EH Bilduk eta abstentzioak EAJren nagusitasuna apaldu dute

  • Abstentzio handiko hauteskundeak izan dira, eta lehia handiena EAJ eta EH Bilduren artean izan da: lehenengoak behera egin du eta bigarrenak gora. Nafarroako Legebiltzarrean UPNk mantendu du 2019ko garaipena, eta PSNk bigarren postua. Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk 2019ko garaipena errepikatu duen arren, eserlekuak galdu ditu, eta EH Bilduk gora egin du bietan. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EH Bildu gailendu zaio EAJri, lehenak irabazitako eserlekuek eta bigarrenak galdutakoek ahalbidetuta. Udal hauteskundeetan, EH Bildu izan da lehen indarra Hego Euskal Herriko udal gehienetan.


2023ko maiatzaren 29an - 00:04

Nafarroako Legebiltzarrean, UPNk 15 eserleku eskuratu ditu, 2019an baino 5 gutxiago (PPk jasoko lituzke 3 eserleku, eta VOXek 2). Bigarren indarra PSN izango da ordura arte zituen 11 ordezkariak mantenduta, baina ezkerreko blokeak indarra hartuko du EH Bilduren igoerari esker. Eskuineko blokearen botoak batuta, 21 izango lirateke; ez lukete gaindituko PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren gobernu bat, betiere EH Bildu abstenitzen bada (irakurri analisia osorik)

Nafarroako udal hauteskundeetan, Iruñean inoiz ez da horren lehia estua egon UPN eta EH Bilduren artean (2.500 boto azkenean), eta EH Bilduk gora egin du udal askotan. Eskuinak, aldiz, ez du batu. PSNren esku egongo da alkatetza asko UPNra joan ez daitezen. (irakurri analisia osorik)

Arabako Batzar Nagusietan, EAJk irabazi du, EH Bildurekin lehia estuan. 15 eta 14 eserleku lortu dituzte, hurrenez hurren, eta EAJk bi eserleku galdu eta EH Bilduk bi irabazi ditu, 2019arekin alderatuta. PSEk eta Podemosek eserleku bana galdu dute eta Vox lehen aldiz sartuko da Batzar Nagusietan eserleku batekin. (irakurri analisia osorik)

Lurralde horretako udal hauteskundeei erreparatuta, Gasteizen garaipen historikoa lortu du EH Bilduk. Arabako zazpi udalerri populatuenetatik lautan irabazi ditu hauteskundeak EH Bilduk (Gasteiz, Laudio, Agurain, Oion); Bitan EAJk (Amurrio eta Dulantzi); eta beste batean PSEk (Iruña Oka). Trebiñuko Argantzunen ezker subiranistak 2019an lortutako alkatetza historikoa galdu du EAJren mesedetan. Oro har, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia izan da nagusi Arabako udal hauteskundeetan. (irakurri analisia osorik)

Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJk irabazi du, nahiz eta aurreko legegintzaldian baino bi batzarkide gutxiago izango dituen, 23 orotara. Bigarren EH Bilduk egin du eta 15 batzarkide izango ditu (2019an baino bost gehiago). (irakurri analisia osorik)

Bizkaian jende gehien biltzen den herrietan ez da udal aldaketarik izango. EAJk eutsi die 2019an irabazitako plaza nagusi gehienei, baina abstentzioaren eta EH Bilduren igoerak zinegotzi banaketa aldatu dute, baita herri bakan batzuetako alkatetzak ere. (irakurri analisia osorik)

EH Bilduk eskuratu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozik gehien: 22 batzarkide lortu ditu, 2019ko hauteskundeetan baino 5 gehiago. EAJk, PSE-EEk eta Podemosek behera egin dute, eta EAJk 17 batzarkide lortu ditu, aurrekoan baino 3 gutxiago. (irakurri analisia osorik)

Gipuzkoako udal gehienetan ere EH Bilduk irabazi du, EAJri gailenduta. Donostian EAJk irabazi du, baina bi zinegotzi (10etik 8ra) eta 10.000 boto baino gehiago galduta, eta gora egin du EH Bilduk: 2 zinegotzi gehiago (6tik 8ra) lortu ditu, eta botoetan EAJri asko gerturatu zaio. 2019ko udal hauteskundeetan EAJ gailendu zen zenbait udaletan EH Bilduk aurre hartu dio, hala nola Tolosan eta Arrasaten. EH Bildu gailendu da Debagoiena osoko alkatetzetan. (irakurri analisia osorik)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude