Dresden, 1434. Federiko II.a Saxoniako printze hautesleak hiriari pribilegio bat eman zion neguaren atarian azoka berezia antola zezan eta, hala, Eguberriko lehen azoka ofiziala abiatu zen. Pribilegioak ofizialtasuna eman zion Striezelmarkt-i (striezel-ak Dresdeneko pasteltxo tipikoei esaten zitzaien, eta hortik datorkio izena merkatuari), baina halako azokak aspaldi egiten ziren, horien berri XII. mendetik aurrera jasota baitago dokumentuetan. Eta ez soilik Dresdenen; Behe Erdi Aroan Nurenberg, Bautzen eta Erdialdeko Europako beste hainbat hiritan ere azokak antolatzen hasi ziren neguaren atarian.
Negua gogorra da eremu haietan, eta nekazari, abeltzain eta artisauei, salmenta txikiko garaiari aurre egiteko, aurrez diru sarrerak pilatzea komeni zitzaien. Eta, horregatik, erosleentzat ere negua pasatzeko egokiak ziren produktuak saltzeko azokak antolatzen hasi ziren: ogia, haragia, kandelak, arropa beroa… Zehazki, Dresdenekoa haragi azoka zen jatorrian; inguruko abeltzainak hirira hurbiltzen ziren ekoizpena saldu eta neguari aurre egiteko behar zutena biltzeko.
Negua gogorra da eremu haietan, eta nekazari, abeltzain eta artisauei, salmenta txikiko garaiari aurre egiteko, aurrez diru sarrerak pilatzea komeni zitzaien. Eta, horregatik, erosleentzat ere negua pasatzeko egokiak ziren produktuak saltzeko azokak antolatzen hasi ziren
Beraz, arrazoi ekonomikoak daude Eguberriko azoken jatorrian, eta kontsumoa bultzatzea zuten helburu hasiera-hasieratik. Dirk Spennemann historialariaren ustez, azokak egiteko beste arrazoi bat egonda ere, “Eguberriko datarekin bat egiten zuenez, elizak ospakizun kristauarekin lotu zituen berehala azoka horiek”. Datarena ez zen kointzidentzia hutsa. Bibliak ematen dituen zantzuak kontuan izanez gero, Jesukristo udaberrian jaio zela ondorioztatu daiteke, baina aspaldi Erromako elizak data propio aldatu zuen neguko solstizioarekin bat egin zezan. Lehenago solstizioaren apropiazioa egin bezala, pixkanaka Europa osora zabaldu ziren udazken amaierako azoken apropiazioa egin zuen.
Antzeko zerbait egin zuten naziek 1930eko hamarkadan, Alemanian boterea lortu zutenean. Berriki National Geographic aldizkarian Constanza V. Paura historian espezializatutako kazetariak zera esan du gaiari buruzko artikulu batean: “Nazien erregimenak propaganda tresna bihurtu zituen, “alemaniar herroaren azokak” deituta. Sinbolo kristauak ezabatu zituen, eta tradizio eta arraza germanikoak goraipatzen zituzten elementu paganoak sartu zituen, azokak beren jatorri espiritualetik urrunduz”. Baina esan dugu azoken jatorria ez zela espirituala, eta, finean, naziek egin zutena elizak lehenago egindakoa da: ospakizuna beren mesedetan moldatzea.
Eguberriko azoketan hasieratik hona aldatu dena kontsumo modua izan da; funtsezko lehengaien kontsumorako eta ekoizleen biziraupenerako azokak zirenak, kontsumismo neurrigabearen eredu dira gaur egun.