Gaur geure eguna baita

  • Batzuontzat ikusezintasuna ez da berria. Edozein mailatan, edozein esparrutan. Ikusezinak gara. Asko jota, pasa gaitezke ikusezinak izatetik itzalak izatera. Zorionekoak, hazpegiak antzemanez gero. Askori egingo zaizue ezaguna. Edozein mailatan, edozein esparrutan. Baina gaurko egunak, ezinbestean, gureaz idaztera nakar. 


2025eko urriaren 15ean - 07:56
Azken eguneraketa: 09:28
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Efemeride diskretua gaurkoa, ez da bazterretan aldarrikatzen. Alde ederra ateratzen digute San Ixidrok edota San Tomasek, baita San Andresek ere. Santa Ageda eta Santa Lutzi oso atzetik gatoz, erratzari eusten dion gurdian.

Gizonak denean gailentzen dira, baita baserriarekin lotutako efemeride eta ospakizunetan ere. Emakumeon existentzia aldarrikatzen dituztenak hiriko klabeetan diseinatzen dira, eta horiek hartzen dituzte plazak. Azkenerako, gu ez gaude ez batean ez bestean. Eta ez da izango ez garelako.

Gaur dugu gure izaeraren efemeride diskretua. Geurea. Landa eremuko eta baserritar emakumeon nazioarteko eguna. Iparraldeko zein hegoaldeko, mendebaldar zein ekialdetar. Hurbilak zein urrunak. Kolorez kolore, hizkuntzaz hizkuntza. Denok lurrarekin eta animaliekin txirikordan, bizitzari eusten diogulako. 

Gaur, mundua bizitzaz, modu erradikalean, betetzen dugunon eguna.

Lehenaldia etorkizunean gorpuzten dugunon eguna.

Etorkizuna orainaldira ekartzen dugunon eguna.

Elikaduraz arduratzen garenon eguna.

Gaur, ongi merezia lukete, bada, Palestinako emakume nekazari eta abeltzainek gure greba orokorra.

Sustraietatik oihu egingo lukeen greba orokorra litzateke geurea.

Gaur geure eguna baita. 

Zuek jakin ez arren.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude