Etsaien artean, lagunena

  • EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ babestu du Durangon, eta PSE-EE Gasteizen. Alderdi Popularrak Madrilgo zentraletik emana du abisua: “PP saiatuko da EH Bildu ahalik eta gobernu guztietatik kanpo uzten; ez dute Gipuzkoan gobernatuko”.


2023ko ekainaren 19an - 12:30
Azken eguneraketa: 18:35

Mokokadaka aritzen dira estatu mailan, baina maila autonomikoetan, alderdi abertzaleekin lehiatzen dutenean, ondo baino hobeto estutzen diote eskua elkarri. PSNk bereak eta bi egin ditu EH Bildu alkatetzarik gabe uzteko Nafarroako udalerrietan: Eguesibarren eta Lizarran, PSNk UPNren alkatetzak erraztu ditu boto zuria emanda, baita Iruñean ere. Elma Saiz sozialistak txistu eta oihu artean utzi zuen udal plaza, eskoltaz lagundurik. Sozialista espainiarrak eta erregionalista eskuindarrak elkarrekin, beraz.

Durangon, bestalde, estrategia handiz landutako jokaldiarekin lortu dute indar bozkatuena izan den EH Bilduri alkatetza kentzea; bereziki erabakigarria izan da PPk EAJri babesa ematea –jakina, zenbakiek hala baimentzen zieten, Elkarrekin Podemos herriko plataformatik bereizita aurkezteak eserleku galera ere ekarri diolako ezkerreko blokeari–. Dena den, PPren estrategia erabat orkestratuta etorri da Madrildik: Isabel Díaz Ayusoren eskuineko eskua den Miguel Ángel Rodríguez, –dena esatera, Aznar Espainiako presidente zela haren aholkulari zena–, Durangoko zerrendetan aurkeztu zen udal hauteskundeetan. Zerbait sinbolikoa zen, baina diseinatua zetorren. Durangon egon zen larunbatean, “festa egun handian”, El Diario.es-ek jaso duenez: “Festaren oinarria zen EH Bilduri orain arte gobernatu duen erakunderik handiena kentzea”.

Larunbatean, udal osaketen ondoren, Carlos García Durangoko PPko zinegotzia, bizkarka; eskuinean, eguzkitako betaurrekoekin, Miguel Ángel Rodríguez. Argazkia: El Diario

Bastidan ere ez zen ezer erabaki

Bastidako EAJko hiru zinegotziek alderdia utzi dute, EAJren bulego zentraletatik hartu den erabakiarekin desados. PPren esku geratu da alkatetza, EAJ ez delako alkatetzarako aurkeztu; ez zen aurkeztu, Araba Buru Batzarrak edo Euskadi Buru Batzarrak hala agindu ziolako. EH Bilduk iragarrita zeukan babesa emango ziola EAJri, eta horrela, zenbakiek ematen zuten alkate jeltzalea izateko.

Alkategai zen Edu Barinaga jeltzaleak dimisioa eman zuen ostegunean, alderdiak jarritako betoa medio. Larunbatean, gobernu osaketan, EAJko hiru zinegotziek eman zuten dimisioa. “Nazka eta inpotentzia” salatu dute.

Bastida, Gipuzkoaren truke?

Gipuzkoako Foru Aldundiko mahaia osatzeko dago oraindik, eta geroago hautatuko da ahaldun nagusia. Berdinketa teknikoa izango da EH Bildu-Elkarrekin Podemos eta EAJ-PSE-EE blokeen artean, eta PPk, hiru kiderekin, erabaki beharko du nori eman babesa.

PPren presidente Núñez Feijoo entzun dugu asteburuan esanez EH Bildu gobernuetatik ateratzen ari den “indar efikaza” haiena dela, popularra dela, eta Gipuzkoan saihestu egingo duela subiranistak gobernura heltzea. PPk, beraz, modu bateko edo besteko babesa emango dio EAJren hautagaitzari; ikusi beharko da traturik ote dagoen, eta nolakoa. Mikel Lezama PPren diputatuak publikoki eskatu du kirol departamentuaren kudeaketa haien esku geratzea.

Gernika: Gorroñotarren gotorleku

Kanpaina giroan etsaien artean etsaiena zirudienarekin ezkondu da Jose Maria Gorroño. 2007tik alkate izan dena, EAJko hautagai bere anai Iñaki Gorroñorekin batu da. Bistan geratu da, alderdi baten edo bestearen feudorik ez dagoela Gernika-Lumon: Gorroñotarren feudoa da eta gutxien axola duena alderdien izena da.

EAren zerrendetan aurkeztuta egin zen alkate lehenbizi, EH Bilduren zerrendetan joanda geroago, eta EAJrekin batera azken urteetan. Baina azken boladan oso gaiztotuta egon da Gorroñoren eta jeltzaleen arteko harremana, eta, azkenean, EAJk bere zerrenda aurkeztu zuen bozetara, eta Gorroñok berea, Guztiontzako Herria izenpean. Bi indarren arteko harreman txarra oso agerikoa izan da hauteskunde kanpainan, elkar zapaltzeko nahia, bazterkeria eta elkar ikusi ezina, hauteskunde aurreko elkarrizketetan bata agertzen bazen bestea ez agertuta, besteak beste.

EH Bilduk irabazi zituen boto gehien, Gorroñoren hautagaitza independentea oso gutxira gelditu zen, eta atzeraxeago EAJ. Hain bero zegoen giroa, espero zela EAJk GH plataforma babestea, baina ez zirudiela “besterik gabeko baietza” izango zenik. Eta halaxe izan da: GHk edukiko du alkatetza, baina hilabete inguruz soilik. Dimisioa emango du Jose Maria Gorroñok, jeltzaleei pasatzeko aginte-makila –bere anai Iñaki Gorroñok hartuko du–. Dena den, orain arteko Gorroño alkatea, bere anaiaren “konfiantzako zinegotzia” izango da hortik aurrera; bigarren planora igarota ere, hor segituko du.

PP-PSOE akordioak: ez soilik Hego Euskal Herrian

Bartzelonako udaletxera, Junts-en izenean aurkeztu zen Xavier Triasek eskuratu zituen boto gehien. Errepikatzear zegoen alkatetza, tronua ferekatzen ari zen kasik, azken orduko ezusteko mugimendua jazo arte. PSCko hautagaiak, Jaume Collbonik, alderdi morearen babesa lortu zuen lehenik, eta haiek gobernuan sartzeari uko egitea aski izan zen PPren babesa ere eskuratzeko.

La Vanguardia egunkariko kazetariek dagoeneko baieztatu dute Madrilgo bulegoetan erabaki zela nor izango zen Bartzelonako alkatea. Haien arabera, PPren koordinatzaile nagusiak hauteskunde gauean bertan hots egin zion PSOEkoari Bartzelonako kasuistika baloratzen hasteko.

PPk bat egin du etsairik handiena duen PSOErekin, "bere ekimenez" gainera. Adi, beraz, hemendik eta uztailaren 23rako diskurtsoei: PSOEk jo ohi du bere burua alderdi nazionalista, abertzale eta independentisten alternatiba gisa, ezkerreko aukera nagusi gisa. Bistan da, bai Gipuzkoan eta bai Bartzelonan, PPrengatik ez balitz, bertako indarrek gobernatuko luketela erakundeetan. Alternatiba orain, beraz, eskuinetik eta urdinez tindatzen ahaleginduko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Unai Hualde da berriz Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria

Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.


Eguneraketa berriak daude