Neurriak eta erabakiak hartzeko unea

  • Euskal Herriko kultur komunitateak, kulturak bizi duen gainbeheragatik kezkatuta, neurriak eta erabakiak hartzeko unea heldu dela uste du. Otsailean lehen bilera egin ostean, ekainaren 12an elkartu ziren berriro sortzaileak, kudeatzaileak, eragileak eta beste, Guk Geure Kulturaz plataformak deituta. Oraingoan, Premiazko Neurrien Egitasmoa adosteko.

Goian, ekainaren 12ko topaketa. Behean, Karraskan elkarteko kide Ixi Garcia eta Euskal Aktoreen Batasuneko kide Gabriel Ocina.
Goian, ekainaren 12ko topaketa. Behean, Karraskan elkarteko kide Ixi Garcia eta Euskal Aktoreen Batasuneko kide Gabriel Ocina. Iban Gorriti / anboto.org

Kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 20.000 lanpostuk eta 5.000 enpresak osatzen dute kulturaren sektore ekonomikoa. Gainbehera latzari aurre egiteko, Guk Geure Kulturaz plataforma osatu zuten urtearen hastapenean. Tartean ziren ADDE (Euskal Herriko Profesionalen Dantza elkartea), Ahotsenea, AEB (Euskal Aktoreen Batasuna), Karraskan, Kultura Abierta, Kultura Live (Euskal Herriko aretoen elkartea), MIE (Musika Industrien Elkartea) eta Soinueder. Beste elkarte batzuekin batera, talde eragilea osatu eta kulturako hainbat lagunen atxikimendua jaso zuen plataformak. Diziplina ugaritakoak: dantzariak, aktoreak, musikariak, bertsolariak, idazleak, kazetariak, aretoetako jabeak, kudeatzaileak, teknikari elkarteak, kultur elkarte eta mugimenduetako kideak, EHUko irakasleak... Bat egin dute denek kultur komunitate zabala osatzeko, eta hausnarketan jardun ostean, erabakiak eta neurriak hartzeko tenorea heldu dela nabarmendu dute.

Geuk plataformak deituta, 70 bat lagun bildu ziren ekainaren 12an Durangoko San Agustin aretoan. Helburua, kultur sektoreari ezinbestekoa zaion Premiazko Neurrien Egitasmoa adostea, hau da, gure kulturak, amildegitik gora egin dezan, egun behar beharrezko dituen neurriak sustatzea eta bultzatzea.

Egun osoko jarduna izan zen. Lan taldeak honoko gaien inguruan osatu ziren: Kulturgintzaren artikulazioa eta antolaketa, sortzaileen lan baldintzak eta sorkuntzaren egoera, komunikabideen garrantzia, euskara eta kultura, berrikuntza teknologikoak, hezkuntzaren eta kulturaren arteko harremana, kontsumitzaileen garrantzia, eleaniztasuna, kulturaren oinarrizko eskubideen arautze legala, egungo eskaintza kulturala eta azpiegitura eta kulturartekotasuna.

Kultura aintzat hartu beharra

Durangoko San Agustin aretora gerturatu ginen geu ere. Lan taldeak hemen eta han. “Babesa behar dugu” entzun zen multzo batean, “EiTBren inplikazioa behar da” beste batean. Sortzaile ezagunak ikusi genituen, baita kultur eragileak ere, eta kudeatzaileak, kazetariak, antzezleak, idazleak, musika munduko langileak... Nor bere esperientziatik ari zen.

Ixi Garcia Karraskan elkarteko kidearekin eta Gabriel Ocina Euskal Aktoreen Batasuneko kidearekin bildu gara txoko batean. “Helburua lortu da” dio Ocinak. “Taldeak eratu dira eta eztabaida egon da. Ekarpenak hor daude”. Topaketarako deialdi irekia egin zuen plataformak. Durangora hurbildu nahi zuen orok, baita erakunde publikoek ere, atea zabalik zuten.

Eremu publikoko banakako batzuk heldu ziren, eta dagoeneko bi bilera ez formal egin ditu plataformak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin. “Udazkenean jarraipena izatea espero dugu, bai erakundeekin baita alderdi politikoekin ere”, azaldu du Ocinak. “Gai garrantzitsuetan murgildu gara eta badira gainera, beste gai batzuk ere, artean atera ez direnak. Prozesuak zabalik jarraitzen du. Sektore honetako kide ahalik eta gehienak erakarri nahi genituzke, ideologia eta kolore guztietakoak”, diosku Ixi Garciak.

“Gaurko bileratik ekintza eta neurri zehatzak agertu dira, eta horiek Premiazko Neurrien Egitasmoa osatuko dute. Material hori bilduta Eusko Legebiltzarrera, erakunde publikoetara eta udaletara eraman nahi dugu egitasmoa. Gizartean oihartzuna heda dadin ere ahaleginduko gara”, jarraitu du Ixi Garciak.

Kultur komunitatea osatuta dago Ocinaren ustez: “Dagoeneko hainbat elkarte ari da lanean, baina Topaketon berritasuna, aparteko arlotan ari direnak elkartzea eta lotzea izan da. Ez da ohikoa, esaterako, musikariak antzezleekin edo bertsolarienekin mintzatzea haien kezkez”.

Karraskan elkarteko kideak bere inguru hurbilean ikusten du egun kultura sektorea zertan den: “Gure energia makaltzen ari da. Oso zaila da borroka horri modu iraunkorrean eustea, gure lan baldintzak ez baitira duinak. Kulturari daukan balorea eman behar zaio, arreta jarri behar zaio kultur sorkuntzari. Balorea soziala izan daiteke, edo politikoa, eraldatzailea, ekonomikoa... Topaketok egoera iraultzeko balio dute. Baliabideak nahi ditugu egoera hobetzeko, inongo dependentziarik gabe”.

Arazoak arazo, Espainiako estatuan ez dago sortzailearen figura fiskalik. Frantziako estatuan aldiz, bai. Ixi Garciaren ustez, hutsune asko dago, eta oso kaltegarriak sortzaileontzat. “Definitu gabeko izaera horretan harrapatuta gaude. Profesionaltasunerantz bultzatzen gaitu testuinguruak, gauzak beste era batean egiten ahalegintzen gara, bidea hori dela pentsatuz, baina, azkenean, hutsune horrek noraezean uzten gaitu”.

“Kultura gainerako sektoreak bezain garrantzitsua da”, Ocinaren aburuz. “Badirudi kulturarik ez badago ez dela inor kexatuko. Baina sektore horretan profesional asko ari da lanean. Ez gara ohartzen kulturarik gabeko herria ez dela erreala, inoiz ez da halakorik izan. Gaur egun, kultura merkatuaren adar bat besterik ez dela ematen du”.

Ixi Garciak dioenez, “Kultura eraldatzailea da, eta hori, sistema produktiboan eraso gisa ulertzen da. Ikuspuntu hori aldatu beharra dago, kulturak duen potentzialitatea zabaltzen saiatu behar dugu epe luzera. Bi abiadura daude kulturaren sektorean. Egoera larria da eta berehalako erantzunak behar dira, baina, prozesu horrek luze joko du”. Kultura erabat desartikulatuta dagoela dio Gabriel Ocinak, eta pausoak eman behar direla  ildo horretan.

Sektorea bera etengabeko gogoetan dago, hartu beharreko neurriez, sortzaileengandik hasi eta azken muturreraino, kontsumitzaileenganaino helarazi nahi dute euren egoera. “Ondotxo ezagutzen ditugu geuk geure kezkak, ametsak eta helburuak. Barnetik ezagutzen dugu kultura. I+G teknologiari lotu izan zaio beti, baina gu gizartearen I+G arloa gara. 

Azpisektore txiki asko gara, baina denak elkarrekin sektore handi bat osatzen dugu, eta horrek indartuko gaitu”, azaldu digu Ocinak.

Proposamenak

Ekainaren 12an bildutako lan talde bakoitzak beharrezko ekintzak eta neurriak proposatu zituen egunaren bukaeran. Besteak beste, on line telebista kate baten sorrera, kulturari erabat emana eta EITBren bazkidetza izango duena; euskal kulturak eta sorkuntzak azpiegituretan eta komunikabideetan izan beharreko kuota handitzea; antzoki, areto eta gainerako azpiegituren mapa eratzea; kulturaren gaineko zerga jaistea; sortzaileen figura fiskala aldarrikatzea; sortzaileek sortzaile berrien formazioan duten erantzunkizunaz jabetzea; euskal kulturak eta batez ere, euskarazko sorkuntzak izan beharreko presentzia areagotzea; euskal curriculumean kulturaren eta kultur eragileen parte hartzea bermatzea... Agerikoa denez, kulturaren bistaratzeak eskatuko du lanik handiena.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: GEUK plataforma
2021-04-25 | Peru Iparragirre
Artistaren Estatutua: zer berri?
Arauak nola moldatu artisten eta kultur langileen lanera, duina izan dadin

Artistaren Estatutua eratzeko sortutako azpibatzordearen txostena onartu zuen 2018an, aho batez, Espainiako Diputatuen Kongresuak. Hamarkadetako eskaerei erantzuten die txostenak, eta abiapuntu garrantzitsua da. Euskal Herriaren hegoaldean ere aspalditik ari dira kultur... [+]


GEUK eta EKKI
Kulturaren ekosistema berrasmatzeko haziak

Zerbait mugitzen ari da. Iaz plazara irten ziren bi egitasmok –sortzaile ugari batu dituen GEUK plataforma eta egile eskubideak kudeatuko dituen EKKI agentzia– urrats berriak iragarri dituzte otsailean. Agenda diferenteak dauzkate, kezkak berriz, antzekoak: nola... [+]


Funtsean, zer behar du Euskal Herriko kulturgintzak?

“Premiazko neurriak” hartzeko eskatu dio GEUK plataformak Kulturaren Euskal Kontseiluari, “kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari” aurre egiteko asmoz.


Geure kulturaz jabetu gaitezen

Guk Geuk plataformak kulturaren gaineko gogoetara deitu du bigarrenez. Otsailaren 27an Durangon eginiko topaketan azaldu ziren ideiak ordenatu eta bahetik pasa ondoren, txostena osatu du batzorde eragileak. “Euskal kultur sistema osasuntsuago eta sendoago baten aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude