Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

  • Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


2023ko ekainaren 17an - 08:00

Turismoak euskal kostaldean azken hamarkadetan sortutako tentsioa oso bortitza da, eremu naturalak eta biztanleriaren egunerokotasuna sakrifikatzeko norabidea finkatu duena. Alternatibarik gabeko joera dela esan digute euskal erakunde nagusien agintariek, baina orain ikusi dugu aldaketak egon ahal direla herri antolakuntza eta hauteskunde mobilizazioa era egokian konbinatuta. Gai honi eskaini diogu Lanaren Ekonomia azken monografikoa, 100. saioaren langa igaro berri dugun udaberri honen amaieran.

Maiatzaren 28an Ibaizabaletik hasi eta ekialdean agertzen diren kostako hainbat herrietan aldaketa politikorako gogoa erakutsi dute hautesleek, aldarte berri bati esker udal gobernuen osaketa iraultzeko gai izan den uholdea sortuta. Zergatik izan da hain nabarmena kostaldeko joera hori? Turismoaren saturazioaren ondoriozko erantzun baten aurrean egon gaitezke? Herritik sortutako plataformen eragina izan da erabakigarria hainbat udalerritan, eta oro har, herri populatuenetan EH Bilduk (EHB) bere kabuz eta soilik indar propioekin aldaketa ekartzeko ezintasuna geratu da agerian. Sopela, Bermeo, Mundaka, Pasaia edo Hondarribia bezalako adibideek gehiengo berri anitzen aukerak erakusten dituzte, baita abertzaletasunetik kanpoko eremu politikoaren beharra ere.

Biztanle gehien pilatzen duten Bizkaiko Ezkerraldeko hiriek aldaketaren zain beste lau urte egon beharko duten bitartean, eta Durangoko ezkerreko gobernuak udalaren agintea galdu eta gero, Bermeo eta Sopela izango dira EHBko alkateak izango dituen udalerri handienak, Galdakao eta gero. Uribe Kostatik hasita, Guruzne Carrasson izango da alkatea Sopelan, Elkarrekin Podemosekin egindako itunari esker. Plentzian ere berreskuratuko du EHBk aginte makila, Aitor Garagarza gaztearen garaipen argiari esker. Udatiar joera duen herri honen adibidetik abiatuta, Garagarzagarekin aztertu genuen kostako joera hori Lanaren Ekonomia irrati saioan, kasuak kasu egoera askotarikoak erakusten dituena, baina borondate irmo baten adierazle da aldaketa politika gauzatzeko ekonomia iraunkorra, etxebizitza eskubidea eta tokiko merkataritza herritarrentzat, eta ez turismoari begira, izateko. Alboan, Gorlizen, Gorliz Bizirik plataforma berria izan da lehenengo indarra, eta EAJk makila galdu du, hirugarren postura igarota. Ibarrika herri plataforma izango da erabakigarria Barrikako EHBk alkatetza ez eskuratzeko; Lemoizen EHB alkatetzara ailegatu da; eta Bakion Amets Jauregizarrek agintea mantentzen du, EHBren albo batera egin duen Bakio Bai plataformaren boto gehienak eta bi zinegotziak eskuratzeko gai izan delako.

Okaren itsasadarrera zabaldu da aldaketarako olatua, herri plataformen ekarpenari esker EHB irabazteko gai izan ez den udalerrietan aldaketa lortuz. Adibide argiena Bermeo izan da, non EHBk eta Guzan plataformak EAJren gehiengo absolutua apurtzea lortu duten, eta, gobernu negoziazio sakon baten ostean, aldaketarako akordioa gauzatzea lortu dute. Asier Larrauri izango da Bermeoko Alkatea, Xabier Ortuzar alkateorde berriaren herri plataformak izandako boto gorakadari esker, eta programa bateratua eta gobernu osaketa orekatu bat osatzeko borondatearen ondorioz. Mundakakoa da, ziurrenik, harrigarriena den gobernu aldaketa, EHB eta Mikel Bilbao Alkate ohiaren Herritar Alternatibaren artean gehiengo berria lortu dutelako, EAJren 42 urteetako lidergoa apurtuz. Ondoko herrian, Sukarrieta Kanala Bizirik plataforma gailendu da, eta eskualdeko aldaketa politikoaren norabide joera finkatzeko Gernikako EHBn garaipena da baita ere aipatu beharrekoa, nahiz eta Gorroño Alkatearen plataformarekin gobernu akordioaren beharra izan. Zentzu berean, Ibarrangelun, Armendu plataformak berriro irabazi du, eta Elantxobe zein Ean EHBk Alkatetzan segituko du.

Ondoko eskualdean, Lea Artibain, kostako bi udalerri nagusietan irabazi du EHBk, eta eskualde burua den Markinan ere aginte makila berreskuratzea lortu du. Lekeition Ander Aldabalaren taldeak irabazi berri du, eta Ondarroan Urtza Alkorta preso ohia eta zerrendaburu berriarekin alkatetza mantentzen du koalizio abertzaleak.

Gipuzkoako panorama

Ekialderantz jarraituz, Deban EHBk alkatetza mantentzeko aukera galdu du, Orain Deba plataformarekin akordioa lortu ezin izanagatik, azken legealdietan erabakigarria izan den Debarren Ahotsa plataforma desagertu eta gero. Zumaian, Getarian eta Orion EHBk agintean jarraituko duen bitartean, Zarautzen EAJk alkatetzari helduko dio, ezkerreko bi indar nagusien emaitza eskasen ondorioz.

Donostian, EH Bildu alkatetza lortzetik urrun geratu da, berriro ere Elkarrekin Podemosekin gehiengoa lortu ezin izanagatik, eta Gipuzkoako Aldundian bezala, emaitza onak eta gobernatzeko ahalmena bereiztearen garrantzia agerian geratu da, koalizio buruen irakurketa triunfalistaren desegokitasunarekin batera. Pasaian EHBk alkatetza lortu du, berriro ere Elkarrekin Podemosei esker, eta Hondarribian Abotsanitz plataformak irabazi ditu hauteskundeak, etxebizitza eta herrian lan egiteko eskubidean oinarrituta. EHBn bi zinegotziei esker alkatetza lortuko du plataformako burua den Igor Enparanek.

Ihes egiteko grina

Emaitza horiek guztiak ikusita, bada kostako herriak izateaz haratago horien guztien artean dagoen amankomunezko beste joera bat, azken hamarkadetan EAJk bultzatutako turismoaren ustiaketatik ihes egiteko beharra, agerikoa baita etxebizitza lortzeko ahalmenaren eta lan baldintzen gainbehera. Aginte makila berreskuratuko duten indarren programek erabateko norabide aldaketa finkatu dute, haien herrietan lan eta bizitzeko baldintzak sortzeko politikak eta inbertsio berriak behar direla aldarrikatu baitute.

Horren adibide argiena dugu Bizkaiko kostaldean, non Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako proiektuek haserrea sortu duten, maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzak baldintzatuz. Erretiroa hartu berri duen Unai Rementeria, orain arteko Ahaldun Nagusia, izan da estrategia honen gidari tematia. Tokiko udal erakunde, eragile zein biztanleen aurka aritu da politikari mundakarra, adibidez Bermeoko San Juan Gaztelugatxen turistifikazio basatia edo Gernika eta Muruetan Guggenheim berriaren aldeko apustu ilegala defendatuz. Eider Gotxi SOS Gaztelugatxe eta Guggenheim Urdaibai EZ plataformetako kideak argi du hauteskundeen joera horrek ekarri ahal dituen onurak, turistifikazio basatiaren aurkako herriaren saretzea eta aurka egiteko gaitasuna indartzen jarraitu behar direla nabarmenduz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Unai Hualde da berriz Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria

Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.


Eguneraketa berriak daude