“Estutzen gaituenari buruz idatzi behar dugu: hortxe datza zintzotasun erabatekoa”

  • Huaco retrato eleberriari esker ezagutu dut Gabriela Wiener kronikari eta idazlea, baina ibilbide luzea du bai kazetaritzan bai literaturan. Bere testuek "oraina eraikitzea" nahi lukeela esan dit –Cristina Rivera Garza idazlearen hitzei tiraka–. Dudarik ez da lortu duela: parez pare jartzen digu ispilua, Europan gauzatzen dugun kolonialtasunari erreparatzeko eta gure harreman afektibo aurrerakoi-usteen arrakalak aztertzeko.

Argazkia: Ibai Arrieta
Argazkia: Ibai Arrieta
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Harrera beroa jaso du Huaco retrato-k. Bejondeizula.
Magikoa da halako zerbait gertatzea prekaritateaz eta bultza egiteaz nekatu zarenean. Erreparazio historikoaren markoan ikusten dut, urrearen itzulketaren markoan, Ayllu taldeak dioen bezala –arte-ikerketa eta ekintza politiko antikoloniala lantzen ditu–. Ez da soilik nire garrasia, oihu kolektiboa baizik, eskubideen eta bizitza hobeen aldeko oihua. Liburu honekin, gutxienez, Madrilen Kolonen estatua eraisteko adina diru lortu behar dugu.

Hiru hari lotzen dira nobelan: Charles Wiener arbasoari buruzko ikerketa, protagonistaren aitaren bizitza bikoitza, eta protagonistaren beraren polimaitasun-harremana.
Hiru libururen proiektuak berreskuratu ditut hemen. Ez neukan baliabiderik arbasoari buruzko ikerketa handia egiteko –gainera, ez nuen omendu nahi, harekin borrokatu baizik–, ezta familiako matriarka galduak bilatzeko ere, beraz alde batera utzi nuen egitasmo hori. Bestalde, aita hil zitzaidan, eta haren bizitzaz hitz egiteko gogoa piztu: bi familia zituen, ez zutenak elkarren artean harremanik izan sekula. Amarekin eta hurbilekoekin hitz egin nuen lehenik, jakina: ez zuten oso gogoko izan, baina uste nuen banuela eskubidea gaiaz hitz egiteko, eta kanpora atera nahi nuen. Azkenik, polimaitasunari buruzko eleberri-asmoa neukan: birziklatu egin dut, eta protagonistaren orainaren muina bihurtu da. Gorputzetik eta neure bizipenetik aritzeko premia izan dut beti, kasu honetan autofikzioa erabili arren. Eta pieza horiekin sortu dut patchwork-a.

Hitz egin dezagun Charles Wiener delakoaz. Gizon hori, besteak beste, Machu Picchura iritsi zen ia, eta lau mila huaco lapurtu zituen –indigenen aurpegiak islatzen dituzten zeramikazko piezak, kolonizazio-garaiaren aurrekoak–. Haren liburuko aipu bat jarri duzu epigrafean: "Gorputzaren ergelkeria artifiziala, perutarren kasuan, arimaren ergelkeria faktikoarekin lotuta zegoen".
Wienerren liburua irakurtzen hasi, eta hizkuntza arrazista horrekin topo egin nuenean, ezin izan nuen segitu: iraindu eta sumindu egin ninduen. Nola hitz egiten zuen nire kulturaz, nire hiriaz, bertako jendeaz… Huaco retrato-ren proiektuaren harira, ordea, berriro heldu nion: ordurako hasita nengoen Madrilgo mugimendu antiarrazistaren jardunean eta ideietan murgiltzen, gaiaz idazten nuen Eldiario.es hedabidean, Black Lives Matter mugimendua gauza asko aldatzeko zorian zegoen eta, halaber, kontinentean baziren erresistentzia-borroka indigena berriak: historia berrirakurri eta bestelako kontakizunak eraikitzen ari ziren. Hortaz, argi neukan ez nuela gizona epaituko bere garaiaren talaiatik.

Gaur egunetik baizik.
Haren ustezko hereniloba chola eta haserretuaren ikuspegitik epaituko nuen, nire garaiko begiekin eta amorruarekin. Gauza bat esan behar da Wienerri buruz: bere garaiko beste batzuek ez bezala, ez zituen behe-arrazak deuseztatu nahi. Besteak beste, haien parte zelako: judu austriarra zen, baztertua bera ere; frantziar herritartasuna hartu eta katoliko bihurtu zen jazarpenari ihes egiteko. Hala ere, zibilizazio-proiektu zuri europarra aldarrikatzen zuen paternalismoz, PPko edozein politikarik bezalaxe gaur egun. Are gehiago, ume indigena bat erosi eta Europara eraman zuen, hezi zezakeela frogatzeko.

Diskurtso hori oso ezaguna egiten zitzaidan, modu berean mintzatzen baitira mestizajeaz Espainian. Espainiak bere buruari kontatzen dio barbaro kanibalen eremu batera iritsi zela, eta dena eman ziela: hizkuntza, erlijioa, kultura, artea. Emakume hegoamerikar bati gerta dakiokeen gauzarik onena espainiar batekin ezkontzea dela lasai asko esaten dute Espainiako diputatuek. Puntu horretan lotu nituen iragana eta oraina. Eta liburu hau idazten hasi nintzen, kolonialtasunak gaurdaino nola zeharkatzen gaituen kontatuz.

Argazkia: Ibai Arrieta
"Charles Wiener haren ustezko hereniloba chola eta haserretuaren ikuspegitik epaituko nuen, nire garaiko begiekin eta amorruarekin"

Aitaren bi familiei buruzko istorioa nola azaltzen duzun aipagarria iruditzen zait. Egoeraren konplexutasuna erakusten duzu, inor epaitu gabe.
Liburuan ez dago herrarik, ezta biktimismorik ere; aldiz, gorputzean mina sentitu izanaren esperientziatik abiatu naiz, eta horrek enpatia eta nolabaiteko ulermena sortzen du bando guztietako pertsonekiko: ustezko biktimak eta ustezko biktimagileak, zeinak ez baitira ez biktima ez biktimagile termino absolututan, beti dauzkate alderdi gehiago. Eta uste dut, azkenean, amaren figuran mamitzen dela gizatasun gordin hori, aurpegian lehertu eta bere egia osoan harritzen gaituena. Ohartzen zara emakume horrek bere patua hautatu duela; ohartzen zara gizon hori, egiaz, ez dela gizon gaizto bat, baizik eta ez dakiela maitatzen, gaizkimaitatzen irakatsi ziotela, inoiz ez zuela ikasi ondomaitatzen. Zu, aldiz, bi ibai horien gurutzaketaren fruitua zara, zoritxarrez edo zorionez, eta gauzak ondo egiten saiatzen zara, eta porrot egiten duzu batzuetan. Kontraesanak besarkatzeko unea da, alde batera utziz modak, morala, egia eta gezurra.

Hori guztia, umore handiz.
Gauza negar-eragile eta dramatikoak patetismo komikoaren ikuspegitik lantzeko arau literarioari jarraitzen diot. Beste arau bat: lotsatzen nauenari buruz idaztea; hori ere barregarria da. Estutzen gaituenari buruz idatzi behar dugu, hortxe bizi baita zintzotasun erabatekoa, eta horrexek biziarazten ditu testuak.

Nueve lunas liburuaz ere galdetu nahi nizuke: zure haurdunaldiari buruzko saiakera-lekukotza da, 2009an argitaratu zenuen estreinakoz, eta bertsio zuzendua kaleratu duzu orain.
Liburuko gauza asko oso urrun sentitzen nituen, eta garbitu egin nuen; adibidez, lodifobia asko kendu nion: jasanezina iruditu zitzaidan halakoak irakurtzea, lodia naizelako batez ere. Ezin izan nituen aldatu haurraren generoari eta sexuari buruzko trakeskeriak; orain ez nuke horrela hitz egingo inolaz ere, baina garaian hala zegoen kontua.

Migratzailearen ikuspegia erakusten duzu.
Bai, perutar bat Bartzelonan erditzen. Gorputz migratzailea da argiki: kanpoan egoteko bizipenetik idazten ari nintzen jada. Halaber, kritika zuzena egin nion amatasun-esperientziaren, haurdunaldiaren eta erditzearen medikalizazioari, sudaka baten ikuspuntutik betiere. Nola tratatzen gaituzten erakundeetan, erietxeetan, nola hartzen gaituzten umetzat…

Haurdunaldiari buruzko liburu bat da, baina abortuaz hitz egiten du besteak beste.
Balirudike haurdunentzako liburu batean ez litzatekeela halako konturik aipatuko, ezta? Liburuak badu alderdi ilun hori. Estereotipoen aurka egiten du: haurduna ez da etxeko aingerua, pertsona hauskorra, metroan jesarlekua laga behar zaiona. Kontuz gero! Terrorista bati lagatzen diozue eserlekua, sistemaren bonba-auto bati! Haurdunak ez dira babesgabeak inondik ere, sinetsidazu. Hormonalki leherkorrak, kontraesankorrak eta edozertarako gauza dira. Eta ez nuen hitz egin erdiondoaz… Hori bai hori holokaustoa inguruko guztientzat.

Nolatan?
Qué locura enamorarme yo de ti antzezlanean landu nuen pixka bat gaia, nahiz eta ez zen nire erdiondoa, neska-lagunarena baizik: beste tipa batekin obsesionatu, eta etxetik joan zen, haurtxoa hartuta, bestearekin larrua jotzera. Nik ez nuen halako erdiondorik izan; neska-lagunarena sufritu nuen, ordea [barreak].

Argazkia: Ibai Arrieta

"Aldizkari porno kutre bateko erredaktore-burua izatetik aldizkari femenino ‘fashion’-eko erredaktore-burua izatera pasa nintzen”

Antzezlan horretan, hain zuzen, Jaime Rodríguez Z. eta Rocío Lanchares Bardajírekin duzun harremanaz mintzo zara: bi haur hazten ari zarete hirurak elkarrekin –Coco eta Amaru–.
2016aren bueltan sekulako krisia izan genuen, eta horixe da obraren abiapuntua. Amaru txiki-txikia zela, prest geunden, polimaitasunaren mesiasa iristearekin batera, polimaitasun-familiaren ametsa bizitzeko: eraiki genuen etxetxoa, ekarrarazi genuen ohe erraldoi bat, eta goitik behera aldatu genuen Cocoren bizitza –emakume bat aurkeztu genion esanez hartaz maiteminduta geundela eta gurekin bizitzera etorriko zela–. Apustu handi bat egin genuen, funtsean, eta hara non, bat-batean, haurdunaldiaren osteko lehen zigarroa erre zuen Rocíok, edan zuen kopa bat ardo, eta erabaki zuen behia izateari utzi nahi ziola berehala; larrua jotzeko gogoa itzuli zitzaion, baina kanpoko batekin egin nahi zuen txortan, eta horrek gure ametsa eztandarazi zuen. Polimaitasunaren elastikoa jantzita proselitismoa egiten aritua nintzen ni munduan barrena, eta hara non ohartu nintzen ezin nuela egoera jasan, nik habia eraiki nahi nuela, polimaitasunaren haurtxoa hazi. Rocik, ordea, bere momentua bizi nahi zuen. Eta bolada izugarri bat hasi zen, egundoko liskarrekin. Horixe kontatzen da obran.

Funtsean, azaldu nuen nola abiatu ginen krisi horretatik eta nola saiatu ginen gauzak berreraikitzen. Era horretako harremanei buruzko hausnarketa da: zer akats eta zer zulo dauzkaten. Azken batean, beste modu batean maitatu nahi dugun arren, behea jotzen dugu batzuetan, gure teoriak ezin direlako praktikara ekarri, eta diskurtso hutsa bihurtzen direlako halakotan.

Ibilbide luzea egin duzu kazetaritzan. 2000ko hamarkadaren hasieran joan zinen Perutik: zergatik erabaki zenuen migratzea eta nolako ibilbidea izan duzu Espainiako Estatuan?
Nire herrialdean banuen ikusgaitasun pixka bat kazetari moduan. Egunkarian zorionak ematen zizkidaten nire lanagatik, baina ez ninduten kontratatzen. Betikoa: nire lagun gizonak kontratatzen zituzten nik egiten nuen gauza bera egiteagatik, eta ni, berriz, autonomo faltsu moduan nenbilen. Nekatu nintzen, eta Bartzelonara joan nintzen lehenik. Noski, munduko bekadunik zaharrena nintzen, hogeita hamar urte neuzkan ia, eta hutsetik hasi behar. Oso gutxi irabazten nuen kazetari moduan, beste edozer gauzarekin konbinatzen nuen; nire senarra, berriz, paellak zerbitzatzen jarduten zen, eta horrela aritu ginen, txandaka, kazetaritzara itzuli ahal izateko, horixe baitzen gure eremua. Etiqueta Negra aldizkarian lana egindakoa nintzenez –kazetaritza narratiboko aldizkari enblematiko samarra Latinoamerikan– ate batzuk jotzeko modua izan nuen. Ondoren, kazetaritzarekin lotuta zegoen edozer gauzatan lan egiten hasi nintzen.

Adibidez?
Primera Línea aldizkariko horoskopo sexuala egiten nuen: aldizkari pornoa zen, 2000ko hamarkadan DVDak oparitzen zituzten oraindik, pentsa. Diru mordoa zegoen: 400 edo 600 euro ordaintzen zizkidaten Espainiako hondartzarik beroenei buruzko artikulu bat egitearen truke –nahiz eta ez naizen inoiz egon halako hondartza batean–. Aldizkariko erredaktore-burua izatera iritsi nintzen, eta Marie-Claire aldizkarikoek deitu zidaten gero. Bai: aldizkari porno kutre bateko erredaktore-burua izatetik aldizkari femenino fashion bateko erredaktore-burua izatera.

Barrutik leherrarazi nahi zenuen?
Infiltratu bat nintzen, argi dago. Garai dibertigarria izan zen; ez zuen luze iraun. Gauza bitxi bat gertatu zen: aldizkari femeninoetan ez ziren ohartzen sekulako krisia zegoela. 2011n hartu ninduten, eta zuzendariak uste zuen Anna Wintour zela: Mercedes batean etortzen zitzaidan bila, gidari eta guzti; bien bitartean, kazetaritza desegiten ari zen gure inguruan. Ez ziren ohartzen 15M mugimenduaren Espainian zeudenik. Ni ere ozta-ozta. Lanari uko egin nion emakume okupa antisistema batekin maitemindu nintzelako, zeinak belarrira xuxurlatzen baitzidan lana suntsitu beharra zegoela; gainera, nik idazlea izan nahi nuen, eta ez beste kaka hori. Beraz, aukera galdu nuen pisu bat –edo hainbat urtez kaka jandako sudaka gisa merezi nuen dena delakoa– erosteko. Eta prekaritatera itzuli nintzen: Peraleseko baratzeko aza-zopa jan eta zentimoak zenbatu Vaciador tabernako festen ostean. Nire bizitzako garairik onena izan zen.

Eta orain?
Halako batean jabetu nintzen kazetaritzaren aldaketaz: hedabide digitalekin kolaboratu behar zen, eta oso gutxi ordaintzen zuten. Apurka-apurka bidea egin nuen autore eta sinadura gisa, eta kolaborazio finko batzuk lortu nituen. Baina oso ezegonkorra da hori; duela urtebete bi zutabe galdu nituen kolpetik. Ez banu liburu hau argitaratu, eta ez balidate eskatuko bestelako saiorik, lantegiak edo hitzaldiak egiteko, ez dakit zer egin izango nukeen. Alegia, eskerrak nire liburuetatik ateratzen dudan bizibidea gero eta gehiago; bestela, kazetari moduan aritu behar banu…

 

Gabriela Wiener. Lima (Peru), 1975

Kronikak, saiakerak, poema-liburuak eta eleberri bat argitaratu ditu. Hainbat hizkuntzara itzuli dira bere testuak, hala nola ingelesera, portugesera, polonierara, alemanera, frantsesera eta italierara. Iritzi-zutabeak argitaratu izan ditu Eldiario.es eta El País komunikabideetan, besteak beste. Horrez gainera, bideo-zutabe bat egiten du lamula.pe webgunean. Bere herrialdeko Kazetaritza Sari Nazionala eskuratu zuen, genero-indarkeriazko kasu baten harira egindako ikerketa-erreportajeari esker. Gaur egun Madrilen bizi da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Libra zaitez beti azal zurien eraginetik

Txori Gorri. Andre siux baten  idazlanak
Zitkala- Sa
Testu zaharrak, 2022

-------------------------------------------------------------

Zitkala-Sa hegoaldeko Dakoten erreserban (AEB) jaio zen 1876an. Eskolan asimilazioan oinarritutako hezkuntza jaso zuen, eta horren... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Giza Liburutegiak LGTBI+ pertsonen testigantzak ekarriko ditu Nafarroako sei herritara

Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]


‘Poesia mailu bat da’ literatur jardunaldiak egingo dituzte bigarrenez Gasteizko Gaztetxean, asteburu honetan

Gasteizko Gaztetxean batzen den Azpimarra irakurle taldeak antolatu ditu topaketak. Ostegunean stand-up ikuskizun batekin hasita, Xabier Montoiaren eta Maddi Sarasuaren arteko mahai inguruarekin amaituko dituzte jardunaldiak, osteko Azpimarraren poesia ekitaldi musikatuarekin.


Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Desberdinak gara

TARTARO
Testuak: Xantal Barnetxe
Ilustrazioak: Leire Perret
Ikas, 2025

--------------------------------------------------------------------

Tartaro infernuaren antzeko tokia dugu antzinako Grezian, baita pertsonaia mitologikoa ere, Virgiliok aipatua aspaldian eta... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


2025-06-04 | Lander Arretxea
“Galdera da lan batek noiz balio digun, ez geuk distira egiteko, baizik eta kolektibo gisa”

Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]


Sabino Cuadra: “Aldez aurretik prestatutako operazioa izan zen 78ko sanferminetakoa”

‘Sanfermines de 1978. Los victimarios’ liburua kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. German Rodriguezen heriotzaren erantzule eta arduradunak biltzen ditu.


Eguneraketa berriak daude