Bernedoko hezitzaileen aurkako salaketa publikoak zabaldu dira azken asteetan, besteak beste, nerabeak dutxa mistoak izatera "behartzeagatik". Hezitzaileek gezurtatu egin dute halakorik zein gazteekiko tratu okerrik, eta gaitzetsi dute "mezu transfoboak zabaltzeko udalekuetako jarduna" erabili izana: "Gure hezkuntza-proiektua balio transfeministetan oinarritzen da, eta identitate eta gorputz guztientzat gune seguruak sortzea du helburu".
Dutxak eta logelak mistoak izatera “behartzeagatik”, nerabeak “inkomunikatuta” edukitzeagatik eta “medikuarenera eraman nahi ez izateagatik”... Bernedoko (Araba) euskal udalekuetako hezitzaileei zenbait portaera leporatu dizkiete sare sozialetan, eta hezitzaileek euren irakurketa argitaratu dute orain, leporatutakoa gezurtatzeko, eta “haur eta gazteen ongizateari eta familien konfiantzari” ematen dieten garrantziagatik. Gogorarazi dute adin txikikoez ari direla eta “ardura” dutela “gaia tentuz tratatzeko”, izan ere, kritikatu dute zenbait hedabidetan “sentsazionalismoa eta morboa” sustatu dituztela gaia jorratzerakoan.
15 urteko alaba udaleku horietara eraman zuen ama baten salaketa publikoaren harira piztu dira hezitzaileen aurkako mezuak, eta sare sozialetan gero eta gehiago zabaldu dira salaketak. “Errealitatetik oso urrun dagoen kontakizun batetik abiatu da, udalekuetako jarduna mezu transfoboak zabaltzeko”, azaldu dute Bernedoko hezitzaileek ohar batean. Gaitzetsi egin dituzte komunikazio bide pribatu eta publikoetatik jasotako “hezitzaileen aurkako mezuak, erasoak eta difamazioa helburu zituzten diskurtsoak”. Batik bat eraso transfoboak salatu dituzte, dutxa mistoen harira “gorroto mezuak zabaldu direlako sare sozialetan zein hedabideetan”. Halere, eskerrak eman dizkiete babesa adierazi dieten haur, gazte eta gertukoei, eta nabarmendu dute mezu positiboak gehiago izan direla gorroto mezuak baino. Ziurtatu dute gurasoen behar eta zalantzei “erantzun indibidualizatuak” eman dizkietela uneoro.
Bernedoko hezitzaileek gezurtatu egin dute nerabeen aurkako tratu okerrik, eta berretsi dute euren lana “arduraz eta profesionaltasunez” egiten dutela, “haur eta gazteen beharrak erdigunean jarrita”: “Argitaratu diren gezurren aurrean, esan gabe doa haur eta gazteak etengabe edukitzen ditugula zainduta eta txanda bakoitzean hamaika bisita egiten ditugula medikuarenera”. Izan ere, nerabeak medikuarenera ez eramatea leporatu diete hezitzaileei, baita gazteak “inkomunikatuta” izatea ere. Azken horri lotuta, azaldu dute gurasoei eta gazteei aldez aurretik jakinarazten zaiela ez dela deirik egongo udalekuek irauten duten bi asteetan; gutunak bidaltzeko aukera dute, udalekuetan ohikoa den bezala. “Edonola ere, beharrezkoa den kasuetan berehala jartzen gara familiekin harremanetan, eta haur eta gazteei ere eskaintzen diegu horretarako aukera hala behar denean”, gehitu dute oharrean.
Dutxa mistoek eragindako “gorroto-mezuei” erantzunez, Bernedoko hezitzaileek oroitarazi dute euren hezkuntza-proiektua balio transfeministetan oinarritzen dela: “Espazio mistoekin haur eta gazte guztientzako leku seguruak bermatzea da gure egitekoa, aldez aurretiko genero-identifikazio beharrik gabe”. Gizarteko binarismoak eragindako diskriminazioa hautsi nahi dute horrela, eta “proposamen politiko, beraz, etiko” hori haur eta nerabeekin berariaz lantzen dutela eta hausnarketarako baliabideak ematen dizkietela ziurtatu dute; “haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta sakon lantzeko denbora hartzen dugu”.
Alegia, identitate eta gorputz aniztasunak sor dezakeen “deserosotasuna” heziketarako tresna gisa darabilte udalekuetan. Dutxen kasuan, “higienerako leku soil izateaz harago, gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko aukera bat” direla sinesten dute Bernedoko udalekuetan. Jakitun dira gizarte honetan biluztasuna sexualizazioarekin lotzen dela, eta horregatik saiatzen dira hori ere lantzen, oharrean adierazi dutenez: “Biluztasunaren eta generoen arteko harremanaren desexualizazioa lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu hainbat biolentzia motatatik babesteko, eta sinesten dugu dutxa mistoak sexualizazio hori deseraikitzeko leku izan daitezkeela”.
Lanketa horren harira, Bernedoko hezitzaileei publikoki leporatu diete “15 urteko neskak mutilekin batera dutxatzera behartu” izana, baita hezitzaileak eurekin dutxatzea kritikatu ere. Hezitzaileek argitu dutenez, ez dute inor “behartzen” horretara, eta haur eta gazteen “segurtasun eta ongizaterako arduraz eta konpromisoz” aritzen dira: “Biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda jarduten dugu. Espazio seguruak sortzeko bermeak jartzen ahalegintzen gara, dutxak ere, ekintza oro bezala, gainbegiratuz eta zainduz: ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera, eta akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu kasu bakoitzean”, baieztatu dute.
Ertzaintza Bernedoko “gertakari batzuk ikertzen” ari dela jakinarazi zuen ostegunean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, baina ez zuen xehetasun gehiagorik eman, adin txikikoak tartean daudela argudiatuta. Ziurtatu du Ertzaintzan ez dela salaketarik jarri.
Bernedoko Euskal Udalekuen proiektuak jada 50 urteko ibilbidea du, eta azken asteetako salaketen aurrean, hezitzaileek beharra sentitu dute proiektuaren jatorria eta helburua gogorarazteko: “Gurea feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua da. Euskal Herriko haur eta gazteei balio horietan oinarritutako udalekuak eskaintzen dizkiegu, ahalik eta preziorik eskuragarrienean, hezitzaileen urte osoko borondatezko lanari esker”.
Aisialdi parte-hartzailea eta hezkuntza eraldatzailerako eremua eskaini nahi dute, haur eta gazteen gozamena eta heziketa helburu. Azaldu dute udaleku hauetan ekarpen, kezka eta zalantza oro ongi etorria dela, “etengabe moldatzen den proiektu bizi bat izaki”. Proiektuarekin bat egin dutenei eta salaketen aurrean babesa eskaini dietenei eskerrak eman dizkiete. Bernedoko hezitzaileek berretsi dute proiektua aurrera ateratzeko lanean jarraituko dutela: “Komunitate osoaren konpromisoa ezinbestekoa da horretarako”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 60 gazte elkarte inguruk osatzen duten erakundea da Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Jaurlaritzaren barruan kokatua, eskubide publikoko elkartea baita. Ohar batean gaitzespena adierazi dute Bernedoko udalekuetan publikoki salatutako "ustezko gertakarien" aurrean. Gazteei eta haien familiei "hurbiltasun eta babes osoa" helarazi die EGK-ko presidente Iratxe Uriartek, eta azpimarratu du funtsezkoa dela "gertaerak zehatz-mehatz argitu arte itxarotea". Halere, adierazi dute pertsonen "segurtasuna, intimitatea edo duintasuna" ezin direla arriskuan jarri astialdi hezigarrietan.
EGKtik gogorarazi dute astialdi hezigarria balio hauetan oinarritzen dela: "Berdintasuna, autonomia, parte-hartze aktiboa, inklusioa eta aniztasuna". Uriartek berretsi du EGK-k konpromisoa duela espazio "seguruak, inklusiboak eta errespetuzkoak" sustatzen, eta haur eta gazteak babesteko begiraleen gainbegiratze eta prestakuntza protokoloak martxan dituztela EAEko talde gehienetan. Boluntario eta begiraleen lana goraipatu dute, espazio horiek eraikitzeko hartzen duten konpromisoagatik.
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Aste honetan loditasunaz aritu gara Mijo Lizarzaburu filosofo eta militante transfeministarekin. Saio amaierako kolaborazioan Edurne Azkarateren txanda izan da, eta oraingoan entzutera eta galdetzera etorri da oiondarra: zein ekarpen egin dezakete pertsona argalek lodien... [+]
Lodi, potola edo borobil deituta, ondo; sahiestu potolita, potxola edo hezurdura zabalekoa bezalako eufemismoak pertsona lodiez hitz egiterakoan. Horixe baita aste honetako gai potoloa: loditasuna. Mijo Lizarzaburu filosofo eta militante transfeminista gonbidatu dugu gaian... [+]
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Lau hamarkada luzeko ibilbidea du Euskal Herrian bolleren borrokak; garaiko lesbiana feministen oinordekoak dira. Desira eta identitate sexual hutsa baino askoz gehiago da bollerismoa: sistema zisheteropatriarkal eta koloniala borrokatzeko estrategia politikoa, gorputzetik eta... [+]
Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin.
Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]
Zigor sistemak gizartean eragiten dituen ondorioez mintzatu da Naiara Perea, larunbat honetan Gasteizen izanen diren espetxeen aurkako jardunaldi transfeministen asanbladako kidea.
Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]
Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.
Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]
Arabako Mendialde eta inguruetako identitate disidenteek osatzen duten Asteriskes kolektiboak Bermu Okerra musika jaialdia antolatu zuen abenduaren 28rako. Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoen Kontrasta herrian egin zuten, eguerdian. Antolatzaileek azaldu dutenez,... [+]
Arabako Mendialde eta inguruetako identitate disidenteek osatzen duten Asteriskes kolektiboak antolatu du Bermu Okerra musika jaialdia abenduaren 28rako. Araba eta Nafarroa arteko mugan kokatuta dagoen Kontrasta herrian egingo dute jaialdia, eguerdian.