoera aldatu ahal izateko beharrezkoak diren bitarteko telematikoak txerta ditzaten, enpresaren jarduerari eutsi ahal izateko".

Babes ekipamenduez

"Babes-ekipamenduak lortzeko, lehenik eta behin, kontuan hartu behar da osasun-sistemaren esku jarri behar ditugula behar dituzten osasun-baliabide guztiak, baina, era berean, bitartekoak badaude eta Industriari justifikatuta badago, baliabideak iritsi behar dira, jarduerari eusteko helburuarekin. Horretarako hitz egin dugu Estatuko Gobernuarekin, eta konforme dago ahal bada material guztia ez konfiskatzearekin. Horrela, industriara gutxieneko ekipo batzuk iritsiko dira, jarduerari eutsi ahal izateko".

Krisitk ateratako "bi ikasgai garrantzitsu"

"Telelana posible da, eta digitalizazioak lagunduko digu, eta produkzioa hobetzeko duen garrantziaz ohartuko gara. Bitarteko telematikoak uste baino gehiago erabil daitezke, digitalizazioak jauzi hori emateko aukera emango digu.
Leku merkeagoetara joan ziren hornitzaileen kateak, hurbiltzea eta dibertsifikatzea bilatuko dute orain. Hori garrantzitsua izango da konturatzeko etxetik gertu ere gauzak oso ondo egin daitezkeela, eta ezin dela urrutiko hornitzaile bakarraren menpe egon. Orain erakarpen bat egin ahal izango da, hornitzaileei dagokienez dibertsifikazioa garrantzitsuagoa eta hurbilagoa izango da".

 

Hendaiako Sokoa lantegia itxiko dute apirilaren 5a arte

Bulegoko altzariak ekoizten dituen Hendaiako Sokoa lantegiak ateak itxiko ditu apirilaren 5a arte. LAB sindikatuak lantegian duen ordezkariak etxeratze baldintzak negoziatu ditu zuzendaritzarekin. Langileek soldataren %100 kobratuko dute denbora horretan. 

Iturria: Naiz.

Baserritarren azokei eutsi diete Ordizia, Gasteiz, Azpeitia eta Arrasatek

Nekazariek salatu dute koronabirusa dela-eta hainbat azoka itxi dituztela, ez, aldiz, saltoki handiak. Irekita dauden azoketako batzuek hemen:

Ordiziako azoka

Goierriko Hitza-k jakinarazi duenez, Ordiziako azoka ez da ohikoa izango. Zalantza zegoen koronabirusa dela eta aste honetan egiterik izango zuten edo ez, baina azkenean, egoerara egokituta egingo dute. Ez du asteroko azokarekin zerikusirik izango, baina astero etortzen diren bederatzi baserritarrek jarriko dituzte postuak. Ordiziako Udalak azaldu du “asteazkeneko azokak daukan bolumenagatik, eta osasun baldintza egokiak bermatze aldera, ezinezkoa dela bere horretan mantentzea”. Horregatik, plaza barruko postuetara mugatzea erabaki dute, eta baserritarrek eta bertako produktuen ekoizleek bakarrik jarri ahal izango dute postua.

Bertako hainbat janari saltokik zabalik jarraitzen duten moduan, udalak aukera eman nahi izan die nekazariei “euren produktu galkorrak saldu” ahal izateko, beti ere, “segurtasun neurri guztiak” bermatuta. Horretarako, plazako sarbidea kontrolatu egingo dute, jende pilaketarik egon ez dadin eta segurtasun tarteak bermatu daitezen.

Gasteizko Santa Barbara plazako azoka

Azpeitian asteartetako azokari eutsiko dio udalak

“Herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko ezinbestekoa da elikagaiak erostea. Ez du logikarik supermerkatu handiak irekita izatea eta baserritarren azoka ez egiteak. Ez da asteartetako azoka osoa izango, baserritarren azoka izango da”, adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Herritarrei “zentzuz eta arduraz jokatzeko” eskatu die, bai “azokara joaterakoan eta baita erosterakoan” ere.

Martxoaren 17an azokan saltzen aritu ziren baserritarrek Gure etorkizunaz iritzi artikulua argitaratu dute Uztarrian. "Ez dira aste errazak izango, baina aurrerantzean ere, instituzioek erabakiak norabide berean hartzea espero dugu. Lerro hauen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu astero bezala gaur azokara bertaratu diren kontsumitzaileei, eta azoka egitea posible izan dadin beharrezko neurriak hartzen lagundu diguten Azpeitiko Udalari eta Urkomeri".

Argazkia: Uztarria.

Gaitzari aurre egiteko, neurri hauek ezarri ditu udalak:

Baserritarren arteko eta bezero eta baserritarren arteko tarteak mantenduko dira; eskularruak erabiliko dituzte baserritarrek eta erosketa batetik bestera eskuak desinfektatuko dituzte; eta produktuak baserritarrek bakarrik ukituko dituzte.

Azoka plazara erosketak egitera doazenak bakarka joan beharko dute, familia bakoitzeko bat; "adinekoei ez joateko gomendioa egiten zaie eta haurrekin ez joatea gomendatzen du Udalak". Erosketak egiten laguntza behar dutenei zerbitzua eskaini die.

Azpeitiko Udalaren webgunean dago informazio osoa.

 

Arrasaten ere azoka martxan, neurri bereziekin

Horrela eman du albistea Goienak. Martxoaren 17tik apirilaren 1era neurri bereziekin baina azokari eutsiko dio Arrasateko Udalak. "Hasieran ixtea zen Gobernuaren asmoa, baina oposizioak ez ixteko eskatu zuen, eta Gobernuak baldintza batzuek jarrita, onartu" Goienak azaldu duenez. Azokako atean idatzita egongo dira oharrak eta herritarrek azokara banaka joan beharko dute. 

 

Ertzaintzak garraiabideetan kontrolak zorroztuko ditu Sanjosetako 'zubi' honetan

Ertzaintzak gogorarazi du herritarrek konfinamendua ohiko bizilekuetan egin behar dutela, eta debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara joatea; beraz, kontrolak ezarriko ditu errepide eta geltokietan mugimendu-murrizketak betetzen direla bermatzea.Horretarako, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen patruilek egiaztapenak egingo dituzte, bai errepideetan, bai garraio kolektiboko geltokietan, agidutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

Ertzaintzak errepideetako edo zati batzuetako zirkulazioa etengo du eta gidariei eskatu ahal izango zaie "justifikatua, argia eta egiaztagarria" den azalpen bat joan-etorria gauzatzeko.

Autoa erabiltzeari dagokionez, erabilera indibiduala gomendatzen da, eta bigarren pertsona batek bidaiatzen duenean atzeko eskuinaldeko eserlekuan eseri behar du derrigor.

Administrazioek iragarri dituzte izurriaren krisia arintzeko premiazko neurriak

Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euroko neurriak iragarri ditu et aeta Espainiako Gobernuak 200.000 milioikoak. Araba eta Bizkaiko aldundiek Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak, Pedro Aazpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, neurri horiek guztiak ahalik eta azkarren jarriko dituzte indarrean. Neurriak lau jarduera-arlotan kokatzen dira: inbertsio zuzena, abalak erraztea, finantzaketa-lerro berriak sortzea eta enpresei laguntzeko programak birfinantzatzea.

Jaurlaritzaren ehenengo neurria "COVID-19 programa" izenekoa da, hasieran 300 milioi eurokoa izango da, baina 500 milioiraino handitu daiteke, beharrezkoa izanez gero. Kopuru hori diruzaintzako gerakinetatik eta aurrekontu-kredituen soberakinetatik hartuko dute. Bigarren neurri-sortan Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa-lerro bat irekiko dute 25 milioikoa. Hirugarren,  kapital zirkulatzailea finantzatzeko lerro berri bat sortuko du 500 milioi eurokokoa. Laugarren, finantza-baldintzak malgutzea izango da, birfinantzatzea eta egokitzea da, aurrerakin itzulgarriak, maileguak edo abalak ematea enpresei eta abar.

Araban eta Bizkaian Ogasunari egin beharreko ordainketak, bertan behera utzi dituzte.Bestalde, Arabako Foru Aldundiak Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratzea eta kobratzeak arintzea erabaki du, autonomoek, enpresa txiki eta ertainen eta, oro har, herritarrek alarma egoera honetan likidezia izan dezaten.  

Txinak txertoak gizakiengan probatzeari ekingo dio apirilean

Txinako Defentsa Ministerioak bidali duen oharra aipatzen du informazioaren iturri gisa Gara-k. Komunikatu honen arabera, Akademia Militarreko Zientzien alorrak txerto bat garatu du eta honen entsegu klinikoak onartu ditu Defentsa Ministerioak. Chen Wei epidemiologoak gidatu du ikerlari taldea. Chen andereak azaldu duenez, "txertoa nazioarteko estandarrekin eta tokiko araudiekin bateragarria da eta ekoizpena eskala handian, segurtasunez eta eraginkortasunez egiteko prestatua dago". Komunikatuak ez du zehazten noiz hasiko diren entsegu kliniko horiekin.

Beste txerto bat apirilean jarriko dute proban gizakiengan

Garak artikuluan aipatzen du Xinhua berri agentzia txinatarrak emandako informazioa: Txinako Hezkuntza ministerioak iragarri du garatu dutela bektore biraletan oinarritutako txerto bat, gaur egun animaliengan esperimentazio fasean dagoena eta apirilean egingo dituzte honen entsegu klinikoak. Ikerketa honetan parte hartzen ari dira Pekin, Tsinghua eta Xiamengo unibertsitateak.

 

Txagorritxu erietxean langileak babesteko neurri eskasia salatu dute

Osasun langileek prebentziorako dituzten neurriak eskas direla azaldu du Edurne Begiristain kazetariak Berrian, Txagorritu erietxearen egoeraz egindako erreportaje zabalean. Artikulu horretan Samantha Gonzalez SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, neurriak falta zaizkie nork bere burua ondo babesteko, eta egunero ari dira arriskuan jartzen: "Kasu batzuetan, iragazgaitzak ez diren mantalekin ari dira sartzen gaixoen geletara". Gonzalezek ohartarazi du "premiazkoa" dela Osakidetzak norbera babesteko ekipamendu gehiago bidaltzea erietxera. "Behar bada, harri azpitik atera ditzatela". Gaixoak artatzen ari diren langile guztien kezka da hori, Soletok nabarmendu duenez, eta egoeraren larritasunaz ohartarazi du hark ere: "Egoerak okerrera egingo du, eta, halako batean, ez dugu edukiko behar dugun material guztia".

Trump Alemaniako farmazeutika bat erosi nahian, txertoa AEBetarako soilik asma dezan

 

The Guardianek oihartzun eman dio Alemaniako Die Welt hedabideak argitaratutako albisteari. Guardianek egindako laburpenaren arabera, AEBetako presidenteak "diru kopuru handia" eskaini dio Alemaniako CureVac konpainia farmazeutikoari Covid-19aren aurkako txertoa sortu eta hau AEBetarako soilik izan dadin.

Alemaniako gobernua "eskaintza erasokor" honi aurre egin nahian ari omen da. Alemaniako Osasun sailburu Jens Spahn-ek adierazi du "CureVac-ek txertoa mundu osoarentzako garatuko duela, ez herrialde jakin batzuentzako soilik".

Martxoaren 3an Etxe Zurian egindako bilera

Martxoaren 3an Curevac-eko zuzendari Daniel Menichella estatubatuarrak parte hartu zuen Washingtonen bilera batean, Trump presidentea eta Mike Pence presidenteordea ere bertan zirela, eta han aztertu zuten koronabirusa gaitzari AEBetan aurre egiteko estrategia eta txertoa sortzeko proposamena. Martxoaren 11n CureVac farmazeutikak adierazi zuen Menichellak ustekabean enpresa utzi zuela eta enpresaren sortzaile Ingmar Hoerr dela geroztik zuzendari.

CureVac-en loturak Alemaniako Osasun sailarekin

Tübingen hirian du egoitza CureVac farmazeutikak eta baditu lantegiak baita ere Frankfurten eta Bostonen. Alemaniako Osasun ministerioaren menpe dagoen Paul Ehrlich institutuarekin elkarlanean ari da.

Enpleguari, etxebizitzari eta zaintzari lotutako neurriak onartu ditu Espainiako Gobernuak

Ministro Kontseiluaren ostean iragarri ditu Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak, hemendik aurrera hartuko dituzten neurri ekonomikoak. Horretarako, 200.000 milioi eurora arte bideratzea aurreikusi du.

Zaurgarritasun ekonomiko egoeran dauden pertsonei luzatu egingo zaie hipoteka ordaintzeko epea.

Koronabirusaren krisiaren ondorioz kaleratutako langileek (edo aldi baterako kontratua eten zaienek) langabezia kobratzeko aukera izango dute, nahiz eta aurretik nahikoa kotizatua ez izan. Eta krisia bukatu ostean, kontagailua zeron jarriko da: alegia, langabezia epe hori ez da kontuan hartuko etorkizunerako.

Enpresek aldi baterako kontratuak eten ahal izatea erraztu eta merketuko da (enpresek ez dute langile horien gizarte segurantza ordaindu beharko, adibidez). Presidenteak enpresariei eskatu die ez ditzatela langileak kaleratu.

Bestalde, seme-alaben, biloben eta aiton-amonen zaintza ahalbidetzeko lanaldia %100 murriztu ahal izatea bermatuko da.

Neurri ekonomikoekin batera, Sánchezek gaineratu du espazio publikoan mugitzeko aukerak are gehiago murriztuko dituztela.

 

"Ez da azokak ixteko unea, tokiko elikagaiak sustatzeko unea baizik"

Baserritarrak haserre daude, izan ere, elikagaiak erostea oinarrizko behar izendatu duten honetan, herriko azoka eta kontsumo-elkarte askoren jarduna bertan behera geratu da, baina supermerkatu eta saltoki handiek irekita jarraitzen dute. “Azokak seguruak ez badira, are gutxiago jendez gainezka dagoen supermerkatua”. Euren eskaera garbia da: azokak itxi ordez, saltzaile eta erosleen segurtasuna bermatuko duen araudia ezartzea. Irakurri albistea osorik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude