JARRAIPENA | 3 heriotza gehiago EAEn: Euskal Herrian 2.089 hil dira orain arte, milioiko 658

Zuzeneko jarraipena
  • Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.


2020ko maiatzaren 12an - 21:01
Gakoak
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Euskal Herriko hezkuntza zentro guztietan klaseak bertan behera geratu dira

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko EAEko hezkuntza zentro guztietako klaseak etetea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hala, lehendik eskolak bertan behera zeuden Araban eta Balmasedan eta orain Bizkaia eta Gipuzkoara ere zabaldu du neurria. Nafarroan, ostegun arratsaldean hartu du erabaki bera Hezkuntza sailak.

Jarraitu irakurtzen...

ARGIA etxetik egingo dugu, koronabirusa zabaltzea saihesteko

ARGIAk lan moldeetan neurriak hartu ditu koronabirusaren pandemiari arduraz erantzuteko. Gizartean birus hau ahalik gutxien hedatzea funtsezkoa dela kontziente gara, osasun sistema kolapsatu ez dadin. Horregatik, Euskal Herri osokoak garen ARGIAko kazetari, administrari eta komertzialek martxoaren 13tik aurrera etxetik egingo dugu lan, elkar kutsatzea saihesteko eta mugikortasuna murrizteko.

Jarraitu irakurtzen...

Frantzisko aita santuak negatibo eman du koronabirusaren test medikoan

Frantzisko aita santuaren osasun egoerak alarma guztiak piztu ditu asteburuko mezan eztula gelditu ezinik ibili denean. Koronabirusaren test medikuak negatibo eman duela jakinarazi du Vatikanoak. Hala ere, bere bisita eta zita guztiak bertan behera uztzi ditu Frantziskok, segurtasunagatik.

48.123 lagun sendatu dira dagoeneko

Giss and Data webguneak emandako datuen arabera, 91.311 kutsatuetatik 48.123 sendatu dira jada mundu mailan zabaldu den izurritetik. 3.117 dira birusak utzi dituen hildakoak, 2.830etik gora Txinan. Iran da Txinaren atzetik heriotza gehien izan dituen herrialdea, 66. Gertutik jarraitzen dio Italiak, 52 heriotzarekin.

Txinako hedapen datuak baxuenak izan dira sei astean, 125 kutsatu berrirekin. Azkenengo 24 orduetan Txinan sortu diren kasu berriak baino zortzi aldiz gehiago agertu dira herrialdetik kanpora.

 

Enplegu erregulazio espediente tenporala proposatu du Nafarroako Volkswagenek koronabirusagatik

Nafarroako Landabengo Volkswagen lantokia bere ohiko erritmoan dabil martxan, baina Italiatik eramandako piezen kantitatea jaisteak ekoizpena jaitsi dezake. Horri aurrea hartuz, enpleguu erregulazio espediente tenporala (ERTE) proposatu die zuzendaritzak sindikatuei, Euskalerria irratiak kaleratu bezala.

Hala ere, zuzendaritzak argi utzi nahi izan du prebentzio mekanismo bat dela eta balitekela ez ezartzea,"Volkswagenek jarduera aldi baterako bertan behera utzi behar duenean atzerapenik gabe aplikatu ahal izateko" eskatu duela azpimarratu du.

Negoziazio mahaia izango dute martxoaren 2an.

Eguneko datuen laburpena: izurritearen hedapena moteldu egin da

Eguneko datuen laburpena egin du The Guardianek:

Txina: 2.788 hildako eta 78.824 kutsatu, gehienak Hubeiko probintzian.

Hong Kong: 2 heriotza, 92 kasu.

Hego Korea: 13 heriotza, 2.337 kasu.

Japonia: 9 heriotza, 927 kasu.

Italia: 15 heriotza, 650 kasu.

Iran: 34 heriotza, 388 kasu.

Frantziar Estatua: 2 heriotza, 38 kasu.

Espainiar Estatua: 17 kutsatu.

Estatu Batuak: 60 kutsatu.

Filipinak: hildako bat, 3 kasu.

Beste hainbat herrialdetan kasu gutxi batzuk agertu dira, hala nola, Irak, Erresuma Batua, Grezia, Pakistan, Libano, India, Austria, Egipto, Algeria, Kroazia etab.

Tenerifeko hoteleko 130 turistek joateko baimena izango dute

Tenerifeko (Kanariar irlak, Espainiar Estatua) isolamenduan jarritako hotelean gutxienez lau koronabirus kasu positibo daude. 11 herrialdetako 130 turistei hotela uzteko baimena emango die astelehenean, kutsatutako bezeroak joan eta gero sartu baziren hotelean.

Hala ere, Jet2 hegazkin konpainia britainiarrak ezezkoa eman dio turistak eramateari hauek mediku azterketan positibo eman arte.

 

Burtsak behera koronabirusagatik

Osasunean soilik ez, herrialdeetako ekonomian ere eragin nabarmena izan du izurriteak. Espainiako Estatuaren kasuan, hogetaihirugarren kasuarekin batera, Ibex 35ak 2011tik izan dituen datu txarrenak jaso ditu. %11 jausi da burtsa, batez ere aerolineak eta bankuen eremuan.

Amerikako Estatu Batuen kasuan ere, Wall Streeteko burtsak %4,42a jausi da herrialdeko koronabirusaren kasuak hazi ahala.

Asian, izurritearen sorlekuan, joan den bi urteetako daturik txarrenak izan ditu burtsak.

Txirrindularitza: Arabiar Emirerri Batuetako itzulia, bertan behera

Bi etapa falta zirenean, Arabiar Emirerri Batuetako itzulia bertan behera utzi dute, koronabirusa dela-eta. Antolatzaileek jakinarazi dute UAE taldeko bi kidek Covid-19 birusa dutela. Bi pertsona horiek nortzuk diren ez dute esan, baina hainbat iturriren arabera ez dira txirrindulariak, bestelako zeregin batzuk dauzkaten langileak baizik.

Eguneko datuak: Europan hedatu egin da koronabirusa, baina Txinan inoizko hildako gutxien

Goizeko gertaeren laburpena egin du The Guardianek:

Saudi Arabiak Mekara doazen atzerriko erromesei sarrera ukatu die, segurtasun neurriak argudiatuta..

Japonian koronabirusetik sendatu zen emakume batek bigarrenez eman du positibo.

Frantziar Estatuko presidente Emmanuel Macronek epidemia hara heltzear dela ohartarazi du. Estatuan 2 lagun hil dira, eta 18 kutsatu.

Iranen 22 dira jada hildakoak.

Munduan zehar hainbat herrialdetan azaldu dira kasu berriak: Suitza, Kuwait, Espainiar Estatu (14 kasu), Hego Korea, eta Austrian. Erresuma Batuan 15 dira kutsatuak.

Txinan koronabirusak atseden eman duela jakinarazi du bertako osasun agintaritzak: 29 heriotza eta 433 kasu berri azaldu dira.

Australiak Txinatik doazen turistei sarrera ukatu die.

 

Koronabirusaz bigarrenez kutsatu den lehenengo kasua Japonian

Japoniako emakume batek bigarrenez eman du positibo koronabirusaren mediku azterketan, The Guardianek argitaratu bezala. Emakume honek urtarrilaren amaieran eman zuen lehen aldiz positibo, eta otsailaren 6an jada negatibo eman zuen egin zioten azterketan. Orain, ordea, berriz eman du positibo.

Japoniako Osasun ministerioak koronabirusaz bigarrenez kutsatzen den herrialdeko lehen kasua dela adierazi du. Hala ere, Txinan eman dute bigarren positiboen kasuen berri.

Ikasle nafar bat isolamenduan Italian

Nafarroako gobernuko Hezkuntza eta Osasun sailek Iruñeako institutu bateko 129 ikasleri Nafarroara bueltatzea gomendatu die, Italiako iparraldean izan baitira ikasleok. Beraietako bat Italian geratu da, 48 rduko isolamendua betetzen, lehen sintoma batzuk ageri baititu.

Koronabirusean positibo emanez gero ikasleak Italian geratu beharko luke, isolamenduan. Eta bere ikaskideak "harreman zuzena" izan dutela ulertu eta institutuaren zaintzapean egongo lirakete. Negatiboa izanez gero, Italian geratu den ikaslea ere Nafarroara eramango luke gobernuak, naiz.eus-ek kaleratu bezala.

Txinak kontrolpean izango du koronabirusa apirilerako

Txinako medikuntzako aditu Zhong Nanshanek apirilerako koronabirusaren izurritea kontrolpean izango dutela adierazi du, The Guardianek kaleratu bezala.

82.100 kutsatutik gora eta ia 2.800 hildako

The Guardianek gaurko datuen laburpena egin du:

Izurritearen hedapenak berriz egin du behera Txinan, 433 kasu berri eta 29 heriotzarekin atzoko egunean.

Hego Korean 334 kasu berri, gehienak Daegun, izurritearen fokuan.

Estonia, Danimaka, Pakistan, Georgia, Norvegia, Iparraldeko Mazedonia, Grezia eta Rumanian lehen kasuak eman dira.

Asiako merkatuetan joan den bi urteko asterik txarrena gertatzen ari da.

Australiak galarazi egin die bere biztanleei Txinara bidaiatzea, eta larrialdietako plana martxan jarri du, "birusa pandemia fasean sartuko dela dioten ebidentziak" daudelako, Scott Morrison lehen ministroak azaldu bezala.

Donald Trumpek estatubatuarrek arrisku "oso baxua" dutela adierazi du, eta birusaren hedapena gauzatuz gero osasun planak martxxan daudela.

 

Administrazioek lasaitasuna helarazi diete euskal herritarrei, eta prebentzio neurriak jakinarazi dituzte

Euskal Herriko lurraldeetan eskumena duten administrazioek Koronabirusaren hedatzea ekiditeko hainbat prebentzio neurri jakinarazten eta garatzen ari dira. Gehienak gripe arruntarekin hartzen edo gomendatzen diren neurrien berdintsuak dira.

Frantziako Gobernuak Akitania Berria eskualderako krisi zelula osatu du, eta hainbat neurri hartu. Besteak beste, osasun arloko langileentzako babes neurri bereziak ezarri ditu, eta sintoma susmagarriak agertzen dituzten pertsonak ospitalean ingresatzeko agindua eman du, analisiak egiteko. Eskualdeko ospitale nagusiei agindu die, Baionako Euskal Kostaldeko Ospitalea barne, ospitaleratze kopurua %10ean handitzeko bitartekoak prest izan ditzatela.

EAEari dagokionez, prentsaurrekoa eman dute gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Txema Arteagoitia Osasun saileko Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendariak eta Enrique Peiro Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeko presidenteak. Murgak osasun sistema “erne” dagoela adierazi du, berariazko protokolo bat martxan dagoela eta horren barnean Gurutzeta (Barakaldo), Donostia eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetan 600 ohe gehiago jarriko dituztela. Kasu susmagarri guztiak arretaz artatzen ari direla esan du sailburuak: hamahiru pertsonari egin zaizkio azterketak, hamaikaren emaitzak negatiboak dira eta beste bi pertsonenak falta dira. Murgak ez du baztertu kasuren bat agertzea. Edonola ere, herritarrei “lasaitasuna” helarazi diete hainbatetan prentsaurrekoan. Administrazioak egin bezala, gripearekin hartzen direnen pareko prebentzio neurriak gomendatu dituzte: eskuak garbitzea, zapiak ez berrerabiltzea edo eztula egitean ahoa eta sudurra estaltzea, besteak beste.

Nafarroako Gobernuko osasun arduradunek ere eman dute prentsaurrekoa. Santos Indurain Osasun sailburuak jakinarazi du departamentu arteko komisio bat sortuko duela gobernuak, eta prebentzio eta asistentzia sistema eguneratu dutela. Lasaitasuna eskatu du Indurainek, eta esan du “birusik okerrena beldurra eta alarma” direla. Maskararen erabilera ez dela beharrezkoa ziurtatu du, eta garrantzizkoena garbitasuna dela, “gripe arruntarekin bezala”.

Gripe arruntarena baino hilkortasun baxuagoa izanik ere, munduko alarma guztiak piztu dituen birusa

Koronabirusak, bi hilabetean, munduko muga asko zeharkatu ditu; 40 herrialdetara heldu da jada Txinan jaio zen birusa. Izurriteak sortutako alarma, batzuk pandemia deitzea ere eskatu dute, proportzionala izan da bere hedapenarekiko; zenbat eta herrialde gehiagotara zabaldu orduan eta handiagoa gizarte alarma. Europar lurraldean sartu denean alarma horiek eztanda egin dute. Izan ere, Italian 323 kutsatu, 11 hildako eragin ditu koronabirusak.

Hala ere, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) datuen arabera birus horren hilkortasun tasa %2 eta 4aren artekoa da Wuhanen, izurritea sortu den lekuan, eta %0,7koa munduko gainontzeko lekuetan, Public-ek argitaratu bezala. Hau da, Txinaz kanpoko herrialdeetan gaixotasuna gainditzeko probabilitatea %99,2koa da. "Gainera, koronabirusak kutsatutakoek beste motatako patologiak ere izaten dituzte. Baliteke hilkortasun tasa oraindik baxuagoa izatea, kasu larriak errazago kontatzen baitira kasu arinak baino", adierazi dio Elena Vanesssa Martinez MOEko presidenteordeak Public-i.

Horrez gain, gripearena baino hilkortasun tasa askoz baxuagoa duela adierazi du egunkariak. 2018-2019ko kanpaina 525.300 pertsonak hartu zuten gripea Espainiar Estatuan, eta horietatik 6.300 hil ziren. Ebolaren izurritean %50eko hilkortasun tasa zegoen, eta errabiarenean %95ekoa. Kontuan hartu behar da, ordea, azken bi horiek herrialde azpigaratuetan ematen direla, eta ondorioz, osasun-sistema kaxkarra dela.

Egia da birus honen hedapena besteena baino arinagoa eta errazagoa izan dela. Oraindik horretarako arrazoirik ez dute aurkitu medikuek, baina azaldu dute hedapena pertsona nagusien eta osasun arazoak dituztenen artean ematen dela gehien. Izan ere, hamar urtetik azpiko 416 kutsatuetatik inor ere ez dela hil jakinarazi dute.

Turistak Milaneko Duomoaren plazan.

 

 

 

Austriako hotel bat isolatu dute koronabirus kasu positibo batengatik

Austriako Innsvruck hiriko hotel bat isolatu egin dute bertako harreragile italiarrak koronabirusean positibo eman ostean, The Guardianek kaleratu bezala. Austriako gobernuak jakinarazi du 62 pertsona daudela isolatuta hotelean, horietatik 12 bi asterako berrogeialdian jarri dituzte harreragilea eta haren bikotekidearekin harremanetan egon direlako.

Lasaitasun mezua zabaldu dute gobernutik, 62 isolatuak osasaun egoera onean daudela eta bi kutsatuen sukarrak behera egin duela adieraziz.

Austriako polizia hotela zaintzen.

 

Sei hilabeteko kartzela zigorra txinatar bati ustezko informazio faltsua emateagatik

Txinatar bati sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete Singapurreko agintariei ustezko informazio faltsua ematearren bere mugimenduei buruz. 38 urteko gizon honek positibo eman zuen koronabirusean urtarrilean eta ondoren sendatu egin zen. Hala ere, bere emaztea berrogeialdian zegoen, berarekin izandako kontaktuagatik.

Emaztea Singapurren bizi da, eta beraien egoera dela eta Singapurreko Osasun Ministerioari beren nonrik norakoaren informazioa ematera derrigortuta zeuden. Ustezko informazio faltsua emateagatik zigortu du orain herrialdeko justiziak, bere kokapenaren informazioa ez omen baitzen egiazkoa.

Koronabirusaren izurriteko lehenengo zigorra da hau Singapurren. 7.147 dolar arteko isuna edo sei hilabeteko kartzela zigor eskaerak izan ditzakete delitugileek.

Iskanbila Vietnamen Hego Koreako turista batzuengatik

Gatazka sortu da Vientamen Hego Koreako izurritearen zentrotik, Daegutik joandako 20 turista hegokorrearek berrogeialdian jartzeari muzin egin ziotenean. Turistok bidaiatutako hegaldian sukarra zuen pertsona bat izan zen, eta segurtasunagatik ospitaleraratzeko agindu zuen Vietnamngo gobernuak.

Hauek, ordea, ezetz esan zuten, hotelera joan nahi zutela. Hotelak ez zituen onartu nahi, kutsatuta egongo ote ziren beldurragatik.  Azkenean, Vietnamgo Osasun Departamenduak lau izarreko hotel bateko egonaldia ordaindu zien, han berrogeialdian geratzeko baldintzarekin.

Beraien herrialdera bueltan joan direnean, kritika zorrotzak bota dituzte hegokorearrek vietnamdarren aurka, hiru oturuntza "soilik" eematen zizkietela eta vietnamgo jatekoaren kalitatea kritikatuz. Indignazioa sorrarazi du vietnamdarren artean.

Hego Koreako turistak Vietnamen

 

Nondik dator koronabirusa?

Joan den urte amaieran zabaldu zen izurritea Txinan, eta ordutik mundu osora zabaldu da. Baina oraindik lehenengo pertsona kutsatua aurkitu nahian dabiltza Txinako agintari eta mundu mailako adituak. Adituak "zero pazientea" aurkitu nahian dabiltza, gaixotasunaren nondik norakoak jakin ditzaketelako horrela.

Lehenengoko teoriek birusa animaliengandik datorrela diote; saguzarrengandik, hain zuzen ere, Txinako Wuhaneko probintziako merkatu batean hartu omen zuen lehenengo gizakiak birusa, saguzarraren gorotzak jan zituen harrapakin baten bidez. Hala ere, Lancet aldizkari medikoan argitaratutako artikulu zientifiko batek teoria hau ezeztatzen du, lehenengo kutsatua merkatuan ez zela izan argudiatuz, BBCk adierazi bezala.

Oraindik ez dago ezer argi, zientzialariek ikertzen jarraitzen dute.

Koronabirusa mikroskopioz ikusita.

 

 

 

Koronabirusaren eraginak orain arte

The Guardianek orain arteko datuen balantzea egin du:

Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi du Txina ez diren herrialdeak ez daudela prest pandemia baterako.

81.000 kutsatu eta 2.760 hildakotik gora eragin ditu izurriteak, gehienak Txinako Hubei probintzian.

Hego Korean 169 kasu berri eman dira, guztira 1.140.

Hego Koreako gobernuak adierazi du herrialdeko izurritearen ustezko fokua den eliza sekretu bateko 200.000 kideri azterketa medikoak egiteko asmoa duela.

Hiru asteko heriotza tasa baxuena izan du Txinak asteartean, 52 heriotzarekin.

Hiru hildako gehiago egon dira atzo, asteartea, Iranen. Guztira 16 dira hildakoak, ia 100 kutsaturen artean.

Latinoamerikara ere iritsi da birusa, Brasilgo gizon batek positibo eman duenean.

Tokyoko olinpiadak bertan behera geratzeko aukera dagoela esan du Dick Pound Nazioarteko Komite Olinpikoko kideak.

Japoniako futbol liga bertan behera geratu da, eta Tokyoko beisbol taldeak ikuslerik gabe jokatuko du.

FIlipinako elizako buruek higiene neurriak hartzeko eskatu diete apaizei gaurko egunean, errauts asteazkenean.

Erresuma Batuko eskola askok ateak itxi dituzte. Eskoziako gobernua "prestatzen ari da" herrialdera heldu daitekeen izurritera.

 

Latinoamerikako lehenengoko ustezko kasu positiboa

Brasileko gizonezko batek positiboa eman du koronabirusaren lehenengo testean. Bigarren azterketa mediko bat egiteko zain daude, kasua baieztatzeko, 20 Minutosek kaleratu bezala.

Ustezko kutsatua berriki Italiako iparraldean egondako 61 urteko gizon brasildar bat da. Sintoma arinak dituela adierazi du Brasilgo Gobernuak, eta horregatik bere etxean egongo dela isolatuta.

Koronabirusaren gaurko datuak: 81.000 kutsatu eta 2.760 hildako

The Guardianek koronabirusak eragindako kalteen datuak eguneratu ditu:

Txina: 78.060 kutsatu, 2.715 hildako, gehienak Hubein.

Hego Korea: 1.140 kutsatu, 11 hildako.

Japonia: 860 kutsatu, 4 hildako.

Italia: 323 kutsatu, 11 hildako.

Iran: 95 kutsatu, 15 hildako.

Singapur: 91 kutsatu.

Hong Kong: 81 kutsatu, 2 hildako.

Tailandia: 37 kutsatu.

Estatu Batuak: 57 kutsatu.

Taiwan: 31 kutsatu, hildako bat.

Australia: 23 kutsatu.

Filipinak: 3 kutsatu, hildako bat.

Vietnam: 16 kutsatu.

Frantziar Estatua: 14 kutsatu, hildako bat.

Espainiar Estatua: 7 kutsatu.

Horiez gain, mundu mailako beste hainbat herrialdetan agertu dira kasuak, momentuz hildako gehiago baieztatu ez badira ere.

Italiara joatekoak ziren 273 ikasleren bidaia atzeratu du Eusko Jaurlaritzak

Aste honetan Erasmusean Italiara joatekoak ziren Lanbide Heziketako 273 ikasle, baina Eusko Jaurlaritzak bidaia atzeratu du, prebentzio neurri gisa.

Hezkuntza Sailak jakinarazi du bidaia atzeratzearen zergatia koronabirusak herrialde horretan izan duen agerraldia dela. Izan ere, Txina eta Hego Korearen atzetik, koronabirusak pertsona gehien kutsatu dituen hirugarren herrialdea da Italia. Ikasleak Italiako egoera normalizatzen denean egingo dute bidaia.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Italiako iparraldean ikasten edo praktiketan dauden bekadunei eskatu die behin-behinean bueltatzeko.

Austria eta Kroazian ere azaldu dira koronabirusaren kasuak

Austriako Tiroleko probintzian bi koronabirus kasu positibo azaldu direla baieztatu du Reuters agentziak. Eremu hau Italiarekin mugakide da, eta ondorioz, bertako agintariak izurritea kontrolatzen saiatzen dabiltza. Bestalde, Kroaziak bere lehen kasu positiboa baieztatu du. Europako azken herrialdea izan da koronabirus kasuak baieztatzen, The Guardianek azaldu bezala.

Irango Osasun ministrordeak positibo eman du koronabirusagatik

Iranen, Osasun ministrordeak koronabirusagatik positibo eman duela jakinarazi dute. ILNA albiste agentziaren arabera, La Vanguardiak jaso duenez, Irango osasun ministerioko bozeramaileak estatuko telebistari eskainitako elkarrizketa batean baieztatu du Iraj Harirchi ministrordea kutsatu dutela eta orain berrogeialdian dagoela.

Herrialdean baieztatutako 96 gaixoen artean bat gehiago bihurtu da eta Iran Txinaren ostean gaixo gehien dituen herrialdea da.

Material higienikoaren prezioak gora egin du ikaragarri Italian

Italiako agintariek inbestigazioa zabalduko dute material higienikoaren garestitzeagatik, The Guardianek azaldu bezala. Maskara eta eskuetarako gelaren prezioak gora egin du izugarri; 3 euro balio zuena 22an saltzen dute orain.Hau da, %650eko igoera izan dute prezioek. Zeresan handia ekarri du sare-sozial eta hedabideetan, eta honen aurrean inbestigazioa zabaltzeko erabakia hartu du gobernuak.

Eskuetako gela Amazonen. Argazkia: Ane Irazabal

 

Goizeko datuen laburpena

Hauek dira The Guardian-ek orain arte emandako datuak:

Espainiar Estatu Tenerife irlako (Kanariar irlak) hotel baten larrialdiko itxiera egin dute turista italiar batek positibo eman duenean. Berarekin batera, hoteleko gainontzeko mila bezeroak isolamenduan jarri dituzte.

Italiatik Erresuma Batura joandako bisitariek beren burua isolatu beharko dute, izurritearen sintomak izan ala ez izan.

Iranen hamaseigarren heriotza eman da. Txinaren ostetik, heriotza kopuru altuena duen bigarren herrialdea da Iran.

Lau kasu berri daude Iraken, bost guztira herrialdean.

Italiako hegoaldean lehenengoko kasu positiboa aurkitu dute, Palermon (Sizilia).

Italian dauden EAEko ikasleei etxera joateko eskatu die Jaurlaritzak

Italiako iparraldean bekadun dauden ikasleei EAEra joateko eskatu die Eusko Jaurlaritzak, naiz.eus-ek kaleratu bezala. Italian 231 kutsatu daude gutxienez, eta segurtasunagatik egin du proposamena Jaurlaritzak. Era berean, Lanbide Heziketako Erasmusean Italiara joatekoak ziren 273 ikasleren bidaia atzeratu du.

"Dozena bat" gazte jada EAEra joan direla jakinarazi dute.

 

Mugen itxiera izurritearen zabalkundea galarazteko

Mundu osoko herrialdeak neurriak hartzen dabiltza koronabirusa geldiarazteko. Turkiak Irango herritarrei muga itxi die, eta ondorioz, Irandik Istanbulera zihoan hegazkin bat Ankarara desbideratu dute, kutsatu bat egoteko susmoa baitzuten.

Singapurrek ere Hego Korean egon berri diren bidaiariei muga itxiko die. Bestalde, Erresuma Batuan jendea batzartzea debekatzea pentsatzen dabiltza, Italiako futbol partidak ikuslerik gabe egiteko neurriari jarraituz.

Hala ere, World Travel and Tourism Council (WTTC) Mundu mailako Turismo eta Bidaien Kontseiluak mugak izteak koronabirusaren zabalkundean eraginik izango ez duela adierazi du, The Guardianek kaleratu duenez.

 

Italiatik doazen britainiarrek beren burua isolatu beharko dute derrigorrean

Erresuma Batuko Osasun idazkariak Italiatik bueltan doazen herritar britainiarrak hamalau egunez isolatuta egon beharko direla esan du. "Italiako Gobernuak izurriteak jotako eremu bezala identifikatutakoetan egondako biztanle britainiarrek isolamenduan egon beharko dute Erresuma Batura itzultzean, sintomak izan ala ez", adierazi du Matt Hancock Osasun idazkariak, The Guardianek jaso duenez.

Atzerriko Commonweatlh Bulegoak, bere aldetik, Italiara bidaiatzea segurua dela kaleratu du.

Hamabosgarren hildakoa Iranen, hildako gehien dituen bigarren herrialdean

Iranen hamabost lagun hil dira jada Koronabirusaren eraginez. Kutsatuak 95 dira. Koronabirusak hildako gehien eragin dituen bigarren herrialdea da Iran, izurritearen sorterri den Txinaren ostetik, The Guardianen arabera.

Iraneko IRNA albiste agentziak azaldu duenez, azkeneko hildakoak osasun arazoak zituzten bi emakume nagusi izan dira.

Koronabirusagatik hildako gehien dituen bigarren herrialdea da Iran

 

Hego Korean jokatzekoa zen mundu mailako mahai-tenis txapelketa bertan behera

Hego Koreako Busan hirian ospatu behar zuten mundu mailako mahai-tenis txapelketa, martxoaren 22tik 29ra. Nazioarteko Mahai-Teniseko Federazioak koronabirusa dela eta ekainera arte atzeratzea erabaki du, The Guardianek azaldu bezala.

Hego Korea da izurriteak kutsatu gehien eragin dituen bigarren herrialdea; 1.000 kutsatu daude dagoeneko, eta zortzi hildako.

Kanaria Irletako positiboak mila turista isolarazi ditu
Hotel horretan daude koronabirusa gaitzak jo ote dituen ikertzen ari diren turistak.

Espainiako Estatuko azkenengo positiboa Kanariar Irletan izan da, Tenerifen hain zuzen ere. Kutsatua irlan oporretan zegoen turista italiar bat izan da.

Hoteleko gainontzeko bezeroak isolatu egin dituzte segurtasun neurriengatik, La Sextak kaleratu bezala.

Italiako ekonomiak beherakada jo du izurriteagatik

Italiako ekonomia atzeraldian dago, Italiako Gobernuak euroguneko zorrik handienetakoa baitu. Europan izurriteak gogorren jo duen herrialdea da Italia, eta neurri zorrotzak hartu behar izan ditu bere zabalkundea geldiarazteko. Honen adibide dira futbol partiduak ikuslerik gabe jokatzea edota Veneziako inauteriak bertan behera uztea. Italian turismoak herrialdeko Barne Produktu Gordinari %13ko ekarpena egiten dio, eta hartutako neurriek diru-sarrera horiei uko egitea dakarte, The Guardianen arabera.

Hori bakarrik ez, izurriteak indar handiena herrialdeko iparraldean du, Milan barne, Italiako hiriburu finantziarioa.

Laura Castelli ekonomia ministroak Europar Batasunari laguntza deia egin dio, herrialdeko aurerkontuak betetzeko marjina emateko eskatuz.

Italiako futbol partida bat bertan behera

 

Koronabirusaren kasuak areagotzen ari dira Europan: zazpi hildako Italian, bakarra Frantzian eta hiru kutsatu Espainian

Zazpi dira honezkero Italian Koronabirusagatik hildakoak eta 220 kutsatuak. Orain arte herrialderaren iparraldean soilik eman dira kasuak, baina hegoaldeko lehenengoko kutsatuak agertzen hasi dira. Palermon (Sizilia) azaldu da Italia hegoaldeko lehenengoko Koronabirus kasua, The Guardianek azaldu bezala.

Espainiar Estatuaren kasuan, hiru dira kutsatuak. Frantziar Estatuan, hamabi kutsatu eta hildako bat egon dira. Kutsatuetatik hamarrek gaixotasuna gainditu dutela jakinarazi dute.

 

Azkenengo datuak: 980 kutsatu Hego Korean, laugarren hildakoa Japonian, eta Italiako futbola ikuslerik gabe

Orain arteko datuak honako hauek dira, The Guardianen arabera:

Hego Koreako izurritearen erdigunea den eliza sekretu bateko 200.000 kideri azterketa medikoak egiteko asmoa azaldu du gobernuak. 980 lagunetik gora daude kutsatuta herrialdean.

Txinan 71 heriotza eta 508 kutsatu berri zenbatu dituzte.

Azkenengo Mission Impossible filmaren grabaketa gelditu egin dute Venezian.

Italiako Serie A eta Europa Leagueko futbol partida guztiak ikuslerik gabe jokatuko dituzte. Japonian ere, J-Leagueko partiduak atzeratu egin dituzte.

Australiako Gobernuak koronabirusak herrialdean berriki jazotako suteek baino ondorio kaltegarriagoak izango dituela adierazi du.

Laugarren hildako bat Japonian Diamond Princess itsasontzian.

Apirilaren 20ra arte itxi dituzte eskolak Hong Kongen. Hego Koreatik datozenei ere mugak itxi dizkie.

Txinako unibertsitate batek Koronabirusaren aurkako txertoa aurkitu duela esan du

Tianjineko Unibertsitatean, Pekin alboan, Covid-19 izurritearen aurkako txertoa aurkitu dutela adierazi dute. Huang Hinhai, proiektuaren gidaritza daraman zientifikoak azaldutakoaren arabera, kutsatutako pazienteek ere erabiltzea posible litzateke. Bere teoria indartzeko, lau dosi hartu dituela esan du, eta ez duela albo-kalterik sumatu.

Ahoz hartzeko egindako botika da. Jinhaiko unibertsitatea froga medikoak egiteko bolondres bila dabil, The Guardianen kaleratutakoaren arabera.

 

Koronabirusaren estatistika globalak: 80.000 kutsatu

Gaitzaren zabalkundeak dagoeneko 80.000 pertsona kutsatu ditu, The Guardianek informatu duenez. Osasunaren Munduko Erakundeak Covid-19 izendatu du gaixotasuna. Jarraian herrialde bakoitzak emandako datu ofizialak:

Txina: 2.663 hildako 77.658 kutsatutik, gehienak Hubei probintzian.

Hong Kong: 81 kasu, bi hildako.

Macao: 10 kasu.

Japonia: 850 kasu, Yokohaman lehorreratuta dagoen itsasontziko 691 kasuak barne, lau hildako.

Hego Korea: 893 kasu, zortzi hildako.

Italia: 229 kasu, zazpi hildako.

Singapur: 89 kasu.

Iran: 61 kasu, 12 hildako.

AEB: 35 kasu, eta horrez gain, Txinan dagoen AEBetako herritar bat.

Tailandia: 37 kasu.

Taiwan: 30 kasu, hildako bat.

Australia: 23 kasu.

Malaysia: 22 kasu.

Vietnam: 16 kasu.

Germany: 16 kasu.

France: 12 kasu, hildako bat.

Arabiar Emirerri Batuak: 13 kasu.

Erresuma Batua: 13 kasu.

Kanada: 11 kasu.

Filipinak: 3 kasu, hildako bat.

Kuwait: 3 kasu.

Horrez gain, hiru kasu izan dira Indian, bi Errusian, hiru Espainiako Estatuan, bi Israelen, bi Omanen, bi Bahrainen, bat Libanon, bat Belgikan, bat Nepalen, bat Sri Lankan, bat Suedian, bat Kanbodian, bat Finlandian, bat Egipton eta bat Afghanistanen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude