Islandia, 1975eko urriaren 24a. Mugimendu feministak deituta, herrialdeko emakumeek greba egin zuten. %90eko jarraipena izan zuen ekimenak, eta herrialdea erabat geldiaraztea lortu zuten.
Duela 50 urte, lan egiteko adinean zeuden emakume islandiarren erdiak zeukaten ordainpeko enplegu bat, gehienak sektore jakinetako beheko mailetan. Gainera, lan berdinagatik gizonezkoek jasotzen zuten soldataren %60 baino gutxiago kobratzen zuten batez beste.
NBEk 1975 Nazioarteko Emakumeen Urtea izendatu zuen, eta, testuinguru horretan, nagusiki AEBetako eta Eskandinaviako gainerako herrialdeetan jaiotzen ari ziren mugimendu feministen eraginpean, 300 emakume islandiarrek Galtzerdi Gorriak mugimendua sortu zuten –izena daniar feministengandik hartuta–. Udazkenerako emakumeen greba deitzea erabaki zuten, “soldata arrakalari eta bidegabeko lan praktikei aurre egiteko” eta “Islandiako ekonomian eta gizartean emakumeen lana ezinbestekoa dela erakusteko”. Baina gizon askok barregarri utzi zuten ekimena eta emakume askok mesfidantzaz begiratzen zioten mugimendu feministari.
Kvennafridagurinn deitu zioten grebari, hau da, Emakumeen Egun Librea, “greba” hitzak emakume asko uxatuko zituelakoan. Baina mamia sakon landu zuten
Horregatik Galtzerdi Gorriek azal leun atsegina jarri zioten ekimenari. Kvennafridagurinn deitu zioten grebari, hau da, Emakumeen Egun Librea, “greba” hitzak emakume asko uxatuko zituelakoan. Baina mamia sakon landu zuten. Emakumeen egoerari buruzko ikerlan eta txostenak osatu eta herrialdeko komunikabideetan zabaltzea lortu zuten, herritarren kontzientziazioa bultzatuta.
Urriaren 24an emakume islandiarren %90ek erabateko greba egin zutenean garbi geratu zen mugimenduak klase eta ideologia guztietako emakumeak biltzea lortu zuela. Eta ordainpeko lanpostuak uzteaz gain, etxeko eta zaintzako lanak ere baztertu zituzten egun batez, eta horrela lortu zuten herrialde osoa geldiaraztea.
Hurrengo urtean, Islandiako legebiltzarrak soldaten parekotasuna bermatzeko legea onartu zuen, munduan lehena. Gaur egun, Genero Arrakalaren Indizearen zerrendan lehen postuan dago Islandia (0.9350).
Eta, hala ere, duela bi urte, 2023ko urriaren 24an, 1975eko emakumeen greba errepikatzea erabaki zuten. Antolatzaileen esanetan, "oraindik genero desberdinkeria handia dago, eta ekintzarako behar larria, "berdintasunaren paradisua deitzen diguten arren".