Olatu gorri, beltz, zuri eta berdeak hartu du Hego Euskal Herria

  • Hiru edo lau orduko lanuzteen arteko hautaketan ito baino, sentsazio orokortua hauxe izan da: jendetza mobilizatu da eguerdian. Itxuraz, aspaldiko gehiena. LABen esanetan, 110.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazioetan. Arratsalde eta iluntzean ere milaka pertsona irten dira kalera, Gernika-Palestinak eta Palestinarekin Elkartasunak deituta.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

2025eko urriaren 15ean - 19:00
Azken eguneraketa: 21:43
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gorputzaldi aldrebesarekin heldu da urriaren 15a, Palestinaren aldeko lanuzte eta protesta deialdien eguna Hego Euskal Herrian. Testuinguru globalak eragin du iritzi publikoan azken egunotan, izan ere, abian den (itxurazko) bake-planak batzuei pentsatzera eraman die dagoeneko amaitu dela palestinarren aurkako genozidioa, “bakea” dela nagusi, eta Gazaren berreraikuntzan (esan nahi baita, Mendebaldeko potentzien negozio kolonialean) ipini behar direla indarrak orain.

Hego Euskal Herrian ez da indarrak bateratzerik lortu. Deialdiak ugari izan dira, lanuzte partzialen ordu tarteak ezberdinak izan dira, eta ez dira bateratu, ezpada Hezkuntzan egun osoko lanuztea egin delako. Dena dela, eta han-hemen entzun bada ere berandu heldu direla Palestinaren aldeko lan arloko mobilizazioak, milaka eta milaka herritarrek kaleak hartu dituzte Hego Euskal Herrian. Olatu handiak ikusi dira goizean lau hiriburuetan.

Arratsaldean, berriz, Gernika-Palestinak deitutako burrunba deszentralizatuta egin da, udaletxez udaletxe, 19:30ean hasita; eta Palestinarekin Elkartasunak deituta, berriz, mobilizazioak lau hiriburuetan: Gasteizen 17:30ean, Iruñean eta Donostian 18:00etan, eta Bilbon 18:30ean.

Gernika-Palestinak burrunbak egin ditu udaletxez udaletxe. Israel "isolatu beharra" azpimarratu dute amaierako irakurketan, eta "urgentziazko neurriak" aplikatu behar direla nabarmendu, hala nola laguntza humanitarioa biderkatzea, presio militarra desagerraraztea, sektore zaurgarrienen zaintza lantzea eta oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraikitzea. "Babestu hitzak gakoa izan behar du", adierazi dute. 

Gernika-Palestinaren deiari erantzunez, jende-andana elkartu da esaterako Gasteizen. @XabiLarramendi

Palestinarekin Elkartasuna mugimenduaren deiari erantzunez jende andana bildu da baita ere, eta lau hiriburuetan eserialdiak egin dituzte. Poliziak esku hartu du eta istiluak gertatu dira, bereziki Donostian eta Iruñean. Hiri buruzagian, eguerdiko manifestazioan ere gomazko pilotak jaurti dituzte, salatu dutenez.

Bilbon, arratsaldean, eserialdia egin dute Jesusen Bihotzaren biribilgunean. Palestinarekin Elkartasuna
 Gedar

Israel Palestinan egiten ari den "kolonizazioaren kontrako borroka" ez dela amaitu adierazi du Palestinarekin Elkartasunak bere irakurketan. Argi kritikatu dute zenbait agintarik "irtenbidetzat" jotzen duten bi estaturen aukera: "Genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso palestinarren askapena eta errefuxiatuen itzulera bermatu behar dira. Ez dago Israelgo entitate kolonialarekin elkarbizitza posiblerik". Era berean, Palestinarekin Elkartasunak egin ohi duen moduan, palestinar erresistentziari babesa adierazi diote.

Azkenik, asteazken honetako lanuzte partzialean atarikoan iragarri moduan, nazioarte mailan greba orokorra antolatzeko premia nabarmendu du Palestinarekin Elkartasunak. "Euskal sindikatu gehienek, Palestinaren aldeko mugimenduak Euskal Herrian greba orokorra antolatzeko egindako deiari erantzun beharrean, CCOOk eta UGTk deitutako estatu mailako lanuzte partzialera batzeko deia egin dute, Ipar Euskal Herrian deialdirik egin gabe".

Lanuzteen jarraipena

Ohiko martxa produktiboa etetea ez ezik, deitzaileen helburua izan da Israelekin negozioak dituzten enpresak seinalatzea eta praktikak uzteko eskatzea, merkataritza jardun horiek Palestinako lurren okupazioa betikotzea baino ez dutelako lortzen. Asko dira estatu sionistarekin zuzenean edo zeharka, edo gehiago edo gutxiago kolaboratzen duten Hego Euskal Herriko enpresak. Aipatuenetakoa izan da CAF, Euskal Herrian duen pisu ekonomikoagatik eta Jerusalemen eta Tel Aviven eraikitzen ari den tranbia proiektuengatik.

Goizeko argazkietako bat CAFeko enpresa batzordeak utzi du: langile bat eskailera luzean igota zutoin batean Palestinako bandera zintzilikatzen, atzean enpresaren fatxada ageri dela logotipoarekin; ertzainek hainbat kide identifikatu dituzte. CAFeko langileek oro har bat egin dute deialdiekin: Zamudioko eta Beasaingo lantokietan bederen, “erabateko jarraipena” izan dute lanuzte partzialek LABen esanetan. 

CAFeko langile bat, goizean, bandera palestinarra ipintzen. LAB CAF

CAFi eta Israelgo tranbiari lotuta, orain arte askorik hitz egin ez den beste enpresa batek ere jarri du hizpidea, hain justu ere Miñaoko (Araba) parke teknologikoan dagoen AEG Powe Solutions Iberiako langileek. Enpresa horrek bateriak eta kargadoreak ekoizten ditu CAFentzat, baita Israelgo tranbiarako propio ere, eta asteazken honetan, lanuzte partzialak egin baino, greba orokorrera jo dute.

Batez ere industrian izan du indar gehiena lanuzteen deialdiak, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, gutxiago Araban eta antzera Nafarroan, Urko Apaolaza kazetariak artikulu honetan xehatu moduan. Lanuzteei emandako erantzun positiboagatik, sindikatu abertzaleek ondoko enpresa hauek izan dituzte aipagai, besteak beste: Indar, Sidenor, Cementos Lemona, Tubos Reunidos, Tubacex, Sarriopapel, Guerra Hermanos, Natra Zahor, Indaux, Nemak eta Jaso.

Lanuzteak ez ezik, elkarretaratze jendetsuak egin eta kameraz jaso dituzte hala nola enpresa handi hauetako enpresa batzordeek: CAF, Volkswagen, Mercedes, Michelin, Fagor, Irizar eta Arcelor. Baita armak egiten dituen Andoaingo Sapa enpresan ere. Izen zerrenda luzea da; asko eman ditu Berria-ko Kristina Martin kazetariak.

Dena dela, beste sektore batzuetan jarraipena ez da hainbestekoa izan, hala nola enpresa txiki eta komertzioetan, eta merkatalgune eta industriagune zenbaitetan ez zirudien greba edo lanuzte eguna zenik. Saltoki handietan normaltasuna gailendu da.

Donostian, McDonald's kateari egin diote eraso. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Israelekin kolaboratzen duten saltokien aldamenetik pasa ahala, baina, manifestariek seinalatu egin dituzte, nahiz eta Ertzaintzak, Bilbon adibidez, NYX hotela eta Starbucks zaintzapean hartu dituzte. Esaterako, McDonalds multinazionalari margo gorria jaurti diote Donostian, Lander Arbelaitzen kronikan irakur daitekeenez. Bere konpetentziako Burger King ere seinalatu dute Iruñean, eta Espainiako Polizia oldartu egin da, Gedarrek kontatu duenez. Carrefour saltokian ere, Iruñean, pegatinak jarri dizkiote logotipoari. 

Carrefourren ekintza, Iruñean. Palestinarekin Elkartasuna

Erakundeak, enpresak eta patronala

“Langile klaseak kalera atera nahi zuen, argi adierazteko ez duela genozidioaren konplize izan nahi”. Hala adierazi diote Zigor Olabarria kazetariari LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek Gasteizko manifestazioan. Aldarri horrek ezartzen du asteazkeneko mobilizazioen oinarria, eta hortik aurrera datoz detaileak. Oro har, sindikatuek hiru aldetara luzatu dituzte aldarrikapenak: erakundeetara, enpresetara eta patronalera.

Patronalari zuzendu zaio LABeko zuzendaritza. Hain zuzen ere, Confebaski. Hala irakur daiteke Maria Ortegaren Bilboko kronikan. Garbiñe Aranburuk patronalari eskatu dio enpresei presioa egiteko, Israelekiko harremanak errebisatu eta eten ditzaten. ELA gehiago ipini da gobernuei begira; horregatik batzartu dira PSEren egoitzaren aurrean Bilbon, eta PSNren atarian Iruñean. Mitxel Lakuntzak zera esan du: “Israelek eta Netanyahuk epaitegietan bukatu behar dute, eta euskal erakundeek horretan parte aktiboa izan behar dute”.

ELAren ekintza PSNren egoitzaren atarian. Israelek zuzenean eraildako palestinarrak oroitu dituzte. Xabier Letona / ARGIA CC BY SA

Asteazken honetan, erakundeen partetik ez zen erreakzio berezirik espero. Izan ere, esaterako Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak agendari eutsi diote, eta ekitaldi garrantzitsua zeukaten lurralde historikoan, Ipuscua 1000 urte, mila urte igaro direlako Gipuzkoari hala deitu zitzaionetik, ezagutza dagoenetik bederen. Urteurrena urte osoan betetzen bada ere, asteazken honetan egin dute ekitaldia. Dena dela, aipatzekoa da Maria Chivite Nafarroako lehendakariaren eta bere gobernuaren jarrera Palestinaren harira mobilizatzen den jendearekiko –Palestinarekin Elkartasunak deituriko urriaren 4ko manifestazioan egon zen Chivite–. Asteazken honetan, ohiko gobernu bileraren ondoren, Begoña Alfaro lehendakariordeak “gobernuaren poza” agertu du “Nafarroako herritarrek Gazan gertatzen ari den krimenari emandako erantzunagatik”. Bitxia, zerbait esateagatik. Xabier Letonak Iruñeko kronikan jaso du.

Hezkuntzan, eragin handia

Haurreskoletatik hasi eta unibertsitateraino, langile guztiak barne, Hezkuntzak egun osoko greba zuen Hego Euskal Herrian, eta, arlo guztien artean, gehien inplikatutakoa izan da. Bazen ezberdintasunik: egun osokoa zen deialdia, eta ez ordu batzuetakoa. Horren zergatia, “antolakuntza eta kudeaketa”. Izan ere, sindikatuen esanetan, haur eta gazteak tartean izanik, ordu batzuetako lanuztea baino aproposagoa zen egun osoko greba, bai ikasleei begira, baita irakasleei eta familiei begira ere.

Sindikatuen deialdiak ez dira bateratu, baina. LAB eta STEILAS alde batetik joan dira, eta ELA bestetik. Mikel Garcia kazetariak jaso ditu STEILASen eta ELAren iritziak. Lehenak esan du “ahalegin guztiak” egin dituztela denak elkarrekin joateko, baina ELAk desmarkatzea erabaki duela; ELAren iritziz, ordea, manifestazioetan gobernuei egin behar zitzaien presio, eta horretarako, CCOO eta UGT sindikatuengandik bereizi behar zen. Emandako datuen arabera, grebaren jarraipena %60koa izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sare publikoan, %80koa ikastoletan, eta %85ekoa Haurreskolen Kontsortzioan.

Ikama ikasle antolakundearen manifestazioa, Donostian. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Sindikatuak bezalaxe, ikasleria ere zatituta joan da, espero bezala. Jendetza mobilizatu da, dena dela. Ikama antolakunde independentista, hau da, ezker abertzalearen adarrekoa, LABen deialdiekin batera joan da; eta aldiz, Mugimendu Sozialistaren parte diren Ikasle Abertzaleek, beraien manifestazio propioak egin dituzte eguerdian, hiriburuetan, eta arratsaldean Palestinarekin Elkartasuna mugimenduak deitutako mobilizazioetara batu dira.

Israelgo Estatuaren bandera erre dute Ikasle Abertzaleek Iruñean. Manex Moreno / ARGIA CC BY SA

EHUko hiru campusetan grebak jarraipen zabala izan du, eta Joxerramon Bengoetxea errektorearen taldea izan da notizia baikortasunez eman duena: “Beste behin ere argi geratu da EHUko komunitatearen elkartasuna Palestinako herriarekin eta bakebideekin”. Dena dela, istiluak izan dira hiru campusetan, batez ere Leioakoan, manifestariek errepidea moztu, fakultateetarako sarbideak itxi eta zaborrontziak erre baitituzte, eta horiek gaitzetsi egin ditu errektoretzak.

Nafarroan, duela gutxi sorturiko Irakasleak Palestinarekin taldeak eman du zeresana. “Ekimen informatiboa” egin dute goizean goizik Hezkuntza Departamentuaren aurrean, Nafarroako Gobernuari eskatzeko HP eta Google enpresei erosten zaizkien produktu guztiak eten ditzala, enpresa horiek Israeli prestatzen dizkietelako baliabide teknologikoak genozidioa aurrera eramateko.

 Irakasleok Palestinarekin

Sektore publikoan, “gutxieneko zerbitzu gehiegi”

“Beste behin ere sektore publikoko zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan dira eta horrek grebarako eskubideak urratu du”. Adierazpen horiek egin ditu Nafarroako ELAko koordinatzaile Imanol Pascualek, eta gisa bereko salaketak entzun dira Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Jai egunetako moduko lantaldeak ezarri dira osasun etxe arruntetan, eta normaltasun erabatekoa tratamendu berezietan, hala nola onkologikoan, eta larrialdi zerbitzuetan ere bai.

Osasunbideako langileen elkarretaratzea. Ekinklik

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
2025-10-15 | ARGIA
Elkartasuna eta boikotaren beharra zabaldu dute hiriburuetan dozenaka mila lagunek

Urriaren 15ean Palestinaren aldeko eguna da Hego Euskal Herrian, eta hainbat sindikatuk eta mugimendu herritarrek mobilizazioak, lanuzteak eta grebak deitu dituzte. ARGIAk bat egin du Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin. Hemen aurkituko dituzue egunaren jarraipena eta... [+]


Kronika
Iruñerrian Palestinarekiko borroka eguna oso arrakastatsua izan da

Goizean hasi diren lanuzteak oso esanguratsuak izan dira irakaskuntzan eta lan munduan oro har, baina oraindik ez dago lanuztearen datu zehatzik. Edozein modutan, Iruñeko erdialdean goizaldean argi ikusten zen ez ohiko eguna zela eta eguerdiko manifestazioak baietsi du... [+]


Iruñeko manifestazioa iruditan

Antolatzaileek diotenez 15.000 pertsona bildu dira Iruñean, eguerdiko manifestazioan. 


Kronika
Donostian ere Palestinaren aldeko egun handia

Gutxitan hartzen duen itxura izan du asteazken goiz-eguerdi honetan Donostiako Boulevardak. 20.000 lagun baino gehiagok egin dute bat urriaren 15erako eragile ugarik antolatutako deialdiekin. Denek, ñabardurak izan arren, batera adierazi diote elkartasuna Palestinari... [+]


Kronika
Bilbo, "elkartasun intenazionalistaren" agerleku

Palestinaren askapena eta Israeli boikot egitea babestu dituzte, eta patronalari eta erakundeei horretan eragiteko deia zabaldu diete.


Kronika
Gasteizen patronalari eta instituzioei Israelekin harremanak eteteko exijitu diete milaka lagunek

Milaka eta milaka pertsonak parte hartu dute Palestinaren aldeko Gasteizko manifestazio nagusian. Sindikatu deitzaileak oso pozik agertu dira manifestazioak, lanuzteek eta grebak Araban izan duten jarraipenarekin. Nazioarteko zein Euskal Herriko patronalari eta instituzioei... [+]


Lanuztea "erabatekoa" izan da industriako enpresa garrantzitsuenetan, txikiagoa beste sektoreetan

Sindikatuek egindako lehen balorazioaren arabera, industriako enpresa handi askotako langileek bat egin dute lanuztearekin, zenbait kasutan jarraipena "erabatekoa" izan da gainera. Aldiz, beste sektoreetan, komertzioan eta enpresa txikietan kasu, eragina ez da... [+]


Grebaren jarraipen zabala ikastetxeetan: "Hezkuntza komunitatea interpelatuta sentitzen gara"

Hezkuntzak egun osoko greba bizi du Hego Euskal Herrian eta jarraipen zabala izaten ari dela adierazi diote ARGIAri langileen eta ikasleen ordezkariek. Jarraipenaren datuak, elkarretaratzeak, zabaldu dituzten mezuak eta deialdi berezituaren arrazoiak jaso ditugu. “Beste... [+]


2025-10-15 | Jon Torner Zabala
Italia-Israel partidaren atariko liskarretan, Palestinaren aldeko hogei manifestari atxilotu ditu Poliziak

Italiako Poliziak hogei bat lagun atxilotu ditu astearte iluntzean Udine hirian, Italiako selekzioak Israelen aurka jokatu duen futbol partidaren atarian, palestinar herriaren aldeko manifestazioa amaitu osteko liskarretan.


2025-10-14 | ARGIA
ARGIAk bat egiten du Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin

Palestinako herriarekin elkartasunez, ARGIAko lantaldeak aho batez erabaki du bat egitea urriaren 15erako Hego Euskal Herrian deitutako lanuzte eta greba deialdiekin. Hedabide honetako kazetariek greba aktiboa egingo dute eta Palestinarekin loturiko informazioei jarraipen... [+]


2025-10-14 | ARGIA
Palestinaren aldeko eguna Hego Euskal Herrian

Urriaren 15erako deialdi ugari egin dituzte Hego Euskal Herrian.


2025-10-14 | ARGIA
Palestinar erresistentziari elkartasunez, egitarau zabala prestatu dute azaroaren 15erako Makean

Aurten bigarrenez, Iparraldea Palestinarekin sareak "palestinarrak haien erresistentzian sustengatzeko eta Israel zein bere konplizeen kontra borrokatzera deitzeko eguna" antolatu du azaroaren 15ean Makean (Lapurdi). Halaber, dei egin dute azaroaren 8an Israelekin... [+]


2025-10-10 | Irutxuloko Hitza
EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman ditu EHU-Palestinak

EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.


Eguneraketa berriak daude