Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 253 euskaldun omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

  • Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere jasandako tratuaren ondorioz hil ziren gerora.


2025eko maiatzaren 05ean - 11:12
Azken eguneraketa: 2025-05-07 09:43
Maiatzaren 3an egindako ekitaldia. Eusko Jaurlaritza

1940 eta 1945 urteen artean nazien kontzentrazio esparruetan egondako 253 euskaldunak oroitu ditu Jaurlaritzak, Irungo Ficoban. Maiatzaren 5ean 80 urte bete dira tropa aliatuek Mauthauseneko esparrua askatu zutenetik eta hori gogoratzeko oroimen ekitaldia egin du EAEko gobernuak. Deportatutako biktima guztien lehen aitorpen instituzionala izan da larunbatekoa.

Ekitaldiaren buru Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Pradales izan da, eta zera azpimarratu du: "Lehen aldiz, aitorpen bateratua egiten diegu nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako pertsonei". Publikoki barkamena eskatu du, biktimak "hainbeste denboran" aitortu ez izanagatik, eta haien familien, historialarien eta elkarteen etengabeko ahalegina ere aitortu du. 

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutu Gogorak antolatu du deportazioak oroitzeko ekitaldia, biktima horien familiek eta biktimen oroimena berreskuratzeko lan egiten duten elkarte eta mugimenduek eskatuta. Biktimen izen guztiak ekitaldiaren amaieran proiektatutako bideo batean ikusi ahal izan dira, omenaldi eta oroigarri gisa. Halaber, ekitaldiko auditorioan Bidasoa inguruko deportazio kasuen erakusketa bat jarri da ikusgai, Kepa Ordoki elkarte memorialistaren eskutik.

Biktimen bizipenak

Ekitaldia ikus-entzunezko pieza baten proiekzioarekin hasi da. Bertan, deportazioa ulertzeko gako nagusiak, bere dimentsioa eta euskal gizartean bereziki ezaguna ez izatea eragin zuen testuingurua azaldu dira. Deportatua izandako biktimen familia kideak haien bizipenak ere ezagutarazi dituzte, hala nola Eugenio Azurzak eta Lola Madariagak.

Eugenio Azurza Gabilondo José María Azurza Osategi donostiarraren semea da, UGTko kidea, 1941eko urriaren 28an Mauthausenen eraila. Gerora berreskuratutako dokumentazio historikoak agerian uzten du bere aitak 1936ko Gerran Euskal Herrian borrokatu zuela eta, zein egoeratan iritsi zen ezaguna ez den arren, Katalunian zegoela gerra amaieran. Hala, 1939ko otsailean, Estatuko muga igaro ondoren, exodo masibo batean, Argelers de la Marenda hondartzan ireki zen kontzentrazio esparruan giltzapetu zuten, beste 80.000 pertsonarekin batera. Ez dira ezagutzen atxilotua eta deportatua izateko arrazoiak, baina bai, zenbait eremutatik igaro ondoren, 1941eko urriaren 28an Mauthausenen hil zela, hara iritsi eta sei hilabetera.

Lola Madariaga Vivanco bizirik dagoen deportatu baten alaba da, Pedro Madariaga Recalde portugaletetarrarena. Gerra zibilean Eusko Jaurlaritzaren Gerrako itsas armadan sartu zen. Euskal Herrian gerra amaitu zenean, Frantziako Estatura ihes egin zuen, eta marinel lanetan hasi zen. II. Mundu Gerra hasi zenean, bidaietako batean naziek atxilotu eta Austriako lehen kontzentrazio-esparru batera eraman zuten. Zenbait kontzentrazio esparruetatik pasa ondoren –Mauthausen, Bremen, Dachau…–, 1945eko apirilaren 29an askatu zuten Dachauko kontzentrazio esparrutik. Frankismoaren ondorioz Hego Euskal Herrira itzultzea ezinezko zuenez, Ingalaterrara iritsi eta ontzi-enpresa batean hasi zen lanean. Horri esker pasaporte britainiarra eskuratu zuen, eta horrek familia erregularki bisitatzeko aukera eman zion.

Deportatuen datuak 

Datuen inguruko orain arteko erreferentziazko ikerketa Etxahun Galparsoro eta Josu Chueca historialariek egin dute, eta Gogora Institutuak argitaratu zuen 2020an. ARGIAk ikerketa horren ondorioak aurreratu zituen erreportaje honetan.

Horren arabera, 253 pertsona izan ziren kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten Hego Euskal Herriko herritarrak –Iparraldekoak gehituta 600dik gora izan ziren orotara–, 243 gizon eta hamar emakume. Horietatik 113 hil ziren (%47) eta 125 salbatu (%53), gainontzeko hamabostei zer gertatu zitzaien oraindik ere ez dago argi. Gainera, bereziki nabaria da Mauthausen kontzentrazio esparruko kasua, deportazioan hil ziren euskaldun guztien bi herenak ( % 65) akabatu baitzituzten.

Hala ere zifrak tentuz interpretatu behar dira. Kontzentrazio esparruetatik irtendako asko askatu ondorengo aste eta hilabeteetan hil ziren. Zenbait urte geroago hil zenik ere bada, baina kasu denetan esparrutik arrastatutako gaitzen ondorioz.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzentrazio esparruak
Eguneraketa berriak daude