“Azokako mahaiaren bestaldetik desprezioa ikusten da, asko”

  • Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari emana bizi izan dena Muxikako Igertu baserrira ezkondu zenetik. Biekin elkartu gara, behinola fatxada osoa piper txorizeroz gorri-gorri izaten zuen baserrian.

Feli Madariaga eta Onintza Enbeita Igertu baserriaren atarian, kaleratu berri den liburuarekin. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko irailaren 10ean - 13:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
BIZITZA BATEN TXATALAK Andre bat lurrari emana

EGILEA: Onintza Enbeita Maguregi

ARGITALETXEA: ARGIA, Bizi Baratzea saila, 2025

DISEINUA ETA ILUSTRAZIOA: Maitane Gartziandia

ARGAZKIAK: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ARGAZKI ZAHARRAK: Feli Madariagak utziak

PREZIOA: 15 euro. Eskaintza berezia: Irailaren 21 arte ARGIAko kide eginda, liburua opari. Horretarako: deitu (+34) 943 37 15 45 zenbakira edo sartu www.argia.eus/eginargiakoa webgunean.

EROSTEKO: azoka.argia.eus webgunean; edo Gernikako astelehenetako azokan, Enbeitaren mahaian.

Muxikako Igertu baserriaren atarian eserita, haien liburu kaleratu berria lehen aldiz eskutan dutela, orriak pasatzen eta bertan agertzen diren argazki eta izenburuei begira, berriketan hasi dira liburuko protagonista Feli Madariaga eta liburua idatzi duen Onintza Enbeita:

O. Enbeita: Polito geratu da; poltsan eramateko modukoa. Begira, Julianegaz [Feliren senarra zenarekin] bere agertzen zara argazkitan. Honela diozu liburuan, "Julianek soroa mimatu egiten zuen".

F. Madariaga: Uf! Soroan ez zen erraza izaten haregaz ibiltzen! Hark ipintzen zuen piper bat, eta bestea ipini parean, e! “Hemen ez ipini, atera hori piperra eta ipini harantzago!”, esaten zidan.

O. Enbeita: Batzuk horrelakoak dira. Gure aita eta ni praktikoagoak gara, txapuzerutxuek. Baina gure koinatuak bere dena horrela ipini behar izaten du.

F. Madariaga: Patata ere... zuzen! Ene! Piperra ipintzen genbiltzanean denak etortzen ziren sorora laguntzera eta Julian haserretu egiten zen, lurra zapaldu egiten zutelako. “Zuk zer gura duzu? Airean ibiltzea? Airean ezin da ibili!”, esaten nion.

O. Enbeita: Ez, ez, ibiltzeko lurra zapaldu egin behar da! Baina orduan piper asko ipintzen zenuten. Beti pentsatzen dugu “guk gazteok...”, baina lehengoek bere baduzue zer kontatu.

F. Madariaga: Bai... asko!

O. Enbeita: Baina dena ezin da kontatu, eta beno, zatitxo bat batu dugu hemen.

Onintza Enbeita liburuaren sarrera, "Zergatik zu, Feli?" izenburua daramana irakurri dio Feli Madariagari.
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

F. Madariaga: Gizonagaz diskusinoa beti, baina haserretu sekula bere ez. Beti bazegoen zerbait, “hau ez duzu ondo egin” esaten bazidan, “ba egizu zeuk!” erantzun eta aurrera.

O. Enbeita: 24 ordu elkarregaz egiten zenuten.

"Fabrikan baino gurago izan nuen txoriaren moduan aire librean aritu, hementxe", Feli Madariaga

F. Madariaga: Beharra elkarregaz egun guztian, ohera elkarregaz... dena. Nire gizona ez zen joan fabrikara, eta nik irten egin nuen fabrikatik, ezkondu nintzenean, ze gurago izan nuen txoriaren moduan aire librean aritu, hementxe.

O. Enbeita: Orain bere ez zinateke Gernikara joango bizitzera?

F. Madariaga: Ni ez, pentsatu bere ez! Hara itotzen pisu barrura; horma jo eta horma jo? Hemen biluzik irteten baduzu bere inor ez daukazu begira.

O. Enbeita: Baina gero begira nolakoak gertatzen diren, e! Kulero hutsik irten nintzen etxe aurrera, jausi eta hanka apurtu. Eta gero anbulantzia etorri behar eta ahizpari eskatu behar, “ekarri iezadazu janzteko zer edo zer”...

F. Madariaga: Hau ez da pagatzen diruaz. Bake-bakean. Etxe aurreko kaminoan kotxeak pasatzen direnean haiek ikusi, agur egiten duenari agur egin, egiten ez duenari kasurik bere ez...

O. Enbeita: Lehen trafiko gutxiago egongo zen hemen.

F. Madariaga: Kotxe bat pasatzen zen hemen, Serafinena. Eta eskerrak; zaharrenagaz estaduan nengoenean ez zen kotxerik eta bera pasa zenean berari “alto” egin eta klinikara eramateko eskatu nion.

Feli, zuk hiru alaba izan dituzu. Eta zu, Onintza, hiru alabetan gazteena zara. Biek entzun behar izan duzue zuen etxeetan mutila falta zela, baserrirako.

"Neskek bere egiten dute behar baserrian", Feli Madariaga

F. Madariaga: Bai, baina sarri pentsatu izan dut, mutila edukita bere igual izango zela, agian ez zuela baserrian geratu gurako. Neskek bere egiten dute behar baserrian.

O. Enbeita: Gure auzoko Maria zenak esaten zidan: “Zu jaio zinenean zure aititak negar egin eban, etorri zen gurera eta esan euskun, ‘ai, ai, Maria, gurean orain bere urruxa jaio da...’”, eta ematen zidan ernegu bat horrek! Pentsatzen nuen, “gure aititak ez ote zidan gurako niri?”, baina keba, gero engainatuta eduki nuen, txikiena izan nintzen eta gure amak beti esaten zidan, besteei egin ez zien kasu guztia niri egin zidala aitita Balentinek. Baina orduan pentsatzen zen gizonak behar zirela aurrerako, baserriari eusteko.

F. Madariaga: Bai, baina neskek bere berdin egiten dute behar. Gurean denek egiten dute soroan, traktore txikiagaz.

Lehendik ezagutzen zenuten elkar. Onintza, libururako Feli elkarrizketatu duzunean, zerbaitek eman al dizu arreta?

"Gaur egun dena nahi dugu, baserrian bizi baina oporretara joan... eta hori barik konforme eta zoriontsu izan ahal dela ikustea lezio handia izan da", Onintza Enbeita

O. Enbeita: Bai. Nik pentsatzen nuen Feliren adineko andrak, nire amonaren adinekoak, denak konforme zirela tokatu zitzaien bizimoduaz. Baina Felik elejitu egin zuen baserrian bizi izatea, fabrikatik irten egin zuelako baserrira etortzeko. Hor aldatu egin zitzaidan ikuspegia.

Liburuan kontatzen du: “Niri ez zitzaidan hondartza gustatzen eta alabak aitagaz joaten ziren hondartzara”. Gaur egun dena nahi dugu, nahi dugu baserrian bizi, piperrak eduki, baina oporretara joan... eta hori barik konforme eta zoriontsu izan ahal dela ikustea lezio handia izan da.

Feli, damutu zaizu noizbait fabrika utzi izana?

F. Madariaga: Alde batera bai, ze jubilazioa handiagoa izango nuen. Baina ni hemen feliz nabil, sorora joango naiz ahal dudan artean. Aurten bere egin dut jorran, belar zantarrak ateratzen. Eta indabak eta piperrak egin ditut. Besoagaz gorako beharrik ezin dut egin, behean eduki behar dut besoa, horregatik, aitzurraz jorratzen itzel ibiltzen naiz. Orain askoz astiroago egiten dut behar, pentsatzen dut “hauxe egin behar nuke”, baina ezin ailegatu.

Onartzen duzu orain soroan gutxiago egitea, edo ernegatu egiten zara?

F. Madariaga: Lehen gehiago ernegatzen nintzen. Orain ahal dudana egiten dut eta besteek bere ahal dutena egin dezatela. Soroan ezer ateratzen bada ondo, eta bestela bere bai.

Piper txorizeroek Igertu baserriko fatxada osoa hartzen zutenekoa. Feli Madariagak utzia.

Orain ere piper txorizero korda batzuk zintzilik dituzue atarian. Garai batean fatxada osoa egoten zen Igertun piperrez estalita. Zuetako bakoitzak zer pentsatzen zuen hori ikusita?

F. Madariaga: “Ze lana! Zelan egin dugu honenbeste?”, pentsatzen nuen. Errespeto handiena eskegitzeak ematen zidan, ze gure gizona eskailera puntaraino igotzen zen, "armiarma-gizon" esaten nion. Behean traktorea jarri, traktore gainean eskailera eta puntaraino igota jartzen zituen kordak, nik ematen nion gako luze bategaz hartuta. Hark ez zuen bertigorik izan. Eta orain gurean denek dute bertigoa, neu hasita.

Gero piper haiek bajatu, txarrak apartatu, plazara eroan...

O. Enbeita: Guk umetan ikusten genuen Igertuko etxea dena piperrez beterik eskolako autobusetik eta betiko geratu zait rekuerdoa, gauza polit baten moduan, postal baten moduan. Gure etxean bagenekien zer den piperrak kordatzea, baina ez ginen kontziente horrek denak zer esan gura duen. Gero denboragaz konturatzen zara behar hori benetan zenbat denbora den.

F. Madariaga: Ikusteko polita izaten zen. Pasatzen ziren guztiek erretratua ateratzen zioten, amerikanoek, mexikarrek, kubatarrek...

O. Enbeita: Guk etxean piper kordak beheko suaren ondoan edo etartean eskegitzen genituen, baina hemen fatxadan, berezia zen. Betirako buruan geratu zaigun argazki bat da, niri, eta Muxikan galdetzen badugu, jende gehienari.

F. Madariaga: Bai, “piperren etxea" esaten dute, orain bere entzuten diet bizikleteroei.

Beti izan zen horrela Igertu, edo zu Igertura ezkondu zinenean bete zen piperrez?

F. Madariaga: Neu etorri nintzenean. Hortxe beheko soroan jartzen genituen: erdia piperra, beste erdia artoa eta beste lur batean soroa, piperrak han jartzeko hurrengo urtean. Piperrekaz apurka-apurka hasi ginen, baina gero... jendea piper bila etortzen zen, puntako berdeak bere eroaten zituzten! Hornitu ezin ibiltzen ginen. “Datorren urtean gehiago ipini beharko ditugu!”, esaten genuen, eta gure buruaren kontra, arlo gehiago jartzen genituen piperregaz. Baina hori berdura guztiagaz gertatu zitzaigun.

Feli Madariaga piperrak kordatzen. Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

Gauean ze ordu arte egoten zineten piperrak kordatzen?

F. Madariaga: Lehenik soroko beharrak bukatu, afaldu, eta 00:00etan amaitzen genuen behiak jezten, kortako beharrak egiten, umeak oheratzen... Orduan hasten ginen piper josten, 03:00ak arte. Eta hurrengo goizean 06:00etan altxa, kodaina hartu eta belarretan, egun guztiko belarrak ekartzen ganaduarentzat. 30 buru genituen kortan: hamabost behi eta euren txahalak, eta haiei eman egin behar izaten zitzaien belarra. Oraingo behiek ez dute jaten belarrik, pentsua eta sikua soilik.

O. Enbeita: Lehen ganaduarentzat belarretik aparte gauza asko egiten zenituzten.

F. Madariaga: Erremolatxa, arbia, arto kukulua... Frantsesa [pagotxa] bere bai, arto artean ereiten zen. Lastoa txikituta bere ematen zitzaien. Inoiz egin dugu, belarrik eduki ez dugunean, basora joan eta haritz adarrak ekarri, orriak apartatu eta ganaduari haiek eman.

Lana asko egin zenuten. Bizitzeko adina irabazten zen?

"Jenero dena zuzenean saltzen genuen. Astelehenero 20 dozena porru eroaten genituen plazara eta denak saltzen ziren", Feli Madariaga

F. Madariaga: Orduan bai, baserriak asko eman zigun. Etxetik bertatik saltzen genuen: udan domeketan etortzen zen jendea hondartzara Galdakaotik, Bilbotik... eta bueltakoan, 15:00etan etortzen ziren gure etxera jeneroaren bila, baina ordu horretan baratzera joateko bero handia egiten zuenez, egun batean esan nien ea zergatik ez zuten ipintzen goizean oharra idatzita zer nahi zuten, eta eguerdirako izango nuela prest jeneroa, haiek hondartzatik itzultzerako. Geroztik, urteak egin ditugu horrela. Bainak, azelgak, piperra, indaba... zegoen guztia eroaten zuten. Etxetik saltzen genuen. Harakinak bere etxera etortzen ziren erostera Bilbotik, Bermeotik, Gernikatik... Zuzenean saltzen genuen jenero dena, etxetik, eta plazara amaginarreba joaten zen, eta gero ni hasi nintzen. Porrua soro oso bat izaten genuen, ez dakit zenbat ziento ipintzen genituen, baina asko, zeren astelehenero 20 dozena eroaten genituen plazara eta denak saltzen ziren.

O. Enbeita: Eroan orain!

F. Madariaga: Atzera itzuliko zara eurakaz. Antzinan ondo saltzen zen.

O. Enbeita: Baina dendarik bere ez zegoen.

F. Madariaga: Ez, eta jendeak pasaeran soroa ikusten zuenez, eskatu egiten zuen.

Feli Madariaga eta Onintza Enbeita Igertu baserriaren atarian, argitaratu berri den liburua eskutan dutela. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Biak aritu zarete Gernikako astelehenetako azokan saltzen. Noiz gogoratzen duzue azokaren garai indartsuena, eta zergatik apaldu da?

O. Enbeita: Esango nuke gure amona joaten zenean orain baino errazago saltzen zela, 1980ko urteetan edo.

F. Madariaga: Bai, orduan plazara eroaten zena saldu egiten zen behintzat.

"Ohitu gara gauzak distiratsu erosten, eta guk ezin dugu plazara horrela ekarri jeneroa, hori ez delako existitzen", Onintza Enbeita

O. Enbeita: Orduan etxean batek egiten zuen behar eta astelehen goiza libre edukiko zuen, hori izan daiteke arrazoi bat. Eta horrez gain, orain Gernikan daude Mercadona, Eroski, Dia, Lidl, Aldi, BM, Alcampo... edonon erosi daiteke. Eta ez da egia merkeagoa denik plazakoa baino.

Ohitu gara gauzak distiratsu erosten, eta plazan beti esaten diot jendeari, guk ezin dugu horrela ekarri jeneroa, hori ez delako existitzen. Jada jendeak erosteko erreparo gehiago dauka. Eta ohiturak aldatu dira: plazan aste osorako erosi behar duzu.

F. Madariaga: Eta kargagaz ibili beharra dago, kotxeak ez direlako bertan aparkatzen.

O. Enbeita: Supermerkatuetan, aldiz, denetan daukazu parkinga. Erraztasun asko dituzu. Eta urte guztian edozer. Guk ezin dugu tomaterik eduki Gabonetan. Ez dago. Baina joaten bazara dendara, badaude. Errazera ohitu gara: joan dendara eta erosi edozein momentutan edozer, berdin dio nondik datorren, ez dugu begiratzen. Jendea horrela ohitu da eta orain hori aldatzea gaitza da.

F. Madariaga: Orain, jeneroa...

O. Enbeita: Indaba, tomatea, piperra, horiek sikiera oraindik estimazioa daukate, baina esaterako piper txorizeroa asko kostatzen da saltzea, ze inork ez du txorizorik egiten, lau gelditzen gara, baserrietan.

Zer ikusten da azokako mahaiaren bestaldetik?

O. Enbeita: Jende batek eskertu egiten du baserriko jeneroa eta pozik etortzen da erostera. Desprezioa bere ikusten da, asko.

F. Madariaga: Bai, piperra arinago hazten da negutegikoa, eta lurrekoa eroan genuenean, prezioa esan eta “beste lekuetan askoz merkeago dago” esan zigun batek, eta azaldu genion, “bai, baina hauek lurrekoak dira” eta berak erantzun: “Denak dira lurrekoak! Denak dira igualak!”.

O. Enbeita: Batzuetan barre egiten duzu, ze konturatzen zara jendeak ez duela arrastorik bere. Behin batek esan zidan: “Begira zelako bainak erosi dizkiodan hor andra bati”; eta esan nion: “Bainak orain, urtarrilean? Horiek Mercabilbaokoak dira! Hemen ez dauka inork urtarrilean bainarik!”. Galdu egin da jakintza hori, Felik askoz gehiago daki gure belaunaldiak baino. Nik aitagaz ikasi dut sasoi bakoitzean zer dagoen, zergatik diren hobeak neguko azak udakoak baino... hori dena galdu da.

F. Madariaga: Esaten diozu “hori baserriko indaba da” eta erantzuten dizu “bai, Eroskin bere indaba goxoak daude; igarri bere ez zenioke egingo”. Berak ez du igarriko baina noizko saltsa loditu?

O. Enbeita: Eta azala bere lodiagoa da. Nik ongi ikusten dut zuk nahi duzun lekuan erostea, baina igarri egiten da. Denari igartzen zaio, asko gainera.

F. Madariaga: Porru dozena erdia 2,5 euroan eduki nuen saltzen eta batek esan zidan: “Ez dizu lotsarik ematen hainbeste eskatzea lurrak ematen duen zerbaitengatik?”; nik esan nion: “Lurrari jaten eman behar zaio, behiari bezala, esnea eman dezan. Lurrak ez du ematen, ematen ez badiozu”.

O. Enbeita: Agian pentsatuko du porruak basoan irteten direla, berez! Ez zizun beste batek galdetu sagarrak ikusita ea tomateak ziren?

F. Madariaga: Eta beste batek piper landarea ikusi eta tomatea ote zen galdetu zidan. Udaletxeari proposatu nion ea zergatik ez dituzten taldeak antolatzen, soroan erakusteko gauza bakoitza zer den, ze jendeak ez daki. Barre ederrak egin nituen Muxikako eskolan esnea nondik datorren galdetu eta “Eroskitik” erantzun zutenean! Pentsatu nuen, “gure umeek esnea nondik datorren behintzat badakite”.

Feli Madariaga: Barre ederrak egin nituen Muxikako eskolan esnea nondik datorren galdetu eta “Eroskitik” erantzun zutenean! Pentsatu nuen, “gure umeek esnea nondik datorren behintzat badakite”. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Plazara joatea gustatzen zaizue?

F. Madariaga: Bai, ze gero elkartzen ginen hamar andra eta joaten ginen Biltoki tabernara, pintxoa jan, kafesnetxoa hartu, barre batzuk egin... eta atzera plazara itzultzen ginen.

O. Enbeita: Jendeagaz egoteko aitzakia bat da. Niri plaza gustatzen zait, ez Gernikakoa bakarrik, joaten zara beste herri batera eta plaza baldin badago jendea batzen da, elkarrizketa dago... baina ezin da joan aberastera. Zu zenbat urtera arte joan zinen plazara?

F. Madariaga: 83gaz utzi nion. Plazarako behar asko egin behar da. Porru garbitzen aritzen nintzen barikuetan.

O. Enbeita: Bai, bai, astelehenean eroateko asteburu guztia egin behar duzu horri begira.

Baina Feli, baserrian festa egiten ere jakin duzue...

F. Madariaga: Jai egunean bere behar egiten zen, eta senarra eta biok Gernikara 22:30ean joaten ginen, ganadua gobernatu eta umeak ohean utzita. Goizeko 04:00etan itzultzen ginen.

Ganadu-hiltzailea zen gizona eta txerri-hiltzeetan upielako juergak egiten genituen. Santutxutik hogei lagun inguru etortzen ziren. Mark Kurlansky [kazetari eta idazlea, hainbat elikagaien historiaz eta euskal kulturaz idatzi duena] amerikanoa egona dago hemen txerri-hiltzean, Iturrieta kazetariagaz batera. Gernikara bere joana nago Kurlanskygaz, edadeko bat gura zuelako gerrako kontuak esateko.

Gernikako bonbardaketan bost urte zenituen baina liburuan kontatu duzu nola bizi izan zenuen.

"Gernikako bonbardaketa primeran gogoratzen dut, oraindik bere ikusi egiten ditut abioiak", Feli Madariaga

F. Madariaga: Bai, primeran gogoratzen dut, oraindik bere ikusi egiten ditut abioiak. Baldatikan [Foruko auzoa] frontea egon zen, upielako trintxerak eginda mendietan. Gu aititagaz geunden belarretan eta “txori baltzak datoz eta etzun!” esaten zigun. Gisatzak [erratz edo ginar landare zuhaixkarak ] egoten ziren landatan eta gisatzen azpian sartzen ginen hegazkinak pasatu arte. Arratsalde osoan aritu ziren hegazkinak Gernikara joan-etorrian.

Gero Forura jaitsi ginen, aitita eta osaba bategaz. Eta han etxeko zirrikitu batetik ikusten genituen tankeak pasatzen. Osaba igotzen zen Baldatikara gauaz, ganaduari jaten ematen. Aita eta ama non ziren bere ez genekien, ezkutatuta egon baitziren astebetez. Haiengatik galdetzen genuenean aititak esaten zigun: “Etorriko dira, egon trankil”.

Egun batean iturrira joan zen aitita eta ez zen etortzen. Begiratu genuen, eta aitita horma kontra zuten bizpahiru soldaduk, metrailaz apuntatuta. Arrapaladan joan ginen bilobok eta ni aititaren lepora igo nintzen, eta besteak haren hanketara itsatsi ziren. Soldaduek esan zioten: “Tira, zoaz etxera” [gaztelaniaz]. Salbatu egin genuen aitita Kastor.

Etxean dantzan agertzen zara liburuko argazki batean. Zure amaginarreba panderojolea zen.

F. Madariaga: Bai. Plazan jotzen zuen, baina nik etxean ikusi nuen jotzen. Gabon gauaz eta Gabon Zaharretan denok juntatzen ginen eta salan egiten genuen erromeria, hark panderoa jo eta gu denok dantzan. Kantatu itzel egiten zuen, antzinako kantak. Hura beti ibiltzen zen kantetan eta panderoa jotzen.

Ezagutu al zenituen behartutako ezkontzak?

F. Madariaga: Bai, ipinitako ezkontzak. Zaharragoetan asko. Gure belaunaldian ez; gustukoa ez bazen, begiratu bere ez.

Orain baserri asko husten ari dira.

F. Madariaga: Baserritik bizimodua ateratzeko orain ez dago.

O. Enbeita: Bai, baserri asko jausteko zorian daude. Baina beno, beste batzuk konpondu bere egiten dira-eta...

F. Madariaga: Igual gauzak kanbiatuko dira.

O. Enbeita: Jendea igual bueltatu egingo da baserrira.

F. Madariaga: Izan daiteke. Mundua eta denbora asko aldatuta dago-eta.

O. Enbeita: Bai, denbora bai, aurton!

F. Madariaga: Lehengo denborak ez dira hauek. Beroak handiagoak dira, larriagoak. Lehen bere berotan ibiltzen ginen belar fardotan, baina ipar-haizea egoten zen, haize freskoa. Orain haizea epela da, itoa!

O. Enbeita: Denboraleak bere asko, udan euria, upielako trumoiak eta inetaziak, lehen baino gehiago.

F. Madariaga: Kanbio handia dauka.  

Nola ikusi nahi zenuke Igertu baserria etorkizunean?

F. Madariaga: Nik gustura ikusiko dut landa horiek garbi edukitzea, baina ez dakit zer izango den. Etxean ez badago egin behar duena, diferente da dena. Gurean gizona bizirik egon balitz guk ez genuen alaben laguntzarik beharko, traktoreagaz norberak egin eta aurrera.

Onintza, zuretzat zergatik da inportantea Feliren belaunaldiko historia kontatzea?

"Norbaitek zuzenean kontatzen duenean gai bat, erromantizismo asko kentzen zaio", Onintza Enbeita

O. Enbeita: Guk buruan egin dugun irudia ez delako egia. Niretzat garrantzitsua da galdetzea, jakiteko benetan zelan izan zen euren bizimodua. Feligaz egon eta gero konturatzen zara gauza asko eurek aukeratu zituztela. Izan direla euren bizimoduen jabe. Eta bizipenak eurek kontatzea garrantzitsua da. Badakigu Gernika bonbardatu zutela, badakigu plaza astelehenetan aspalditik egin dela, badakigu baserriko bizimodua zer den... baina norbaitek zuzenean kontatzen duenean erromantizismo asko kentzen zaio.

Gaur egun jendeak esaten dizu “egingo dugu agroekologia edo ekologikoa eta ez dugu egingo tradizionala edo konbentzionala”, eta hori dena ongi dago, baina entzuten baduzu zelan egiten zuten duela 60 urte, agian ez dago hain urrun gaur egun izan behar lukeenetik: etxe guztietan egoten zela denetarik, ganaduentzako janaria egiten zela, botika gutxi botatzen zela...

"Duela 60 urteko baserri eredua agian ez dago hain urrun gaur egun izan behar lukeenetik", Onintza Enbeita

F. Madariaga: Juliani ez zitzaion gustatzen botikak botatzea belar txarrak hiltzeko. “Eskuakaz ateratzea hobe”, esaten zuen. Nik aitzurraz egin dut aurton!

O. Enbeita: Garrantzitsua da ikustea kate batean gatozela, zaitxu hori existitu dela eta hortik gatozela. Duela 20 urte baino gehiago Muxikari buruzko liburu bat egin zen: oso ongi dago liburua eta bost elkarrizketa ditu, baina kasualitatez elkarrizketak denak dira gizonak. Lehengo bizimoduaren berri emateko, andrak bere bizi ziren! Ezin da %50a existitu ez balitz moduan kontatu. Niretzat oso inportantea da señora hauek kontatzeko dutena kontatzea.

Feli, eskolara noiz arte joan zinen?

F. Madariaga: Hamabi urtera arte. Maistrak maketak ziren. Eta euskaraz egiten bagenuen “hablar en cristiano!” (hitz egin kristaueraz) esaten zuten. “Kristaueraz ari gara, zuk ikasi behar duzu euskaraz!" [gaztelaniaz] erantzun zion behin batek. “Etorri hona!” [gaztelaniaz] deitu zion maistrak eta kokoteko bat eman zion. Erregelagaz bere jotzen gintuzten buruan. Etxera joan eta “zuk bere zerbait egingo zenuen, eta!” esango zizuten eta hortxe bukatzen zen dena.

Zer ikasten zen, bada, orduan? Liburu bat ematen zuten eta arbelak genituen gehiketak eta kenketak egiteko. Baina irakasteko interesik batere ez zuten, eta etxean bere andra denen karrera, hutsa: "Andrek etxeko beharra eta mutilek estudiatu", hori zen mezua.

Orain baduzu zure liburua.

F. Madariaga: Bai! [barreak]

O. Enbeita: Zer pentsatzen duzu esango dutela liburua irakurtzen dutenean?

F. Madariaga: Hori da nik buruan sartuta dudana... Denei ez zaie gustatuko. Zuk zer uste duzu?

O. Enbeita: Nik pentsatzen dut gustatuko zaiola jendeari. Eskuzabala izan zara, gauza asko kontatu dituzu.

F. Madariaga: Baina inoren bizimoduan sartu barik.

O. Enbeita: Ez, ez, zuk zeurea kontatu duzu. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2025-09-08 | Garazi Zabaleta
Amama
Lursail bakoitzak bere arnoa

Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]


Marieneko lurren alde, Kanbon mobilizaziora deitu dute larunbaterako

Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile auzipetuko dituztelako.


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaitzen ari dira lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]


2025-07-28 | Garazi Zabaleta
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek

Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan

HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi ekologikoa kontsumitzearen balioak eta onurak ezagutarazi nahi dituzte... [+]


2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Larrinbarri
Ahabi ekologikoak Anbotopetik

Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe
Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin

Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena erabiltzea bultzatu nahi dugu, kanpoko... [+]


2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Gaitz terdi eta lotsa oneko nekazariak

Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.


2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Basotxoa
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan

Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]


Hontz zuriarekin bakeak egitea komeni zaigu, gure zaindaria da

Mandio eta kanpandorreetan hontz zuriaren ulu mikatza gero eta gutxiagotan entzuten dugu. Zer dela eta? Urbanismo basatiaren eta laborantza intentsiboaren ondorioz, bere habitata suntsitu dugu. Baina gaueko hegazti harrapari bitxia funtsezkoa zaigu, soroak osasuntsu mantentzen... [+]


Eguneraketa berriak daude