Ertzaintzak pilotakada batez masailezurra hautsi zion Aritz Ibarra ilustratzaileari Gasteizen

  • Igandean Falangeak Gasteizen antolatu zuen elkarretaratzean, aurre egin zioten gazteen aurka oldartu zen Ertzaintza. Irudietan ikus daitekeenez, ertzain batek Ibarrari tiro egin zion metro gutxira. Ondorioz, masailezurra apurtu diote, ahosabaia erori zaio, hortz bat galdu du eta beste bi galtzeko bidean da. ARGIAk jakin duenez, gazteak dagoeneko salaketa jarri du epaitegian.


2025eko urriaren 16an - 11:56
Azken eguneraketa: 19:02
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hispanitatearen eguna deiturikoan, Falangeak igandean Gasteizen egin zuen elkarretaratzearen harira izandako istiluetan, Ertzaintzak Aritz Ibarra ilustratzaile gasteiztarrari sarraskia eragin zion ahoan. Ibarrak sare sozialetan zabaldu dituen irudietan, antzeman liteke Ertzaintza gazte antifaxisten kontra oldartu zenean, agente batek metro gutxira aurpegira tiro egin ziola. Ahoan eragin dizkioten kalteen irudiak ere zabaldu ditu.

Pilotakadaren ondorioz, hortz bat galtzeaz gain, masailezurra hautsi diote ebakortzen gainetik. Hortz horiek lekualdatzea eta ahosabaia erortzea ere eragin dio pilotakadak. 

Ibarrak ARGIAri jakinarazi dionez, asteazkenean, sare sozialetan egoeraren berri eman aurretik salaketa jarri zuen epaitegian. Orain, azaldu duenez fiskaltzaren esku geratuko da kasua, eta bitartean, mediku eta abokatuekin bilerak aurreikusi ditu. 

Gertakarien ostean ospitalera joan zen Ibarra, artatu zezaten. Arratsaldean josi zizkioten ebakiak eta 24 ordura, hurrengo egunean, egin zioten ebakuntza. Ordura arte ahoa txikituta izan zuen eta sentsazioa “deskribaezina” zela aipatu du. Litekeena da pilotakadak lekualdatu zizkion ebakortzak ez osatzea; errekuperazioa “luzerako” doala azaldu dio hedabide honi.

Sare sozialetan elkartasun mezu ugari jaso ditu gazteak, baina azaldu duenez, oraindik ez da erakunderik berekin harremanetan jarri. 

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean prentsaurrean egindako agerraldi batean esan du ez dutela inongo salaketaren berririk. Ertzaintzak, bestalde, ohar bidez jakinarazi du "barne ikerketa" bat zabalduko duela.

Segurtasun sailak, igandeko gertakariez zabaldu zuen bertsioan, zauritutako eta kolpatutako ertzainak aipatu zituen soilik. Ricardo Ituarte sailburuordeak Falangearen elkarretaratzeari aurre egin zioten gazteak “euskal faxistak" zirela esan zuen

Ibarra "harro" agertu da elkarretaratzeari aurre egiteagatik. Bere hitzetan, “probokazio hutsa izan zen, iraingarria”. Gaineratu du arduradun politiko eta instituzionalen “arduragabekeria” salatzera atera zirela kalera, Falangearen elkarretaratzea baimentzeaz gain, Ertzaintzak “babestu” zuelako: “Nola da posible ertzainek eskoltatuta manifestatzea? Eta gainera Ertzaintza gure kontra oldartu izana?”. Zentzu horretan, gazteak uste osoa du ertzainek “amorruz eta mendekuz” jo zutela.


Eguneraketa berriak daude