Grebaren jarraipen zabala ikastetxeetan: “Hezkuntza komunitatea interpelatuta sentitzen gara”

  • Hezkuntzak egun osoko greba bizi du Hego Euskal Herrian eta jarraipen zabala izaten ari dela adierazi diote ARGIAri langileen eta ikasleen ordezkariek. Jarraipenaren datuak, elkarretaratzeak, zabaldu dituzten mezuak eta deialdi berezituaren arrazoiak jaso ditugu. “Beste arloetan deituriko lanuzteak indartu egiten ditu hezkuntzako egun osoko grebak”. [Albistearen bukaeran, irudi sorta]


2025eko urriaren 15ean - 11:53
Azken eguneraketa: 2025-10-16 06:15
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Sindikatu eta ikasleen ordezkariek oso positibo baloratu dute hezkuntzan deituriko egun osoko grebaren jarraipena, haurreskoletatik hasi eta unibertsitateraino. Adibiderako, gutxieneko zerbitzuekin ari ez diren ikastetxeen zerrenda zabala: beste askoren artean, Bilboko Mugika eskola, Ibarrekolanda, Eskurtze, Deustuko ikastola eta Gallego Gorria, Donostiako Bidebietako haurreskola, Mutrikuko Goizeko izarra, Eibarreko Mogel ikastola, Ordiziako Urdaneta, Beasaingo La Salle, eta Gasteizko Arantzabela, Salburua, Mariturri eta Gurutzmendi. Sukalde eta garbiketako langileek ere greba modu zabalean egiten ari direla adierazi du ELAk: “Ia erabatekoa izaten ari da, esaterako, Lezoko eta Hondarribiko eskoletan, eta Gasteizko Federico Baraibarreko garbitzaileek ere jarraipen zabala egin dute”.

Zergatik egun osoa hezkuntzan?

Hezkuntzan grebak egun osokoak izan ohi direla azaldu digute sindikatuek, eta horretarako arrazoi nagusietakoa antolakuntza eta kudeaketa direla, haur eta gazteak tartean izanik ordu batzuetako lanuztea baino aproposagoa baita egun osoko greba, bai ikasleei begira, baita irakasleei eta familiei begira ere. “Gainera, beste arloetan deituriko lanuzteak ahuldu ordez, horiek indartu egiten dituela uste dugu”, dio Haizea Arbide STEILASeko bozeramaileak. “Eta mobilizazioetan parte hartzeko erraztasunak ematen ditu”, gehitu du ELAko Miren Zubizarretak.

Beste arrazoi bat ere aipatu digute: inplikazioa. “Hezkuntzan egun osoko lanuzterako indarra badagoela ikusi dugu –Arbideren hitzetan–. Ez alferrik, denbora luzea daraman genozidioarekiko kezka eta elkartasuna aspalditik adieraziak ditu hezkuntza komunitateak, astero elkarretaratzeak egiten dituzten ikastetxeak daude, ikasleekin gaia lantzeko ezohiko asanbladak egin dituztenak, inplikazio oso altua erakusten duten irakasleak... Hezkuntzan lan egiten dugun heinean, aukera dugu halako eskubide urraketen aurrean ahotsa altxatzeko, eta aprobetxatu behar dugu, hezkuntzan gabiltzanok ardura dugulako munduan gertatzen ari den horren aurrean beste alde batera ez begiratzeko; ospitaleak eta ikastetxeak suntsitzen ari dira, haur eta gazteen bizitza duinerako eskubidea urratzen ari dira, eta ezin dugu konplize izan”.

Honela azaldu du Zubizarretak: “Euskal Herriak badu palestinar herriaren egoerarekiko sentsibilitate berezia, biek ere nazio zapalkuntza jasaten dugun heinean, eta hezkuntzara etorrita, Israel hiltzen ari den asko haurrak eta nerabeak dira, eta horrek bereziki eragiten eta mugiarazten du hezkuntza komunitatea, interpelatuta sentitzen gara”.

"Astero elkarretaratzeak egiten dituzten ikastetxeak daude, ikasleekin ezohiko asanbladak egin dituztenak, inplikazio oso altua erakusten duten irakasleak..."

Sindikatuak, bananduta

Hezkuntzako greba deialdia bananduta egin dute sindikatuek: LAB eta STEILAS batetik, ELA bestetik. STEILASeko Haizea Arbideri galdetuta, esan digu azalpenak ematekotan ELAk eman behar dituela: “Guk ahalegin guztiak egin ditugu gehiengoa bat eginik joateko. Are gehiago, eguerdiko manifestazioak sindikatuetako siglarik gabe egingo ditugu, Palestinaren aldeko banderak eta ikurrak izango dira protagonista, eta edonor dago mobilizazioetara gonbidatuta”.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak bestelako kontakizuna du: sindikatuak Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin batera egin du deialdi orokorra, eta desmarkatu nahi izan dute lanuzteetarako STEILAS eta LABekin batera deialdia egin duten CCOO eta UGT gisako sindikatuetatik (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU dira lanuzteak batera antolatu dituztenak). “Enpresei eta gobernuei anbiguotasunik gabeko eskaerak, aldarrikapenak eta interpelazioak adostu ditugu Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin, ziurrenik Espainian CCOO eta UGTk ez bezala. Hezkuntzaren kasuan, gustatuko litzaiguke irakurketa bateratua egitea STEILAS eta LAB sindikatuekin, baina sare sozialen bidez izan genuen haien deialdiaren berri”.

Ikasle Abertzaleek, manifestazio propioak

Ikasle mugimendua ere aktibo dago urriaren 15 honetan, eta goizean goizetik ikasleek piketeak eta bestelako ekintzak egin dituztela adierazi dio ARGIAri IAko kide Beñat Astizek. Ikasleen mobilizazio propioa antolatu dute eguerdian, hiriburuetan, eta azken mobilizazioetako diskurtsoa mantentzen dutela azaldu digu: palestinar erresistentziari elkartasuna adierazteak eta “Israelgo estatu sionista suntsitzeak” baino ez dutela ekarriko soluzioa. “Trumpen planak su-etena ekarri du eta lehen kolpean begi onez ikusten dugu, baina garbi dugu genozidioan eta kolonizazioan sakontzera datorren plana dela, ez soluzioa”.

Ikamak mobilizatzen jarraitzera deitu du

Ikasle mugimenduko beste eragile nagusiak, Ikamak, bat egin du sindikatuek deituriko mobilizazioekin, eta goizean goizetik aritu dira piketeak, errepide mozketak eta klase-pasa zaratatsuak egiten. “Ohikoan baino askoz ikasle gutxiago ikusten ari gara ikastetxe eta campusetan, ikasle gehienak mobilizazioetara batu dira”, kontatu digu Ikamako Aimar Loitik. “Azken urte eta batez ere hilabeteetan egiten ari garen mobilizazioak nabarmendu eta mobilizazioekin jarraitzea ezinbestekoa dela argi utzi nahi dugu, gaizki deituriko bake-akordioa, bake iraunkorra bermatzen ez duena, ez baita soluzioa, eta Israelgo Estatuarekin harreman oro etetea eta Israel isolatzea delako Palestinako Estatu soberanoa lortzeko bidea”. Hezkuntza duinik ez duten Palestinako haur eta gazteak izan ditu gogoan Loitik.

"Ohikoan baino askoz ikasle gutxiago ikusten ari gara ikastetxe eta campusetan, ikasle gehienak mobilizazioetara batu dira"

EHU: “Kontenedoreak erretzea ez da elkartasuna”

EHUko hiru campusetan ere, grebak jarraipen handia izan duela azpimarratu du unibertsitate publikoko errektoretzak: “Beste behin ere, argi geratu da EHUko komunitatearen elkartasuna Palestinako herriarekin eta bakebideekin”. Goizean Leioa, Gasteiz eta Donostiako campusetan izan diren istiluak ere salatu nahi izan ditu: “Ez dute bat egiten gure unibertsitateak babesten dituen bide baketsuekin. Unibertsitatean ke poteak, bengalak, kontenedoreak erretzea, sarrailak itsutzea, altzariak botatzea ez da inolaz ere elkartasuna adierazteko modu egokia”. Ohartarazi dute berehala jarriko direla harremanetan “EHUren oinarri etikoak errespetatu ez dituztenekin”.

Irakasleak Palestinarekin taldeak eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari

Nafarroako 700 irakaslek baino gehiagok sortu berri duten Irakasleok Palestinarekin taldeak ekimen informatiboa egin du goizean goiz Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean: Nafarroako Gobernuak HP eta Google enpresei egiten dizkien erosketa guztiak eteteko eskatu dute, enpresa horiek "Israeli prestatzen baitizkiote behar dituen baliabide teknologikoak genozidioa aurrera eramateko". Bertan bildutako irakasleek “HP eta Google genozidak, Nafarroako Gobernua, konplizea” lelodun pankarta zabaldu dute eta inguruko pertsonei esku-orriak banatu dizkiete.

Amaiur ikastola

Zizur BHI
 Irakasleak Palestinarekin taldea
 Ikasle Abertzaleak
 Ikama
 Ikama
 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak

Ondorengo argazkietan, Ikamak deituriko ikasleen zutabea, manifestazio orokorrarekin bat egitera bidean:

 Ikama
 Ikama
 Ikama

Gainerako eragileetatik aparte, propio hezkuntzari zuzendutako mobilizazio bakarrak Ikasle Abertzaleek deiturikoak dira. Hona manifestazio horietako hainbat argazki:

 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak
 Ikasle Abertzaleak
Ikasle Abertzaleak
Ikasle Abertzaleak

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude