Koldo Martinez Iruñeko alkate?

  • Gobernagarritasunerako hainbat aukera utzi dute iragan igandeko hauteskundeek Nafarroan, baina haien osaketarako bidea korapilatsua da, eta Espainiako hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzeak are eta gehiago korapilatu du prozesua.


2023ko ekainaren 01an - 13:10

Hauteskundeen aurretik pentsa zitekeen aurreko legealdiaren antzeko eszenatoki instituzionala gera zitekeela igandea eta gero. Eta gaur egun ere, hori da hipotesirik nagusiena, gobernagarritasunaren giltzak dituztenek zer dioten ikusita behinik behin.

Nafarroako Legebiltzarra

Nafarroako Legebiltzarra ekainaren 16an eratuko da, eta haren lehen eginkizuna Legebiltzarreko Mahaia eratzea izango da. PSNk iragarri du jada saiatuko dela mahaiko lehendakaritza lortzen. 2019an ere ahalegindu zen horretan, eta baita EH Bildu mahaitik kanpo uzten ere, baina ez zuen ez bata ez beste lortu, eta azkenean, Geroa Baiko Unai Uhalde izan zen legebiltzarreko lehendakaria.

Nafarroako Gobernua

Nagusiki bi bloke daude lehendakaritza eskuratzeko. Eskuinak eta eskuin-muturrak 20 boto dituzte (UPNk 15, PPk 3 eta Voxek 2); eta orain arte arte gobernuan aritu direnek 21 (PSNk 11, Geroa Baik 7 eta Zurekin Nafarroak 3). Lehenengo bozketan lehendakaritzarako hautagaiak gehiengo osoa behar du, baina inork ez du hori lortzeko aukerarik, salbu eta PSNk UPNren alde egingo balu.

Beraz, bigarren bozketan baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea nahikoa denez, María Chivite aterako litzateke lehendakari. Beti ere, EH Bilduk Chiviteren aurkako botoa emango ez balu. Hori da duela lau urte gertatu zena.

Alderdiek orain arte esandakoekin, hori da gerta litekeen eszenatoki probableena, baina jadanik hasi dira bestelako mezuak agertzen panoraman, bereziki Espainiako hauteskundeak aurreratu ondoren. Batetik, Arnaldo Otegik adierazi du Iruñean alkatetzarako ateak ixten badizkiote EH Bilduri, agian Chiviteren aldeko abstentzioa birpentsatu beharko dutela. Oraingoz gehiago dirudi negoziazioetako zarata, baina osagai berria da, ez baita horrelakorik entzun kanpainan.

Bestetik, PSNk –Madrildik aginduta– gobernua UPNren esku uzteko aukera ere entzun da egun hauetan, horrela PPk estatuan EH Bilduren sostenguaren mamua ezin erabili ahal izateko. Gaur egun urrutiko aukera dirudi, baina Nafarroan PSNrekin ezin fidatu, eta are gutxiago Ferrazekin. Aurrekariak badira: 2007an PSNk eta Nafarroa Baik lortutako gobernu akordioa atzera bota zuen Ferrazek abuztu betean, “abuztukada” moduan ezagututako gertaera ezagunean. Istilu handia eragingo luke horrek PSN-n, baina Sarasateko egoitzan ohituak daude PSOEren aginduak irenstera.

Iruñeko Udala

UPNko Cristina Ibarrola izango da Iruñeko alkate alderdiek orain arte esandakoak betetzen badituzte. Joseba Asironek ere izan lezake aukerarik, baina horretarako giltza PSNk du eta hark esan du bere burua bozkatuko duela. Beraz, hor bukatzen da Asironen aukera, ez baitirudi PSNk azken unean ideiaz aldatuko duenik.

Baina, eta oso bitxiak izanik ere, bestelako aukerarik ere badira, udalen eraketan noizbehinka ematen direnak. EH Bilduk esan du jada ez duela hirugarren biderik onartuko, edo Asiron edo Ibarrola. Baina gerta liteke azken unean Elma Saiz alkate ateratzea EH Bilduren botoekin. Oso gaitza, hala ere.

Eta izan liteke, halaber, Geroa Baiko Koldo Martinez izatea alkate. Oso-oso gaitza, baina zenbakiek ahalbidetzen dutena, beti ere EH Bilduk, PSNk eta Zurekin Nafarroak botoa hari emango baliokete. PSNk behin eta berriz esan du EH Bildurekin ezer ez, baina bere gobernukideekin prest dagoela akordioa egiteko –bera buru izanda, jakina–. Bi zinegotzi dituen indarrak alkatetza lortzea ez litzateke txantxetakoa, baina gobernatzeko aukera izango luke, baita PSN udal gobernutik kanpo geratuko balitz ere. UPNk eta PPk hamaika zinegotzi dituzte, eta beste horrenbeste EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.

Parra bototan, baina PSNrekin egindako gobernu akordio batek gai gehienetan gailenduko luke eskuina, azken legealdi honetan gertatu den gisan. EH Bilduk etengabe aipatu du ahal duena egingo duela eskuinari ateak ixteko. Orain bada aukera bat Iruñeko Udalean, ez litzateke oso irensgarria Asironentzat eta bere boto emaileentzat, baina aukera hor dago. Jakina, beharko luke PSNren akordioa udala legealdian zehar gobernatzeko, eta hori ere airean egon daiteke, nahiz eta de facto aurreko legealdian oposizioa batuta egon den Enrique Mayaren aurrean. Horren aurrekari gisa, 2015ean Gasteizen gertatutakoa: EH Bilduk –bigarren geratuta– EAJri –hirugarrena– eman zizkion bere botoak, saihesteko PPk –lehen indarra– alkatetza eramatea. Orduan EAJk ez zion eman nahi izan EH Bilduri alkatetza, koalizioa aurretik egon arren.

Edozein kasutan, bi aste zoro biziko dira han-hemenka Nafarroan: ekainaren 16an foru legebiltzarra eratuko da eta 17an udalak, eta hauteskundeetatik hiru hilabetera Nafarroako Gobernua eratu gabe balego, hauteskundeak errepikatuko lirateke.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude