JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Zergak atzeratu dituzte EAEko aldundiek eta eskaera berdina egin die Eudelek udalei

Arabako Aldundiak jakinarazi du Ogasunari egin beharreko ordainketak atzeratu eta enpresek nahiz herritarrek kobratu behar duten dirua aurreratu egingo dutela. Ildo berean, Bizkaiko Aldundiak erabaki du martxoaren 16tik ekainaren 1era bitarteko deklarazio, zor eta zerga guztien ordainketa atzeratzea. Epea luzatu daitekeela jakinarazi du. Gipuzkoan, berriz, 300.000 eurora arte zorpetu ahal izango dira enpresa eta autonomoak, ordaintzen hasi aurretik, “eta 24 hilabetetan zehar ordainduko litzateke”. Neurri ekonomiko gehiago etorriko direla aurreikusi dute aldundiek.

Bestalde, Eudelek EAEko udalei eskatu die udal zergak eta tasak ordaintzeko epea luzatzeko, baita TAOrik ez kobratzeko ere osasun-langileen ibilgailuei. Dagoeneko udal batek baino gehiagok iragarri du zergak atzeratuko dituela.

 

Bi hilabeteotan ezingo da "arrazoi ekonomikoengatik" langilerik kaleratu Italian

Italiako Gobernuak hainbat erabaki ekonomiko onartuko ditu, dekretu bidez: otsailaren 23tik aurrera eta 60 egunez ezingo da langilerik kaleratu arrazoi ekonomikoengatik (bai ordea “diziplina arrazoiengatik”). Autonomoak laguntzeko eta senideen zaintza errazteko neurriak ere hartuko dituzte.

Lanik gabe gelditzen diren autonomoek 600 euroko hileko bonua jaso ahalko dute eta ez dute zergarik ordaindu beharko.

Bi gurasoak lanean dauden kasuan, horietako batek 12 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasuna dutenak zaintzeko baimena hartu ahalko du, soldataren erdia kobratuz.

Haurrak zaintzeko pertsonaren bat kontratatu nahi izanez gero ere, dirulaguntzak emango ditu Gobernuak.

Diru sarrerak bermatzeko errenta italiarra jasotzen dutenei, bestalde, bi hilabetez ez zaie eskatuko lan egiteko prest egotea.

 

Elkarren arteko zaintza komunitarioa egiteko osasun irizpideak

Hamaika ekimen herritar piztu da Euskal Herri osoan, herritar xaurgarrienen beharrei atuoantolakuntzaz eta elkartasunez erantzun nahian. Gasteizko @BateraZaindu sarean 2.000 lagun baino gehiagok eman du izena dagoeneko. Laguntzaileentzako irizpideak zabaldu dituzte, osasun arloko langileekin elkarlanean osatu dutena. Baliagarriak izan daitezke beste edozein tokiko ekimenentzako ere:

 

Eliana Como (Italiako sindikalista) "Grebara joan beharko genuke funtsezkoa ez den guztia ixteko"

Euskal Herria bezala Italia ere koronabirusaren foku garrantzitsuenetakoa da munduan, bereziki iparraldea. Aste batzuk lehenago hasi zen zabaltzen gaitza Lombardian, eta konfinamendu neurriak astebete lehenago ezarri zituen Italiako Gobernuak. Hango bizipen eta kezketatik ikasteko asmoz jarri gara Eliana Como sindikalistarekin harremanetan, elkarrizketa egiteko. Funtsezkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea eta horietan greba orokorra egitea aldarrikatzen du.

Espainiako armada Gasteizen da

Koronabirusaren aurkako operazio baten aitzakian, Espainiako armadak Espainiako Estatuko 28 hiriburutan esku hartuko du. Gasteizeko kaleak hartzeko asmoa agertu dute.

Moncloatik eman du operazio militarraren berri Espainiako Defentsa Estatu Nagusiko buruzagi Miguel Villarroyak. Jakinarazi duenez, Espainiako armadak Espainiako Estatuko 28 hiriburutan arituko da, koronabirusaren aurkako operazioan.

"Instalazioak desinfektatu eta jende pilaketak ekiditea" xede, 1.800 militarrek hartuko dituzte ondoko hiriburuetako kaleak: Gasteiz, Segovia, Toledo, Avila, Aranjuez, Granada, Merida, Jerez, Alacant, Castelló, Santander, Oviedo, Pontevedra, A Coruña, Madril, Malaga, Valladolid, Zaragoza, Sevilla, Balentzia, Palma, eta Cadizeko badiako hiriburuak.

Aleak jaso duenez, militarrak lehen maniobrak egiten aritu dira Zabalgana auzoan.

 

Euskal Herrian 38 herritar hil dira izurritea hasi zenetik

Orain arte 38 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren eraginez. Horietatik asteleheneko 22:20ak arteko 24 orduetan 14 zendu ziren, bederatzi Araban, bat Nafarroan, –orain arteko bigarrena–, aurretik gaixotasun bat zekarren adineko emakumea, bi Bizkaian eta beste bi Gipuzkoan.

Nekane Murga Osasun sailburuak astearte eguerdian azaldu duenez, kutsatutakoen artean ospitaletan daudenenak 362 dira EAE osoan: Araban 234, Bizkaian 96 eta Gipuzkoan 32. Nafarroan 93 daude ospitaleratuta, Carlos Artundo Osasun zuzendariak jakitera eman duenez.

Kutsatuei dagokienez, tentuz erabiltzekoak dira zifra ofizialak, igandean Espainiako Gobernuak alor honetan aldaketa egin eta ondoren Hego Euskal Herriko instituzioek ere aplikatzen dutelako: Covid-19 birusaren sintoma arinak dauzkatenei ez zaie test espezifikorik egiten eta, beraz, ez dira kontabilitatean sartzen.

EAEn koronabirusaz kutsatutakoen kasu positiboak 765 dira, hau da, bezperan baino 38 gehiago, eta 36 infekzio horrekin hildakoak. Hala ere, datu ofizialak hauek dira: Araban 474 lagun daude kutsatuta,  Bizkaian 201; Gipuzkoan 90 eta Nafarroan 350.

Adituek erakutsi beharko digute kutsatuen datuekin nola jokatu bai Euskal Herrikoekin eta bai mundu osokoekin, herrialde bakoitzak bere kontabilitate berezia egiteko aukea baldin badauka. Gaixotasunaren bilakaeraren neurri oraingoz eztabaidaezina da hilen kopurua.

EH Bilduk bat egin du mugimendu feministak eratuko duen krisi mahaiarekin

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiari aurre egiteko, mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen astelehenean mugimendu feministak. Mahaian parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Interpelatuei 48 orduko tartea luzatu zien, erantzuteko.

EH Bilduk jakinarazi du mahaian parte hartuko duela.

Dagoeneko mahaira batu dira Olatukoop osatzen duten enpresa komunitarioak, ELA eta LAB sindikatuak eta EH Bildu.

Iranek orain arte 85.000 preso kaleratu ditu izurriari aurre egiteko

Iranek aldi baterako libre utzi ditu 85.000 preso, Covid-19 izurria espetxeetan ere abiada bizian ugaritzen ari dela eta. Asteotan joan da oldeka libratzen atxilotuok orain arte 85.000ko kopurua gaindituz. Irango aginte judizialaren bozeramaile Gholamhossein Esmailik esan duenez, horien erdiak 'segurtasun-arazoengatiko presoak' direla esan du; hitz horrek adierazten du preso politiko edo kontzientziazkoak direla. Gainerako gehienak bost urte baino gutxiagoko kondena dutenak dira.

Iran da, Txinaren ondoren, munduan Covid-19 izurriak gehien kolpatu duen herrialdea. Iranen, Reuters agentziak emandako zifretan, 853 preso hil ditu birusak.

Olatukoop osatzen duten enpresa komunitarioek bat egin dute mugimendu feministak eratuko duen krisi mahaiarekin

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiari aurre egiteko, mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen astelehenean mugimendu feministak. Mahaian parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Interpelatuei 48 orduko tartea luzatu zien, erantzuteko.

Olatukoop osatzen duten enpresa komunitarioek jakinarazi dute mahaian parte hartuko dutela.

 

LAB sindikatua batu egin da mugimendu feministak eratuko duen krisi mahaira

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiari aurre egiteko, mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen astelehenean mugimendu feministak. Mahaian parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Interpelatuei 48 orduko tartea luzatu zien, erantzuteko.

LAB sindikatuak jakinarazi du mahaian parte hartuko duela.

Momentuz ELA eta LAB batu dira mahaira.

Tubos Reunidos eta Aernnova enpresetako langileek jarduna eten dute

Arabako bi lantegietan, enpresaren jarduna gelditzea lortu dute.

Amorrioko Tubos Reunidos enpresako komiteak astelehenean zuzendaritzari gutuna helarazi zion, koronabirusaren aurrean prebentzio neurri gisa jarduna etetea exijituz. Astearte goizean alde biek bilera egin dute, eta erabakia jakin artean langileek beren jarduna eten dute. Bileran aldi baterako lan erregulazio espediente mugagabea adostu dute.

Aernovak Berantevillan duen lantegian ere jarduna eten dute asteartean, langileek protestak egin ostean. Koronabirusaz kutsatzeko arriskua tarteko, langileek ekoizpena geratzea eskatu zioten zuzendaritzari astelehenean, baina zuzendaritzak ez zuen onartu eskakizuna. Asteartean langileek egindako protesten ostean, aldiz, bilera egin dute, eta enpresa martxoaren 23a arte ixtea erabaki. Astearte arratsaldeko lan txandak bertan behera geratu dira Aernovan, eta enpresa batzordea eta zuzendaritza datorren astelehenean biltzekotan geratu dira, aurrerago eman beharreko urratsez jarduteko.

Gutxienez hamabost egunerako konfinamendua agindu du Macronek

“Konfinazio” hitza ez badu erabili ere, adierazitakoak hori definitzen du. Astearte honetan 12:00tan hasiko da etxean egoteko manua, “gutxienez hamabost egunez iraungo duena”. Barda Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak egindako adierazpenean kausituriko neurrien artean dugu konfinazioarena. Salbuespenak dauzka: beharrezkotzat diren erosketentzat, farmaziara joateko eta lantokiaren eta etxearen arteko bidea, telelena ezinezkoa baldin bada. Manua errespetarazteko 100.000 polizia eta jendarme bideratuko ditu Frantziako Gobernuak. 135 euro arteko isunak izango dira konfinazioa errespetatzen ez dutenentzat.

Bai ala bai, koronabirusaren epidemiak gora egingo duela zehazturik, “gerra sanitarioa” deklaratu du presidenteak, "gerra" terminoa orotara sei aldiz erabiliz. “Konfinamendua” hitzik ez baina bai sei aldiz “gerra”. Tonu moralista eta paternalista hartu zuen orain arteko neurriak errespetatu ez zituzten toki publiko eta herritarrei begira. Ez zuen ordea ezer zehaztu herrietako hauteskundeen lehen itzulia burutu izanaz. "Arduratsuki" jokatzeko deia zabaldu du Macronek, seguritate sanitarioa segurtatzeko distantziak errespetatzeari eta etxean geratzeko manuari dagokionez. Hurbilekoei eta senideei begira ere, konfinazioa errespetatuz, elkartasun eta zaintza molde berriak garatzeko deia luzatu du.

Osasun arloko langileak gogoan harturik, “xamar zuridun heroiak” eskertu ditu egin eta egin beharko duten lanarentzat. Osasun zerbitzu publikoko murrizketen kontra mobilizaturik dauden erizainek ez dute begi onez hartu konparaketa hori, besteak beste ohe gehitzerik eta langile enplegatzerik ez duelako jakinarazi. Kutsatu kopuruak azkarki gora egingo du ondoko egunetan Frantziako Estatuan ere eta horri aurre egiteko neurri gutxi hartu ditu Macronek: Oraingoz, soilik, armadaren ospitale bat gehituko dute Alsazian –birusaz azkarki hunkia den eskualdean–, zaintza zerbitzua garatuko du erizainen umeentzat eta maska eta produktu gehiago banatuko ditu osasun zerbitzuei.

Sektore ekonomikoa laguntzeko eta enpresen bankarroteak saihesteko gogoa ere plazaratu du, besteak beste zehaztuz “zailtasunean izanen diren enpresek” ez dutela zergarik ez eta kargurik pagatu beharko. Zentzu horretara doazen neurrien berri emanen du gaur gobernuak.

Bigarren itzulirik ez

Herrietako hauteskundeen bigarren itzuliari buruz ere erantzuna argitu du: ez da bigarren itzulirik egongo. Horri dagokionez, ez du xehetasunik eman eta galdera andana daude oraindik argitzeke: zer gertatuko da lehen itzuliarekin? Lehen itzulian izendaturiko auzapezek kargua hasiko dute? Noiz egingo da bigarren itzulia?

Beste erabaki politiko garrantzitsu bat: Frantziako Parlamentuak bidean dauzkan erreforma guztiak geldirik daude, tartean erretreten sistemarenarena.

Macronen hitzaldia egiteko orduan 6.633 kutsatu eta 148 hildako ziren Frantziako Estatuan, hots, bezperan baino 1.200 kutsatu eta 28 hildako gehiago. Epidemiak azkarki gora egindo duela dioen irakurketa aho batekoa da.

 

 

Osakidetzak koronabirus testik ez du egiten kasu arinetan

Osakidetzak erabaki du Covid-19 testik ez egitea sintoma arinak dauzkaten gaixoei, aurretik Madrilgo Autonomia Elkartean eta beste zenbait lekutan agintariek erabakiaren ildotik. Informazioa garrantzitsua da bi aldetatik, bederen. Batetik, koronabirusak kutsatutakoen estatistiketan aldaketa oso garrantzitsua dakarrelako: testeatu eta positibo emandakoak sartzen dira kutsatuen kopuruetan. Bestetik, justu egunotan oroitarazi duelako Munduko Osasun Erakundeak oso garrantzitsua dela sintomak erakusten dituzten guztien testeatzea.

EITB-k gaur informatu duenez, Osakidetzak ohar bat igorri die osasun-arloko profesionalei, hemendik aurrera, COVID-19 gaitza atzemateko probak soilik arnas infekzio akutuko koadroa duten eta ospitaleratuta dauden edo ospitaleratzeko baldintzak betetzen dituzten pazienteei egin diezaieten. Halaber, oinarrizko osasun-zerbitzuren bat ematen duten langileei ere egingo zaie proba, baita infekzioa hain larria ez den kasuetan ere. Testuinguru horretan, sintoma arinak dituzten gainerako pertsonei koronabirus proba egiteari utziko diete hemendik aurrera.

Zehazki, koronabirusarekin kutsatutako pazienteen gorakadari aurre egiteko eta zerbitzua berrantolatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak adostu duten jarduera-protokolo berrian ezarritako berrantolaketa-neurrietako bat da hori.

Horrela, koronabirusaren agerraldiak sortutako salbuespen egoerari erantzun "eraginkorragoa" eman nahi dio Jaurlaritzak, eta "kalitatezko osasun arreta bermatu".

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) irizpideak, ordea, zorrotzagoak dira. Edozein kasu susmagarriren aurrean, testa egiteko eskatu dute, hori baita positibo guztiak baieztatu, isolatu eta kutsatze katea eteteko modu bakarra.

Ildo horretatik, koronabirusa duten pertsonen kontaktu sarea ondo aztertzeko eskatu die Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak nazioarteko agintariei. Zehazki, positibo eman duen edozeinekin kontaktua izan duten pertsona guztiak identifikatzeko eskatu du, sintomak agertu baino bi egun lehenago haiekin topo izan badute testa badaezpada egiteko.

Gainera, MOEko zuzendari nagusiak ohartarazi duenez, koronabirusa gainditu duten gaixoek, sintomak desagertu ondoren ere jendea hainbat egunez kutsatzeko ahalmena dute. Horregatik, sendatu ondoren, isolamendua beste 15 egunez luzatzea gomendatu du MOEk.

"Garraio publiko osoa geratu behar da, lan guztia geratu behar da"

El País egunkariko Jessica Mouzo kazetariak Oriol Mitjà infektologoa elkarrizketatu du. Covid-19 gaitza eragiten duen mikroorganismoaren transmisioa nola eten aztertzen ari den fundazioko burua da. Espainiako Gobernuako larrialdi mahaiaren dimisioa eskatu du publikoki eta aurreikuspen falta egotzi die. Ondorengoa dio elkarrizketan, besteren artean:

"Garraio publiko osoa geratu behar da. Ezin da hiri barneko eta hirien arteko garraioa abian eduki, eskualde ugariren artean epidemia zabaltzeko arriskua handitzen baitu. Lan guztia geratu behar da, nahiz eta ahalegin ekonomikoa izan, merezi du sakrifizioa egiteak agonia ez luzatzeko. Gauzak ongi eginez gero, bi astean transmisioa modu esanguratsuan gera dezakegu. Txinak denbora tarte horretan %55 murriztea lortu zuen oinarrizko berproduktibilitatea".

"Eta gero zer?", galdetu dio kazetariak. Hemen erantzuna: "Bi aste igaro ostean, gailur epidemikoa pasata, ospitaleek oxigeno pixka bat hartzen dutela eta ohe hutsak daudela baieztatu ostean, berriro ere herrialdea ireki dezakegu badaezpadako neurriak hartuz. Iraunkortasun-plan bat egin daiteke, gaitzaren agerraldi berriak azkar identifikatuz eta proba diagnostikoen erabilera indartuz, berriro gaitza zabalduko balitz azkar detektatzeko".

Danimarkako Gobernuak enpresei lagunduko die soldaten %75 ordainduz, ez badute inor kaleratzen
Mette Frederiksen lehen ministroaren agerraldia.

COVID-19 osasun krisiaren aurkako borrokan, Danimarkako gobernuak igandean jakinarazi du lanpostuen galera pairatzen ari diren sektore pribatuko enpresei lagunduko dietela, soldaten %75a ordaintzera iritsiz, enpresek beste %25a ordaintzen badute eta ez badituzte langileak kaleratzen.

Diru laguntza hauek eska ditzakete lan kargaren %30 galdu edo 50 langileren lana galdu duten enpresek, beti ere, kaleratzeak ekiditen badituzte. Ekimen hau ekainaren 9ra bitarte luzatuko dute eta gobernuaren estimazioen arabera, 70.000 langileri eragingo die. Danimarkak espero du Europako Batzordeak neurriok onartuko dizkiola.

Herrialde eskandinaviarrean, astearte goizeko datu ofizialen arabera, 914 dira kutsatuak eta lau pertsona hil dira.

Garraio publiko batzutan %100eko zerbitzura bueltatuko dira

EGA Euskadiko Garraio Agintaritzak alarma egoerarekin batera EAEko zenbait garraio publikotako maiztasuna murriztu zuen, bidaiari kopurua jaistekotan. Behera egin bazuen ere, lantoki gehienek martxan jarraitzen dutenez, bidaiari pilaketak gertatu ziren, hainbatek salatu bezala.

Bilboko metroak emandako datuen arabera, trenen okupazioa %50ekoa izan zen, baina goizeko 07:00 eta 08:00 artean %75era ere heldu zen. Autobusei dagokienez, horrenbeste pilaketa egon ez baziren ere, zenbait lineatan jendea autobusetara igo ezinik geratu zen.

Hori horrela, jende pilaketak ekiditzeko, Bilboko Metro, Gasteizko tranbia, Gasteizko Tuvisa, Donostiako Dbus eta Bilbobusen %100eko zerbitzua eskaintzea erabaki du EGAk.

ELA sindikatua batu egin da mugimendu feministak eratuko duen krisi mahaira

Koronabirusak larriagotutako zaintza krisiari aurre egiteko, mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen astelehenean mugimendu feministak. Mahaian parte hartzeko deia egin zien EAEko eta Nafarroako Gobernuei, Ipar Euskal Herriko Elkargoari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Interpelatuei 48 orduko tartea luzatu zien, erantzuteko.

ELA sindikatuak jakinarazi du mahaian parte hartuko duela.

 

Berrogeialdian seme-alabekin egunez egun osatzen joateko ipuina

Etxetik ezin atera gauden honetan, sormena lantzeko proposamena dakarte Iñaki Sanz-Azkue irakasleak eta Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak: hamabost egunez, egunero igoko dute internetera Etxeko leihotik ipuinaren pasarte bat (haurrak pasartearen marrazkia egin dezan) eta pasarte horri lotutako zuri-beltzezko ilustrazioa (marrazkia sortu ordez ilustrazioa koloreztatu nahiago duenarentzat). Jolas moduan egunetik egunera ipuina osatzen joatea eta bide batez irakurmena lantzea da asmoa. Nahi duten haurrek eurek asmaturiko ipuina idatzi eta bueltan ipuin horri propio egindako marrazkia jasotzeko aukera ere ematen du Aiartzaguenak, bestelako material ugari eskaintzeaz gain. Irakurri albistea osorik Mikel Garciaren blogean.

 

Jon Basagurenen kontzertua, Berria-ren Aretoan

Koronabirusaren zabalpenak kultura agenda ia osoa bertan behera utzi duenean, horri "zirrikitu bat" eman nahi dio Berria-ren areto digitalak. Musikari, aktore eta ipuin kontalarien emanaldiak izango dira ikusgai egunero. Lehen saioa ikusgai dago jada, Jon Basaguren musikariarena.

Munduko Osasun Erakundeak azpimarratu du azterketak egiteko birusa izan dezaketen susmagarri guztiei
Tedros Adhanom zuzendari orokorrak eman du prentsaurrekoa.

Koronabirusaren pandemia gerarazteko bide bakarra dela adieraziz, gaitza izan dezaketen susmagarri guztiei testa egiteko eskatu die estatuei Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Erakundearen zuzendari orokor Tedros Adhanom Ghebreyesus buruak eman du prentsaurrekoa astelehen ilunabarrean.

Covid-19 birusak kutsatuta egon daitezkeen pertsona guztiei azterketak egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, "infekzio gehiago sahiestu eta bizitzak salbatzeko biderik eraginkorrena" dela esanez, positibo ematen dutenak isolatzea errazagoa delako, kutsadura kateak etenez.

"Ezin dugu pandemia hau geratu ez badakigu nor dagoen kutsatua, mezu sinplea daukagu emateko herrialde guztiei: egin itzazue, egin itzazue, egin itzazue azterketak susmagarri bakoitzarekin. Emaitza positiboa bada, isola itzazue, iker ezazue norekin egon diren harremanetan sintomak azaleratu aurreko bi egunetan, eta egin azterketak pertsona horiei ere".

Tedrosek adierazi du egunetik egunera gaitza detektatzeko testak produzitzen ari direla, mundu mailako eskaerari aurre egiteko. Gogorarazi du 120 herrialdetara milioi eta erdi test bidali dituztela.

Alarma egoeraren aurrean, Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak (AKAB) sarea aktibo

Koronabirusa dela eta ezarri duten alarma egoerak herritarren oinarrizko eskubideen urraketak eta debeku larriak dakartzalako, eta "segidan etorriko diren neurri ekonomiko austerizidek, herritarron ezinegona eta babes gabezia" eragindo dutela aurreikusita, Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak (AKAB) sareak beren kontaktua luzatu die herritarrei.

AKAB herritarren ahalduntzerako tresna juridikoa da. Poliziaren partetik abusuren bat jasanez gero, lanera joatera derrigortua izanez gero edo zalantza juridiko bat izatekotan, beraiekin harremanetan jartzeko gonbita luzatu dute.

Kontakturako telefono zenbakiak eta posta helbidea jarri dituzte behar duenaren eskura:

akabokatuak@gmail.com

Araba-Nafarroa: 688 613 530
Gipuzkoa: 943383629
Bizkaia: 676579193

Lurreko mugak itxiko ditu gauerdian Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuak estatuko lurreko mugak itxiko ditu gauerdian, Fernando Grande Marlaskak astelehen arratsaldean eman duen prentsaurrekoan jakinarazi duenez. "Soilik utziko zaie sartzen Espainiarrei, Espainian bizi direnei, mugaren alde batetik bestera mugituz lan egiten dutenei eta pisuzko arrazoi bat adierazten dutenei".

Espainiako barne ministroak esan du Schengen espazioak baimentzen duela "epe batez ixtea" mugak ezohiko egoeretan, Espainiako estatuan aplikatzen ari diren alarma egoera kasu. Merkantzien garraioari ez diola eragingo adierazi du.

Europar Batasunera bidaiatzea debekatzea proposatu dute, "ezinbestekoak ez diren kasuetan"
Argazki oina

Europa Batasuna oraindik gehiago ixtea da asmoa. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek adierazi du "Europako osasun sistemari ezarritako presioa murriztu" behar dela, eta 30 egunez EBn sartzea debekatzea proposatu du, "ezinbestekoak ez diren bidaietan". Neurria Estatu eta gobernu buruek onartu behar dute, astearterako aurreikusitako bileran.

Eta zein dira "ezinbestekoak ez diren" bidaiak? Ikertzaileak, osasun langileak, diplomatikoak eta Europar Batasunean senideak dituzten pertsonek egindakoak, adibidez. "Neurriek soilik funtzionatuko dute era koordinatuan eginez gero", esan du Von der Leyenek, deklarazio solemne batean.

Europar Batasuneko arduradunek astelehenean modu telematikoan egin dute lan, ondorengo esparruak adosten joateko: neurri ekonomikoak adosteko ekonomia ministroen bilera, barne ministroen eta osasun ministroen bilera, eta G7ko buruen bideokonferentzia, Arak jaso duenez. Hala ere, lehen neurria, Europar Batasuna oraindik eta gehiago ixtea.

EAEko garraio publiko handienek zerbitzuaren % 100 eskainiko dute berriz

Garraio publikoak Covid-19aren kontrako konfinamendu egoera berriari beren ahalmenen %40-%60ko murruzketei ekin diete astelehenean eta arazoak ugariak izan dira leku askotan, ordu eta bidai urriagoetan jendea pilatzea eraginez, justu konfinamenduarekin saihestu nahi zena. Eusko Jaurlaritzak orain erabaki du berriro zerbitzuak beren %100era eramatea, justu zerbitzu hauetan: Metro Bilbao, Euskotrenen linea orokorrak, Gasteizko tranbiak, Tuvisak, Dbus eta Bilbobus. Jaurlaritzaren esanetan, astelehen goizean berme guztiak bete ahal izan dituzten gainerako operadoreek baldintza berberetan mantenduko dituzte zerbitzuak, eskaintzaren %40-60ko murrizketekin.

Estatuak bere gain hartu du Jaenen osasungitzarako maskarak ekoizten dituen fabrika bat

Guardia Zibilak gaur osasungintzarako 100.000 maskara eraman dituzte Jaengo (Andaluzia) Diseños NT lantegitik, Madrilgo Reina Sofia ospitalera eramateko. Gobernuak garbi utzi du ez duela desjabetu 200 langile enplegatzen dituen lantoki hau, baina bere kontrola hartzen duela Alarma egoerak ematen dizkion eskumenak erabiliz. Osasungitzako materialak ekoizten dituen lantoki hau azken urtean berezitua zen, El Pais egunkariaren esanetan, maskaren produkzioan, batik bat alergiek hartu duten indarrak sortu duen merkatuagatik. Covid-19 izurria zabaltzen hasi deneatik, egunean 80.000 maskara ekoizteko gai da.

Galizian ere atzeratu egin dituzte hauteskundeak

EAEkoein batera burutzekoak zituzten beren hauteskunde autonomikoak galiziarrek. Alberto Nuñez Feijoo presidenteak, alderdi politiko nagusien buruekin bideokonferentziaz hitz egin ostean, jakinarazi du hauteskundeok atzeratuta geratzen direla, oraingoz data jakinik gabe.

 

Gaur arte koronabirusagatik 38 pertsona hil dira Euskal Herrian eta 1.007 kutsatu

Azken 24 orduetan 15 hildako gehiago kontabilizatu behar dira Euskal Herrian, horietatik 9 Gasteizen; denetara 38. Kutsatuen kopuruak milakoa gainditu du, zehazki 1.007 dira.

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik izan azken orduetan. Atzo baino 15 pertsona gehiago hil dira Euskal Herrian, horietatik 9 Gasteizen; guztira 38 pertsona zendu dira eta 1.007 lagun daude kutsatuta. Araban 444 lagun daude kutsatuta (+ 35), Bizkaian 194 (+ 36), Gipuzkoan 89 (+ 26) eta Nafarroan 274 (+ 78).

Joaquim Torrak ere positiboa eman du eta bere egoitzan konfinatuta dago

Kataluniako Generalitateko lehendakari Joaquim Torrak publikoki jakinarazi du Covid-19 birusaren testean positibo eman duela eta bere egoitza ofizialean ari dela konfinatuta lanean. Atzo Pere Aragones lehendakariordeak ere birusa daramala jakin zen.

Presidentak zabaldutako mezuan herritarrei eskatu die babes neurriak jarraitu eta gaixotasuna zabaltzea eragotzi dezatela. Gogoratu du dagoeneko mila jende baino gehiagok eman dutela positibo Katalunian eta askoz gehiago azalduko direla ondoko egunetan. Herritar gisa arduraz, solidaritatez eta eskuzabaltasunez jokatzea eskatu die. Azpimarratu du denek isolatu behar dutela nork bere etxean besteen onerako eta Espainiako gobernuari eskatu dio bere itxiera proposamena onartu dezala.

EAEko hauteskundeak, atzeratuta

Urkullu lehendakariak gainontzeko alderdi politikoekin egiten ari diren bileran, adostu dute apirilaren 5erako deituta zeuden Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak atzeratzea, PPko iturriek Euskadi Irratiari aurreratu diotenez, "ziurrenik, osasun alarma amaitu arte". Apirilaren 5era aurreratu zituen Urkulluk, Zaldibarko krisiaren lehen egunetan egindako agerraldian.

Eskaera EH Bilduk egin zuen lehenbizi, joan den astean bere hauteskunde kanpaina bertan behera uzten zuela jakinaraziz. Elkarrekin Podemosek eta  PPk ere gauza bera eskatua zuten publikoki. Goizeko 10:00etatik bilduta daude.

Beasaingo CAFek eten egingo ditu telematikoki egin ezin diren lan guztiak

Gipuzkoako lantegi handiena den CAF enpresak ere bere produkzioa etengo du koronabirusaren krisia dela-eta. Datorren astetik aurrera langileei Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea zabalduko zaie, enpresa batzordearekin negoziatu ondoren.

 

Macronek gaur 20:00etan Covid-19aren aurkako neurriak iragarriko ditu

Emmanuel Macron iluntzeko 20:00etan mintzatuko zaie Frantziako estatuko herritarrei. Le Monde-k dio une honetan: "Herriko etxeetako hauteskundeen lehen itzuliak sekula ez bezalako abstentzio tasa ezagutu du. Errepublikako lehendakariak erabaki behar du jendeen hesitze derrigortua ezarri ala ez".

Reuters agentziaren arabera, herritarren aurrean azaldu aurretik Macronek bilkura egingo du honako goi karguekin: lehen ministroa, aholkulari militar nagusia, inteligentzia zebitzuen koordinatzailea eta Osasun, Barne eta Atzerri aferetako ministroekin. 

Orain artean koronabirusak Frantziako estatuan kutsatu ditu 5.000 herritarretik gora eta 127 hil. Larunbatetik igandera bitartean 900 kasu berri ezagutarazi ziren.

Aierdi foru kontseilaria kutsatuen artean da eta ez dago ados enpresa handiak gelditzearekin

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko eta Industria kontseilariak koronabirusa dauka. Etxean dago isolatuta baina lanean. Euskal Herria Irratiak deitu egin dio eta kontseilariak gaixotasunaren inguruan lasaitasun mezua helarazi du eta egoeraren inguruko hausnarketa egin. "Sukarrarekin egun pare bat eman ditut baina orain ongi nago" azaldu dio Aierdi irratiari.

Aierdik kritika egin dio Espainiako Gobernuari, honek autonomien gobernuen gainetik hartu dituelako erabakiak. Nafarroan egoera ongi kudeatzen ari dela deritzo. Horrez gain, kezkaz ikusten ditu Volkswagen gisako enpresa handiak gelditzea, Lonbardian ez zelako halakorik egin eta Europan ere lanean ari direlako: "Ezin da ekonomia geldiarazi". Euskalerria Irratiaren audio honetan entzun daiteke elkarrizketa.

Koronabirusak Txinan adina kutsatu eta heriotza eragin ditu dagoeneko Txinatik kanpo

Martxoaren 16 honetan, dagoenko 170.000 dira mundu osoan koronabirusak kutsatu dituen jendeak; horietatik 6.500 baino gehiago hilak. Izurria agertu zen Txinan gertatu dira horien erdiak baina hedatze azkar baten poderioz munduan gaur egun badaude Txinan adina gaixotu eta hilakoak ere proportzio berean edi eta erdi. Gaixotasuna pasa eta sendatutakoak 77.000 dira, horietatik 67.000 Txinan.

Datuak herrialdeka banaturik ematen ditu Johns Hopkins institutuak grafiko oso erakargarriz, baina kontutan hartu behar da honen estatistiketan Txinaren probintzia nagusiak banaka kontabilizatzen dituela, AEBetako estatuak bezala. Beste iturri oso on bat Worldometer da, datuak errialdeka eta izurriak daraman bilakaera grafiko oso argitan azaltzen duena. Bien artean diferentzia txiki batzuk egon ohi dira, ziurrenik kontabilitateak ordu ezberdinetan eguneratzen dituztelako.

 

Correoseko langileek diote ez direla lanera joango babeserako materialik jaso ezean

Espainiako Estatuan Correosentzat soldatapean jarduten duten langileek, Hego Euskal Herrikoak barne, adierazpen bateratua plazaratu dute. Hala, jakinarazi dute uko egingo diotela banaketak egiten jarraitzeari, enpresak langile bakoitza babesteko materiala eman ezean.

Salatu dute etengabeko arriskuan daudela beharginak; izan ere, zuzeneko harremana eta kontaktua dute materialarekin eta pertsona askorekin, izan bulegoetan edo izan banaketetan. Azaldu dutenez, eskutik eskura erabiltzen den material ugari ukitzen dute haiek ere, desinfektatu ahal izateko inolako baliabiderik gabe, eta jende ugariren etxeetara joaten dira banaketak egitera, babeserako inongo neurririk gabe.

Hortaz, Correosi exijitu diote jarduna murriztea, eta lana modu seguruan egin ahal izateko beharrezko materiala bermatzea. Bestela, bertan behera utziko dute haien jarduna.

Albiste hau Gedar.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Kutsatu kopurua 864 pertsonakoa da Hego Euskal Herrian

Goraka jarraitzen du kutsatuen kopuruak Hego Euskal Herrian eta gutxi gorabehera datozen bi asteetan horrela izango dela kalkulatzen da. Orain arte 23 pertsona hil dira, 22 EAEn eta bat Nafarroan. Araba da lurralderik zigortuena.

Lurraldeka honakoak dira kutsatuen zenbakiak:

Gipuzkoan 63 pertsonek eman dute positibo orain arte. Bizkaian 158k, Araban 409 eta Nafarroan 234 kasu daude. EAEn horietatik 262 ospitaleetan daude eta etxean egiten zaie jarraipena 188ri. Nafarroan, aldiz, 46 gaixo ospitalean dira eta 188 etxean artatzen ari dira.

Ez, ikasle guztiek ez dute etxetik ikasteko aukera

Lehen Hezkuntzako txikienei testu-liburuko lanak agindu dizkiete egun hauetarako (irakasleak gurasoekin izango du harremana, email bidez) eta adin batetik gora, internet bidez arituko dira ikasleak, koronabirusaren epidemiak etxean sartuta dituen bitartean. Baina ez dezagun ahaztu, etxe guztietan ez dago ordenagailua eta etxe guztietan ez dute internet.

Ikasle guztien inklusioa bermatzeko eta batzuen eta besteen arteko desorekak saihesteko, teknologiaren eremuan zein estrategia dute Hezkuntza sailek? Ez dagoela dirudi, ikastetxe batzuetan segituan piztu baita alarma gorria: irakurri osorik Mikel Garciaren blogean.

 

Urkullu, Espainiako Gobernuaren jardunaz: "Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzeko neurriak ez dira beharrezkoak"

Espainiako Gobernuak onartutako dekretua bete egingo duela adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, baina hura onartzeko eta jakinarazteko moduarekin ados ez dagoela adierazi du: "Ertzaintzaren eta Osakidetzaren agintea hartzeko neurriak ez dira beharrezkoak. Neurri horiek ezin dira ulertu eraginkortasun praktiko eta profesionalaren ikuspegitik. Lankidetzarako eta koordinaziorako nire prestutasuna erabatekoa izan da, eta da. Hori bai, koordinazioa edo elkarlana ez da inposizioa. Nolanahi ere, ez dugu desadostasuna eta nahasmena sustatu nahi. Jarduera komun bat bultzatu eta ahalbidetuko dugu. Lehendakaria da Estatuaren arduradun nagusia Euskadin, hori ezartzen dute Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak. Dekretua betetzeko konpromisoa hartzen dut, erantzukizunagatik. Hori egingo dugu, Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna delako herritarren interesak defendatzea koronabirusaren aurrean".

Ospitale eta anbulatorioetako kontsultak eten ditu Osakidetzak

Osakidetzak eta Onkologikoak aurrez aurreko ikustaldiak bertan behera uztea erabaki dute eta, beraz, hitzordua hartuta dutenek itxaron egin beharko dute medikuak, erizainak edo emaginak telefonoz deitu eta haien egoera ebaluatu arte. Behar-beharrezkoa izanez gero ezarriko zaie aurrez aurreko hitzordua. Soilik baimenduko dira odola ateratzea (premiazkoa den kasuetan) eta programatutako sendaketak.

Halaber, ospitaleetako jarduera kirurgikoa ere atzeratu egingo da, salbu eta kirurgia onkologikoak, premiazkoak eta atzeratu ezin daitezkeenak. Onkologia mediko, erradioterapiko, hematologiko eta pediatrikoarekin lotutako tratamenduan dauden pazienteen kontsultak ere ez dira etengo; eta erradioterapia-saioen jarduera ere mantentzen da.

Euskal Herrian 23 dira koronabirusarekin hildakoak

Azken orduetan 122 positibo gehiago azaleratu da Euskal Herrian; 832 kasu daude orotara. Hildakoak 23 dira jada, azken hiruak Araban.

Kutsatutako 832 lagunetatik 305 daude ospitalean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude