Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

  • Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


2023ko irailaren 21an - 08:30

Donostiako EH Bilduko zinegotzi guztiek agerraldia egin dute asteazken honetan, Ekialde Barrutiko batzarraren eraketaren testuingurura antzeman duten “irregulartasun larria” salatzeko.

Adierazi dutenez, Ekialde Barrutiko batzarra eratzeko kontuan hartzen diren lau hauteskunde mahai kontaketatik kanpo utzi dituzte. Izatez, ofizialki PSE-EEk lortu zituen boto gehien Ekialde Barrutian —Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoek osatzen dute barrutia—, EH Bildu baino 24 boto gehiagorekin. Alabaina, kontaketa hori lau hautesmahai horiek kontatu gabe egin zen. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, lau mahai horiek kontuan hartuz gero EH Bildu izango litzateke lehen indarra, PSE-EEri 158 botoko aldea aterata. “Ondorioa da emaitza guztiz aldatzen dela”, nabarmendu du Izagirrek.

Hortaz, Ekialde Barrutiko lehen indar bozkatuena izanda, Ekialde Barrutiko batzarreko lehendakaritza EH Bilduri dagokiola aldarrikatu du bozeramaileak. Izan ere, abuztuan alkateak PSE-EEri eskaini zion lehendakaritza, barrutian boto gehien eskuratu zuen taldea zela argudiatuta. Hala, proposamen hori “bertan behera uztea” eskatu du talde soberanistak, eta lehendakaritzarako Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotzia proposatu du. Era berean, talde politikoen honako banaketa proposatu dute: hiruna ordezkari EH Bilduk eta PSE-EEk, bi EAJk eta bana PPk eta Elkarrekin Donostiak.

Horrez gain, Izagirrek aipatu du EH Bilduk gertatutakoa argitzeko “dituen baliabide guztiak” erabiliko dituela, eta esan du “pertsona batzuk modu ez zuzenean” jokatu badute, horiek “azalpenak eman eta ardura beraien gain hartu” beharko dutela.

EAJk «taktika trumpistak» erabiltzea egotzi dio EH Bilduri

EAJk EH Bilduk argitaratutako informazioari erantzun nahi izan dio ohar bidez. Ekialdeko Barrutiari dagokion hauteskunde kontaketa udaleko idazkaritza juridikoak egiten duela gogoratu du, hiri partaidetza saileko teknikariekin batera.

Lehen kontaketaren ondoren, EH Bilduk alegazioak aurkeztu zituen, Ekialdeko Barrutiko bi sekzio kontuan hartu ez zirela iritzita, eta orain idazkaritza juridikoak ontzat eman du EH Bilduren erreklamazioa. Beraz, EAJk ukatu egin du hauteskunde iruzur saiakera egon izana, eta hauteskunde prozesuak “funtzionatzeko modu arruntari” jarraitu diola nabarmendu du.

EAJren ustetan, EH Bilduk egin dituen salaketak “oso larriak” dira, eta udalaren funtzionatzeko modua zalantzan jartzeko “taktika trumpistak” erabiltzea leporatu dio. “Ez dakit hurrengoa zer izango den, akaso udaletxea hartzea”, adierazi du Jon Insausti zinegotzi jeltzaleak, 2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kapitolioko istiluak gogoratuz.

Era berean, EAJk gogor jo du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearen eta alkate ohiaren aurka: “Idazkaritza juridikoki eta hiri partaidetzako teknikariak seinalatu ditu, eta esaten ari zaie euren lana ez dutela ongi egin”. “Uste dugu alkate ohi batek edo udal talde batek ezin duela horrelako errespetu falta bat izan”,  adierazi du alderdi jeltzaleak udal langileek egiten duten lanari erreferentzia eginez.

EAJren iritziz, ondorio “bakarra” da EH Bilduk ez zituela maiatzaren 28ko udal hauteskundeak irabazi, eta ez duela “herritarrek emandako hitza onartu nahi”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Unai Hualde da berriz Nafarroako Legebiltzarreko lehendakaria

Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.


Eguneraketa berriak daude