Esterilizazioa atzo, gurasotasun azterketa gaur: arrazismo instituzionala danimarkan

  • Danimarkaren menpe segitzen duen Groenlandiako biztanleriaren %88 da inuita, eta beraien hizkuntzan eta kulturan aitzina egite hutsa dute eguneroko desafio. Zuriek kolonizatu zituzten eta gaur egun egoerak bere horretan segitzen du: zurien begietatik bideratuta dagoen instituzioa da Danimarka. Horren erakusleiho dugu, adibidez, guraso izateko gaitasuna neurtzeko jarritako azterketa. Hizkuntza zein hezkuntza baloreak, guztia zaie arrotza, eta horrek dakar ehunka inuitei umea kendu izana. Drama bat, aitzineko belaunaldikoen bortxazko esterilizazioen logika berean doana.   

Guraso izateko gaitasuna neurtzeko azterketen izaera arrazista salatzeko protestak biderkatu dira azken urteetan. Azkenean, maiatzaren 1eko legeak dakar inuitei ez zaiela azterketa bere horretan bideratuko.Juliette Pavy
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Danimarkan test psikometrikoak bideratzen dituzte guraso izateko gaitasuna neurtzeko, eta azterketan huts eginez gero umea kentzen diete gurasoei, harrera familia ezezagun batean jartzeko. Guztiei ez, bakarrik udal zerbitzuko langileei zalantza sortzen dieten gurasoei. Afera da Danimarkaren barne dela Groenlandia eta bertako biztanle gehienak inuitak direla. Hots, beste komunitate bat, bere hizkuntza, kultura, ohitura, mundu ikuskera eta hezkuntza propioarekin. Hori horrela, udal zerbitzukoak azterketara bidaliz gero, menperatzen ez duten hizkuntza batean pasa behar izaten dute testa, doi bat edo erabat arrotzak zaizkien kultura eta hezkuntza baloreen araberako erantzun onak atera beharrean. Emaitza nabaria da: danimarkarrekin alderatuta, bost aldiz ume inuit gehiago dituzte beraien gurasoetatik bereizten. Ume inuiten %5,6 ziren gurasoetatik urrunduak 2022an, %1 zirelarik danimarkarren artean.

Luzaz salatu izan dute test horien funtsa, "arrazakeria sistemikoaren" tresna bat gehiago delakoan. Lehenik eta behin, aurreiritzi eta barneraturiko arrazakeriagatik, autoktonoen gaitasunak zalantzan jartzea ohikoa delako; eta bestetik, bere horretan delako diskriminatzailea, tartean, ulertzen ez duten hizkuntza batean pasa behar izaten dutelako galdeketa. Azkenean, eta urte luzeetako borrokari esker lortu dute aurtengo maiatzaren 1ean parlamentariek bozkaturiko legea: gurasotasun proba horiek ez zaizkie groenlandiarrei bideratuko. Horren ordez, inuiten hizkuntzan eta kulturan oinarrituriko azterketa eredu bat lantzen dabiltza.

Alta, prozedurarekin segitzen dutela azaleratu dute uda honetako hainbat lekukotasunek. Hemezortzi urteko Ivana Nikoline Bronlunden kasua ekarri du bere orrietara Libération egunkariak: ume sortu berria ordu baten buruan kendu zioten zerbitzu sozialek. Haurdun zegoela, Kopenhageren auzo herri den Hvidovre-ko zerbitzu sozialak kontaktatu zituen, laguntza eske, jaso zitzakeen laguntzen berri ukateko. Testa eginarazi zioten eta ez zuen gainditu. Agorrilaren 11n munduratu zitzaion umea eta ordu batzuetara kendu zioten. Berez, inuita da, baina danimarkar bikote batek adoptatu izanagatik ondorioztatu zuten maiatzaren 1eko legea ez zitzaiola zuzendua. Okerrena, ttipitan adoptatu zuen gizon zuriak bortxatzeagatik ondorioztaturiko traumarengatik diotela umea kendu. Keira Alexandra Kronvoldren kasua ere egin da ezagun: 38 urteko emakumeari iazko azaroan kendu zioten haurra, sortu eta bi ordutara, beti ere test horren aitzakian. Orduz geroztik, astero ordu batez ikusi dezake alaba. Hamar urte lehenago bere beste bi haurrak zizkioten lapurtu, aitzakia beragatik. Salaketa jarria du, eta auzitegitik bezainbat karrikatik zein sare sozialetatik dabil haur lapurtuen gehiegikeriak salatzen.

Legeak debekatu arren, gaur egun  500 bat ume inuit dira gurasoetatik bereizita. Estatuak bere baitan daraman arrazakeria estruktural hori ongi laburbiltzen du L´Humanité egunkariarekin egondako Paninnguaq Heilmann-Sigurdsenek: "Danimarkan bizi den ama inuita ezkongabea naizenez, autoritateak ni begibistan hartzea, hori da etengabean daukadan beldurra". Badakielako, inuita izateagatik galdu dezakeela bizian garrantzitsuena zaion hori.

"Belaunaldi lapurtuak" deitu ohi dira autoktonoen leinuak mozteko kolono zuriek eramandako politikaren biktimak. Izan dira Kanadan, AEBetan, Australian, baita Europan ere. Inuiten kontrakoaren osagai berri bat besterik ez da test horiena. Hain zuzen ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan milaka eta milaka inuit esterilizatzeko politika eramaten aritu zelako Danimarka.

Antzutu ez zituztenen umeak

1973an hamahiru urte zituen Kamma Samuelsenen kasua dakar Libération egunkariak Antzutze behartua Groenlandian: "Medikuak erran dit 'hamahiru urte dituzu, nirekin etorri behar zara'" erreportajean. Eskuan moztura bat eginik Nanortalik herriko ospitalera joan behar izan zuen, eta eskuaren artatzeaz gain, esterileta jarrita atera zen bertatik. Gogoan du oraindik: "'Hamahiru urte dituzu, ezta? Nirekin etorri behar duzu'. Nehork ez zidan baimena eskatu, nehork ez zien gurasoei abisatu. Inori ez kontatzeko erran zidaten". 1974an hamalau urte zituen Hedvig Frederiksenen kasua ere dakar egunkariak: Paamiut herriko eskolako barnategira heldu berri, ikasgelako neska guztiak ziren medikuaren esku artetik pasa eta negarretan atera: "Gizon bat zen, bakarrik zegoen. Ez dakit zenbat espiral [horrela izandatu ohi zituzten garaian esteriletak] jarri zituen, egun hartan bakarrik".

Kalkulatzen da, gehienak nerabe zirela, orotara 4.500 emakume ingururi esterileta jarri zitzaiela 1966 eta 1975 urteen artean. Bestela erranda: ugaltzeko adinean zeuden emakume inuiten erdiei. Estatuak bere helburu arrazista lortu zuen: 1974ean 665 haur sortu ziren Groenlandian, hamar urte lehenago 1.797 zirenean. Nola ez, gordezka jarritako antzugailua izanda, anitzek uste izan zuten berez zirela antzuak, eta behin eta berriz sufrituriko min eta infekzioen iturburua ere ezezaguna zitzaien. Ofizialki, 1992 arte iraun zuen gordezka bideraturiko esterilizazio politikak –alta, gerora ere helburu eta bide beretik eramandako antzutze kasu batzuk argira ekarriak izan ziren–.

2017an, Naja Lyberth aktibista eta psikologo inuitak zuen lehen aldikoz gaia plazaren erdira ekarri: "Antzuola jartzeko sartu zidan [medikuak] bere tresna. Biziki hotza zen, labankada bat bezala nire barruan. Biziki bortitza izan zen. (...) Tortura bezala zen, bortxaketa bat bezala". Inposaketa eta bortxaketa horren traumak eta pisuak eragindako isiltasuna arrakalatu eta hitza askatu zuen. Estatuaren gehiegikeria jakina da eta aurtengo agorrilaren 27an lehen aldikotz luzatu dizkie barkamenak gobernuak: "Ezin dugu gertatutakoan atzera egin, baina gure ardurak onar ditzakegu, (...) horregatik, Danimarkaren izenean, 'barkatu' erratera nator". Mette Frederiksen Lehen ministroaren hitzak dira. Gaia auzitegian da, 150 bat emakume inuitek salaketa jarrita dutelako.

1953an kolonia izatetik eskualde izatera pasatako Groenlandiaren danimarkatze bat martxan jarri zuten 1950etik aitzina, hainbat politika publiko bideratuta. Danimarkatze hori genozidio kulturaltzat daukate, ordea, inuitek. Handia dute mina, norbanakoarena zein kolektiboarena. Horregatik, baikorki hartu badute ere barkamena, ez dute nahikoa: erreparazioa eta indemnizazioa galdetzen diote gobernuari.    

 


Eguneraketa berriak daude