Lehen eta azken zianotipoak

Ezkerrean, XIX. mendean Anna Atkinsek egindako zianotipoa; eskuinean, 
Nagore Legarretak berriki egindakoa.
Ezkerrean, XIX. mendean Anna Atkinsek egindako zianotipoa; eskuinean, Nagore Legarretak berriki egindakoa.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kent (Ingalaterra), 1843. Soilik irudi fotografikoz ilustratutako lehen liburua argitaratu zen. Photographs of British Algae: Cyanotype Impressions (Britainiar algen argazkiak: zianotipo inpresioak) izenburua zeukan eta Anna Atkins (1799-1871) botanikari eta argazkilaria zen egilea. Horrenbestez, Atkins lehen emakume argazkilaritzat jotzen da, eta bere lana, lehen argazki-liburutzat.

Aitarengandik hartu zuen Atkinsek bokazioa eta esperimentatzeko eta berritzeko grina. John George Children kimikaria, zoologoa eta mineralogista izan zen eta, besteak beste, bere izena daramate berak aurkitu eta sailkatutako mineral batek (childrenita) eta suge espezie batek (Antarasia childreni).

Atkinsek berehala ikusi zuen teknikaren potentziala. Ordurarte ilustrazio botanikoak eskuz egiten ziren, eta zaila zen landare espezie batzuen patroi korapilotsuak eta xehetasun ñimiñoak jasotzea

Zianotipia erabiltzen aitzindaria izan arren, teknika ez zuen Atkinsek asmatu, familiaren laguna zen John Herschelek baizik. Herschelek paper-orri bat burdin soluzio batean busti eta lehortzen utzi zuen. Ondoren, landare bat paperean ipini eta beira zati bat jarri zion gainean. Eguzkiaren argipean minutu batzuez utzi ondoren lortu zuen emaitza: landarek estali gabeko paper eremuak kolore urdina hartzen du eta landarea negatiboan azaltzen da. Herschelek 1842an asmatu zuen prozesu hori eta berehala erakutsi zion Atkinsi, hurrengo urtean liburua kalean baitzegoen. Atkinsek berehala ikusi zuen teknikaren potentziala. Ordurarte ilustrazio botanikoak eskuz egiten ziren, eta zaila zen landare espezie batzuen patroi korapilotsuak eta xehetasun ñimiñoak jasotzea.

Argazkiak lana errazten eta zehazten zuen. Bere liburuko izenburuak argi uzten duenez, lehenik algak fotografiatu zituen Atkinsek, baina berehala konturatu zen zianotipia iratzeak irudikatzeko oso egokia zela eta horri ekin zion.

Berriki Aranzadi Zientzia Elkarteak Iñistorketan. Iratzearen kultura Urumea bailaran: paisaia, ondarea eta memoria liburua argitaratu du, eremu horretan iratzeen ustiaketak historian zehar izan duen garrantzia landuz. Lanaren egileak Iñaki Sanz-Azkue, Josu Narbarte, Suberri Matelo eta Maite Errarte dira, baina azala Nagore Legarreta hernaniar argazkilariak egin du. Eta, horretarako, Anna Atkinsek duela ia bi mende erabilitako prozesu bera erabili du: zianotipia.

Atkinsen helburua, landareak ahalik eta modurik objektiboenean irudikatzea zen, baina bere lanak alor zientifikoa gainditu du, bilatzen ez zuen ekarpen artistiko eta estetiko iraunkorra eginez. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
2024ko urtarrilaren 28
Isabel Azkarateren lana, tabkle
Kliska bakarreko argazkilaria

2023ko urriaren 11
Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

2023ko abuztuaren 29
Gabrielle Duplantier (argazkilaria):
"Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean"

2023ko abuztuaren 1
Klima larrialdi globala iruditan
Urtze Aroa

Eguneraketa berriak daude