Arnasgune bat, Bilboko basamortuan

  • Done Bikendi kaleko bigarrena oasi bat da Bilboren bihotzean; oasi bat basamortuan. Trajedunen joan etorrien, autoen zalapartaren eta klaxonen erdian dago, Asterix eta Obelixen gisan, kanpoko ezlekuari kontra egin nahian. Gaztelaniaren eta status quoaren inperioaren erdian, eraikinak eusten dio euskarari, euskal kulturari eta komunitatea egiteari; ez, ordea, lan nekezik barik. Euskararen aurkako oldarraldi betean, "ozeanoan tanta bat" direla diote Zenbat Garako kideek, eta euskara salbatu nahi bada erakundeek "euskara babesteko politika serioak" martxan jartzea derrigorrezkoa dela; egun ez dute horrelakorik egiten, kideek salatu dutenez. 1995eko abenduaren 15etik hona, elkarteak euskara Bilbora eta Bilbo euskarara ekartzeko lanak egin ditu, nazio ikuspegia txertatuta; eta hirugarren hamarkadan ere horrela jarraitzeko asmoa du. 

Ezker-eskuin, Eider Del Canto, Eider Cortezón eta Jabi Zabala Zenbat Garako kideak, elkarteko eraikinaren kanpoan, ARGIArekin elkarrizketan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1995ean Bilboko euskaltzale batzuek bilbainada bat egin zuten. Hiria arrotza zen euskararentzako –aditza orainaldian jokatzen jarraitzen dute Zenbat Garako kideek–, eta euskaldunek apenas zuten tokirik euskara eta euskaraz bizitzeko. Alkar jo eta alkar hil egin behar zuen belaunaldia zen, baina Orioko profetaren alarma hitzei kasu egin, eta batzea eta eragitea erabaki zuten. Pare bat hamarkada aurretik hasia zen beren jarduna, baina guztiak batuko zituen leku fisiko bat izatearen garrantziaz jakitun ziren. “Areto bat zabaldu nahi genuen, duina; euskal kulturarentzako aterpe izango zena, ikasleekin eta euskaldunekin egon ahal izateko, eta Bilboko erdigunean egongo zena”, dio Eider Del Canto Zenbat Garako kideak. Horrela, bada, Bilboko Abando auzora jo zuten, erdigune bete-betera, bertako parrokiarekin epe luzeko alokairu kontratua negoziatu zuten, eta horrela bihurtu ziren San Vicente zinema Bilboko Kafe Antzoki, eta alboko eraikina, parrokiari lotutako eskola izandakoa, Zenbat Gararen eraikin nagusi. Orain 30 urte.

Egun, Zenbat Gara hamaika ekimen eta elkartek osatzen dute. Zazpi pisuko eraikinean, labirintoan legez banatzen dira Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Kurkuluxeta gazteei begirako aisialdi eskaintzako taldea, Erroa argitaletxea eta Gazteola gazteen aisialdi taldea. Eta, zelan ez, Gabriel Aresti euskaltegia. Berau izan baitzen Zenbat Gararen ernamuina, lehen pausoa, 1995eko hori baino bi hamarkada lehenago. 1978an ireki zituen ateak Gabriel Aresti euskaltegiak, Bilboko Kale Nagusian. Izena ez du badaezpadakoa, ondo pentsatuta aukeratu zioten: “Gabriel Aresti ez zen euskalduna jaiotzaz, gerora euskaldundu zen; eta bere obra guztia euskaraz egitea erabaki zuen. Euskara ikasi eta herriari eskaini zion”, dio Jabi Zabala Zenbat Garako kideak. Eta horrek laburtzen du euskaltegiko sortzaileen filosofia.

Eider Cortezón Zenbat Garako kidea ARGIArekin elkarrizketan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Orduan ere, Bilbo erdigunea izan zuten helburu eta jomuga. Euskara arrotza den eremuan egotea baitzuten helburu orduan ere, “boterearen pentsamoldetik bazterrekoa” den gauza bat, euskara, erdigunean jartzea. Hori lorpena da Zenbat Garako kideen ustetan, jakin baitakite beste eremu batzuetan errazagoa litzatekeela. “Beti dago dikotomia bat. Errazagoa da gusturago zauden leku baten egotea, demagun Zazpikaleetan; baina era berean ghetto bihurtzen da, hori bultzatzen duzu. Euskara esparru guztietara zabaldu nahi badugu, fisikoki ere horrela egin behar dugu”, dio Zabalak. 

"Bilbo hiri moderno, europar, aseptiko bihurtu nahi dute, eta euskarari ez zaion behar duen tokia ematen"
Eider Del Canto

Horrela, bada, 1978an abiatu zuten bilbotarrak euskalduntzeko prozesua, handik hamarkada batera kooperatiba bihurtu ziren, eta proto Zenbat Gara moduko bat bilakatu ziren. Euskalduntzea zen bere jardun osoa, baina hasiak ziren nabaritzen euskalduntzearekin soilik ez zela nahikoa. “Gure jarduna soziolinguistikaz hornitzen hasi ginenean, hiru elementu ikusi genituen: motibazioa, ikasketa eta erabilera. Eta hiruek elikatzen dute elkar”, azaldu du Zabalak.  Izan ere, konturatu ziren ezagutzarekin ez zela amaitzen prozesua. “Orduan euskara bizitzeko aukerarik ez zegoen Bilbon, euskaltegitik atera eta bost urtean euskalduntze prozesua haizea hartzera joaten zen, ikasleak berriro erdalduntzen ziren-eta”, dio Eider Del Canto kideak. Egoera aztertu zuten, eta orduan eman zuten pausoa Zenbat Gara ofizialki sortzeko, euskarak jendea soilik ez, ingurua ere behar duela iritzita.

Euskarak behar du aisia

Ezagutza hutsaren hustasunak eraman zituen, hala, Zenbat Garako kideak Bilbon euskararen unibertso oso bat diseinatzera. Lehenik, erabileran jarri zuten fokua, ikasleen praktikarako aukeretan, alegia. Eta, horrela, Bakaikuko Etxea sortu zuten, Nafarroan, euskara “Euskal Herriko muinean” praktikatu zezaten. 1990ean sortu zuen etxea Zenbat Garak “euskara eta euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko” aukera eskaintzeko asmoz. Egonaldiak eta barnetegiak egiten dituzte bertan, aisialdia euskaraz eskainita. 

Handik lau urtera, 1994an, praktikatu soilik ez, euskara gozatu ere egin behar zela iritzi zioten kideek, eta “kalean eta parrandan ere parte hartu” behar zutela. Bilboko parrandaren eragile nagusia Aste Nagusia izaki, bertara zuzendu zituzten ahaleginak, bertan ere “eragin” nahi baitzuten. Horrela, 1994an Algara konpartsa sortu zuten. Eta horrekin ere izan zuten zentraltasunaren ideia. “Konpartsen esparrua Areatza da, baina Algara Abandoko estazio alboan dago, itsasadarretik beste aldean. Arrazoia politikoa da: ez gaitezen itxi hor, zabal dezagun euskara. Zenbat eta lurralde gehiago hartu, hobe”, dio Eider Cortezón Zenbat Garako kideak.

Algara Konpartsaren umeentzako emanaldia. Argazkia: Zenbat Garak utzia

Beraz, 1990eko hamarkada erdialderako jada aldamiajea eraikita zeukaten, eta aipatu bilbainada, Bilbo erdigunean euskaraz biziko zen kulturgune duin bat eratzearena, forma hartzen joan zen. Sortu zuten Bilboko Kafe Antzokia, 1995eko hartan, eta horrekin batera heldu zen Zenbat Gara osoa ere bertara: “Baina Kale Nagusia utzi barik, horrekin beti dugu lotura emozionala eta sinbolikoa”.

Euskarak behar du erabilera

Ordutik hona, erreferentziazko antzoki bihurtu da Bilbon Kafe Antzokia, euskal kulturaren abaro. Baina ez zuten helburu soil horrekin sortu, euskara praktikoa bultzatuko zuen eremu gisa ere ulertu izan dute betidanik. “Antzokia sortu zenean ez zen leku bat euskal kulturari lekua emateko bakarrik. Lan egiteko toki bat zen eta da, euskaraz. Zerbitzarietatik hasita, sukaldariak, teknikariak eta denek euskaraz bizitzeko aukera izan zezaten pentsatutako proiektua da”, dio Del Cantok. Euskaraz behar egiteko aukera sortu nahi zuten, hori ere bazen lehen mailako helburua. “Bestela, ematen du bigarren toki batean uzten dugula, baina garrantzitsua da lanera etortzea eta euskaraz bizi ahal izatea”, gehitu du Del Cantok. Aitortzen du “erronka handia” dela, “gaitza” dela, baina elkarteko ehun langileek euskaraz lan egiten duela dio, eta hori “gauza handia” dela.

Eider Del Canto Zenbat Garako kidea ARGIArekin elkarrizketan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Elkartekideen egunerokotasuna euskalduntzera heldu dira, baina jakitun dira anomalia bat dela hiriaren errealitatean, Bilbon “ezinezkoa” dela euskaraz bizitzea. Elkarteko kideek diote euskaraz bizitzeko, hizkuntzak praktikoa izan behar duela, lanean eta egunerokotasunean erabiltzeko aukerak egon behar direla. Eta hori ez da gertatzen. “Ikasleei euskara irakasten diezu, baina euskarak balio bat izan behar du. Gizartean islatu behar da, ez bada islatzen edo oztopatzen badugu, alperrik da”, dio Cortezónek. 

Eztabaida horretan, ezinbestean, demografiaren bilakaera, alegia, atzerritarren gaia ateratzen da sarri. Eta errua atzerritarren

"Algara itsasadarretik beste aldera dago. Arrazoia politikoa da: ez gaitezen itxi hor, zabal dezagun euskara"
Eider Cortezón

etorrerari botatzearen aurka agertu dira elkartekideak. “Gero eta jende gehiago etortzen da kanpotik eta euskara haientzat arrotza da; hori errealitatea da. Baina horien kontra jotzeak ez du zentzurik, egin behar duguna da geureganatu. Hemen errotzea nahi badugu, gainera, geurera ekarri behar ditugu, geure kulturara hurbildu”, dio Del Cantok. Eta horretarako euskarak balioa izan behar duela diote kideek. Bestela “zertarako ikasiko dut? galdera sortzen da”, dio Cortezónek, hizkuntza “normal” bat beharrean, hizkuntza “ortopediko” bat ikastearen sentsazioa dutela, Zabalak. “Lan egiteko ez bada beharrezkoa, euskara barik bizi bazaitezke, zertarako ikasi?”, Del Cantok.

Eta horretan eragiteko Zenbat Garak ez du behar beste indar. “Gu ez gara prometeistikoak, zentzu horretan ez gatoz mundua konpontzera, gu etorri gara gure ekarpena egitera. Baina gure ekarpena, azkenean, ozeano bateko tantatxo bat da, ona izanda ere. Bilbo transatlantiko bat da, eta bere norabide linguistikoa aldatzeko, gurea moduko proiektuak bider ehun behar ditugu”, dio Zabalak.

Eta aldaketa horrek, indar horrek, nondik etorri behar argi dute: erakundeetatik. Elkartearen iritzia azaldu du Del Cantok: “Politika publikoetatik motibazio lan handia egin behar da, eta hori erakundeek egin behar dute: lege babesa behar da”.

Jabi Zabala Zenbat Garako kidea ARGIArekin elkarrizketan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA
Euskarak behar ditu erakundeak

Baina ez dute horrelakorik jasotzen, hori salatu dute kideek; erakundeek bizkarra ematen diote euskarari, horretaz kexu dira, eta elkarteak abiatutako edozein ekitaldiri oztopoak jartzen dizkiete. “Bilbo hiri moderno, europar, aseptiko bihurtu nahi dute, eta euskarari ez zaio behar duen tokia ematen”, dio Del Cantok. Jarrera hori “konpromisorik ezaren” adierazle da, horrela uste du Zabalak: “Ez dago euskararekiko politika sendorik, ezta erabakirik euskara arlo guztietan bultzatzeko ere”.

Kideek salatu dute, beraz, erakundeek ez dutela euskara gai garrantzitsu gisa jorratzen, “gauza sinbolikoetara” mugatzen direla, pauso erabakigarririk eman barik. Honela dio Zabalak, euskararen erabilera praktikoari erreferentzia eginez: “Gauza sinbolikoetara bakarrik mugatzen dira, edo haurrekin soilik gauzak egitera; baina helduak? Ez dira euskaldundu behar? Helduen mundua: merkataritza, enpresa mundua... ez dira euskaldundu behar?”. 

"Lan egiteko ez bada beharrezkoa, euskara barik bizi bazaitezke, zertarako ikasi?"
Eider Del Canto

Ingurune “gero eta erdaldunago” batean, “erdalduntze makina” abiada bizian doala diote. “Esango nuke gero eta handiagoa dela erdalduntze makina. Komunikazioa, sare sozialak eta beste jo eta fuego dabiltza horren alde”, dio Cortezónek. Eta horren aurkako babesa eman beharrean, elkartekideak kexu dira erakundeek ere norabide horretan egiten dutela arraun. “Administrazioa eta epaitegiak urteetako lana egiten ari dira erdalduntze aldera, gaztelania gailendu dadin, horretarako lanean ari dira. Batzuetan ematen du ezetz eta egoera berezkoa dela horrela, baina ez: hemen plan bat dago gaztelania gailentzeko”, dio Del Cantok. 

Egoera horren adibide jarri dute, esaterako, Bilbo Hiria irratiak, Zenbat Garako kide denak, bizi duen egoera. 1997tik dago emisioan, baina 28 urte geroago, oraindik ez du lizentziarik. “Bilbon euskara hutsean aritzen den irrati bakarra da, baina alegala da, ez du lizentziarik. Eta ondorioz, irrati bati dagokion dirulaguntzarik ez du; laguntza horiek ematen dizkiete gaztelaniazko kateei, saio bat euskaraz egiteagatik. Zoroa da kontua”, dio Cortezónek. 

Zenbat Garako kideak Bilbo Hiria irratiko uhinetan. Argazkia: Zenbat Garak utzia

Edozelan ere, Zenbat Garak diruz laguntzea ez, euren lanari oztoporik ez jartzea eskatzen die erakundeei.  “Erakundeei ez diegu dirua hainbestetan eskatzen; eskatzen dieguna da oztopoa ez izatea, beraiek egiten ez dutena gu egiten ari garenez hein batean, gutxienez ez jartzea oztopoak”, dio Del Cantok. Aldarria, beraz, sinplea da: euskara izan dadila lehentasun eta ez anekdota; eta politikak serioak, ez hutsalak.

Euskarak behar du Bilbo

Giro “arrotzean” sortu zuten Zenbat Gara, duela hiru hamarkadako –eta oraingo, diote kideek– Bilboko euskararen egoera bortitzak bultzatuta: hiriaren erdigunetik auzoetara zabaltzeko asmoz. Baina tokiko elkarte izateak ez ditu tokikotasunera kondenatzen, are, nazio mailako bokazioa dute: Bilbo euskararen mapan kokatzeko bokazioa. Izan ere, kontziente dira nazio mailan Bilbok ez duela zentralitaterik euskararen aferan, diote Donostia inguruan dagoela “euskalgintzaren zentroa”, baina Bilbora begira ere jarri nahi dute. 

"Ez dago euskararekiko politika sendorik, ezta erabakirik euskara arlo guztietan bultzatzeko ere"
Jabi Zabala

“Errealitate sozioekonomikoa hor dago, eta politikoa, eta Bilbo da Euskal Herriko hiririk handiena; hiri erradiatzailea da”, dio

Zabalak. “Bilbon gertatzen denak, azken finean, Euskal Herri osoan du eragina”, gehitu du Del Cantok; eta defendatzen du horregatik dela interesgarria bertako euskalgintza indartzea, hartutako erabaki horietan euskarak bere lekua izan dezan. Horregatik, hiriak duen dimentsio eta pisuagatik, uste dute euskalgintzak izan behar duela bere lekutxoa Bilbon, “komeni” zaiola; eta euskaldunei ere komeni zaiela euskalgintza eta euskal kulturgintza gehiago egotea Bilbon. 
Eskatzen ari direna da Bilbori kasu egitea, ez bertan jartzea fokua: “Ez dugu nahi bilbainada bat egin”. Arnasgune izatetik urrun, Euskal Herriko eremurik populatuenetik begiratzen diote nazio osoari, eta kezka dute, ez soilik Bilboko egoeragatik. “Gu asko kezkatzen gaitu arnasguneak desagertzeak edo higatzeak. Kezkatzen gaitu Bilbok, baina kezkatzen gaitu baita Azpeitiak ere; egoera orokorrak kezkatzen gaitu. Euskaldun guztion kezkak berak dira hemen, Iparraldean edo Nafarroan”, dio Zabalak. 

Ari dira azpiegitura prestatzen Bilbok ere izan dezan bere leihoa euskalgintzarentzat, eta ari dira elkarlanean nazio mailako eragileekin. Horrela, bada, Bilbotik Euskal Herrira ari dira, gatazka eta kezka komunen aurkako arma komunen bila: horrela egin dituzte 30 urte, eta beste horrenbeste egingo dituzte, gutxienean.

Zenbat Garako langileak. Argazkia: Zenbat Garak utzia

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
Eguneraketa berriak daude