Aliatuen errekorrak

Alemaniako Dresden hiria duela 80 urte, 1945eko otsailean, aliatuek hilaren 13tik 15era bonbardatu ondoren. Argazkia: Deutsches Bundesarchiv
Alemaniako Dresden hiria duela 80 urte, 1945eko otsailean, aliatuek hilaren 13tik 15era bonbardatu ondoren. Argazkia: Deutsches Bundesarchiv
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago, hilaren 13tik 15era, aliatuek Dresden bonbardatu zutelako.

Kurt Vonnegut idazle estatubatuarra (1922-2006) Dresdeneko suntsipenaren lekuko izan zen; Bigarren Mundu Gerran armadarentzat begiztatzaile lanetan aritua, une horretan alemaniarrek preso zeukaten eraso egindako hirian. Berak azaldu zuen bonba su-eragileek egiten dutena: sotoetan eta babeslekuetan topatu zituzten milaka gorpuak ez zeuden erreta. Soto haiek “bihotzekoak jota hildako jendez betetako tranbiak ziruditen”. Bonba su-eragileek oxigenoa kontsumitzen dute eta Dresdeneko biktima gehienak itota hil ziren.

Soto haiek “bihotzekoak jota hildako jendez betetako tranbiak ziruditen”. Bonba su-eragileek oxigenoa kontsumitzen dute eta Dresdeneko biktima gehienak itota hil ziren

Vonnegutek datu lazgarri batzuk ere bota zituen. “Europan inoiz azkarren egindako sarraskia izan zen, persona kopuru handiena denbora gutxienean eragin zituena: 135.000 biktima ordu batzuetan. Sarraski handiagoak izan dira, baina mantsoagoak”. Vonneguten datuak ez dira errealak. Datu zehatzik ezean, gaur egun bonbardaketan 25.000 pertsona inguru hil zirela kalkulatzen da, eta erasoa hiru egunez luzatu zen.

Gainera, hamar egun geroago, Pforzheimen gertatutakoak Vonnegutek aipatutako marka hori erraz gainditu zuen. 20 minutu eskasetan 17.600 pertsona hil zituen erasoak. Dresdeneko erasoan hiriko biztanleen %5 inguru hil ziren eta Pforzheimen, aldiz, %25.

Aurrez, 1943ko uztailean Hanburgo airez erasotu zutenean ere Dresdeneko marka hautsi zen –30.000 hildako gau bakarrean–, eta 1945eko martxoaren 12ko Świnoujście hiriko (Polonia) bonbardaketan ziurrenik ere bai, nahiz eta datu zehatzik ez izan, ordu erdi inguruan milaka pertsona hil zituztelako. Eta Europara mugatzen ez bagara, Hiroshima eta Nagasakin bota zituzten bonba atomikoek azkar egindako sarraski handienen marka guztiak txikitu zituzten.

Aipatutako errekor hauek guztiak aliatuek hautsi zituzten, irabazle zintzoen bandoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
Eguneraketa berriak daude