“Emakume nagusiago batek lan egin zuen neska gazteak Flecharengandik babesteko”


2025eko abenduaren 29an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Oihana 2017an hasi zen CREArekin harremanetan. Master Amaierako Lana (MAL) jardunaldi batzuetan aurkeztu zuen, eta amaitzean, bertan zen CREAko pertsona batek mintegi batera gonbidatu zuen. Ostean, “ibilbide akademikoa hasteko zeuden aukeren inguruan hitz egiteko” hitzordua proposatu zioten, unibertsitatean lan egiten zuen emakume batekin. “Nire sorpresarako, kafe horretara ez zen emakumea agertu, baizik eta Ramón Flecha”. Oihanaren esanetan, Flecha kontu akademikoez galdezka hasi zitzaion, baina “jarraian nire egoera pertsonalaz galdegin zidan: ea mutil lagunik nuen, berarekin pozik nengoen edo ez, ea bakarrik bizi nintzen edo gurasoenean... Gero bera hasi zen gauza pertsonalak kontatzen, bere bikotearen urtebetetzea zela, Gaztelugatxera eraman behar zuela bertan musukatu zirelako lehen aldiz, idatzi zion postala erakutsi zidan... Ezustean harrapatu ninduen, arraroa izan zen, tentsioan jarri nintzen”. Flechak 65 urte zituen orduan, Oihanak 23 (Oihana ez da pertsonaren egiazko izena, aldatu egin dugu berak horrela eskatuta).

Tarte batera, CREAko beste kide bat batu zen hitzordura –MALaren aurkezpenaren ostean hurbildu zitzaion pertsonaren alaba–, eta Oihana “lasaitu” egin zen, “beste emakume gazte bat zegoelako: pentsatu nuen ‘a, hau normala da’”. Emakume gazteak zineforum batera gonbidatu zuen, bere amaren etxera. Pixkana, CREAn parte hartzen hasi zen. “Hasieran pentsatu nuen Flecha agertu izana gaizki-ulertu baten ondorioa zela, eta ondoren neska gaztea batzea kasualitatea. Baina orain, eta beste lagun batzuekin hitz egin ostean, uste dut ezetz, egiteko modu orokor baten adibidea dela”.

Abusuak

“Emakume nagusiago batek amortiguadore lana egin zuen urtetan neska gazteak Flecharengandik babesteko, bere interesa dispertsatuz aldentzen saiatzeko. Sufritu dugu, baina horregatik izan ez balitz askoz okerragoa zatekeen”.

2023ko irailean Bartzelonara bidaiatu zuen Oihanak, unibertsitateko mintegi batera. “Ramónekin afaldu nuen mintegia prestatzeko. Ondoren, pub batean kopa bat hartzea proposatu zidan, mahaiaren aurreko aulkian eseri ordez ondoan eseri zitzaidan, sofa txiki batean, toki gutxi zegoen eta gure gorputzak kontaktuan zeuden. Deseroso nengoen, ‘nahikoa da’ pentsatzen”.

"Afariak aitzakia akademikoekin antolatzen zituen, baina ia beti bera bakarrik eta gai sexualez hitz egiten amaitzen zuen"

“Bilbora etorri den bakoitzean sekretismo eta esklusibotasun puntu horrekin ibili da. Afariak antolatu eta neska akademiko gazteak gonbidatzen zituen. ‘Gonbidatuta bazaude oso berezia zarelako da’, hori zen giroa. Erabateko koertzio giroa zegoen afarietan. Batetik, aprobetxatzen zituen nahi zuen jendea txikitzeko edo barregarri uzteko denen aurrean. Afarietan esan zenezakeen bakarra zen ‘a ze pasada!’. Berak esandako ezer zalantzan jartzen bazenuen, baztertu egiten zintuzten. 2023ko martxoko afari batean, esaterako, hori gertatu zen neska batekin. Bestetik, afariak aitzakia akademikoekin antolatzen zituen, baina ia beti bera bakarrik eta gai sexualez hitz egiten amaitzen zuen, oso berandu arte, ‘lo egitea ahulen kontua da’, errepikatzen zuen. Oso momentu desatseginak ziren”.

CREAtik irten

2024an hasi zen Oihana CREAtik aldentzen, atzerrian zegoela, pertsonalki eta akademikoki estimuan zituen bi pertsonari egindako “jazarpenak” eragin zion urruntzea. “Ziurrenik kanpoan egoteak lagundu zidan distantzia batekin ikusten gertatzen ari zena. Bestela, ez baduzu distantziarik, edo gauza batzuk normalak ez direla esango dizun lagun edo seniderik, zaila izan daiteke”.
Lehen jazarpen kasua euskal herritar baten aurkakoa izan zen. “Flechak arlo akademikoan zerbait egiteko eskatu zion, eta ezezkoa eman zion, ez zuela egoki ikusten. Suntsitze pertsonala hasi zen. Egun batetik bestera, emakume horren aurkako mezuak zabaltzen hasi ziren, dena txarto egiten zuela, ustelkeria... Ezin nuen sinetsi”. Pertsona gutxi batzuk emakumea defendatu zutela dio Oihanak, tartean berak, eta orduan mezu erasokor horiek beren aurka ere zuzendu zituztela: “Euskal Herriko hezkuntza zapuztu genuela...”. Garai bertsuan beste horrenbeste gertatu zen UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko beste emakume baten aurka. Hori guztia dela eta, “aldentzen” hasi zen, eta “2024ko abenduan blokeatu egin nituen telefonoan CREAko orbitan jarraitzen zuten pertsona guztiak”.


Utzi erantzuna
Eguneraketa berriak daude