"Grebara joan beharko genuke funtsezkoa ez den guztia ixteko"

  • Euskal Herria bezala Italia ere koronabirusaren foku garrantzitsuenetakoa da munduan, bereziki iparraldea. Aste batzuk lehenago hasi zen zabaltzen gaitza Lombardian, eta konfinamendu neurriak astebete lehenago ezarri zituen Italiako Gobernuak. Hango bizipen eta kezketatik ikasteko asmoz jarri gara Eliana Como sindikalistarekin harremanetan. Funtsezkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea eta horietan greba orokorra egitea aldarrikatzen du.


2020ko martxoaren 17an - 13:28

Reconquistiamo Tuttoren bozeramailea da Como. CGIL Italiako sindikatu nagusiaren barneko korronte minoritarioa da Reconquistiamo Tutto, eta enpresen etekinak osasunaren gainetik jartzen ari direla salatzen du.

Nola eragiten ari da osasun-krisia soldatapeko eta enpresetako lan munduan? Eta autonomoei?

Langileak garesti ordaintzen ari dira. Italiako Gobernuak hasieratik hartutako neurriak oso kontraesankorrak izan dira, eta zama handia ekarri dute lanean ari direnentzat. Batzuei ahalegin handia eskatzen zaie, askotan gutxieneko segurtasun bermerik gabe. Bereziki funtsezko zerbitzuetan lan egiten dutenei: osasuna, garraio-zerbitzuak, saneamendu eta garbiketa industriala, zerbitzu publikoak, elikagaien banaketa.

Bigarrenik, eten egin diren baina gutxieneko diru-sarreren bermerik ez duten sektoreetan lan egiten duten guztiak daude. Berme horiek gobernuaren ezohiko neurrietatik etorri beharko lirateke. Oraindik ez daude onartuta, eta, gainera, jakinarazitako baliabideak ez dira nahikoak – 3.500 milioi euro –. Eten diren lehenengoen artean daude turismoaren eta artearen sektoreak, kultura eta entretenimendua. Sektore zentralak dira Italian, baina Estatuak oso gutxi inbertitzen du eta prekarietate eta legez kanpoko lan handia dago. Langile prekario askok dagoeneko galdu dituzte beren enpleguak, eta inolako dirulaguntzarik gabe daude beren etxeetan. Gauza bera esan daiteke autonomo askori buruz: ez dira enpresari txikiak, oso langile prekarizatuak baizik, beren lanei edo diru-sarrerei eusteko bermerik ez dutenak.

Azkenik, funtsezkoak ez diren baina gobernuak mugatu ez dituen sektoreetan lanean jarraitzen duten pertsonak daude. Batez ere manufaktura-sektorea; izan ere, Covid-19ak gehien kaltetutako iparraldeko eremuetan sektore zentrala da. Lanean jarraitu behar dute, salbuespenak salbuespen, gutxieneko segurtasun neurriak betetzen direla bermatzen ez den arren –funtsezkoenetik hasita: etxean geratzea!–.

"Italiako Gobernuak hasieratik hartutako neurriak oso kontraesankorrak izan dira, eta zama handia ekarri dute lanean ari direnentzat"

Pixkanaka euste-neurriak gogortzen joan dira Italian. Bizi zaren Lombardiako eskualdean martxoaren 8tik, eta Italia osoan 10etik, indarrean daude etxeetan konfinatzeko, jarduerak eta mugimenduak debekatzeko neurriak. Baina ez dira debeku berberak ezarri sektore produktiboari begira. Langile askok beren lantokietara joan behar dute. Enpresa bakoitzak erabakitzen du?

Benetan sinestezina da orain arte funtsezkoak ez diren lan guztiak itxi ez izana. Neurri hau beharrezkoa da herrialde osoan, baina batez ere iparraldeko eskualdeetan, bereziki Lombardian. Benetan sinestezina da lehentasuna irabazi ekonomikoei ematea osasunaren eta segurtasunaren kaltetan. Ez bakarrik lan egiten dutenena –arrazoiz sakrifizio-haragi sentitzen direnak–, baita komunitate osoarena ere. Izan ere, lanera joan behar dutenek gainerako biztanleak kutsatzeko arriskua dago.

Gaur bertan, larrialdiaren epizentroa den Bergamon bertan, fabrika handi gehienak ez dituzte itxi, edo, egin badute, egun batzuetarako bakarrik izango da –La Republica-k argitaratutako datuen arabera, milioi bat biztanle inguru duen Bergamoko lurraldean gutxienez 385 pertsona hil ditu gaitzak aurreko zazpi egunetan–. Adibidez, ABB, Bergamoko fabrika handienetako bat, ekipo elektrikoak ekoizten dituena, zabalik dago oraindik, eta aparteko orduak eskatzen dizkiete langileei.

Benetako kontraesana da biztanle guztiei esatea etxean geratzeko –arrazoi osoz– baina gero langileak lanera joatera behartzea. Arazoa ez dagokie lantegiei soilik –herrialde batek 15 egunez jarrai dezake torlojuak edo automobilak ekoitzi gabe–, baita zerbitzuen sektore batzuei ere: elikagaien banaketa komertziala, elikaduraz bestelako ondasunen garraioa, bankuen eta aseguruen zerbitzuak... Zerbitzu horiek guztiak legez etengo dituen gobernuaren dekreturik gabe, enpresaren edo ekintza sindikalaren "fede onaren" menpe dago itxiera.

Eta nola ari dira kudeatzen egoera enpresetan?

Duela egun batzuk, Italia osoan langileek piztu zituzten hainbat istilu espontaneoren ondoren, gobernuak, hiru sindikatu nagusiak (nirea barne, CGIL) eta Confindustriak (manufaktura-enpresen elkartea) "segurtasunez lan egiteko" arauak adostu zituzten. Arau horiek ez dira nahikoak. Edo, okerragoa dena, ordezkari sindikalen esku uzten da arauak errespetatzen direla egiaztatzea, neurri handi batean ez baitira aplikagarriak edo egiaztagarriak –metro bateko gutxieneko segurtasun-distantzia bermatzea, bilerak debekatzea, babes-gailuak erabiltzea...–. Sarritan maskara eta eskularru babesleak falta dira funtsezko sektoreetan, baita ospitale askotan ere, bereziki hegoaldean. Fabriketan egoera okerragoa da. Langileek lanean jarraitzeko beldurra dute.

Langile migratzaileen egoera larria da. Lana galtzen dutenek bizileku-baimena lortzeko aukera galtzeko arriskua dute. Koronabirusa baino lehenagotik, langile horiek sarritan ezin dira gaixotu ere egin: egitekotan kaleratzeko mehatxua egiten zaie.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, uste dut gaur, herrialde osoan eta urgentziaz, Lombardian eta gehien kaltetutako eremuetan, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak dekretuz itxi behar direla. Hau da segurtasun posible bakarra. Gobernuak erabaki hori hartzen ez badu, bistan da irabaziak galdu nahi ez dituzten enpresen interesen menpe dagoela. Sindikatua ere aurka egiteko beldur da.

Grebara joan beharko genuke funtsezkoa ez den guztia ixteko. Gobernuak funtsezkoak ez diren lanak itxi beharko lituzke, baliabideak funtsezkoetara zuzendu beharko lituzke eta komunitatearen onerako lan egitera behartuta daudenei segurtasun-bermeak eman beharko lizkieke.

"Zerbitzu horiek guztiak legez etengo dituen gobernuaren dekreturik gabe, enpresaren edo ekintza sindikalaren 'fede onaren' menpe dago itxiera"

Zer egoera dago ospitaleetan eta osasun-langileen artean?

Osasun arloan egoera are lazgarriagoa da. Iparraldeko ospitaleetan, astez aste, langileak lubakietan egon dira. Arazo nagusia da azken hamarkadetan Italiako osasun publikoak etengabeko murrizketak jasan dituela. Baliabideak, oheak eta langileak murriztu dira. Medikuntza pribatuaren alde, edo Europako Batasunak ezarritako austeritate murrizketak onartu direlako. Bitartean, gobernuek ez dute eskrupulurik izan gastu militarrera baliabide izugarriak bideratzeko.

Aste hauetan sekulako ahalegina egiten ari dira mediku eta osasun langileak lan ordutegi arruntaz haragoko txanda nekagarriekin. Langileen borondate ona, ordea, ez da nahikoa. Bergamo hirian anbulantzietako sirenen soinua ia konstante bihurtu da. Ospitaleek eztanda egin dute. Hileta-autoak hiriko hilerriaren aurrean lerrokatuta daude. Dramatikoa da, ahal banu sentitu araziko nizuke. Hori herrialdeko eremu aberatsenetako eta industrializatuenetako batean gertatzen da, non arreta-medikuak ziurrenik hobeto funtzionatzen duen. Pentsa zer gerta litekeen osasun-zentroetako larrialdi-maila horietara iristen bagara, normalean eguneroko beharrei ere aurre egin ezin dieten herrialdeko eremuetan.

 

Krisiaren ondorioen aurrean laguntza neurriak eskatzen dituzue langile klasearentzat.

Aldarrikapen nagusia da funtsezkoak ez diren lan guztiak dekretu bidez ixtea, eta ahalik eta baliabide gehien bideratzea funtsezko lanen segurtasuna bermatzera. Horrez gain, lanik gabeko aldiak egingo dituzten langileentzat gizarte segurantzako sareak eskatzen ari gara, lanpostuari eutsiz eta soldata estaldura batekin. Ezohiko neurriak garatu behar ditu gobernuak, "hondamendi natural" egoeren aurrean gertatzen den bezala. Orain arte agindutako errekurtsoak ez dira nahikoak, eta, edonola ere, oraindik ez dira biztanleria guztiarenganaino heldu. Gobernuak askoz maizago hitz egiten du enpresei laguntzeaz, lanean ari direnei laguntzeaz baino.

Langile prekario eta autonomoentzat ere neurriak eman behar dira, normalean kaleratze funtsetarako eskubiderik ez dutelako eta kasu askotan soldatak eta diru sarrerak galdu dituztelako. "Berrogeialdiko diru-sarrera" eskatzen ari dira zenbait. Uste dut neurri baliagarria izan daitekeela beren enpleguak eta soldatak galtzen ari diren guztientzat.

Murrizketa bat ezarri beharko litzateke oporren erabileraren gainean: langileak opor egunak hartzera behartu dituzte enpresa batzuek. Abuztuan lan egin beharko genuke horrela, jada oporrak agortu ditugulako. Gaixotasunagatiko baja-egun gehiago izateko arauak ere garatu behar dira, berrogeialdiaren ondorioz lana galtzeko arriskurik ez izateko. Eta guraso-baimena luzatzeko neurriak.

"Murrizketa bat ezarri beharko litzateke oporren erabileraren gainean: langileak opor egunak hartzera behartu dituzte enpresa batzuek"

Beste batzuetan krisi egoerak agenda neoliberalean sakontzeko erabili izan dira. Egoera honek biztanleen lan- eta bizi-baldintzen aurkako eraso berriak ekarriko dituela uste duzu?

Larrialdi hau igarota, langile klaseak kontrarreforma berriei aurre egin beharko die –berriro ere!–. Pentsioetan zein soldatetan, ekonomiaren dezelerazioa etorriko baita. Geroago pentsatuko dugu horretan. Orain lehentasuna segurtasuna eta osasuna dira, lanean ari direnentzat eta herrialdearentzat. Baina ez dezagun ahaztu gertatzen ari denaren kosturik handiena guri ordainarazten saiatuko direla.

Euskal Herria Italiaren antzeko bilakaera bizitzen ari da baina pixka bat beranduago. Bai birusaren hedapenari dagokionez, bai Estatuak eta administrazioek ezarritako neurriei dagokienez. Nolakoa izaten ari da jendearen egunerokoa?

Hartu diren neurriek mugiarazteko askatasuna mugatzen dute, bai eta pertsonen sozializazio normala ere: kirol-, kultura- eta jolas-jarduerak itxita daude. Aktibo garenontzat greba askatasuna, mobilizazioa eta ekimen politikoa ere mugatuak dira.

Kezkatzen nau horrek, baina onartzen dut gehiago kezkatzen nauela neurri murriztaileetan dagoen koherentziarik ezak. Larrialdi bat badago, uler dezaket eta onar dezaket nire askatasuna mugatzea komunitatearen onerako, baina ezin dut onartu lantegiek irekita jarraitzea (dekretu batek langileak greban ez deklaratzera ere gonbidatzen ditu, herrialdean osasun-larrialdi bat dagoelako). Bestela, edozein euste-neurri eraginkorra ez izateko arriskua dago, langileak etxetik ateratzen jarraitzen duelako eta infekzioa zabaltzen duelako. Bidegabea da gainera.

"Uler dezaket eta onar dezaket nire askatasuna mugatzea komunitatearen onerako, baina ezin dut onartu lantegiek irekita jarraitzea. Bestela, edozein euste-neurri eraginkorra ez izateko arriskua dago"

Kontuan izanik zuen bide antzekotik goazela, zer ikasi dezakegu bizitzen ari zareten guztitik?

Espero dut birusaren hedatzea mugatu ahal izatea, eta inoiz ez iristea gaur Italian jasaten ari garen larrialdi egoerara, Lombardian bereziki. Hori gertatuko balitz, eskatu berehala euste-neurriak berdinak izan daitezela guztiontzat, bestela, esan bezala, bidegabeak ez ezik, eraginkortasunik gabeak ere badira. Eta eskatu oraintxe bertan osasun azpiegiturak hobetzeko.

Eskolak ia berehala itxi zituzten. Ez zen minik gabeko neurria izan, zoritxarrez. Lanean ari direnek arazoak izan dituzte eta izaten jarraitzen dute haurren zaintza antolatzeko. Horrek askotan emakumeei eragiten die. Eta emakume askorentzat etxean egotea ez da batere lasaigarria: emakumeen aurkako indarkeria gehiena etxe barruan gertatzen da, eta "behartutako" bizikidetzak jada tentsioan dauden egoerak larriagotu ditzake.

Ez dakit zerbait irakatsi dezakegun. Orain, egia esan, larrialdiak jota gaude, eta laguntza jasotzeko beharra dugu eman baino gehiago. Atsekabetuta diot hau guztia, eta inpotentzia sentsazio bizia dudalako: egoera benetan astuna da, bereziki hemen, Bergamon. Edonola ere, uste dut aholku bat eman dezakedala: ez ezazue gutxietsi gertatzen ari dena.

Konbentzimendu berarekin eskatzen diot mundu guztiari, bai hemen, bai Italian, bai Europako gainerako lekuetan, ez dezala ahaztu gugandik oso hurbil drama okerragoak gertatzen ari direla. Bereziki, egunotan, Turkia eta Grezia arteko mugan. Gure larrialdiak gorabehera, ez ditzagun begiak eta kontzientziak itxi beste leku batzuetan gertatzen ari denaren inguruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude