Larrialdirako neurriak badaude, erabaki estrategikorik ez

  • Gauza bat nahiko argi dago: etxealdia hasi baino lehen ere ekonomikoki gaizki pasatzen ari zirenak bihurtu dira koronabirusaren krisian kaltetuenak. Eta kultura ez da inoiz izan dirua irabazteko sektore oso aproposa. Beraz, konfinamenduak probokatu duen jarduera kulturalen etete orokorrak hankaz gora jarri du dena. Aste honetan greba digitala egin du euskal kulturgintzak eta erakundeek laguntza bereziak iragarri dituzte. Gerora begira, ordea, planik ez dagoela dirudi.

Kulturgintzako langileek greba iragarri zuten egun berean eman zuen Jaurlaritzak sektorearentzako laguntzen berri (argazkiak: Kulturgintzan.eus / Irekia).
Kulturgintzako langileek greba iragarri zuten egun berean eman zuen Jaurlaritzak sektorearentzako laguntzen berri (argazkiak: Kulturgintzan.eus / Irekia).

Pandemiari aurre egiteko ezarri den distantziamendu sozialaren eraginez, martxoko eta apirileko programazio kulturalak domino fitxak bezala erori dira, eta ez dirudi gauzak ondorengo hilabeteetan ere ohiko martxara erraz itzuliko direnik. Itxita daude liburutegiak, liburu-dendak, geratzen diren disko denda apurrak, zine eta kontzertu aretoak, museoak, galeriak, antzokiak, kultur etxeak, dena. Eta horrek esan nahi du jende asko langabezian geratu dela edo diru-sarrerarik gabe. Hori gutxi balitz, kulturarekin lotutako komertzioak konpetentzia desleiala jasaten ari dira: Amazon edo ikus-entzunezko streaming plataformak topera lanean ari diren bitartean, liburu-dendak eta zine aretoak itxita daude. Eta presioa areagotu zaie sortzaileei ere, etxealdia hasi zenez geroztik sarean zuzeneko emanaldiak egiteko eskaintzak asko ugaritu zaizkielako, hori bai, lan horren truke ezer kobratu gabe.

Egoerari eman zaion erantzun instituzionalak adabaki bat dirudi zuloz josita dagoen soinekoan

COVID-19aren krisitik neoliberalismoaren azkenaldiko joerak are indartuago aterako direla profetizatzen dutenek, beren hipotesia konfirmatzeko argudio sendoak aurkituko dituzte kulturaren alorrean: prekarietatea zegoen lekuan orain langabezia dago; gutxi kobratzen ziren lanen ordez, doan ari diren profesionaletara pasa gara azken hilabetean; euskarazko lanek ikusgarri izateko problemak zeuzkaten lehen, eta orain berriz, hizkuntza nagusietako superprodukzioaren azpian lurperatuta gera daitezke. Zerrenda asko luza liteke horretan hasiz gero, baina laburbilduz: dinamika ez da jasangarria, ezta epe laburrean ere. Eta momentuz eman zaion erantzun instituzionalak asko jota adabaki bat jartzen dio zuloz josita dagoen soinekoari.

Kulturgintzan lan egiten duten ehunka profesionalek koronabirusaren krisiaren aurrean eskatutako laguntzei pribatuan muzin egin ondoren, sortzaile horiek bi eguneko greba digitala iragarri behar zuten egun berean (apirilak 15) 2,5 milioi euroko balioa duten laguntzak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak. EAJk eta PSEk Podemosekin adostutako EAEko aurrekontuetan aurreikusita zegoen diru-partida hori, izena aldatu diote COVID-19aren tiradizo komertziala baliatuz; eta ezin ukatu, jokaldi ona izan da Bingen Zupiriak gidatzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailarentzat, asalto honetan behintzat esan ahalko baitu ez dagoela geldirik bere ardurapeko sektorean hazten ari den ezinegonaren aurrean.

Konparazioak ere alde ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernua da oraingoz neurri inportanteenak iragarri dituena. Nafarroako Gobernuak autonomoentzako laguntzen barnean sartu ditu kultura mundukoak, babes espezifikorik eman gabe. Eta Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herriko kulturgileei zuzendutako neurri-sorta iragarri duen arren, kopurua askoz xumeagoa da, Frantziako Estatuko egitura administratiboan erakunde horrek daukan garrantziaren proportzioan. Hori bai, Euskal Elkargoak iragarritako neurrien artean kulturgileekin kontaktua estutzea ere aurreikusi da, sortzen diren premiak eta egoeraren eboluzioari buruzko informazioa gertutik jarraitu ahal izateko. Beste bi administrazioek ez dute horrelakorik iragarri. Eta beharbada, auzi honen iltzea hor dago.

Politika kulturalak adostasun eske

Puntu honetara iritsita, politika kulturalak pixka bat jarraitu dituenari gogora etortzen baitzaio duela bospasei urte gertatutakoa. Eta akaso lagun dezake ulertzen gaur gosaltzeko orduan indarrean dauden zenbait posizio zein materialez eginda dauden.

Erakunde publikoek ez dute orain arte kulturgileekin lankidetzarik bilatu, beste esparru batzuetan –adibidez euskalgintzan– azken urteetan jorratutako bidetik

Testuinguru pixka bat: 2007-2008ko krisi ekonomikoaren ubera luzean, kulturaren alorreko profesional eta eragile asko elkartu zituen 2014an GEUK plataformak, euskal kulturaren sektorearen diagnostiko amankomuna egin eta egoera hobetzeko beharrezkoak izango ziren neurriak proposatzeko. Proiektuak zentzua izan zezakeen instituzioetatik begiratuta ere, hain atomizatuta dagoen esparru batean eragile eta norbanako bakoitzarekin banaka bildu ordez, askoren ordezkari izan zitekeen ahots bat gorpuzten hasi baitzen. Hurrengo urtearen hasieran talde hori iritsi zen “Premiazko neurrien egitasmo” bat aurkeztera ere, kulturaren alorreko hainbat esparrutan har zitezkeen 31 erabaki zehatz proposatuz, horien inguruan erakunde publikoekin hitz egiteko asmotan. Aurretik eginak zituzten plataformako kideek bilerak erakundeekin, tartean Eusko Jaurlaritzarekin, baina egitasmo hura aurkeztu ondoren, lehenago ere oso joria ez zen hartu-emana moztu zen. Instituzioen mezu inplizitua, gutxi gorabehera, izan zen politika kulturalak beraiek erabakiko zituztela, ez beraiek eta kulturgintzan dihardutenek.

Geroztik euskal kulturarentzat babes neurriak eskatu dituzte beste ahots batzuek ere, Elkar taldeak adibidez, baina ez da egon sektoreko profesionalen mugimendu antolaturik etxealdiak eragindako egoera larria iritsi den arte. Apirilaren 21erako eta 22rako iragarritako greba digitalak ehunka sortzaile eta kulturaren alorreko langileren babesa eduki du, eta deitzaileek publiko egin duten dokumentuak momentu honetako egoeraz hitz egiten badu ere, epe luzeagorako politika kulturaletan jarriak ditu largabistak. Bigarren puntu hori, ordea, ukitu gabe geratuko da segur aski, erakundeek iragarritako larrialdiko neurriek estaliko baitute. Eta ez dirudi instituzioak prest daudenik beste eremu batzuetan –adibidez euskalgintzan, Euskaraldia bezalako ekimenekin– gizarte eragileekin abiatutako lankidetza-eredua kulturgintzaren eremura eramateko.

Gutxienez “greba” hitza dagoeneko agertu da krisi honetan kulturarekin lotuta. Eta eremu semantiko horretan esploratzen duenak beste hitz batzuk ere aurkituko ditu laster, oraindik gehienon imajinarioan buzo urdinarekin aritzen diren langileekin lotzen direnak. Euskal kulturgileek adierazi dute ez dutela izan nahi koronabirusak ekonomiari emango dion astinaldiaren pagaburuak. Lehenbiziko urrats gisa, ez da gutxi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude