1893ko abuztuaren 20an,
Pertsona bat hil zuen Guardia Zibilak Laguardian euskal foruen aldeko protesta batean, Arabar Errioxan. Hiru hilabete lehenago, Gamazada izeneko herri-matxinada abiatu zuten Nafarroa Garaian, Espainiako Ogasun ministro Germán Gamazok Nafarroako zerga-erregimenaren autonomia ezeztatzeko legea aurkeztu zuenean. Hego Euskal Herriko beste herrialdeetara ere zabaldu zen aldarrikapena eta egun hartan foruen aldeko manifestazioak deituta zeuden leku askotan. Fernando Cano zuen izena Guardia Zibilak tiroz hildako pertsonak eta beste asko ere zauritu zituzten Laguardian. Foruen aldeko jarrera oso zabalduta zegoen gizartean, eta Araba eta Nafarroan erreakzioak bortitzagoak izan ziren, baliteke lur komunalen pribatizazioak bat egin zuelako urte hartako idorteekin, eta beraz, nekazariek nabarmen ikusi zutelako beren egoerak okerrera egin zuela.
Iturria:
Iturria: Ángel Garcia-Sanz Marcotegui, La insurrección fuerista de 1893, Foralismo oficial versus Foralismo popular durante la Gamazada (Príncipe de Viana, 185. zkia., 1988).