Iragan deseroso baten arrastoak

  • Bigarren Mundu Gerran Alemaniako III. Reichak Frantzia inbaditu eta gutxira, lurraldearen ipar eta mendebaldea okupatu zituen, tartean Ipar Euskal Herriaren zatirik handiena. Okupazio haren arrasto materialak begi bistan daude oraindik, begiratu nahi duenarentzat.

Lapurdi hegoaldean handia izan zen alemaniarren egitura defentsiboen kontzentrazioa, muga kontrolatzeko. Irudian, Hendaiako Abadia etxalde inguruko bunkerra, Txingudiko badiaren sarrera zaintzen (arg: Josu Narbarte / Manex Argoitia)
Lapurdi hegoaldean handia izan zen alemaniarren egitura defentsiboen kontzentrazioa, muga kontrolatzeko. Irudian, Hendaiako Abadia etxalde inguruko bunkerra, Txingudiko badiaren sarrera zaintzen (arg: Josu Narbarte / Manex Argoitia)

Armada alemaniarrak (Wehrmacht) Donibane Lohizunen ezarri zuen Euskal Herriko beren komandantzia nagusia. Bertatik Lapurdi, Gaskoiniako Landak eta Nafarroa Beherearen zati bat hartzen zituen zonalde okupatua kontrolatzen zuen –Nafarroa Beherearen beste erdia eta Zuberoa Vichyko gobernu kolaborazionistaren menpe gelditu ziren–. Zonalde okupatuan, mugimendu-askatasuna arras mugatuta gelditu zen, bereziki kosta-lerrotik hurbilen ziren lurraldeetan; 1941eko urrian, baldintza horiek eskualdea ia guztiz isolatzeraino gogortu ziren, eta abenduan zonalde debekatu izendatu zuten euskal kosta.

Militarizazio azkar hori lurraldearen kokapen estrategikoari lotuta zegoen. Alemaniarrek lehentasunezko defentsa-lerrotzat jo zuten Frantziaren erlaitz atlantikoa, Aliatuen kontraerasoa bertatik etor lekiekeelakoan. Gainera, Espainiako erregimena gobernu nazionalsozialistaren aliatua izaki, Bidasoako muga kontrolatuta izatea ere funtsezkoa zen, pertsona zein hornigaientzako pasabide segurua zaintzeko.

Hala, defentsa lerro sistema oso bat sortu zuten alemaniarrek euskal lurretan. Baina gaur egun bunkerrak abandonuan erorita daude, zergatik? Naziak garaitu zituen frantziar erresistentziaren kontakizunean lekuko deserosoak direlako agian?

Baionako plaza gotortzen

Baionako plazak interes berezia zuen okupatzaileentzat. Lehenik eta behin, Aturriko portuak, txikia izanagatik ere, erraz defenda zitekeen babesgunea eskaintzen zuen. Gainera, eskualdeak interes ekonomiko argia zeukan: Forges de l’Adour labe garai ezagunak eta lantegi kimikoak Bokalen eta Tarnozen, industria aeronautikoa, kimikoa eta armamentistikoa Angeluko Blancpignon auzoan… Horrenbestez, alemaniarrek lan handiak hartu zituzten inguru honen defentsa bermatzeko.

Gaur egun bunkerrak abandonuan erorita daude, zergatik? Naziak garaitu zituen frantziar erresistentziaren kontakizunean lekuko deserosoak direlako agian?

Sistema horren hainbat arrasto ikus daitezke, egun ere, Aturriren ahoan kokatutako bi dikeen inguruan. Iparraldean, Tarnozeko dikeko hondartzan, alimaleko hilerri industrial baten erdian, Adour-Nord bateria dago. Barbara izeneko Hochleitstand edo behaketa-dorrea da multzo honetako elementurik ikusgarriena, baina inguruan badaude hainbat egitura: blockhaus edo pertsonentzako babesguneak, arma astunak kokatzeko egiturak, kasamatak, behaketa-guneak... Konplexu osoa deseginda eta abandonatuta dago; gerra ostean, inguru hau artilleriaren entrenamendu-gune gisa erabili zuten, eta bunker gehienak leherrarazi egin zituzten.

Aturriren beste aldean, Xibertako oihanaren ertzean (Angelu), Adour-Süd konplexuaren aurriek zaintzen dute bokalearen hegoaldeko dikea. Kasu honetan, urbanizazioak gogor eragin dio bateriari, eta egun hainbat arrasto sakabanatu baino ez dira ikusten ahal.

Hondartzetan ainguratuta

Aturriren bokaletik iparrera, Gaskoinako Landak zabaltzen dira. XVIII. mendetik goiti, higadura gutxitzeko pinudiak landatu ziren lurraldearen zatirik handienean eta, horri esker, kostaldean duna-lerro luzea finkatu zen.

Hegoaldetik abiatuta, hiru bateria-multzo dira bereziki aipagarriak, Tarnoze, Ondres eta Labenneko hondartzetan kokatuta. Bunker bakoitza itsasorantz destatutako arma astunak kokatzeko prestatuta zegoen, eta hiru mota nabarmentzen dira: blockhaus-ak, Todt edo frontedun kasamatak, aurrealdean tiro egiteko espresuki diseinatutako zirrikitu luzexka dutenak, eta Tobruk izeneko zilindro itxurako ganbera korazatuak. Kasu gehienetan, jatorrian haien azpian zeuden dunak lekuz aldatzen joan dira eta, ondorioz, egiturak okertu edo hondar artean erdi lurperatuta gelditu dira.

Tarnoze, Ondres eta Labennetik gora hondartzetan aurkitzen ditugu bunkerrak, kasu askotan dunak lekuz aldatzen joan dira eta, ondorioz, egiturak okertu edo hondar artean erdi lurperatuta gelditu dira (arg.: Josu Narbarte / Manex Argoitia)

Labarretan induskatuta

Aturritik hegoaldera, bunker alemaniarren kontserbazioa eskasagoa da Lapurdiko kostan zehar, eta horrek lotura handia du lurraldeak XX. mende erditik hona izan duen loraldi turistikoarekin. Gune urbanoak arras hedatu dira, bertan zegoen ondare naturala zein kulturala lausotuz.

Adibidez, Angeluko hondartzetan hiru bateriaren aurriak daude. Horietako bat  aski ongi kontserbatzen da duna baten erdian, graffitiz estalita dagoen arren. Baina hurrengoak, aldiz, ia desagertuta daude, etxebizitza-multzoak eraiki baitizkiete gainean.

San Martin lurmuturretik hegoaldera, kosta erabat aldatzen da. Labarrak eta hondartzak tartekatuta ageri dira orain, baina hemen ere topatzen dira hainbat bunkerren arrastoak, hotel zein luxuzko urbanizazioen artean ezkutatuta. Biarritzen, esaterako, lau bateria daude, horietako bat Hôtel du Palais famatuaren azpian. Bidarteko bateria nagusia, berriz, Uhabia ibaiaren itsasoratzean dago, eta Getaria eta Donibane Lohizune lotzen dituen hondartza-lerroan ere zenbait blockhaus beha daitezke. Baina Santa Barbara lurmuturrekoa da, zalantzarik gabe, multzorik ikusgarriena: arrokan induskatutako bunkerrek eta porlanezko egiturek osatzen dute; itsasbehera denean oraindik ere ikus daitezke Skoda fabrikatzailearen zenbait arma astunen arrastoak hondartzan.

Lapurdi hegoaldeko kosta osatzen duen erlaitzean badaude beste zenbait adibide: Zokoako itsasargi azpian edo Hendaiako Abadia gaztelu aurreko itsaslabarrean dauden kasamatak, Kauterabaita baserritik hurbil dauden blockhaus-ak... Badirudi okupatzaile alemaniarrek garrantzia berezia eman ziotela Bidasoako muga kontrolatzeari, inguru honetan oso handia izan baitzen bunker eta egitura defentsiboen kontzentrazioa.

Zokoako Kauterabaita baserriaren inguruan bunkerra erlaitzeko errepide ertzean dago eta kanoi handi bat dauka oraindik alboan. (Josu Narbarte / Manex Argoitia)

Askok gogoratzen du Zokoburuko puntaren urbanizazioa eta Hendaiako kirol portua eraiki baino lehen, Txingudiko badiaren sarrera zaintzen zuen kai-muturraren alboan ere bazela bateria handi bat; inguru horretan, Wehrmacht-ek bere armarik sendoenak instalatu zituen, Errusiako frontean konfiskatutakoak kasu. Bateria hura azken hamarkadetako hedapen urbanoak irentsi duen arren, arma haien arrasto zenbait Hendaiako hondartzan ikus daitezke oraindik ere.

Egitasmo erraldoi bat

Euskal kostako bunkerrak ez ziren elementu isolatuak, askoz zabalagoa zen Atlantikwall edo “Harresi Atlantikoa” izeneko defentsa-sistemaren parte ziren. Sistema hori 1942tik aurrera eraiki zuen III. Reichak, Aliatuek mendebaldetik jo ziezaioketen erasoari aurre egiteko. 5.000 kilometro inguruko kosta-lerroa zaintzen zuen, Bidasoatik Ipar lurmuturrera.  

Lanak gobernu nazionalsozialistaren menpeko Todt erakundeari esleitu zizkioten, baina tokiko enpresen lankidetza ―eta gerra-presoen zein herri okupatuetako biztanleen bortxazko lan-eskua― ere baliatu zuten. Regelbau izeneko eraikuntza-metodo estandarizatua erabili zuten porlan armatuzko egiturak seriean ekoizteko; era horretan kostuak merkatu eta exekuzioa bizkortu zuten. Guztira, 12.000 egitura baino gehiago instalatu ziren Europako kostalde atlantikoan.

Aliatuek 1944ko ekainean eraso zuten Normandia, Harresi Atlantikoa puntu horretan hautsiz. Frantziako Estatuaren okupazio alemaniarrak ez zuen askoz gehiago iraungo; Ipar Euskal Herria urte bereko abuztuan abandonatu zuten, hori bai, ihes egin aurretik kostako bunker gehienak suntsituta. Gerra bukatzean, agintari frantsesek amaitu zuten lan hori, arriskuak saihesteko-edo, gelditzen ziren instalazio gehienak barrutik leherrarazi zituztenean. Okupazioak eragindako traumaren zein gerraosteko berreraikuntzak ezarritako lehentasunen ondorioz, arrasto guztiak abandonatuta gelditu ziren; berandu gabe, egitura gehienak higatzen eta desagertzen hasi ziren, memoria kolektiboan ia ahaztuta gelditzeraino.

Santa Barbara lurmuturra, Donibane Lohizunen (arg.: Josu Narbarte / Manex Argoitia)

Toki batzuetan Harresi Atlantikoari lotutako hainbat elementu ikertzen eta errestauratzen hasiak dira. Aipagarriak dira, besteak beste, Frantzian museo bilakatu diren Ouistrehamgo Bunker Handia, Caen hiritik hurbil (Normandia), edota Audinghen herriko Todt bateria, Calais alboan (Frantzia Garaia). Iparrerantz, ibilbide musealizatuak sortu dira Oostende hiritik hurbil (Flandria) eta Rotterdamgo portuaren sarreran (Holanda) ere. Egoera guztiz bestelakoa da Euskal Herrian, hemen ez baita ia lanik egin okupazio alemaniarraren historiaren eta bere ondorioen memoria berreskuratzeko. Harresi Atlantikoaren arrasto gehienak abandonatuta daude, graffitiz josita, sastrakek janda edo, are, porlanez zigilatuta.

Lekuko umiliagarriak

Alde nabarmena dago ahanztura honen eta garai bereko beste oroigarri batzuek jasotzen duten arretaren artean. Urrutira joan gabe, herri guztietako plazetan txukun zainduta egoten dira gerran zehar Morts pour la Patrie hildakoen omenezko monumentuak, eta ezin esan Bigarren Mundu Gerraren oroimena ez dagoenik presente egungo gizartearen memoria kolektiboan.

Argia da arrastoen balio historikoa, oraindik traumatikoa den iragan hurbil baten lekuko gisa

Diskurtso hegemonikoek memoria horren alderdi batzuk nabarmentzeko joera dute, ordea, erresistentziari eta garaipenari lotutakoak bereziki, eta deserosoak edo umiliagarriak gerta litezkeen beste batzuk (okupazioa, kolaborazionismoa…) ahaztuta gelditzeko arriskua daude. Gainera, XX. mende erdialdetik aitzina, euskal kosta hondartzari eta aisialdiari lotutako opor-leku bilakatu da, kontsumo-gizarte berriaren bizimoduaren eredu; eta auto-errepresentazio hedonista horretan ez du naski ongi ematen egun luxuzko hotelez inguraturik dauden hondartzetan, orain dela ez hainbeste, bunker alemaniarrak egon zirela gogoratzeak.

Aitzitik, argia da Harresi Atlantikoaren arrastoek duten balio historikoa, oraindik ere traumatikoa den iragan hurbil baten lekuko gisa. Bigarren Mundu Gerraren eta okupazioaren inguruan egiten diren diskurtsoak berraztertu eta kritikoki lantzeko bidean, elementu hauek ikertzea, birgaitzea eta haien historia ezagutzera ematea urrats garrantzitsua litzateke, desagertze-bidean dauden aurri zaharrak ondare gisa birdefinituz eta hezkuntzarako zein debate publikorako baliabide bilakatuz.


ASTEKARIA
2020ko abenduaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude