Brasildar emakumeak soldadutzaren aurka

Irudia:Isaias Medeiros
Irudia:Isaias Medeiros
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mossoró (Brasil), 1875eko abuztuaren 30a. 300 emakume inguruk, harriak, labanak, lapikoak eta etxeko beste hainbat objektu eskutan, hiriko kaleak hartu zituzten, errekrutatze militarraren kontra. Urte berean, dekretu inperial bat onartu zuten gudarosterako nahiz itsas armadarako errekrutatzea arautzeko; beste modu batera esanda, gobernuak derrigorrezko soldadutza jarri zuen indarrean. Horregatik emakume matxinatuek Santa Luzia elizara jo zuten, hantxe baitzeuden errekrutatze zerrendak, eta orriak puskatu zituzten. Ondoren, tokiko egunkariaren erredakziora joan ziren, han argitaratutako errekrutatze iragarkien aurka egiteko.

Urte batzuk lehenago Paraguaiko Gerrak (1864-1870) agerian utzi zuen Brasilgo armadaren antolaketa eta prestakuntza falta. Horregatik erabaki zuten derrigorrezko soldadutza indarrean jarri eta armada indartsuago baten oinarriak ipintzea. Herritarrek, ordea, bestelako ondorioak atera zituzten gatazka odoltsutik, brasildar soldadu asko hil eta zauritu baitzituzten bertan.

Emakume haiek beren burua ere defendatzen ari ziren, gerratan frontera eramaten zituzten gizonezkoak biktima zuzenak izan arren, gatazken ondorioz alargunduta, zaurituak zaintzen eta komunitateak ekonomikoki eusten geratu izan direnak emakumeak baitira

Mossorókoa ez zen protestaldi bakarra izan. Abuztu hasieran, Ariesen eliza eraso eta errekrutatze zerrendak suntsitu zituzten; Canguaretaman ere eliza hartu zuten eta 16 zauritu utzi zituen polizia militarraren interbentzioak; Goianinhan ere liskarrak egon ziren... Luís da Câmara Cascudo (1898-1986) historialariaren arabera, “gertakari hauetan guztietan, emakumeak izan ziren gogotsuen aritu zirenak haien semeak, senarrak eta senargaiak defendatzen”.

Baina emakume haiek beren burua ere defendatzen ari ziren, gerratan frontera eramaten zituzten gizonezkoak biktima zuzenak izan arren, gatazken ondorioz alargunduta, zaurituak zaintzen eta komunitateak ekonomikoki eusten geratu izan direnak emakumeak baitira.

Mossoróko matxinada Polizia Militarrak itzali zuen. Emakumeek polizien erasoari aurre egin zioten hasieran, baina hainbat protestari zauritu ondoren, herriko agintarien bitartekaritzak geldiarazi zituen liskarrak. Hala, emakumeek matxinada piztu zen egun berean itzali zen, eta errekrutatze legean ez zuen inolako eraginik izan; derrigorrezko soldadutzak indarrean jarraitu zuen.

Baina matxinada ez zen alferrikakoa izan Deoclecio Evaristo de Oliveira Júnior Mossoróko Museoko artxibozainaren iritziz: “Matxinada garrantzitsua izan zen erakutsi zuelako, garai hartan ere, emakumeak antolatzeko gai zirela, eta, elkarrekin, gobernuaren aurka egiteko gai zirela”. 


Eguneraketa berriak daude