Hiroshima eta Nagasaki, zortzi hamarkada geroago

  • Historia garaikideko basakeriarik handienetakoak dira Hiroshimaren eta Nagasakiren bonbardaketak. 1945eko abuztuan, hiru eguneko epean, bi bonba atomiko jaurti zituzten lehen aldiz historian eta bi hiritako biztanleak modu indiskriminatuan hil zituzten. 1945aren amaierarako, 210.000 heriotza zenbatu zituzten, eta ordutik gaur arte, gutxi gorabehera, batez ere erradiazioaren bidez, beste horrenbeste hil direla kalkulatzen da. 

Bakearen aldeko eta arma nuklearren zein gerren aurkako manifestazioa Hiroshiman. 2024ko abuztuaren 6an, bonbardaketaren 79. urteurrenaren oroimen ekitaldian.
Bakearen aldeko eta arma nuklearren zein gerren aurkako manifestazioa Hiroshiman. 2024ko abuztuaren 6an, bonbardaketaren 79. urteurrenaren oroimen ekitaldian. Lucas Vallecillos

2025eko uztailaren 30ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiroshimako Bonba Atomikoaren Kupulak ez du inor axolagabe uzten. Hondatutako eraikin horrek basakeriaren lekukotza ematen du. Bertan zeuden pertsona guztiak hil ziren, eta leherketatik gertuen zutik geratu zen egitura izan zen, epizentrotik 160 metrora. Bonba Atomikoaren Museoan ikus daitezkeen 1945eko argazki panoramikoetan argi ikus daiteke  inguruan nola geratu zen guztia suntsituta. Eta bonbardaketaren egunean, hainbeste hondakinen artean, Yukio Yoshioka jauna zegoen 1,7 kilometrora, 16 urte zituela: “Abuztuaren 6 hartan jai nuen, egun bat neukan libre aspaldiko partez. Aitarekin galdara bat erostera joan nintzen bainurako. Galdara jasotzera gindoazela, bonba atomikoa erori zen; argi dizdira itsugarri bat ikusi nuen eta berehala konortea galdu nuen. Ez dakit zenbat denbora pasa zen aitak esnatu ninduen arte, baina ezin nuen ia ikusi, aurpegiko zauriek ez baitzidaten begiak irekitzen uzten. Gero, etxera bueltatzen saiatu ginen. Kalean jende guztia laguntza eske ari zen, erraustutako gorpuak zapaltzen gindoazen, infernua zirudien. Azkenean etxera iritsi nintzenean, koman sartu nintzen eta hala egon nintzen hamar egunez”.

Hiroshima guztiz suntsituta utzi zuen AEBetako presidente Harry Trumanen aginduz jaurtitako bonba nuklearrak. Nagasakin botatakoarekin, egun gutxitan 200.000 pertsonatik gora hil zituzten indiskriminatuki. Ez dute inoiz inor epaitu ez zigortu guda krimen harengatik. (Yoshito Matsushige)

Yoshioka jaunarekin batera, bizirik atera ziren beste bi pertsona datoz: Jyunko Kayasige eta Miyako Yano emakumeak. Haiek 1945eko abuztuaren 6an, goizeko 8:15ean, beren begiekin ikusi zuten B-29 “Enola Gay” bonbarderoak jaurtitako Little Boy izeneko bonbak Hiroshiman eragin zuen izua.  590 metroko altuerara lehertu zuten, suntsipena areagotzeko, lurrean lehertu izan balitz lurzoruak eta inguruko eraikinek eduki zezaketen eragina saihesteko. Hainbestekoa izan zen askatu zuen energia, aireak hartu zuela 300.000 graduko eta lurrak 3.000 graduko tenperatura. Askatu zuen erradiazioa, hori baita bonba nuklear bat beste konbentzional batetik bereizten duena, hilgarria izan zen hipozentrotik kilometro bateko erradioan zeuden guztientzat eta berehala hil ez zirenak, hurrengo ordu edo egunetan hil ziren. Epizentrotik kilometro batzuetara zeuden pertsonak, itxuraz onik atera zirenak, ere hil egin ziren denbora gutxira jasotako erradiazio dosiagatik. Gaur egun oraindik ere, erradiazioak gaixotasun fisiko eta psikologikoak sortzen jarraitzen du bizirik atera zirenen eta ondorengoetan.

Jyunko Kayasige, 1940an jaioa, Hiroshimako bonbardaketa atomikotik bizirik atera zen. Bonbardaketaren egunean zegoen tokia ari da erakusten mapan, epizentrotik 1,3 kilometrora. (Lucas Vallecillos)

Miyako Yanok 14 urte zituen bonba lehertu zen egunean eta bere etxean zegoen, epizentrotik lau kilometrora. Leherketaren uhinak kalera bota zuen arren, bai berak, bai bere gurasoek ere onik atera zirela ziruditen, zauri arin batzuk kontutan hartu gabe. Bere etxea ospitale inprobisatu bihurtu zen, hiltzen zihoazenentzat erraustegi funtzioa betetzen zuen bitartean. Yano anderea izan zen zenbait egunez sua pizturik mantentzearen arduraduna, hildakoak erraustu ahal izateko. “Gorpuek erradiazio asko askatzen zuten erretzen genituenean eta guk arnastu genuen hori. Bi urteren buruan, nire gurasoak minbiziak jota hil ziren eta nik tiroideetako minbizia garatu nuen”. Hibakusha deitzen zaie bonbardaketa atomikotik bizirik atera ziren pertsonei. Bonbardaketa atomikoak lehen pertsonan bizi izanaren esperientziak eragindako kalte fisiko eta psikologikoaz gain, pertsona hauek etengabeko beldurrez bizi ziren gaitzek okerrera egin eta ea heriotza eragingo ote zien, eta gaur egun arte irauten duen diskriminazio soziala ere pairatu zuten.  Askorentzat oso zaila izan da bikotea edo lana aurkitzea, ez baitzuen inork zamatu nahi hala moduzko osasuna zuen pertsona batekin. “Gobernuak ez ninduenean biziraule moduan aitortu hipozentrotik bi kilometrora nengoelako, oroitzen dut nire medikuak easten zidala hala hobe zela, ez baztertua izateko lan-merkatutik baztertua eta bikotekidea arazorik gabe aurkitzeko”, dio Miyako andereak. Gaur egun bizirik ateratako biktima gisa aitortua dago. “Arazo handiak izan nituen nire senarraren familiarekin, ez zutelako nahi nirekin ezkontzea, baina azkenean maitasuna gailendu zen”, dio Kayasige andereak irribarre goxo batekin.

'Fat Man' bonba atomikoaren erreplika. Nagasakiko Bonba Atomikoaren Bakearen Oroimen Museoan ikusgai.

1945eko uztailaren 16an, AEBek aro nuklearra ireki zuten historiako lehen proba nuklearra egin zutenean Alamogordoko basamortuan, Mexiko Berrian. Proba hartatik hiru astera, nahiz eta bazekiten Japonia dagoeneko garaitua eta bakea sinatzeko gogoz zeukatela, AEBek lehen bonba atomikoa bota zuten Hiroshiman. Errendizioa aitortzeko Japoniako Gobernuaren une zalantzatiaren aurrean, AEBek ez zuten denbora galdu bigarren aukera bat emateko. Manhattan proiektuaren kostu ikaragarria justifikatu behar zuten, eta munduari beren indarra erakusteko gogoz zeuden. Abuztuaren 9ko 11:02an, Fat Man erori zen Nagasakiren gainera eta 550 metroko altueran lehertu zuten. Egun horretan Sumiteru Taniguchik 16 urte zituen eta eta epizentrotik 1,8 kilometrora zebilen bizikletaren pedalak astintzen, egunero bezala, posta banatzen. Leherketak 5 metro atzera bota zuen, ez zuen sekula konortea galdu eta bere bizikleta burdin pilo bihurtu zen. Bere bizkarra eta ezkerreko besoa kiskali zizkion uhin termikoak. “Ezkerreko besoko azal guztia hatzetatik zintzilik neukala ikusi nuen lehenik, eta jarrian nire ondoan hildako haur bat zegoela. Erreduretatik ez zitzaidan odolik ateratzen, ez nuen minik sentitzen hasieran, baina pixkanaka gorputz osoan zabaltzen hasi zitzaidan mina intentsitate handiz. Zuhaitz baten azpian jarri ninduten eta han egon nintzen bi egunez, beste zauritu batzuekin. Denak hil ziren. Hirugarren egunean erreskate-talde batek jaso ninduen. Denek uste zuten hilko nintzela. Handik hiru urte eta zazpi hilabetera atera nintzen ospitaletik, guztiz sendatu gabe eta hainbatetan itzuli behar izan nuen ospitalera, berriz okertzen bainintzen”, kontatu zidan Taniguchik 2017an, hil baino hilabete batzuk lehenago. Eskuetan zeukan bonbardaketatik 6 hilabetera atera zioten argazki ikaragarri bat. Gaur egun, argazki hori Nagasakiko Museo Atomikoaren ikurretako bat da eta Japonen memoria historikoan iltzatuta geratu da. Ahots hari ahul batekin mintzatzen zen, baina oso irmo armamentu nuklearrak dakarren mehatxuaz.

Sumiteru Taniguchi (1929–2017), Nagasakiko bonbardaketa atomikotik bizirik atera zen. 16 urte zituen orduan. Erasoa gertatu eta sei hilabetera zuen egoeraren argazkia du eskuetan. (Lucas Vallecillos)

Nagasakiko Hibakusha-en egoitzan, Sachiko Matsuo anderea bere lekukotza emateko zain dago. Jantzi more dotorea darama eta kolore bereko ilea du. Kanpoko alaitasun horretatik harago, bere aurpegiak bizitza oso bateko sufrimendua islatzen du. Oso familia jendetsu bateko kidea zen eta etxe berean 20 pertsona bizi ziren, hipozentrotik 700 metrora. Bizia salbatu zuen bonbardaketa baino egun batzuk lehenago, B-29 estatubatuar batek jaurtitako esku-orriak jaso zituelako errepidetik bere aitak, negozio bidaia batetik bueltan. Bertan esaten zen Nagasaki egun gutxiren buruan errauts bihurtuko zutela. Hiroshiman zer gertatu zen jakin zuen beren aitak bidaia hartan, eta lan-konpromisorik ez zuten familiako kide guztiak behartu zituen mendian egin zuen txabola batean babestera. Eta hantxe zegoen Matsuo 1945eko abuztuaren 9ko 11:02an, bere ama, amona, lau anaia-arreba txikiagoak eta bizilagunen semeak ziren hiru haurrekin. Nahiz eta mendian egon, eta hiritik kanpo, epizentrotik 1,3 kilometrokoa zen distantzia eta leherketak txabolatik kanpora bota zituen.  Nahiz eta golpeak eta erredurak jaso erradiazio termikoagatik, ez zen inor larri zauritu. Txabola hartara joan ez ziren Matsuo andrearen gainerako senide guztiak hil ziren eta ez ditu inoiz gehiago ikusi. Hilerrian haien izenekin harri bat jarri zuen. Bere aita bizirik atera zen, baina abuztuaren 28an hil zen erradiazio dosi hilgarria jaso zuten guztiek zituzten sintoma klasikoekin: orban moreak gorputzean, ile-galera, sukar altua, etengabeko beherakoa, odol-jarioa entzietatik... Matsuo andereak ahaztu ezin duen zerbait bada, hori Nagasakik gaua sartu zenean zuen irudia da. “Infernua zirudien. Dena zegoen sutan, sugarrak nonahi, suzko itsaso bat zen. Menditik ikus nezakeen Murakamiko eliza sutan. Gure familia kristaua da, eta irudi hori ez dut sekula ahaztuko”.

Nahasmen eta oinazez beteriko zenbait egunen ostean, enperadoreak irratiz mezua bidali zion nazio osoari esanez: “ni ez naiz jainkoa, baldintzarik gabe errenditzen gara”. Horrela amaitu zen gerra, baina orduan hasi zen munduan etapa berri bat, arma nuklearrik hilgarrienaren bila lasterketak markatua. 1955etik 1989ra, urtean 55 proba nuklear egin zituzten munduan, bataz beste. Gaur egun, Hiroshimakoa baino 100 aldiz indartsuagoak diren bonbak bederatzi herrialdek dauzkate. Eta hala ere, AEB izan da erabili dituen herrialde bakarra,  gizateriak ezagutu duen guda krimenik handiena, eta gainera, zenbait hamarkadaz, garaileek “beharrezko” gisa saldua. Basakeria horregatik ez da inoiz inor ez epaitua ez zigortua izan. Milaka hildako errugabe, milaka bizitza puskatu, oraindik amaitu ez den sufrimendu eta heriotz-errekastoa utziz. 

Jendea faroltxo flotagarriak Motoyasu ibaian uzten, 2024ko abuztuaren 6an, bonbardaketa atomikoen 79. urteurrenaren oroitzapen ekitaldian, Hiroshima hiriko Bakearen Parkean, Bonba Atomikoaren Kupula ezagunaren aurrean. (Lucas Vallecillos)

1968an, Arma Nuklearrak Ez Hedatzeko Ituna sinatu zuten, NPT laburdura ingelesez. Indarrean 50 urte daramatzan arren, eta bost urtero konpromiso horiek berraztertzeko konferentziak egin arren, gaur egun arma nuklearrak dituzten estatuak itun hura sinatu zenean baino gehiago dira. Arma nuklearrak suntsitzeko bultzada berri batean, 2017ko irailaren 20an, Nazio Batuen Erakundeak New Yorken ireki zuen Arma Nuklearren Debekuaren Ituna (TPNW ingelesez), arma nuklearrak erabat debekatzen dituen mundu mailako lehen akordio multilaterala. 94 estatuk sinatu dute eta horietatik 73k berretsi dute. Hori bai, ez du babestu inongo herrialde nuklearizatuk, eta harrigarriki, ezta Japoniak ere. Agerikoa da, arma nuklearrak dituzten herrialdeen partetik ez dagoela inolako borondaterik hauek abolitzeko akordio batera heltzeko. Gizateriak lortuko ez duen helburua, ulertu arte, Hiroko Inagaki bizirualeak dioen bezala, bakea dela zoriontasunaren oinarria, eta hori gabe ez dagoela beste ezer. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
Beren oinatz erradioaktiboa aspaldi utzi zuten Groenlandian amerikarrek

Donald Trumpen inperialismoaren eta harrokeriaren adibideetariko bat dugu Groenlandia erosteko daukan xedea. Baina lekukoen beharrak eta nahiak entzun gabe, aspaldi kokatu ziren Artikoko lur izoztu horretan amerikarrak: bertako inuitak haizatu eta Thulé izeneko base... [+]


2025-05-22 | Gedar
Geldialdia AEBen eta Iranen arteko negoziazio nuklearretan, Israelek mehatxuak areagotzen dituen bitartean

Teheranek ez du baieztatu hurrengo elkarrizketa-saioan parte hartuko duen, Israelgo Estatuak Irango instalazio nuklearrei eraso egiteko mehatxuak egiten dituen bitartean.


2025-04-16 | Gedar
Arma nuklearrei buruzko elkarrizketak izaten ari dira AEBak eta Iran

Washington eta Teheran Iranen programa nuklearraren inguruko bilerak egiten ari dira. Errusiara ere joango omen dira Irango ordezkariak aste honetan.


Arma nuklearren industria finantzatzen jarraitzen dute banku espainiarrek

Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI. 


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


Irango programa nuklearra eraso? Adituek diote ezetz, denboraren orratzak baietz

Tel Avivek Irango programa nuklearra erasotzea hipotesia baino gerta litekeen zerbait dela esateko, atzera begiratu du hedabide ugarik: 1981ean Iraken eta 2007an Sirian, ehiza-hegazkin israeldarrek erreaktore bana birrindu zuten. Baina aurrekari horiek ez dute zer ikusirik... [+]


Zer dira Mendebaldearen mehatxuei erantzuteko Errusiak erabiltzekoak dituen arma nuklear taktikoak?

Urrats berri horren berri eman du Errusiako Defentsa ministerioak maiatzaren 21ean, zehaztuz "Mendebaldeko arduradun batzuen mehatxuei" bideraturiko erantzuna dela. Oraingoz, arma nuklear taktikoak ez dira inoiz erabiliak izan, hain zuzen, suntsiketa gaitasun... [+]


2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Munduan 13.000 arma nuklear ditugu, eta aktibatu ez izana zoriari ere lotu beharra daukagu

Ofizialki bederatzi estatuk dituzte arma atomikoak, eta horien %90 Errusiaren eta AEBen eskuetan da. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an AEBek Hiroshimara eta Nagasakira jaurtikitakoez geroztik eraso atomikorik berriz bideratu ez izana "disuasio-printzipioari" lotu zaio... [+]


Eguneraketa berriak daude