Martxoan eman zuen Leire Ugadik (Urduña, 1996) Simulakro bat (Elkar). Gizarteko botere-harreman eta zapalkuntzek eremu intimoan duten eraginaren gaineko analisia egiten du poesia-liburuak, baliabide poetikoak ideia sendoak adierazteko erabilita. Egun bizileku duen Bilboko San Frantzisko auzoan elkartu gara berarekin.
Hainbat urte daramatzazu poesiaren plazan, baina ez, agian, modu konbentzionalenean: Instagramen partekatzen dituzu poemak, errezitaldietan ere hartu izan duzu parte… Nolatan etorri da aldaketa?
Egunero idazten dut, idatzi eta Instagramen zuzenean argitaratu, buelta handirik eman gabe. Tarte bat egin nuen horrela, liburu formatuan sartu gabe, banekielako askoz ere lan handiagoa eskatuko zuela. Ez nekien, ezta ere, gaitasuna nuenik. Baina gero, izan nuen uda bat non libreago nengoen, eta baneukan hor artxibo bat. Beraz, jolasten hasi nintzen: honek koadratzen du hemen, honek horrela... Puzzle baten moduan.
Eta, bilduma formatuan antolatzeaz gain, paperean argitaratzea erabaki duzu.
Beti idatzi izan dut gauzak aldatzeko asmo batekin. Horregatik, uste dut nire poesiak zentzua galtzen duela nire mesanotxean gordeta geratuz gero. Badago barrenak husteko idazten duenik, baina ez da nire kasua; ni berdin geratzen naiz, eta ez diot funtzio hori egozten. Nire eskuetan, poesiak duen funtzio eraldatzailea izatea nahi nuke, eta, beraz, zentzu handiagoa zeukan jendeari hel dakion argitaratzeak niretzat gordetzeak baino.
Hala ere, poesia, gauzak modu guztiz esplizituan esan beharrean, iradokitzeko baliatu ohi da.
Gustatzen zait iradokitzea, aukera ematen duelako esateko duzuna bestela entzungo ez lukeen jende batengana heltzeko. Hasieratik adierazten baduzu zein den zure talaia, hori partekatzen edo, behintzat, interesatzen zaienak entzungo dizute, batez ere. Horretarako ere pasatu naiz ahozkotik eta sareetatik paperera, hala, jendearen etxeetan eta sukaldeetan sartzeko.
Eszenatokia atalak testuinguru edo errealitate baten deskribapena egiten du. Zer da errealitate hori?
“Basakeria subliminala” esaten dut askotan [barreak]. Ez da ageriko guda bat, baina gure artean badaude labankadak, agerikoa den zapalkuntza egiturazkoaz gain. Barneratu dugu bizitzaren gaineko irudi bat non, gozamenerako momentuak badauden arren, astelehenetik barikura zure egunerokoa den lanera joatea, gero nekatuta egotea lanagatik eta, beharbada, lagunen batekin egotea tartean, baina besterik ez. Dena da zapalkuntza konstante bat, eta horrek jendearen aurpegietan bertan nabari daitekeen tristura eragiten du. Orduan, nik zerbait aldatu nahi badut, hori da: jendea libre ikusi ahal izatea.
Eta zelan eragiten du sistemak gure harremanetan?
Sistemak eraiki duenez eszenatokia, bertan ematen diren harremanak ere haren logikari men eginez konfiguratuko dira. Basakeria-egoera batean ematen diren harremanek giro ez-osasuntsua sortuko dute. Eta, aldi berean, giroak eramango gaitu dinamika berberetan jaustera; beraz, etengabe biraka eta bere burua elikatzen ari den gurpila da.
Testuinguru horretan, egiturazkoa den sistema hauts dezakezu, baina uste dut zirkulua eteteko moduetako bat ere badela harreman-dinamika horiek aldaraztea. Bi planoetan eragin dezakegu.
Gerra-terminologia darabilzu harreman interpertsonalez aritzeko.
Hizkuntza hau darabilt bortitzagoa edo irmoagoa izateko, baina baita ere ulertarazteko badagoela lehia konstante bat. Nik ez badut zapaltzen, zapaldu egingo naute... Eta harremanetan, berdin: ni onik irteteko, bestea mindu behar badut, hori izango dut bizirik irteteko modua. Superbibentzia-logika bati jarraika mugitzera bultzatzen gaitu giroak: denona bilatu beharrean, gehiengoak norberarena bakarrik defendatzen du. Uste dut horrek beldurrean duela jatorria, bizitzako beste arlo guztietan, lanean batez ere, ordezkagarriak baikara, eta harremanen mundura ere logika berbera eraman dugu. Denari atera nahi diogu etekina, “aportatu” egin behar du, eta bidean ahazten zaigu gozamena.
Joera dugu besteei egozteko “toxizitatea”, baina hemen horri buelta eman diozu: subjektu poetikoa bera da askotan besteei min egiten diena.
Honi erantzuteko garrantzitsua da nire idazketa-prozesua ulertzea. Oso eskematikoa naiz: nik egiten dudana da egoera bat hartu, eta, hori azaltzeko, tartean dagoen pertsonaiaren baten tokia hartu. Erasotzailea izan naiteke, erasotua, hau edo hori sentitzen ari dena... Batzuetan, baita narratzailea ere. Eta, eragilearen azalean sartzen naizenean, uste dut heltzen naizela ulermen-puntu batera zeinetara ez nintzatekeen helduko bestela.
Poemak ez dira autobiografikoak, beraz, elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko interesatzen zaidan tokian kokatzen dut neure burua. Hala, aukera daukat neure buruari galdetzeko, besteei kalte egiten dieten pertsonen kasuan: “Nondik etorri dira jokabide hauek?”. Ez defendatzeko, baizik eta ikuspegi biribilagoa jasotzeko. Are, badaude liburuan poema batzuk egoera berdinari egiten diotenak erreferentzia, baina ikuspegi desberdinetatik.
Era berean, analisi horrekin nire asmoa ez da inor konkretuki egurtzea, baizik eta sortu dugun giroa, eszenatokia, aztertzea. Gure jarrera pertsonalak landuz hura eraldatzea da lortu behar duguna, hala egituran eragiteko; ez dut foku bidimentsional hori galdu nahi.
Gaur egungo dinamika basa atzean utzita, bada, zertan oinarritu beharko genituzke gure harremanak?
Errespetuan. Pertsona bat mundura etorri den heinean, izaki bat da eta eskubide osoa du bizitzeko eta bizitzaz gozatzeko. Horrekin bateraezina da pertsona batek beste batek baino gehiago balio izatea, elkar zapaltzea edo, askotan gertatzen den bezala, norbere interesei baino ez begiratzea, horrek ingurukoei zelan eragiten dien begiratu barik. Uste dut denok baldin badaukagu errespetuan oinarritutako ikuspegi berbera, lor daitekeela oreka bat.
"Superbibentzia-logika bati jarraika mugitzera bultzatzen gaitu giroak: denona bilatu beharrean, gehiengoak norberarena bakarrik defendatzen du"
Maitasuna ideia edo irakurketa politikoetatik at ulertzera garamatza sistemak. Zuk, ordea, kontrakoa proposatzen duzu.
Uste dut erabat politikoa dela. Politikoaz pentsatzen dugunean analisi estrukturaletara joaten zaigu burua, eta hori beti daukat gogoan, baina kasu honetan zentratu nahi izan dut hain esplizituki politikoak ez diren gauzetan. Uste dut ez dagoela teoria osorik hori ondo azaltzen duenik. Postmodernismoan korronte pila bat garatu dira; adibidez, ni oso Foucaultzalea naiz. Eta jendeari kostatzen zaio horrek analisi marxistarekin izan dezakeen bateragarritasuna ulertzea. Nire ustez marxismoak egitura azaltzen du, baina Foucaultek botere-harremanen gainean egin zuen analisia sekulakoa da, eta ematen dituen argibideak ez dira bestearekiko kontrajarriak. Egituraren baitan gertatzen dena modu zehatzagoan azaltzen du.
Lehenengo eta azkenengo ataletan, berriz, talde sozial jakinen esplotazioaz hitz egiten da. Zelan lotzen dira bi gudu-zelai horiek?
Liburuan, alderdi bat deskriptiboagoa da, eta besteak ekintza zehatzagoetan jartzen du fokua. Inbutu forman: irakurketa orokorrean hasi, gero zehaztasunetan sartu, eta amaitzen du nolabaiteko iradokizun edo proposamen orokorrekin.
Lehenengo atalean, badago simulakro bat. Bigarrenean, horretarako argibide batzuk ematen dira: hau gertatzen bada, jokatu honela. Gero, badago distrakzio bat; dena bueltatzen da normaltasunera. Eta bat-batean alarmak jotzen du, eta arrisku-egoerara bueltatzen gara. Azken atalak, berriz, Forja-k, aurretik ikusitakoaren aurrean ekiteko iradokizunak ematen ditu. Distrakzioek agerian uzten dute, hain zuzen, irakurketa hori egin arren, nola maiz badirudien bat-batean, maitemintzen garenean, justifikatuta dagoela errealitateari itzuri egitea. Testuinguru horretan egiten duguna ere bada bizitza, ordea; gizartean egoten jarraitzen dugu. Horregatik dago atal hori liburuaren erdian: adierazteko gal dezakegula noranzkoa momentu baten, baina ostean datorrena berriz izango dela simulakro-egoera.
Uste dut erantzukizuna ez dela inoiz amaitzen: ez militantzian, ez harremanetan. Bizitza bera bada proiektu bat, eta saiatu behar genuke hari ere zerbait osasuntsua sortzeko helburua ematen, biak bateragarriak izan daitezen.
Forja izeneko ataleko poema batzuetan ekintza kolektiborako deia dago; beste batzuetan, bizitzarekin amaitzeko tentazioa.
Oreka bat sortzea zen asmoa. Gura dut jendea bultzatu borrokara eta gauzak aldatzen saiatzera, baina ez nuen gura hori guztiz kolpean eman; neurri bateraino, enpatia adierazi gura nuen jendeak basakeria honen aurrean senti dezakeen etsipenarekiko. Gainera, ekintzailetzan ere badaude momentu baxuak, eta maila kulturalean ere, poesia kokatzen dudan mailan, badago zer borrokatu.
Horrekin lotuta, zure ustez, zer toki izan behar luke poesiak mugimendu politikoan, edo mugimendu politikoak poesian?
Gauzak azaltzeko beste formatu bat da. Kartelak, hitzaldiak, mahai-inguruak... dauzkagun moduan, poesia ere beste elementu bat da. Ez dakit oso objektiboa den, orduan, agian ez da eraginkorrena, baina uste dut ideiak indartzeko, babesteko edo beste nolabait adierazteko bidea dela. Nik ez nuke mitin politiko bat emango, baina hemen eroso nago. Eta konektatzeko beste bide bat ematen die bai sortzaileari eta bai hartzaileari. Nire kasuan, nire diskurtsoa adierazteko bide argi eta koherenteena da.
Hizkuntzan nabari da hiztegi-lan handia egin duzula eta adierazkortasuna bilatzeko moduak esploratu dituzula. Zer ariketa dago horren atzean?
Garrantzi handia ematen diet hitzei. Ez da gauza bera zerbait hitz batzuekin edo beste batzuekin esatea. Esaterako, egunerokoan, ez dut inoiz esaten “goiz produktiboa” izan dudanik, “goiz emankorra” baizik. Izan ere, produktiboa produktuarekin eta logika kapitalistarekin lotuta dago, eta horri kontra egin nahi diot. Berba egiterakoan ere neure burua zuzentzen dut esandakorako hitz egokiago bat bururatzen bazait. Orduan, badaukat hizkuntzarekiko seta hori, eta hori nire euskalduntzearekin elkartu da. Betidanik hitz egin banu euskaraz, agian nik aukeratu gabeko hiztegi propio eta itxi bat edukiko nuke, eta zaila izango litzaidake hortik ateratzea. Baina, nire ama hizkuntza gaztelania denez, euskalduntzeak eman zidan aukera nire hiztegi propioa zerotik eraikitzeko, eta kontzientzia batekin, gainera.
Hitzak asmatzen ditut batzuetan, eta hotsei ere asko erreparatzen diet. Horregatik, aliterazioa da gehien erabiltzen dudan baliabideetako bat; hitzen arteko harmonia bat bilatzen dut. Eta erronka egiten diot neure buruari: lerro batzuk dauzkadanean eta ohartzen naizenean hots batzuk errepikatzen direla, saiatuko naiz poema amaieraraino eusten horri, eskema horretatik ez ateratzen. Zentzu horretan, idaztea ideiak adierazteko modua da, baina baita jolasa ere, eta asko gozatzen dut. Ideiak aurretik landuak ditut, eta idazteko unea bera Legoak eraikitzea modukoa da.
"Gure jarrera pertsonalak landu eta inguratzen gaituen giroa eraldatu behar dugu, egituran eragiteko"
Eta, apur bat atzera bueltatuta, zerk eraman zintuen halako modu kontzientean euskalduntzera?
Nire politizazioaren ondorioa izan zen. Hezi ninduen giroak eraman ninduen gertakari jakin batzuk egiturazko problematiketan kokatzera, eta, hori kontuan izanda, giro hori aldatzen saiatzeko erabakia hartu nuen. Bide horretan, ezohiko tresna batzuk egin nituen nire, eta horietako bat izan zen hizkuntza. Garai hartan eta nire inguruan, euskarak bere horretan bazeukan karga jakin bat. Eskematik kanpokoa zen, alternatiboa edo subertsiboa nolabait, eta iruditu zitzaidan garatu gura nuen prozesu deseraikitzaile eta hauslea indartuko zuela. Beti gustatu izan zaizkit bere ahoskera eta ezaugarriak, eta erabaki nuen hartu eta nire eraikuntza politikorako prozesuan elementu garrantzitsu bilakatzea. Gaztelania ez dut alde batera utzi, nire ama hizkuntza delako eta hark eskaintzen dituen aukera zenbait ere interesatzen zaizkidalako. Baina, nire kasuan, euskarak ematen dit kutsu politikoa eta, aldi berean, ukitu intimoa.
Amaitzen joateko, Gabriel Arestiri eta Joseba Sarrionandiari keinuak agerikoak dira testuan. Zeintzuk dira zure erreferente nagusiak?
Erreferenteak hainbat ditut, ez nuke bakarra izendatzen jakingo. Aresti gustatzen zait edukiagatik, baita hitzekin zuzena izateko duen gaitasunagatik ere. Horrez gain, Sarrionandiaren Gartzelako Poemak (Susa, 1992) eta Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan (Susa, 2010) izan ziren irakurri nituen lehenengo poesia-liburuak, eta zerbait topatu nuen hor. Bizipen aldetik oso urrun zeuden nigandik, baina gustatu zitzaidan zelan adierazten zituzten ideiak, eta zelan ziren gai haien egoera iradokitzeko eta, aldi berean, nire esperientzia haienean islatua ikus nezan aukera emateko. Magia egiten zutela iruditu zitzaidan.
Horrez gain, Alejandra Pizarnik da nire autore gustukoena. Haren kasuan, ez dauka diskurtso politiko argirik, baina bere poemek eramaten naute norabait, eta, nahiz eta hark talaia horren irakurketa politikorik egin ez, nik neuk egin dezaket.
Edonola ere, erreferente literarioek baino, gehiago inspiratzen naute iritzi-artikuluek, albisteek, egoera baten analisi politikoek...