Euskal Herriko mugimendu feminista antiarrazista eta euskalduna helburu gisa jarririk, horretara heltzeko bideari begira jarri ziren kasik 600 emakume, Euskal Herriko VIII. Topaketa Feministen kari. “Bazter zabaletako errealitateak erdigunean” kokatzeko marko, formula, diskurtso eta imajinarioei buruz hausnartzeko unea eskaini zuen Bilgune Feministak. Emakume zuri, etorkin eta arrazializatuen arteko aliantzak baita agenda feminista eta antiarrazisten artikulazioa ere oinarrizkotzat jo dituzte.
Aliantzak oinarri hartuta; –behetik gora eraiki beharreko aliantzak–, gatazketatik ikasiz, elkar aitortuz, aniztasuna kontzienteki landuz eta gure arteko desorekak ezkutatu gabe”. Bilgune Feministak helburutzat jarritako Euskal Herriko mugimendu feminista antiarrazista eta euskaldunera heltzeko bideari buruzkoa da esaldi hau, Euskal Herriko Emakume Abertzaleen VIII. Topaketen bukaerako hitzartzean Naia Torrealdai eta Alazne Beltran de Lubianok plazaraturikoa.
Bide horri begiratu zioten abenduaren 12an burutu zortzigarren topaketetan. Hemezortzi urte Bilgune Feminista dabilela “mugituz egindako bidean”, “apurka eta pauso sendoekin egindakoan”. Kritika dekolonialei irekita, marko eta formula berrien bila jarriak dira ere. Joxean Artzeren Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean letra ezagunak berenganaturik irudikatu zuten indibidualki eta kolektiboki eraman beharreko ariketa: zapaldu izaera errazki identifikagarria baldin bazaigu, zapaltzailearena usu lanbro artean ezkutaturik/ezkutatzen dugulako. Gordetakoa arakatu eta miatu, mugimendu feministaren parte diren emakume etorkin eta arrazializatuen partetik jaso interpelazioei parez-pare begiratuz: zurion baitan, jendartean eta erakundeetan dagoen arrazakeria; zuri izateagatik diren pribilegioak eta tutoretzarik gabeko aliantza feministen premia.
Ariketa ez da erraza, eta gaia kokatzerako orduan gutasuna osatzerakoan arreta handiz ibiltzeko premiaz ohartarazi zuen hizlarien arteko Iratxe Retolaza Emagin elkarteko kideak: “Birpentsatu behar ditugu pentsamendu mendebaldarrak gutasunak eraikitzeko erabili dituen moduak, tartean bitasunak. Mendebaldartasunak sortu duen subjektu moderno hori homogeneotasunean oinarritzen da –zuritasuna, gizontasuna, klase ertain-altua, heterosexuala, estatu-hizkuntza–. Aldagai hauei askotan erreparatu diegu, baina badago ere hiritartasun europarraren aldagaia; gu hor kokaturik gaude eta gutiagotan heldu diogu horri eta oso lotuta dago hori ere arrazakeriarekin”. Euskaldun zuria versus etorkin arrazializatua bitasunarekin bukatzeko beharra ere azpimarratu zuen, “askoz konplexuagoa” delako kokapenarena: “Badaude euskaldun arrazializatuak, euskal hiritar arrazializatuak, migrante arrazializatuak eta migrante zuriak ere”. Hots, mendebaldartasunak xede duen bitasun eta homogeneizazio hori gailendu eta gutasuna osatzeko orduan kokapenak xehekiago arakatzeko beharra ikusten du Retolazak –hizlari ezberdinek luzatu zuten ohar hau–.
Retolaza egon zen “Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu” mahai inguruan, ondoan zituela Ana Murcia Euskal Herrian bizi den salvadortarra, Andaluziatik etorritako Pastora Filigrana abokatu eta ijitoen diskriminazioaren aurkako sareko kidea eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kidea –lauak militante feministak–. Gogoetari lotu ziren kasik 600 emakume, streaming bidez taldean edota etxetik begiratuz Donostiako Zuatzuko Iratzar Fundazioko aretoan egindako mahai-ingurua. “Sindemia, muga eta murrizketen erdian, militantzia konfinatu nahi den garaian, eztabaida kolektiboaren aldeko apostua egin dugu”, Zufiaren hitzetan. Hain zuzen, koronabirusaren pandemiaren erdian garela, ez zen izan hastapenean irudikaturiko Oreretako topaketa jendetsua, baina ez zen izan ere ez agintariek bideraturiko etxeratze eta bakartzerik: osasun-neurriak bermatuz, tokian-toki kolektiboki eraman zuten hausnarketa. Hori eskertu zuten hizlari zein entzuleek. “Argi geratu da gure arteko konexioak apurtzea ez dela batere erraza eta egoskorrak ere bagarela; eta horrela segituko dugu” Zufiak argitu zuenez.
"Euskararen eta herri honen historia kontatuz euskara maitatzen lagundu behar diguzue, euskarari diogun beldurra galtzen laguntzeko" Ana Murcia
Feministen arteko elkarrizketak eta aliantzak ezinbestekotzat dauzkate guztiek. “Kolpatzen gaituen munstroa komuna dugu, gutxienez elkarrizketa behar dugu gure artean. Ez dut sinesten praktika eta minen homogeneizazioan, baina elkarrizketa ukatea beharrezkoa zaigu”, Filigranaren erranetan. Hau posible izateko espazioak sortu behar direla zion Murciak. Ikuspegi dekolonialaz anitz hitz egiten den garai honetan, hitzetatik praktiketara saltoa eman beharra dago: “Diskurtso honen gauzapenean dugu benetako estrategia, norberarenetik hasita, barneraturik eta produzitzen ditugun joera horietan arreta jarriz”. Hots, bakoitzak ditugun pribilegioak eta zapaltzaile posturak aitorturik, urrats bat gibelera egin eta espazioa partekatu. Horrela lortuko dira aliantza gune eraikitzaile eta adeitsuak. Murciak argi du: “Besteen borrokak gutxiesten ala menderatzen baldin badituzu, borroka bera ahultzen duzu”.
Bat egin zuen ideia horrekin Zufiak: “Pribilegio handiagoko posizioetan gaudenoi dagokigu lehen pausoa ematea, elkarrizketarako espazio seguruak ahalbidetzea, lekua uztea eta ez erortzea tutoretzaren logiketan”. Borroka ezberdinen intersekzioan sare sendoak garatu beharra ikusten du Bilgune Feministak ere. Zufiaren hitzetan, komunitate feministaren baitan bi aldeetara doan elkarrizketa lortu ahal izateko ezinbestekoa zaigu boterearen inguruko analisi kritikoa egitea, “gutarik, hasita” –baina– “gu/besteak banaketa indartu gabe, eta homogeneizazio faltsurik egin gabe”. Aldaketa hau egikaritzeko, elkarren arteko konfiantza ezinbestekotzat du, baita argi ukatea ere elkarrizketak “digestio prozesu bat” eskatzen duela. Nahiz eta barrenak inarrosi, boterearen berrikuspen kritikoa eraman beharra dugulako: “Zapaldu-zapaltzaile muga horretan gaudela onartu behar dugu”.
“Etsai komuna, hamaika aurpegiko munstro komuna daukagu; ez gaitu indarkeria eta ukaldi berarekin joko –ez du modu berean joko papergabe beltza edo langile euskalduna–, baina munstro-gorputz bera daukagu parean”. Ijitoek eta euskaldunek historian zehar –“baita gaur egun ere”– pairaturiko jazarpen eta diskriminazio estrukturalen adibideak plazaratu zituen Filigranak baieztapen hau ilustratzeko. Espainiako Estatuaren baitan “gizon, zuri, katoliko” identitatetik urruntzen den oro zapaldua izanen da, “modu batean edo bestean, arinago edo bortitzago” identitate horretatik urruntze-heinaren arabera. Ijito zein euskaldun gisa pairaturiko pertsekuzio etniko-kulturalak banaketa horren baitan kokatu zituen.
Baina argi utzi zuenez, banaketa hau ez da gurera mugatzen: mundu mailakoa da, ekonomia global kapitalista eta neoliberalaren oinarrian dugu. “Batzuen lan-indarra ustiatuz, etengabean aberastasunak metatzen dabiltza besteak; eta gainera, guztion lan-indarrak eta biziak ez daukate balio bera: bizi duzun gorputzaren ala lurraldearen araberakoa izanen da balioa”. Gizon zuri, mendebaldar katoliko, heterosexual, desgaitasunik gabeak du “kokapen ideala”, munstroak banatu ukaldietatik urrun, eta gorputz eta lurralde horretatik urrundu arau, kolpeak biderkatzen dira. Horregatik zaio ezinbesteko ikuspegi intersekzionala: “Ez da soilik lanaren eta aberastasunaren banaketa eredua, eredu honek ezinbestekoak ditu arraza irizpideak eta patriarkatuak bideraturiko zapalkuntzak”. Are gehiago, mikrotik makrora, egiturazko zapalkuntza hauek eguneroko diskurtso eta imajinarioei esker bizirauten dutela zioen.
Diskurtsoez, jarduteko moduez eta imajinarioari buruz aritu zen Retolaza ere, “aitaren etxea arrakalatzeko” hiru esfera horiek “higatzeko” garrantzia azalduz. Batetik, diskurtsoen higatzea –“asmoen bilduma bat baitira diskurtsoak eta teoriak”–, bestetik, jarduteko moduen higatzea –“praktikak birpentsatzeak harreman-erak eta prozedurak birpentsatzea dakarrelako”, eta azkenik, imajinarioaren higatzea –“sinbolo eta mundu-ikuskeren bitartez erreproduzitzen direlako balio horiek guztiak”–. Azken horri eman zion garrantzia, funtsean zailena delako eta “bazter aztoratzaile” ere delako usu. Alta, ezinbestekotzat du ikuspegi dekolonialetik kultura ere galdekatzea, kritikatzea, hots, inarrostea eta aldaraztea: “Euskaldunaren imajinarioak sortzean bestetasunak ere eraikitzen ari garelako, eta imajinario zuriak eta gainera, arrazistak sortzen baditugu, eta hori naturaltasunez eta aztoramendurik gabe igarotzen bada, ulertzekoa da euskaldunaren imajinario horretan batzuek euren burua islaturik ez ikustea”. Premiazko “higatze” hau burutzeko euskaldunok dauzkagun zailtasunak ilustratzeko orduan, imajinario “zeharo sexista eta arrazista” duen Black is Beltza komikiak kritika biziki guti jaso izana ohartarazi zuen. “Mundu sinbolikoak auzitan jartzen ez baditugu, erreprodukzio-kate hori ez dugu higatuko”, Retolazaren hitzetan.
Aliantza horien bidean, agenda feminista eta agenda antiarrazista artikulatu behar direla zioen Zufiak; eta Bilgune Feministaren baitan eramandako gogoetatik hainbat esparru zerrendatu zituen: Zaintzarena; euskararena; migrazio politikena, mugena eta botere korporatiboena; espetxe politikarena eta herritartasun ereduarena. Murciak ere bere bizipenetatik aipatu zuen bi agenden batzearena, “dekolonialitaterik ezin da egon patriarkatuaren bukaerarik gabe” ideiari segi, aurkeztuz Salvadorren guneka borroka feminista emakume indigenek eramandakoa dela. Ideia hau interesgarria zaio mugimendu antiarrazistak ere borroka feministari lotzeko bidean.
Dena dela, krisi eta kolapso testuinguruak horretara bultzatuko gaituela argi gelditu zen: “Bortiztuz joanen den olatu neoliberalaren aitzinean antolatu behar gara, munstroak jipoituriko askotariko jendea topatuko gara borroka horretan eta elkarrizketaren bidez batuko gara frente horretan, –zapalkuntzen olinpiada alde batera utziz eta bestearen zapalkuntzak ere aitortuz–” Filigranaren hitzetan.
Euskararen gaia mahai gaineratu zuten hizlariek. “Euskararen eta herri honen historia kontatuz euskara maitatzen lagundu behar diguzue, euskarari diogun beldurra galtzen laguntzeko”, Murciaren hitzetan. Ildo beretik egin zuen Retolazak ere, euskaldunon artean ahulduz doan hizkuntza-zapalkuntzaren kontzientzia berraktibatu eta euskal hiztunak ez direnei hizkuntza-errealitate horren berri emateko garrantzia ikusten duelako: “Komunikazio-bideak eta zubiak eraiki behar dira”. Retolazaren begietatik, 1980. hamarkadaz geroztik martxan jarritako hizkuntza-politiken emaitza ere bada euskara pribilegio bat izatea hizkuntza-imajinarioan –euskalduntzea ez delako doakoa, eta enplegutzeari loturikoa delako–.
Espainiako Estatuaren Atzerritarren Legearen aurka borrokatzeaz gain, euskaldunok etorkinen euskalduntzearen aldeko borrokan ere inplikatu beharko genukeela zioen Murciak. Zufiak zein Retolazak ere exijitu zituzten erakunde publikoen partetik euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak.
Hizkuntzen alorrari dagokionez, eztabaida sutsuak egon dira azken garaiotan feministen artean ere: “Egia da kostatu zaigula gure kideei ulertaraztea euskara badela munstro kolonial kapitalista horren aurrean erresistentzia praktika bat”, Zufiaren hitzetan. Baina, euskara erdigunean ezartzearena “joan-etorriko bidea” dela erranik, ondokoa gehitu zuen: “Bestea parte sentiarazteko gure jarrera klasistak eta arrazistak zein estereotipoak landu behar ditugu, eta euskarara iritsi ez diren kideek ulertu behar dute euskara auzi politikoa dela, mendeetako zapalkuntza duena atzean”. Hots, “enpatia” bi aldeetatik.
Hamaika gogoetaz elikaturik, bakoitza berera itzuli zen, guztia digeritzeko grinaz. Gogoeta ez zelako topaketa horretan hasi ez eta ere bukatu, Bilgune Feministak azpimarratu zuen gisara.
Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak... [+]
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]
1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]
Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.
Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]