Unai Elorriagak, Karmele Mitxelenak eta Maite Rosendek irabazi dute literaturaren Euskadi Saria

  • Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima', Mitxelenaren 'Aitona Floren' eta Rosenderen 'Traba' saritu ditu aurten Eusko Jaurlaritzak. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da.

Ezker-eskuin: Unai Elorriaga, Karmele Mitxelena, Ibone Bengoetxea (Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua) eta Maite Rosende Eusko Jaurlaritza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Apustu literario sendoa" delako, eta irakurlearen "irakurketa aktiboa" eskatzen duelako, besteak beste bi motibo horiengatik saritu dute Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa) lana. Ipuin narrazioak harilkatu eta eleberri izaera eman diola nabarmendu dute sariak jakinarazteko ekitaldian, urriaren 6an Bilbon, Bidebarrieta Liburutegian.

Haur eta Gazte Literaturako saria, berriz, Karmele Mitxelenaren Aitona Floren (Elkar) liburuarentzat izan da. Haurrak protagonista ipinita, heriotzaz eta doluaz mintzo da liburua, erabateko monologo batean. Saritua izateko, gaia "dramarik gabe" lantzea goraipatu diote, "oso hurbileko" kontakizun batean.

Ilustraziorako saria, azkenik, Maite Rosenderen Traba (Denonartean) lanarentzat izan da. "Proposamen ausarta" dela nabarmendu dute sari emaileek, bai bederen "koloreen aukeraketari eta irudien figurari" dagokienean. "Album bizia eta erritmikoa" dela nabarmendu dute, irudi "kaotikotik lasaiagora salto eginez". 

Lau sari banatzeko

Lehen hirurak jakinarazi ditu dagoeneko Eusko Jaurlaritzak, eta falta diren lauak datorren astean esango ditu –gaztelaniazko literatur lan onenari saria, euskarazko literatur itzulpenari, euskarazko saiakerari eta gaztelaniazko saiakerari–. Saridun guztiek 18.000 euro eskuratuko dituzte, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero.

Aurtengo zazpikotea osatuta, sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an egingo dute, Donostiako San Telmo Museoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.