Maiak: uste baino gehiago eta lotuago

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Yucatan penintsula, X. mende hasiera. Maien zibilizazioaren gainbehera hasi zen, ziurrenik klima-aldaketak bultzatuta, eta, hala, zibilizazio haren urrezko aroa, Aro Klasikoa, amaitu zen. Aurreko hiru mendetan maien populazioak gailurra jo zuela uste izan dute adituek: 10-11 milioi biztanle. Baina, berriki, ikerlan batek kopurua askoz handiagoa zela ondorioztatu du: gutxienez 16 milioi.

Azken urteetan LiDAR teknologiak –laser bidez objektuak antzemateko eta neurtzeko sistemak– sekulako bultzada eragin du arkeologian, bereziki landarediak estalitako eremuetan. Yucatan penintsulan, maien hiri nagusiak (Tikal, Palenque, Chichen Itza...) ondo dokumentatuak egon arren, oihan tropikalak kokaleku txikiagoak ikertzea oztopatu du. Orain, Francisco Estrada-Belli arkeologoa buru duen lantaldeak  95.000 kilometro koadroko eremua kartografiatu ahal izan du, eta emaitza Journal of Archaeological Science Reports aldizkarian argitaratu. Aurrez, 2018an, adituek maien zibilizazioaren populazio-estimazio bat egin zuten, baina, esan bezala, ikerlan berriak kopurua gutxienez %45 handiagoa zela ondorioztatu du, arkeologoek halako igoera espero ez zuten arren.

“Froga sendoak ditugu esateko maien gizartea oso egituratuta zegoela, hirietan nahiz nekazaritza guneetan, eta orain arte uste baino askoz aurreratuagoa zegoela baliabideei eta antolaketa sozialari dagokionez”

Baina, populazio-dentsitateaz harago, ikerlariek beste ondorio batzuk atera dituzte. Orain arte ikusi gabeko nekazaritza kokaleku asko aurkitu dituzte, eta gune horiek ez zeuden uste bezain isolatuak. Kokaleku gehienak eliteek kontrolatutako guneetatik gertu zeuden, gehienez ere 5 kilometroko distantzian. Horrek esan nahi du landaguneko biztanle gehienek gune nagusietako jarduera ekonomiko, politiko eta sozialetan parte hartzeko aukera zutela.

Estrada-Bellik dioenez, “froga sendoak ditugu esateko maien gizartea oso egituratuta zegoela, hirietan nahiz nekazaritza guneetan, eta orain arte uste baino askoz aurreratuagoa zegoela baliabideei eta antolaketa sozialari dagokionez”.

Maien zibilizazioa estatu-hiri independenteen multzotzat jo da luzaroan eta ikerlan honek erabat irauli du irudi hori. Eta LiDAR sistemak maien zibilizazioaren aro klasikoa berdimentsionatu duen moduan, beste leku eta garai askorekiko dugun begirada zorrozten lagundu dezake etorkizunean. 


Eguneraketa berriak daude