Joxe Arregi hil zen, Espainiako Poliziak torturatuta

Duela
43
urte

1981eko otsailaren 13an,

Joxe Arregi Izagirre ETAko kidea hil zen Carabanchelgo espetxeko ospitalean torturen ondorioz. Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusian bederatzi egunez torturatu zuten.

“Oso latza izan da” adierazi zien espetxeko kideei hil aurretik. “73 poliziak torturatu zuten Joxe, ez zituzten zigortu, eta are gehiago, haietako batzuk kondekoratu ere egin zituzten”, salatu izan du bere arrebak. Antonio Gil Rubiales eta Julián Marín Ríos poliziak epaitu eta hiru hilabete egin zituzten espetxean.

Zizurkilera eraman zuten gorpua, baina Espainiako Poliziak debekatu zuen ikusi ahal izatea. Azken unean, aurpegia ikusteko estalkia kendu zioten bertaratuek. Hala ere, gau hartan, zenbait pertsona hilerrira joan, gorpua hilobitik atera, hilerriko etxetxo batera eraman, han tortura frogatzen zuten argazkiak atera eta berriro hilobian sartu zuten. Argazki horiek begi bistakoa zena frogatu zuen: torturatuta hil zutela.

Historiaren pasarte hori Juan Kruz Unzurrunzagak kontatu zuen Berria egunkarian eginiko elkarrizketan. Azpian bideoa. Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburua (Elkar) pasarte horren inguruan idatzia da.

Oso garai mugituak ziren haiek Hilabeteko tartean, ETA(m)-k Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari burua zen José María Ryan bahitu eta hil zuen; Karlos Garaikoetxeak Espainiako erregeei ongietorria eman zien Gernikako juntetxean, eta erregearen hitzartzea boikotatu zuten HBko ordezkariek Eusko Gudariak abestuta; Arregi hil zuten torturatuta, eta handik gutxira, Tejerok estatu kolpe saiakera egin zuen Madrilen.

Arregiren kasuak sutan jarri zuen Euskal Herria eta protesta erraldoiak izan ziren. Ordutik, otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna izendatua du ezker abertzaleak.

Jarraian gertaeren berri emanez Carabanchelgo preso batzuek idatzi zuten lekukotza, espetxeko murruen gainetik kanpora bota, euskal preso politiko baten senideek jaso eta Egin egunkarira eraman zutena.

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
110
urte