Legeen itsusikeriak

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

San Francisco (AEB), 1867. Hiriko udalak ordenantza bat jarri zuen indarrean, ezaugarri fisiko jakin batzuk zituzten pertsonak espazio publikoetan debekatzeko. Zehazki, “objektu desatsegina eta nazkagarria bihurtzerainoko gaixotasunak, mutilazioak edo edozein modutako deformazioak dituen oro” zigortzen zuen arau berriak. Gerra Zibila (1861-1865) bi urte lehenago amaitu zenez, agintariek bazuten ordenantza nori aplikatu.

Hurrengo urte eta hamarkadatan beste hainbat hiritan antzeko legeak ezarri zituzten: Reno (Nevada), Portland (Oregon), Lincoln (Nebraska), Columbus (Ohio), Chicago (Illinois), New Orleans (Louisiana)... Eta Pensilvania estatuan ere bai. Chicagoko 1916ko ordenantzak garbi laburbildu zuen legearen helburua: “Kaleetatik itsustasuna guztiz ezabatzea”.

Arau haiei Ugly Laws (Lege Itsusiak) deitu zieten eta testu gehienetan ez dirudi pertsonez ari direnik, objektuez, eraikinen fatxadez edo zaborraz baizik. Baina ondorioak, isunak zein kartzela zigorrak, benetako pertsonek jasotzen zituzten.

Gai hau xehe landu zuen 2009an Susan Schweik Berkeley unibertsitateko katedradunak The Ugly Laws: Disability in Public (Lege Itsusiak: desgaitasuna publikoan) liburuan. Eta bere ustez, lege horiek estetika hutsaz haratago ulertu behar dira: “Pobreak eta baztertuak zigortzen zituzten”. Eskaleek, saltzaile ibiltariek, kaleko artistek... legea betetzen bazuten, bizibidea galtzen zuten, eta gehienetan “osasun” instituzioetan sartzea beste erremediorik ez zitzaien geratzen. Eta hori, garai hartan, biziarteko kartzela-zigorraren parekoa zen maiz.

Pobrezia zigortzeaz gain, Lege Itsusiek beste lege baztertzaile batzuei bidea zabaldu zien AEBetan. Schweiken hitzetan, “Lege Itsusiak XIX. mendearen amaieran ezarriko ziren beste lege batzuei estuki lotuta daude, helburu bera dutelako: espazio publikoetan nolako pertsonak nahi zituzten kontrolatzea”

Eta pobrezia zigortzeaz gain, Lege Itsusiek beste lege baztertzaile batzuei bidea zabaldu zien AEBetan. Schweiken hitzetan, “Lege Itsusiak XIX. mendearen amaieran ezarriko ziren beste lege batzuei estuki lotuta daude, helburu bera dutelako: espazio publikoetan nolako pertsonak nahi zituzten kontrolatzea”. Hala, batetik, AEBetako hainbat hiri eta estatutan onartu zituzten eugenesia legeak daude multzo horretan. Horien artean ezagunena desgaitasunak edo buruko gaixotasunak zituztenak antzutzea izan zen. Modu horretan talde horiek guztiz ezabatzea zuten helburu, eta ez soilik espazio publikoetatik desagerraraztea. Bestetik, hegoaldeko estatuetan ezarri ziren arrazagatiko segregazio legeak ere Lege Itsusien eskutik iritsi ziren.

Legeok 1970ean aplikatu ziren azkenekoz Omahan (Nebraskan), baina ofizialki indarrean egon ziren beste 20 urtez; 1990ean bertan behera geratu ziren AEBetako Kongresuak Desgaitasun Legea onartu zuenean.

Lege Itsusiak idazten hasi ziren garaian, ozeanoaz beste aldean, Oscar Wilde poeta eta idazle irlandarrak zera idatzi zuen: “Hobe da ederra izatea ona izatea baino”. Eta lege horiek izan zuten bilakaera ikusita, esaldia horrela osa daiteke: “Hobe da ederra, aberatsa eta zuria izatea, ona izatea baino”. 


Eguneraketa berriak daude