ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Aulki dantza hasi da: zein dira larunbatean udalak osatzeko alderdien arteko azken mugimenduak?

  • Larunbat honetan Hego Euskal Herriko udalak osatuko dira, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren. Udalerri batzuetan ez dago zalantzarik zeinek hartuko duen aginte makila, baina beste batzuetan indar orekak ez daude garbi eta alderdiek mugimenduak hasi dituzte hautagaiak babesteko. Hainbat herrirekin errepaso txikia egin dugu.


2023ko ekainaren 15an - 06:49
Azken eguneraketa: 15:51

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aldaketa nabarmenak izan ziren udalerri askotan boto kopuruei dagokionez, abstentzioak, EH Bilduren gorakadak eta beste alderdi batzuen beherakadak –batez ere EAJrenak, baina baita Elkarrekin Podemosenak ere– indar orekak aldatu ditu, eta larunbata honetarako matematika zailak jarri ditu hainbat udalerritan.

Alderdiak hasi dira mugimendu batzuk egiten eta errepaso labur bat egin dugu, orain arte hainbat udalerritan iragarritako jarrerarekin, alkatetzak eskuratu eta udal gobernuak osatzeko bi egun baino falta ez direnean.

Hondarribian EH Bilduk esan du Abotsanitzen hautagaitza babestuko duela larunbatean. Hala, ia hogeita hamar urtez agintean egon ondoren, EAJk udalerri horretako aginte makila galduko luke, azken hauteskundeetan lehendik zuen gehiengo osoa galduta. Igor Enparan jarriko litzateke alkate.

Deban Orain Deba taldeak akordioa erdietsi du EAJrekin eta EH Bilduri alkatetza kenduko lioke. Hala, Alazne Txurruka jeltzalea jarriko litzateke alkate. Plataforma hori Elkarrekin Podemosen babesarekin aurkeztu zen hauteskundeetara eta koalizioak adierazi du ez datorrela bat Orain Debaren erabakiarekin eta harremana hautsi du udal plataformarekin.

Tafallan EH Bilduko Xabier Alkuazek jarraituko du alkate, Iniciativa por Tafalla, Contigo Zurekin eta Geroa Baien babesarekin. Duela lau urteko kargua mantenduko du beraz indar soberanistak. Nolanahi ere, bai PSNk eta bai PPk mugimenduak egin dituzte egunotan, udal gobernua babesten duten hiru alderdi horiekin, alkatetza eskuratu nahian.

Kuartangon, EAJk PPren zinegotziaren babesa behar du EH Bilduri alkatetza kentzeko. Zinegotzi hori Juan Pablo Galán da –zerrendako lehenak bere eserlekuari uko egin ondoren–, 2019an Vox alderditik aurkeztu zen Arabako senaturako zerrendetan. Hala, Miren Meabe Carro EAJko hautagaia ultraeskuindarraren botoarekin egin daiteke alkate soilik.

Andoainen Andoni Alvarez EH Bilduko hautagaiak Elkarrekin Podemosen babesa lortu du, hala iragarri dute asteazken honetan. Hortaz ez luke arazorik izan behar EAJren eta PSE-EEren zinegotzien botoen gainetik geratzeko. Mugimendu horrekin koalizio soberanistak alkatetza berreskuratuko luke lau urteren ondoren.

San Adrianen, Vox-ek Euskal Herri osoan atera duen zinegotzi bakarrak –beheko grafikoan ageri ez den arren, azkenean eserleku bat eskuratu zuen PPri kenduta–, UPNren aldeko botoa emango du larunbatean. Horrez gain, PPren zinegotziaren babesa ere izango dute eta sozialistei alkatetza kentzeko aukera daukate, eskuinaren ea ultraeskuinaren laguntzaz. Pasa den hauteskundeetan PSNk gehiengo osoa galdu zuen udalerri horretan.

Arrigorriagan Maite Ibarra EH Bilduko hautagaiak akordioa lortu du Arrigorrigaga Gara eta NOA taldeekin alkate izateko berriz ere. Bi plataforma horiek hartuko zuten jarrerarekin zalantza batzuk izan dira, baina azkenean babesa emango diote hautagaitza soberanistari. Beheko grafikoan ageri ez den arren, zinegotzi bana egokitu zaie plataforma horiei.

Beste udalerri askotan ere azken momentura arte ez da jakingo alkatetza eta udal gobernua zeinen esku geratuko den. Iruñean EH Bilduk beste behin eskatu dio babesa PSNri Joseba Asiron alkate izendatzeko. Baina hiri buruzagian, behin bozkaketa hasita eta Geroa Baiko Koldo Martinezek bere hautagaitza aurkezten badu zer gertatuko den ikusteko dago eta larunbateko arretagune nagusietako bat izango da, zalantzarik gabe.

Arabako Errioxan, Guardian eta Bastidan esaterako, PPk alkatetza lortu dezake EAJk babesten badu, beste udalerri batzuetan honek popularren babesa izatearen truke. Nolanahi ere Aitor Esteban jeltzaleak ez du adierazpenik egin nahi izan halako mugimendurik egiten ari ote diren baieztatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude