A Coruñako (Galizia) Poetas Di(n)versos jardunaldietan entzun genuen, Reshma Rameshen aldamenean. Bakoitzak ordu erdiko errezitaldi bat eskaini zigun, Reshmak kannadaz eta ingelesez, eta Yaminik bere zazpigarren hizkuntzan, galegoz; hurrengo urtean argitaratzekoa duen poema-bildumaren zati bat izan zen han aditutakoa. Elkarrekin bi otordu egin, eta grabagailua noiz itzali asmatu ezina. Hori da Yamini elkarrizketatzea.
Pianista eta poeta. Bere bizitza hiri eta hizkuntza anitzek osatzen dute (Mumbai, Valentzia, Bartzelona, Maastricht, Mosku). Errusian Leonid Sintsev eta Pavel Dombrovsky izan zituen irakasle, eta ia aitaren barkuarekin ezagututako portuak adina eszenatoki zapaldu ditu pianoari esker. 2016an Galiziara iritsi, eta bigarren urterako galegoz bizi zen.
Hitzean eta musikan oinarritutako hainbat proiektu sortu ditu, besteak beste, Samudra Trío musika taldea, MĀ, o poder do corpo (MĀ, gorputzaren indarra), Voces da Partición (Zatiketaren ahotsak) eta Non mordas a man que che dá de comer (Ez haginka egin jaten ematen dizun eskuari). Egun A Coruñako kontserbatorioko irakasle postua eta musika karnatikoari eta hitz esanari buruzko doktorego-ikerketa uztartzen ditu.
“Pianista eta poeta” jarriko dugu?
Bai, ados. Urteak behar izan ditut neure burua poetatzat hartzeko. Ez dut ezer publikatu. Nor da poeta? Poesia idazten duen oro, eskasa izanda ere?
Noiz eman zenion titulua zeure buruari?
Bada mugarri bat. 2022an Santiagoko (Galizia) mikro irekien eta slama-ren zirkuituan sartu nintzen. Abenduan errezitatzen hasi, eta ekainean finalista amaitu nuen.
Ohartzerako, mundutxo horretako gizon batek asmatutako poesia festibal baten antolakuntzan nenbilen, beste neska batek azken orduan alde egin zuelako. Handik gutxira jakin nuen tipoa erasotzaile bat zela.
Luz poética (Argi poetikoa) izeneko festibal hau Santiagoko Luz Fandiñoren omenezkoa zen, berez. Luz galiziar guztien amama feminista izan zen, Argentinan eta Frantzian erbestean ibilitakoa, han irakurtzen eta idazten ikasi zuena. Galiziara itzultzean sare feministako kide bihurtu, eta emakumeen eskubideen alde aritu zen borrokan.
Erasotzaileak andre honen izena erabili zuen festibalerako, eta Luz bera ere han izan zen, hil aurreko azken urtean. Festibalean ezer egin ez bazen ere, nik ingurukoekin hizketan segitzen nuen, erabat nazkatuta. Erasoen kontua denek zekitela jabetu nintzen, eta inork ez zuela ezer esaten.
Hilabete batzuetara ekintza poetiko bat antolatu zuten Santiagoko taberna mitiko batean, eta han igo nintzen ni, pertsona honi buruzko poema bat errezitatzera. Legalki nire kontrako neurririk hartu ahal ez izateko moduan idatzi nuen, poema berari buruzkoa zelako, baina baita bidean ezagutu ditudan gizon lizun guztiei buruzkoa ere, ez baitira oso originalak jokatzeko moduari dagokionean.
Poema hura bolbora bezala zabaldu, eta gizona hiritik joan zen azkenean. Eta hor esan nuen: poema bat irakurrita erasotzaile bat kanporatzea lortu badut, agian banaiz poeta.
Galegoz errezitatzen zenuen ordurako?
Gazteleraz hasi nintzen, baina galegoz ere jarduten nuen zenbaitetan. Mikro ireki horietako batera Luz etorri zen. Amaieran berak ere poesia inprobisatu ohi zuen, beti salaketa politikoa eginez; frankistei aurpegira txiza egiten zien, galegoz hasi, eta bat-batean frantsesera pasatzen zen... Sinestezina zen andre hura. Makilatxoa eskuan, eta txapel eta zapi palestinar morez beti.
Halako batean, hurbildu, eta eskutik helduta, diost: “Neniña, hizkuntza hau neurea bezain zeurea da. Esan beti idatziko duzula!”. Ez zidan zuzenean galegorik aipatu, baina neuk erabaki nuen hizkuntza honetan idazten segituko nuela, Luzengatik.
Ágorako errezitaldia Indiaren historia kolonialari buruzko poema batekin hasi zenuen. Anakardoaren arbola zeure arbola genealogikoaz aritzeko helduleku bat zen.
Anakardoa Goarekin [Indiako estatu bat, bere familiaren jatorrizko lurraldea] lotzen den elikagai bat da. Han oso zabalduta dago. Dena aprobetxatzen da, intxaurra bera, baina baita fruitua ere, feni izeneko likore bat egiteko. Ikertzen hasitakoan jakin nuen anakardoa ez dela Goakoa izatez, portugaldarrek Brasildik ekarritakoa baizik.
Anakardoaren metafora erabili nuen aitonak kontatzen zigun istorio bati buruz idazteko, Pango Pedro izenez ezagutuko dugun senidearen istorioa, zaldi gainean ibiltzeagatik anakardoaren erako hanka okerrak zeuzkanarena.
Gizon hori nire aitonaren birraitona izan zen, eta koroa portugaldarraren zerbitzura egiten zuen lan polizia modura, gure familiak sustrai portugaldarrik izan ez arren. Katolizismora bihurtutako indiarrak izan ziren, kolonizazioetan ohikoak baitziren ebanjelizazioak. Oso istorio bortitzak dira.
"Hizkuntza gutxitu batean hitz egitea aldarrikatzen dut. Jatorriz neurea izan ez arren, neure egin ahal izatea"
Kontatuko zenituzke?
Nik Goan gertatutakoak dakizkit. Jendea bihurtzen saiatzen ziren, baina jendeak kontra egiten zien. India hinduen herrialdea zen, eta hinduak barazkijaleak dira. Orduan, kolonizatzaileek animalien hezurrak eta tripak (behienak baziren, hobe) jaurtitzen zituzten haien putzu eta iturrietara, eta gero erakutsi. “Zuk hemendik edan duzu, zikinduta zaude jada”. Honela bihurtzen zituzten. Horiei komunitateak bizkarra ematen zien, eta erdibidean bizi behar izaten zuten, Pango Pedro bezala.
Lurraldean zehar amabirjinak lurperatzea ere ohikoa zen, zerbait eraikitzen hasterakoan “agertu” zitezen, jainkoaren seinale gisara, kaperak, elizak edo gurutzaontziak egiteko. Nire amaren parteko abizena Barretto da, abizenak ere aldatzen zizkietelako haientzat ahoskatzeko errazak izan zitezen, eta denak santuren batekin lotu.
Zure bizitzak itsasoko eta lehorreko aldiak ditu. Lehorretik hasita, zer oroitzen duzu umetako Mumbai hartatik?
Kalinan bizi izan nintzen gurasoekin, eta aitona-amonak Mahimen zeuden, nahiko gertu. Urte asko eman nituen bi etxeen artean; aitona-amonena amatasun klinika baten gainean zegoen, bizitzaren gainean hazi nintzela esan daiteke.
Indian etxeek ate bikoitza daukate: kanpoaldeko hesia eta barrualdeko ate zurruna. Aitona-amonek barrukoa irekita izan ohi zutenez, pasaeran beti agurtzen zituen norbaitek, eta, lasai bazebiltzan, sartzera gonbidatu, eta amonak tea eta gailetak eskaintzen zizkien. Uste dut bizilagunei eskerrak bizi izan zirela hain ondo azken unera arte.
Aitonaren anai-arrebekin ere maiz elkartzen ginen. Denak barnetegietan ikasitakoak ziren, haien gurasoek Afrikan lan egiten zutelako; ingelesek haien kolonietako jendea fitxen erara mugitzen zuten negozioak egiteko. Gerora denak Mumbain bizitzen jarri, eta elkarrengandik gehiago ez banantzea erabaki zutela zirudien. Oso batuta zeuden.
“Itsasotik kanpo, askok sustraiez hitz egiten du benetakoak balira bezala. (…) Ez dakite ni 20.000 tonako ontzi baten motor hotsarekin lokartuz hazi nintzela”, zenioen poeman.
Aita merkataritza-nabigazioan ibili izan da betidanik. Kapitaina da, eta ni haur nintzela nabigatu egiten zuen. Amak eta biok gure opor guztiak barkuetan pasatzen genituen berarekin. Ni eskolatu aurretik hilabeteak ematen genituen itsasoan.
Nongo portuak zapaldu dituzu?
Lehenengo portua Galizia izan zen. Gero Castellon, Huelva… Euskal Herrira ere asko joaten ginen, Pasaiara, Bilbora, Errenteriara. Denetik garraiatzen zen barkuetan, portzelanatik hasi eta Citroën kotxeetaraino. Italia, Frantzia, Grezia, Turkia, Maroko, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia, Egipto… Urtebete neukanetik zortzi urtera arte ibili nintzen, gutxi gorabehera.
"Galegoa nire zazpigarren hizkuntza da, eta esan nahi ditudan gauzekiko distantzia ematen dit"
Kontatu barkuko bizimodua.
Oso dibertigarria zen. Aitarekin errondak egiten nituen kubiertan. Zabu bat neukan, ohol zati batekin egin zidatena, eta ontziko zubitik eskegita kulunkatzen nintzen, berdin izaten zidan eguraldiak edo olatuen balantzak. Amak kontatzen du txikitan nabigatzen hasi, eta atzera ere lau hankatara itzuli nintzela egonkortasuna bilatzeko, ordurako oinez banenbilen arren.
Gaur egun ere, askorentzat zatarra izanagatik, eta ulertzen dut, planetarentzako ez baita onena… baina nik urrunera portu bat ikusten dudanean, bere garabi eta guzti, bake handia sentitzen dut.
Zein zen itsasoko hizkuntza?
Barkuan batez ere urduz hitz egiten zen, tripulazioaren gehiengoa Pakistangoa eta Bangladeshekoa zelako. Amak neuri ere urduz egiteko eskatzen zien, eta ikasi egin nuen azkenerako. Hindiaren oso antzerakoa da.
Indian bizi den edonor bi hizkuntzatan bizi da. Nire kasuan, etxeko hizkuntza ingelesa da, eta etxetik kanpokoa hindia, baina han urte gehiago bizi izan banintz, marathera ere izango litzateke, Mumbai kokatuta dagoen estatuko hizkuntza delako.
Eta musika? Noiz agertu zen?
Beti egon zen hor. Aitonak eta bere anaiek ahots itzelak zeuzkaten. Etxeko festa guztietan, une batez dena gelditu, eta kantuan hasten ziren. Senide bakoitzak bere kantua zeukan, nork bere gustukoena. Nik nire birraitona-amonak ez nituen ezagutu, baina asko dakit haiei buruz kantuei esker.
6 urterekin piano klaseak hartzen hasi nintzen, Tom eta Jerryren kapitulu batek liluratuta, Tom pianoa jotzen azaltzen den hori. Jakina, ikusi nuen katu bat atzamar txikia teklatuaren amaieraraino luzatzen... 30 urte daramatzat pianoan, eta esan diezazuket hori ezinezkoa dela!
"Uneotan ingelesa ez den beste edozein hizkuntzatan hizketan erosoago nago"
Hurrengo portua, Valentzia. Zure familia herrialdez aldatu zen.
Aitari lan-eskaintza bat egin zioten, gutxiago nabigatzea ekarriko lukeena, eta egoitza Valentzian zegoen. Bizitza familiarragoa edukitzearren onartu zuten proposamena. Nik hamar urte neuzkan.
Hasiera gogorra izan zen hirurontzat. 1999an ez zegoen ez Internetik etxeetan, ez wifirik, ez mugikorrik, eta horrek Indiarekin harremana galtzea zekarren. Gaur egungo hegaldi merkerik ere ez zen.
Nik bizitza magiko bat neukan aitona-amonen eta barkuen inguruan ardaztua, eta, bat-batean, hori atzean utzi, eta ulertzen ez nituen eta ulertzen ez ninduten toki batera etorri nintzen. Gure amak esaten zuen lehenengo urte hartan, berak ahal izango balu, oinez itzuliko litzatekeela Indiara.
Pianoarekin segitu zenuen.
Klase partikularrak hartu behar izan nituen terminologia musikala berrikasteko, nik kodeak ingelesez bainekizkien. Denek diote musika hizkuntza unibertsala dela, baina ez da hala.
Garatu dezakezu hori?
Musika hizkuntza bat baino gehiago dira. Identitate-krisi bat izan, eta doktoretza bat hasi nuen, konturatu nintzelako urteetako formazio musikala neukan arren, Indiako musika akademikoari buruz ez nekiela ezer. Bizitza osoa akademia mendebaldar-europarrean murgilduta igaro dut.
Vina izeneko instrumentu bat jotzen hasi nintzen orduan, zitara baten antzekoa. Hor lengoaia guztiz ezberdina zela ohartu nintzen. Indiako musika instrumentala ahozkotik abiatzen da, eta ahozkoa hitzetik. Melodiek letrarik ez daramaten arren, baldin baleramate bezala jotzen dira, prosodia bat dago.
Hizkuntzak musikari eragiten diola, alegia?
Bai. Orain kantu lirikoko pianista naizenez klasean asko igartzen dut. Lider alemanen kantuak edo operako ariak, adibidez, gehienak testu batetik abiatzen dira, edo poesiatik. Konpositoreak prosodiarekin egiten zuen lan, eta musika eta akonpainamendua hizkuntzaren arabera aldatzen dira. Ez da berdina italieraz, gaztelaniaz, galegoz edo alemanez akonpainatzea.
"Indian bizi den edonor bi hizkuntzatan bizi da. Nire kasuan, etxeko hizkuntza ingelesa da, eta etxetik kanpokoa hindia, baina han urte gehiago bizi izan banintz, marathera ere izango litzateke"
Zer ematen dio galegoak zure poesiari?
Gaztelaniaren antzera, hizkuntza erromantze bat izanda, musikaltasuna eskaintzen dit. Ez dut uste poemak ingelesez idazteko kapaz izango nintzatekeenik. Kadentzia faltako zaie, eta lortzeko kapaz ez naizen sentsorialtasun bat, eta hori nik, poesia salbu, dena ingelesez irakurtzen dudala.
Galegoa nire zazpigarren hizkuntza da, eta horrek esan nahi ditudan gauzekiko distantzia ere ematen dit. Barru-barruan sentitzen dudanetik zazpi hizkuntzatara nago, izan mina, izan poza, baina denak ere emozio sutsuak, oraingoz.
Ingelesaren pisu sinbolikoa sentitzen duzu?
Geroz eta gehiago. Aktibismo eta antiarrazismo zirkuluetan sartu nintzenetik kontzienteago naiz, eta zergatia ulertzen hasi naiz. Lehen beti neukan zauri hau… Hindia hitz egiten dut, irakurri, idatzi eta ulertzeko gai naiz, baina agian ez nobela oso bat irakurtzeko beste. Ez ditut bere erregistro guztiak menperatzen. Eta bizitza osoa Indian eman izan banu ere, ez nituzke menperatuko, ingelesaren nagusitasunagatik. Gauza bera gertatzen zait konkanerarekin, nire familiako bi aldeek hitz egiten dutena.
Uneotan erosoago nago ingelesa ez den beste edozein hizkuntzatan hizketan. Denbora eta modua baneuzka, nahiko nuke galegoz egiten dudana hindia edo ingelesa ez den Indiako hizkuntzaren batean egin. Hizkuntza gutxitu batean hitz egitea aldarrikatzen dut. Jatorriz neurea izan ez arren, neure egin ahal izatea.