1989ko azaroaren 20an,
Josu Muguruza HBko Espainiako Kongresuko diputatua hil zuten Madrilen, Iñaki Esnaola zauritu zuten atentatu berean.
Bilboko Errekaldeberriko auzoan jaio zen 1958an. Deustuko Unibertsitatean Pedagogia ikasten hasi ondoren, EHUn kazetaritza ikasi zuen. Ordurako euskara ikasia zuen eta ASK-ko militantea zen. 1981ean, Espainiako Poliziak bere bikotekidea zen Elena Bartolome atxilotu ondoren Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.
Erbestean egondako denboran AEK-ko irakasle izan zen Baionan. Horrez gain, Gure Irratia irratian poesiari buruzko programa bat zuzendu zuen eta Egin egunkariko korrespontsala izan zen. 1984ean Errefuxiatuen Komiteko antolatzaileetako bat zen GAL-en urterik odoltsuenetan. Egin egunkarian astero zutabe bat idazten hasi zen, Zihordia ezizena erabilita. ARGIAko kolaboratzaile fina zen Muguruza eta euskarazko prentsaren bultzatzailea.
Ipar Euskal Herrian sei urtez bizi eta gero, 1987ean Frantziako Poliziak atxilotu eta Espainiara eraman zuten. Donostiako eta Madrilgo kartzeletan egon eta gero, hilabete gutxiren buruan libre utzi zuten. Euskal Herrira itzulitakoan, Herri Batasuneko mahai nazionalean parte hartzen hasi zen. Horrez gain, Egin egunkarian lanean hasi zen berriz ere, eta politika ataleko kronikak idazten zituen Iratzar ezizenarekin. Aljerko elkarrizketen prestaketan jardun zuen pertsonetako bat izan zen.
1984ko azaroan Tasio Erkizia ordezkatu zuen Madrilgo gorteetan Herri Batasuneko diputatu moduan. 1989ko azaroaren 20ean, Madrilgo Alcala Hotelean bere alderdiko beste kide batzuekin parlamentuko lana prestatzen ari zirela, armaturiko bi lagun sartu eta tiro egin zioten. Bertan hil zuten.
Bost urte lehenago Santi Brouardekin gertatu bezala, erailketarako aukeraturiko eguna ez zen kasualitatea izan: Francisco Franco eta Primo de Rivera hil ziren eguna zen azaroaren 20a.
Hilketak Euskal Herri osoan greba orokorrerako deialdia sorrarazi zuen. Hileta oso jendetsuak egin zituzten Bilbon.


Bi egunen biharamunetan greba orokorrak deitu zituzten Euskal Herrian eta istilu gogorrak izan ziren Poliziarekin.
Jarraian ARGIAk atera zuen aldizkari berezia osorik PDFan irakurgai.
