Uztailaz geroztik, CREA ikerketa zentroaren eta bere sortzaileetako bat den Ramon Flecha soziologia katedradunaren aurkako salaketak ugaritu dira. Sexu eta botere abusuak, sekta funtzionamendua izatea edo lan esplotazioa leporatu diete dozenaka emakumek. Salaketek Herrialde Katalanetan dute epizentroa, bertan baitu botere eta azpiegitura gehiena CREAk. Baina Euskal Herrian ere badu talderik eta kiderik, eta Flechak, sortzez bilbotarra, lotura mantentzen du gure herriarekin. Erreportaje honetan ikertu ditugu CREAk Euskal Herrian duen errotze maila, salaketekiko posizionamenduak eta Herrialde Katalanetan salatu diren portaerak errepikatzen diren edo ez. Besteren artean, zazpi urtez CREAko kide izan den pertsona batekin mintzatu da ARGIA.
Erreportaje hau inprentan sartu aurreko orduetan bi gertakari oso garrantzitsu kateatu dira: batetik, Bartzelonako Unibertsitateak jakinarazi du fiskaltzan salatuko dituela CREA eta Flecha, delitu larriak egotzita; bestetik, eta albiste horren ondoren, CREAk bere jarduna “berehalakoan” amaitzeko erabakia hartu duela iragarri du.
Ramón Flecha eta CREA kasuari buruzko ikerketaren informazio guztia, kanal honetan.
Hogei emakume baino gehiagoren lekukotasunak oinarri hartuta, elkarlanean egindako ikerketa baten emaitza argitaratu zuten Espainiako Eldiario, Infolibre, RTVE eta Radio4-RNE hedabideek 2025eko uztailaren 2an. Emakumeek Ramón Flecha Bartzelonako Unibertsitateko soziologiako katedradun emeritua eta CREA (Community of Research on Excellence for All) ikerketa zentroko sortzailea salatu zuten, sexu eta botere abusuak leporatuta. Gehienak Flecharen ikasle izanak dira. Sexu abusuak ez ezik, CREA barnean jazarpen giro orokorra deskribatu zuten, “gutxienez” 2000. urtetik gaur egunera arte.
Flecha erreferentziazko autorea da hezkuntzan eta soziologian, mundu mailan bezala Euskal Herrian ere. ARGIAk, esaterako, 146 Larrun monografikoa eskaini zion 2010ean, Ramón Flecha: kalitatezko hezkuntza denontzat izenburuarekin. 1952an jaio zen Bilbon eta 1972tik bizi da Bartzelonan, baina Euskal Herriarekin lotura pertsonalak eta akademikoak ditu. 1991n Bartzelonako Unibertsitatean sortutako CREA ikerketa zentroa ere aski ezaguna da hezkuntzan eta akademian. Botere handia izan du eta oraindik ere badu Herrialde Katalanetan, proiektu, eragile eta argitalpen ugari sustatzen, edo nazioarteko kongresuak antolatzen ditu.
Sareak taldeak ditu Espainiako Estatuko edo Hego Amerikako zenbait lurraldetan ere, La Vanguardiak argitaratu zuenez. Ikas komunitateen edo solasaldi dialogikoen metodologiak bultzatzeagatik dira ezagunak CREA eta Flecha, eta bazterkeriaren aurkako edo inklusioaren aldeko hizkera komunitarioa erabiltzen dute. Azken urteetan gero eta gehiago landu dituzte biolentzia, indarkeria matxista edo maskulinitatea. Bere burua mundu mailako “genero indarkerian 1. (nazioarteko rankinga)” gisa aurkezten zuen Flechak orain gutxi arte X sare sozialeko bere kontu pertsonalean.
Dozenaka emakumek salatu dituzte Flecharen sexu abusuak eta CREA barneko esplotazioa eta jazarpena
Aurtengoa ez da CREAren eta Flecharen aurka salaketak izan diren lehen aldia, hedabideek ikerketan nabarmendu zutenez. 2004an, “hainbat kexuren ostean”, Bartzelonako Unibertsitateak barne mailako espedientea ireki zuen, eta instruktoreak ikerketa sakona egitea eta neurri prebentiboak hartzea eskatu zuen. 2016an unibertsitatea izan zen fiskaltzara hiru salaketa helarazi zituena, CREAri egotziz “sekta” baten funtzionamendua izatea eta “manipulazio psikologikoa” erabiltzea. Fiskaltzak salaketak artxibatu zituen, froga nahikorik ez zegoela iritzita.
Azkenik, 2025eko ekainean CREAko kide izandako hamalau emakumek gutuna bidali zioten Bartzelonako Unibertsitateko errektoreari beren abokatuen bitartez, eta CREA barnean “bizi izandako egoeren larritasuna” salatu zuten. Idatzian jasotzen denez, emakumeetako batzuek "Ramón Flecha jaunarekin sexu-harremanak eduki izana kontatzen dute, hierarkia desberdintasun testuinguru batean argiro –ikasle, bekadun, doktoregai edo mendeko gisa– eta errepikatzen den jokabide baten pean, zeinak bat egiten baitu hertsadura sexualarekin, botere abusuarekin, sexu jazarpenarekin, indarkeria psikologikoarekin eta lan esplotazioarekin”. Uztailaren 11n salaketa formala aurkeztu zuten emakume horiek Bartzelonako Unibertsitatean, eta 15ean hainbat neurri iragarri zituen hezkuntza erakundeak, horien artean salaketak ikertzeko batzordea osatzea eta Flecha bere zereginetan “kautelaz etetea”.
Sexu abusuez gain, emakumeen lekukotasunetan beste salaketa mota batzuk errepikatzen dira. Batetik, Flecharekiko: berarekin izandako harremana sekretuan gordetzeko agintzea, norbere harreman intimo eta sexualen inguruan hitz eginaraztea eta ondoren informazio hori erabiltzea botere logika batean, bere hitzaldietarako aurkezpenak prestaraztea, bidaia profesionaletara lagundu beharra eta berari maleta egitea, bere etxean egiten ziren bileretan etxea garbiaraztea... Bestetik, CREArekiko oro har, sekta funtzionamendu salaketekin bat egingo luketenak daude: bizitza profesional zein pertsonal osoa CREAko sarearen barnean egitea sustatzea (etxebizitza partekatuetan elkarrekin bizita, edo lana, aisialdia, adiskidetasunak zein harreman sexuafektiboak taldeko kideetara mugatuta); saretik kanpoko pertsonekin dituzten harremanen gaineko kontrola eta horiek bazterrean uzteko presioa; taldearekiko edota liderrekiko jarrera kritikoak edo zalantzak norbere gabezia eta arazo pertsonalekin lotzea; obedientzia eza eta kritikotasuna bazterketa pertsonal edota akademikoarekin zigortzea...
Berriki, 2025eko abenduaren 15ean eta 16an, La Vanguardia egunkariak kasuaren inguruko erreportaje zabalak argitaratu ditu, aurreko salaketak berresten dituzten lekukotasun gehiagorekin.
CREAtik Flecharen alde eta emakume salatzaileen zein informazioak argitaratu dituzten kazetarien aurka egin dute, gogortasun handiz
CREAk eta Flechak dena ukatu dute
Flechak eta CREAk ukatu egin zituzten salaketa guztiak, uztailean argitaratutako ikerketa burutu zuten hedabideak haiekin harremanetan jarri zirenean. Flechak adierazi zuen aipatu sexu harreman motak ez dituela “inoiz” izan, azpimarratu zuen “mundu mailako liderra” dela biolentzia matxistaren ikerketan eta aitzindaria unibertsitateetan sexu abusuak salatzen, eta hain zuzen ere horregatik dela orain “genero-indarkeria isolatzailearen biktima” (genero-indarkeriaren biktimak babesten dituzten pertsonen aurka burutzen den indarkeria gisa definitzen da genero-indarkeria isolatzailea).
CREAko egungo zuzendari eta Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia Departamentuko zuzendari eta katedradun Marta Soler-ek idatziz erantzun zien ikerketa egin zuten hedabideei. 2004ko, 2016ko zein 2025eko dozenaka emakumeren salaketa “faltsuak” pertsona berberari egotzi zizkion: “adin txikikoen abusatzaile” bat, bere esanetan, “kanpainak diseinatu” dituena “CREAk bere biktimetako bati babesa eman zionetik”.
Hurrengo egunetan, ohar bidez, Flecharen aurkako salaketen atzean leudekeen beste bi ustezko zergati eman zituen CREAk: adin txikikoa zelarik sexu abusuak jasan zituen pertsona bati sareak emandako babes publikoa, eta “erlijioso” batek burututako bortxaketa kasu bat azaleratzean izandako inplikazioa. Azken horri dagokionez, eta CREAren inguruneak zabaldutako grafiko batek ziurtatzen duenez, “apaiz ortodoxo” batek 6-10 urte bitarteko neskatoei “sexu abusuak” egiten ari zenaren “ebidentzia ukaezinak” zituen sareko kide batek, eta Flechak taldeko pertsona horri adierazi zion abusuak salatzen ez bazituen berak egingo zuela, “neskato horiek sufritzen jarrai ez dezaten”. Abusuen berri zuen pertsonak, orduan “mehatxu” egin zion Flechari, salaketa aurkeztekotan “bera eta CREA suntsituko zituela” esanez. “Kalumnia larrien kanpaina honekin 10 urtetik beherako neskatoen bortxatzaile baten salaketa eragotziko zutela uste zutenak, oker daude”, idatzi zuen Flechak bere sare sozialetan.
CREA sareko hainbat kidek, taldek zein webgunek (eldiariofeminista.info edo periodicoeducacion.info, esaterako) Flecharen alde eta emakume salatzaileen zein informazioak argitaratu dituzten kazetarien aurka egin dute, gogortasun handiz. CREAko zenbait kide ohiren eta komunikabideen aurkako salaketak ere aurkeztu dituzte epaitegietan.
CREAren "berehalako" desegitea
Erreportaje hau inprentan sartu aurreko egun eta orduetan bi albiste oso garrantzitsu ezagutu dira. Abenduaren 22an, jakin da Bartzelonako Unibertsitateak Flecha eta CREA salatu dituela Bartzelonako Fiskaltzaren aurrean. Uztailean abiatutako barne ikerketak hainbat delituren zantzuak azaleratu ditu: "Hertsapen sexuala, hertsapen psikologikoa, tratu txarrak, esplotazio pertsonala eta profesionala, baita jokabide iraingarriak eta larderiazkoak ere, kontrol handiko hertsapen-talde baten existentziarekin bat etor daitezkeenak". Horrez gain, CREAko bi irakasleri espedienteak ireki dizkio unibertsitateak.
Hurrengo egunean, abenduaren 23ko gauean, CREAk oharra zabaldu du. Salatu du sareak “jazarpen sistematikoa eta jarraitua” pairatu dituela hamarkadetan “biktimei laguntza emateagatik”, eta azken “kanpainak” hori biderkatu duela. Ziurtatu du jazarpenak “ondorio larriak” eragin dizkiela CREAko kideei beren osasun “fisiko eta emozionalean”, eta diskriminazioa lan esparruan. Hori guztia ekiditeko helburuarekin, "jarduna berehalakoan eteteko erabakia" jakinarazi du sareak.
Aurrerago ikusiko da zer ondorio praktiko dituen erabaki horrek, besteak beste CREAk zuzenean bere izenpean aritzen ez diren pertsona, eragile, argitalpen edo proiektu ugari baititu. Edonola dela, orain arte egindakoa hor dago, eta ondorio kolektibo eta pertsonalak ez dira egun batetik bestera desagertuko.
CREA eta Flecha Euskal Herrian
Flecharen aurkako uztaileko salaketek apenas izan zuten oihartzunik Euskal Herriko hedabideetan, ARGIA barne.
Erreportaje honetan ikertu dugu Flechak eta CREA sareak zenbaterainoko presentzia duten Euskal Herriko hezkuntza eremuan. Baina datu hori ez da garrantzizkoa bere horretan: CREAri edo Flechari Herrialde Katalanetan egotzitako abusuek ez dituzte, berez, haiek bultzatzen dituzten ekimenak, metodologiak edo ikuspuntuak baliogabetzen, ezta sarearen Euskal Herriko kideak abusu horien arduradun egiten. Jakin nahi izan duguna zera da: salaketen aurrean zer jarrera adierazi duten CREAren inguruko Euskal Herriko eragile eta pertsonek; Flechak sexu edota botere abusurik burutu duen euskal lurraldeetan; eta sare horren barnean oro har abusuak eta jazarpena gertatu diren pertsonen aurka.
Ahal dela, hurrengo lerroetan CREAri loturiko pertsona zehatzen izen-abizenak ez ematea erabaki du ARGIAK, ezta publikoki Flecharen alde eta salatzaileen aurka egin duten eta egiten ari direnen pertsonena ere. Batetik, zuhurtziagatik: ARGIAk azken hilabeteotan CREA utzi duten zenbait euskal herritarren berri izan du, baina sarearen inguruko hainbat elkarte edo ikerketa taldetako kide gisa agertzen dira oraindik; litekeena da ARGIAk ezagutzen ez dituen antzeko kasu gehiago egotea. Bestetik, CREAren barne funtzionamendu “sektarioaz” salatutakoak egia badin badira, ez da baztertzekoa gaur isilik dauden edo, are, salatzaileen aurka publikoki egiten ari diren pertsonak, bihar salatzaile izatea. Min alferrikakoak edo bidegabeak ekidin nahi ditu hedabide honek.
Deustuko Unibertsitatea: "Jada ez dago CREA taldeari lotutako inor"
EHU: "EHUk ez du lotura instituzionalik CREArekin"
CREA Deustuko Unibertsitatean eta EHUn
Hezkuntza eta unibertsitate eremuko lau pertsonarekin hitz egin du ARGIAk talde honi buruz, eta beren esanak ikerketa propioaren emaitzekin bat datoz oro har. CREAk ez du presentzia handirik Euskal Herrian, eta antza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatua dago. Gainera, hainbat pertsonak utzi dute sarea uztaileko salaketen ondoren, baita aurretik ere. CREAko kide izan zen Oihanaren esanetan, Flecharen “obsesioa” izan da Euskal Herrian “influentzia” izatea, bereziki Deustuko Unibertsitatean (DU) eta EHUn, “baina ez du lortu” eta CREAk botere eta kide gutxi ditu. Oihana ez da pertsona honen egiazko izena, beste bat erabili dugu berak ala eskatuta: 2017-2024 artean CREAko kide izan zen eta hainbat proiektutan hartu zuen parte. ARGIArekin hitz egin du bere esperientziaz, eta bere lekukotasunak bat egiten du beste emakume batzuek deskribatu dituzten Flecharen zein CREA sarearen jarduteko moduekin. Erreportajean berak emandako informazioa baliatu dugu, eta horrez gain bere bizipen pertsonala laburtu dugu aparteko koadroan.
EHUrekin eta DUrekin harremanetan jarri da ARGIA, oro har CREArekin eta Ramón Flecharekin loturarik duten edo izan duten galdetzeko, eta zehazkiago erreportaje honetan, jorratzen diren eta haiekin lotura duten gai batzuen inguruan ere.
DUk ez ditu ARGIAk helarazitako galderak erantzun, “aparte” mantentzeko erabakia azaldu du, eta berriki La Vanguardian argitaratutako informazioa baieztatzera mugatu da. Abenduaren 15ean hedabideak argitaratu zuen CREAk Herrialde Katalanetatik kanpo dituen taldeen artean batzuk Euskal Herrian daudela, DUn eta EHUn. Egunkari horrek berak hurrengo egunean argitaratu zuen DUk emandako argipena, esanez bere irakasle eta ikertzaileen artean “jada” ez dagoela “taldearekin lotuta dagoen inor”. ARGIAk, besteak beste, aurretik ze lotura egon diren galdetu dio unibertsitateari, baina ez du erantzun nahi izan.
EHUk erantzuna eman die ARGIAk helarazitako galderei. Erakundeak CREArekin “harremanik, loturarik edo elkarlanik” duen galdetuta, honakoa izan da erantzuna: “EHUk ez du lotura instituzionalik CREA sarearekin”. Hedabide honek galdetu du ere Joxerramon Bengoetxeak CREArekin edo Flecharekin lotura pertsonalik duen edo ez. Azken urtean CREAri loturiko bi ekimenetan parte hartu izan du, bere karguarekin edo lanbidearekin lotuta. 2024ko abenduan Flechak liburu bat aurkeztu zuen Durangoko Azokan, eta ondoan izan zuen Bengoetxea, orduko hartan herritar gisa. Harreman pertsonalez erakunde gisa erantzutea ez dagokiola azaldu du EHUk, baina argitu nahi izan du Flecha eta Bengoetxea “hirugarren pertsonen bidez” dutela “elkarren berri”, eta Durangokoaz geroztik ez dutela beste harremanik izan.
Flecha lehenik eta behin DUn saiatu zen CREArentzako eta berarentzako eragin esparruak irabazten, Oihanaren esanetan. ARGIAk jakin duenez, unibertsitate pribatuan CREAko zenbait kide aritu dira lanean, irakasle edo ardura postuetan. Eragin horren adibide izan daiteke 2023ko martxoaren 16an Bilboko campusean burutu zuten La Sociedad Dialógica (Gizarte Dialogikoa) liburuaren aurkezpena. Flecharekin mahaian izan ziren, besteak beste: Gema Tomás Deustuko Zuzenbide fakultateko dekanoa; Tontxu Campos, egun Deustuko unibertsitateko irakaslea eta 2005-2009 legegintzaldian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu izana; eta Marta Soler CREAko egungo zuzendaria. Edonola dela, Oihanaren arabera, egun ez dago CREAko kiderik DUn, eta Flechak “jada ez du botererik”.
CREAk EHUn izan duen erreferentzia nagusia Bizi ikerketa taldea da. Oihanaren esanetan, Flechak “agindu” zuen Bizi sortzea, DUn toki bat egiteko “ahaleginek porrot” egin ostean, eta ordutik hori izan da CREAk Euskal Herrian izan duen apustu nagusia. “Afari batekin ospatu genuen sorrera”, dio. Bilerak ostiralero egiten zituztela azaldu du, bideo-dei bidez, eta CREAko EHUko kideez gain, sareko kide diren baina Katalunian bizi ziren eta EHUrekin harremanik ez zuten euskal herritarrak ere konektatzen ziren, Flecha tartean. “Guztiak behar zuen Ramónen oniritzia, berak bilerara huts eginez gero zuzenean esaten zen, ‘gaur ezin dugu erabakirik hartu’”. ARGIAri hainbat iturrik jakinarazi diotenaren arabera, ikerketa taldeko arduradunek CREA utzi dute eta Bizi desegin egin da uztaileko salaketen ostean.
ENHANC-ED proiektua “hezkuntza hobea guztientzat, testuinguru pluraletan, soziokulturalki anitzetan eta eleanitzetan, I+G proiektu bat da”, bere blogean irakurri daitekeenez. Besteak beste Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak finantzatzen dute. Partner (kide) atalean bost unibertsitate azaltzen dira: Herrialde Katalanetako Universitat de Valencia, Universitat Jaume I eta Universitat de Girona; eta Euskal Herriko EHU eta Deustu Unibertsitatea.
CIMIE nazioarteko kongresuaren batzorde antolatzailean (Donostiako fakultatean burututako kongresuan gorazarrre egin zitzaion Flechari, salaketak ezagutu berritan, eta 2026an Bilbon antolatuko duela iragarri zuen antolakuntzak. Irakurri albistea hemen) Bizin eta ENHANC-EDn CREAri loturiko hainbat pertsona errepikatzen dira arduradunen, kideen edo laguntzaileen artean. Horietako batzuk CREA utzi dute uztaileko salaketen ondoren, edo lehenago. Beste batzuk CREAn jarraitzen dute, eta Flecharen alde eta salatzaileen aurka egin dute sare sozialetan.
Ziurrenik egoera horrek bultzatuta, EHUko CGT-LKN sindikatuak oharra argitaratu zuen irailaren 25ean. Salatu zuen uztailean ezagututako salaketen aurrean “estatuko hainbat unibertsitateko CREAko kideek, horien artean EHUko kideak, Flecharen salatzaileak, haien laguntzaileak eta kasu hau publiko egin duten kazetariak difamatu, kalumniatu, iraindu, zalantzan jarri eta jazarri” dituztela. CGT-LKNk “posizionatzera” deitu zuen EHU.
Salaketak eta mehatxuak
CGT-LKN sindikatuarekin harremanetan jarri da ARGIA. Oharrean salatutakoaz gain, hedabide honi kezka azaldu dio EHUn klaseak ematen ari diren eta CREAko kide diren bi irakasleren jarduera dela eta. Bat sare sozialetan Flecharen alde eta salatzaileen aurka egiten ari da, eta bigarrenaren inguruko kexa jaso zuen sindikatuak ikasle baten aldetik, ikasgaiaren gaitegiak justifikatzen ez badu ere CREAri loturiko edukiak ematen ari zelako. ARGIAri beste iturri batek ziurtatu dio lehen irakasleak ere eman izan duela CREAko edukia, ikasgaien materiak oso bestelakoak izanik ere. CGT-LKNk kezka azaldu dio ARGIAri, CREAko irakasleek beren jarduna baliatu ote duten sarerako ikasle gazteak “erakartzeko”. ARGIAren informazioaren arabera, CGT-LKNk aipatutako bigarren irakaslea CREAtik irten da azken salaketen ostean, baina sareko kide den eta publikoki Flecha babesten ari den beste berri bat hasi da lanean EHUn irakasle gisa. Gaur egun bi dira, hortaz, EHUn irakasle ari diren CREAko kideak, eta biak ari dira Flecharen alde eta salatzaileen aurka egiten, CREAren argudioak bere eginez.
ARGIAk EHUri galdetu dio bi irakasle horien jardunaren berri duen, eta izatekotan neurririk hartu duen edo hartzeko asmorik duen. Honakoa azaldu du unibertsitate publikoak: “Inoren kontra neurririk hartzeko salaketa bat egon behar da, ikerketa bat zabaldu beharko litzateke eta neurririk hartzea balego dagokion lekuan hartu. Baina ez gaude egoera horretan”.
Oharra argitaratu ostean, CREAko bi irakasle horiek sinatutako gutuna jaso zuen posta elektroniko bidez CGT-LKNk, tonu oso gordinekoa. EHUko irakasleek CREAren eta Flecharen aurkako salaketa guztiak ukatu, biktimak haiek direla ziurtatu eta “eraso” egitea leporatu zioten sindikatuari. Oharra ezabatzea exijitu zioten, eta egin ezean “neurri legalak” hartuko zituztela iragarri.
Sindikatuak ez zuen erantzun ez oharrik ezabatu, eta horren aurrean bigarren gutun bat bidali zuten sindikatura CREAko kideek, baina orduan EHUko Berdintasuneko Zuzendaritzaren arduraduna kopian jarrita. Tonu mehatxagarri berdina erabilita, “ustezko” abusatzaileekin “kolaboratzea” leporatu zioten sindikatuari. Esaldi bera errepikatzen da gutunaren hasieran eta amaieran: “Etorkizunean ezin izango duzue esan ez zeundetenik jakinaren gainean”.
CREAren aldeko eragile batzuk
Badira hezkuntza arloan CREAren metodologiak bultzatzen dituzten talde eta pertsona gehiago ere.
Uztaileko salaketak publiko egin ostean (Bizi ikerketa taldea desegin den garai berean) Giltzarri sortu zuten sei “ikertzaile gaztek”. Beren blogean irakur daitekeenez, “Euskal Herriko lau lurraldetako hezkuntzako ikertzaileen komunitatea” da Giltzarri, eta, besteak beste irakasleentzako “prestakuntza” eskaintzen du. Sei kideetatik hiru CREAko kide gisa aurkezten dira; bik EHUrekin lotura dute, eta lauk Kataluniako unibertsitateekin (horietatik hiru salaketen erdigunean dagoen Bartzelonako Unibertsitatearekin). Sei kideek argitaratu dituzte beren sare sozialetan Flecharen eta CREAren aldeko mezuak, eta salatzaileen aurkakoak.
Adarra erakundeak zein Ikaskom eta Kaiera argitalpenek Flecharen eta CREAren alde egin dute beren sare sozialetan
Adarra Pedagogi Erakundea 1978an sortu zen. Bere webgunean irakur daitekeenez elkarlan harremana du hezkuntza arloko zenbait euskal eragilerekin, eta CREArekin. Erakundearen sare sozialetatik, salaketen aurrean Flechak zein CREAk emandako erantzunak zabaldu dituzte. Berdin egin dute Adarrari loturiko Ikaskom eta Kaiera argitalpenek ere. Euskadiko Ikas Komunitateen sareko koordinatzaileak, azkenik, Flecharen eta CREAren aldeko idatziak argitaratu ditu CREA sarearen argitalpenetan zein bere sare sozialetan.
Flecharen sexu abusuak Bilbon
Uztailean Eldiario, Infolibre, RTVE eta Radio4-RNE hedabideek argitaratu zituzten CREAko emakumeen lekukotasunetan Bilbo bi aldiz aipatzen da, Flecharen ustezko sexu abusuekin lotuta. Bietan Euskal Herritik kanpoko emakumeak dira salatzaileak, eta azaltzen dutenez Bilbora gonbidatu zituen Flechak zeregin akademikoekin lotuta.
Raquel ezizeneko emakumearen kontakizuna 2000ko hamarkada hasieran kokatuta dago: “Beste lankide batekin gaude [Flecha eta biok], lankidea lotara doa eta gu sofan geratzen gara, hurbiltzen hasten da, laztantzen nau, ni oso deseroso nago eta leihotik begiratzeko esaten dit, ez dakit zer ikusteko. Sofara itzultzen garenean musu bat ematen dit, ez zen besterik gertatu". Bartzelonara bueltatuta, CREArekin eta Flecharekin harremanetan jarraitu zuen urte luzez Raquelek, eta bere kontakizunak bizipen gogorrak deskribatzen ditu. Sofia ezizeneko emakumeak 2010eko hamarkadaren erdian bidaiatu zuen Flecharekin Bilbora, lekukotasunaren arabera: “Esplizituki esan zidan inork ezin duela bidaiaren berri izan, inbidiak sor ditzakeelako. Bidaia garrantzitsua zen berarentzat, eta astebete lehenago esan zidan ez nuela ematen behar bezain motibatua. Izututa nengoen, ez nuen berarekin ezer nahi". Sofiaren arabera, Flecha musu ematen saiatu zen bidaia hartan, baina neskak saihestu egin zuen. "Botaka egiteko gogoa nuen. Sentitu nuen, nola ihes egiten dut honetatik? Hau segada bat da. Oso zaila zen".
Euskal Herriko CREAko kideei dagokionez, Oihanak dio egun CREAtik kanpo dagoen emakume nagusiago batek neska gazteak Flecharengandik “aldentzeko” ahalegina egin zuela, eta horrek abusuen arriskua gutxitu zuela: “Horregatik ez balitz askoz okerragoa izango zatekeen”.
Bere bizipen pertsonalez galdetuta, zenbait egoera “desatsegin” edo “desegoki” aipatu ditu Oihanak, besarkada edo kontaktu fisiko “deserosoak” kasu. Batzuk gertatu ziren momentuan bertan egin zitzaizkion desatseginak, beste bizipen edo komentario batzuei esanahi sexualizatu berria eman die orain, urtetara, CREA utzi eta salaketen berri izan ostean.
Afariak neska gazteekin
Oihanaren Esanetan, bera CREAko kide izan zen garaian (2017-2024) Bartzelonan bizi bada ere urtean “lauzpabost” afari antolatzen zituen Bilbon Flechak, bere lagun baten etxean, “neska akademiko gazteak” gonbidatuta “sekretismo handiz”. Afarietatik urte horietan “oso gutxi gorabehera” hogei pertsona ezberdin inguru pasa zirela dio, afari bakoitzean 5-12 pertsona artean, “Ramónek eman nahi zion esklusibitatearen arabera”. Azken urteetan eta “oso gutxitan” bi gizonek ere parte hartu zuten.
Flechak afariak “aitzakia” akademikoekin deitzen zituela dio Oihanak, baina ia beti sexualitatearen inguruan hitz egiten amaitzen zuela, bera bakarrik eta luzaroan. “Oso momentu desatseginak ziren”. Bilbotik kanpoko pertsonak ere egoten ziren, amaitzean Flechak lo egiteko tokia eskaintzen zien, eta batzuek eskaintza onartzen zuten. Publiko egin diren Flecharen aurkako sexu abusu salaketa gehienak etxeetan eta bilkuren testuinguruan gertatu direla azaldu dute emakume salatzaileek. Berak parte hartu zuen afari horien testuinguruan gertatutako abusuren berririk izan duen galdetuta, ezetz dio Oihanak, baina ez duela inondik ere baztertzen gertatu izana.
Urtean “lauzpabost” afari antolatzen zituen Bilbon Flechak, bere lagun baten etxean, “neska akademiko gazteak” gonbidatuta “sekretismo handiz”
Sexu arloaz harago, afarietan oro har “erabateko koertzio giroa” nagusitzen zela dio Oihanak. Bere esanetan, Flechak bilkurak baliatzen zituen bere aginduak erabat betetzen ez zituzten pertsonak besteen aurrean “txikitzeko” edo umiliatzeko. “Ez zuzenean eta gordin aurka eginez”, zehaztu du, baizik eta adiskidetasunaren eta zaintzaren izenean: “Zure laguna naizenez eta salbatu nahi zaitudanez, eta egia esaten dizudan bakarra naizenez, esan egiten dizut”.
CREAren kontrola eta Flecharen agintea
“Flechak beti esaten du bere proposamenak lasaitasun osoz hartu edo baztertu daitezkeela, baina praktikan ez da egia, ez baduzu berak esandakoa egiten testuinguru bat sortzen du zeinean ezin duzun ezetz esan, eta esaten baduzu, orduan larrutu egiten zaituzte”, dio Oihanak CREAko barne giroaz. Kontrara, “bere afarietan azkenera arte geratzen bazinen, bilera guztietara konektatzen bazinen... orduan erakargarri zeunden, hori zen bere hitza, erakargarri”.
Bereziki Herrialde Katalanetan Flechari eta CREAri leporatu zaizkion hainbat “sekta” portaera Euskal Herrian ere ikusi dituela dio Oihanak, “erabat”. Esaterako, bizitza osoa CREAko pertsona eta egituren barnean egin eta hortik kanpoko harreman pertsonalak moztea bultzatzea, kritikak arazo eta gabezia pertsonalekin lotzea, edo zigortu-saritu dinamikak Flecharekiko portaeraren arabera. “Ramonek erabakitzen zuen proiektuak nori eman, artikuluak nork sinatuko zituen eta nork ez”.
*Albiste hau ikerketa orokorrago baten zatietako bat da. Hauek dira gainontzeko edukiak:
- Testigantza: Oihana CREA-ko kide ohia: “Emakume nagusiago batek lan egin zuen neska gazteak Flecharengandik babesteko”.
- Social Impact enpresa: Flecha, CREAko nagusiak eta elite enpresariala batera.
- CIMIE kongresua Donostiako fakultatean: Flechari gorazarre zuzena.