Berlin, 1921eko martxoaren 15a. Soghomon Tehlirian izeneko gazte armeniarrak Talat Pasha Otomandar Inperioko barne ministro ohia hil zuen. Tehlirianen herrixkan sarraskia egin berri zuten otomandarrek, eta armeniarrak erantzuletzat jotzen zuen Pasha. Beraz, mendekuak bultzatuta egin zuen hilketa. Hainbat iturriren arabera, 1915 eta 1923 artean, otomandarrek milioi eta erdi armeniar inguru hil zituzten.
Handik ia 900 kilometrora Raphael Lemkin (1900-1959) poloniar gaztea hizkuntzalaritza ikasten ari zen, Tehlirianen kontrako epaiketaren berri izan zuenean –armeniarra absolbitu zuten azkenean–. Armeniarren kontrako sarraskiak erabat hunkitu zuen, eta, hizkuntzalaritza baztertuta, zuzenbidea ikastea erabaki zuen. Nazioarteko zuzenbideak horrelako masa hilketak legez tipifikatzea izango zuen helburu handik aurrera.“Basakeria krimenak” deitu zien hasieran.
Nurembergeko epaiketetan, fiskalek genozidioa aipatu zuten, baina 190 orrialdeko sententzian ez zen kontzeptua idatziz jaso; gizateriaren kontrako krimenengatik kondenatu zituzten, eta ez genozidioagatik
“Nazio bat suntsitzean, ez da itsasontzi baten karga suntsitzen, gizateriaren zati handi bat baizik, guztiok partekatzen dugun herentzia espiritualarekin batera”, idatzi zuen Madrilen 1933an egin zen zuzenbide penalari buruzko konferentzia baterako prestatu zuen dokumentuan. Baina ezin izan zuen konferentzian parte hartu, poloniar agintariek bisa ukatu ziotelako. Lemkin jurista prestigioduna zen ordurako, baina judua ere bazen, eta poloniar gobernuak Alemanian hauteskundeak irabazi berri zituen Adolf Hitlerrekin harreman adeitsua izan nahi zuen.
Pazientzia
1939an, naziek Polonia okupatu zutenean, Lemkinek ihes egitea lortu zuen, bere familiak ez bezala. Holokaustoan 49 senitarteko galdu zituen, gurasoak barne. Gertatzen ari zena gogo biziagoz salatu zuen erbestean handik aurrera. 1942an, Franklin D. Rooseveltekin biltzea lortu zuen, baina AEBetako presidenteak “pazientzia” eskatu zion; lehentasun bakarra gerra nola edo hala irabaztea zen.
1944an, Winston Churchillek “izenik gabeko krimena” esan zion juduen kontrako masa hilketari, baina urte berean Lemkinek izena jarri zion, Ardatzaren boterea Europa okupatuan liburuan. Grekerazko genos izena (herria, etnia) eta latinezko cidio atzizkia (caedere edo hil aditzetik) batu eta genozidio izena osatu zuen.
Hurrengo urteko azaroan, Nurembergeko epaiketetan, fiskalek genozidioa aipatu zuten, baina 190 orrialdeko sententzian ez zen kontzeptua idatziz jaso; gizateriaren kontrako krimenengatik kondenatu zituzten, eta ez genozidioagatik. “Nire bizitzako egunik ilunena izan zen”, idatziko zuen Lemkinek.
1946ko abenduan, NBE sortu berriak “genozidio krimena” jaso zuen lehenengoz 96. erresoluzioan. Eta, azkenean, 1948an Genozidio Delituaren Prebentzio eta Zigor Konbentzioa onartu zuten. Handik aurrera, NBE genoziodioa epaitzeaz arduratuko zen.
1948an Genozidio Delituaren Prebentzio eta Zigor Konbentzioa onartu zuten. Handik aurrera, NBE genoziodioa epaitzeaz arduratuko zen. (...) Raphael Lemkin 59 urte zituela bihotzekoak jota hil zenean, miseria gorrian zegoen, baina helburua lortuta hil zen, behintzat
Raphael Lemkinek bere bizitza eta diru-sarrera guztiak eman zituen hori lortzeko. Horregatik, 59 urte zituela bihotzekoak jota hil zenean, miseria gorrian zegoen, baina helburua lortuta hil zen, behintzat.
Lemkin judua eta holokaustoaren biktima izaki, berriki, zenbaitek zalantzan jarri du Israelgo estatua genozidatzat joko ote zuen. 2013an Yale unibertsitateak Lemkinek idatzitako autobiografia argitaratu zuten Totally Unofficial (Guztiz ez ofiziala) izenburupean. Donna-lee Frieze genozidioaren eta holokaustoaren ikerlari eta irakasle australiarra arduratu zen lanaren edizioaz.
Eta sarreran garbi adierazi zuen: “Sionismoak ez zuen sekula lortu Lemkin liluratzea”; ziurrenik, sionismoarekin lerratu izan balitz, egoera ekonomiko egonkorragoa izango zukeen azken urteetan. 2018an autobiografiaren gaztelerazko bertsioa eman zuen argitara giza eskubideen aldeko Berg Institutuak, eta sarreran Antonio Muñoz Molina idazleak zera gaineratu zuen: “Ez zuen Europako juduen suntsipenaren ikuspegi esklusibista izan”. Eta bere ibilbidearen abiapuntuak garbi adierazten du, holokaustoa gertatu eta hitza asmatu baino askoz lehenago ere, genozidio guztiak zituela jomuga.
Horrela, zalantza argituta geratzen da: Lemkinek Israel Palestinan egiten ari denari genozidio esango zion, ziurrenik NBEk baino lehenago, gainera.