Ahanzturaren leizea
Paco Roca eta Rodrigo Terrasa
Itzultzailea: Bego Montorio
Astiberri, 2024
------------------------------------
Zer gertatzen da Ahanzturaren leizea Txiki eta Otaegiri buruzko polemika betean irakurtzen denean? Guri iruditu zaigu ez dagoela momentu hoberik Rocaren komikiari bistadizo bat emateko. Orokorrean, memoriari buruz ezarritako begiradak nagikeria ematen badigu ere, kasu honetan esan gabe joan ohi dena gelditu zaigu agerian. Hori bai, komikia ilez-kontra interpretatu dugu. Jarraitu irakurtzen.
2024an argitaratu zuen komikia euskaraz Astiberrik, Bego Montoriok, Rocaren euskaratzaile zailduak itzulita. Itzulpena azpimarratzekoa izanik ere, kontakizunaren pisua ez daramate hitzek. Istoriora irudietatik gerturatzeak egiten du posible hitzez kontatzen zaigunaren hutsune politikoak erradikalki betetzea. Binetek funtzionatzen dute kamara zinematografiko baten gisara. Behartzen gaituzte patxadaz begiratzera eta eszena bera behin eta berriro aztertzera. Istorioa begirada diferenteetatik erakusten zaizkigun gertaerekin osatzen da.
Baina zer kontatzen zaigu hitzekin? Valentzian, frankismoko hobi komun baten indusketa eta erahildakoen identifikazioa arkeologo talde batek gidatuta, fusilatutakoetako baten alabaren borrokari esker. Eta zer gehiago kontatzen zaigu baita ere hitzekin? PSOE ona eta PP maltzurra den istorio dikotomiko espainiar klasikoa, eta frankismoan ustez politikarekin zerikusirik ez zeukaten erahildako horien (benetako biktima izendatzen diren horien) erreibidikazioa. Zer ikusten dugu hitzez harago? Ez zegoela politizatu gabekorik fusilatuen artean. Ikusten da klase elkartasunak eman diola belaunaldien arteko lotura memoriari. Hobiratzaile arrunt baten erresistentzia politikoari esker berreskuratu ahal izan direla gorpuak eta haien istorioak.
Ezkerretik artikulatutako memoria batez pentsarazten digu komikiak. Memoria horretan, Valentzian fusilatutakoak eta Txiki eta Otaegi bezalakoak hari eroale beraren parte dira. Idatzi ditzagun errelato propioak lerro artean irakurri behar ez ditzagun.